EAEko herritarren eskubideak babesteko ardura esleitu diote Arartekoari, EAEko herri-administrazioen irregulartasunen, akatsen, gehiegikeriaren eta jardun okerraren aurrean jardun dezan. Horretarako, oinarrizko bi lanabes erabiltzen ditu:
- herritarrek egiten dituzten kexa-espedienteak ebaztea. Kexa jartzeko, aurrez ezarritako bide hauek erabil daitezke: Arartekoaren hiru bulegoetako batera joan, postaz baliatu, edo internetez, Arartekoaren web orriaren bidez.
- ofiziozko jardunen bitartez (halakoetan, Arartekoak jarrera proaktiboa hartzen du), ofiziozkoa, jardun administratibo batek funtsezko eskubideren bat kaltetu dezakeela hautematen badugu, eta indarrean dagoen legeria urratu dezakeela iruditzen bazaigu.
2016. urtean era guztietako 8.171kexa eta kontsulta egin dituzte herritarrek. Gainera, urtean zehar ofiziozko 34 espediente hasi dira. Arloen arabera, nabarmentzekoak dira Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren ekimenez hasitakoak, baita ere ingurumen eta segurtasun arloei buruzkoak.
Kapitulu honetan egituratuta daude jarduera guztiak, Arartekoaren bulegoa antolatzeko dauden 17 arloen arabera multzokatuta. Arlo bakoitzean jarduerarik adierazgarrienak aztertuko ditugu, eta arlo horretan bideratu diren kexarik garrantzitsuenak azalduko ditugu, gai multzoetan bereizita. Era berean, urtean barrena gertatutako lege-aldaketak aipatuko ditugu, halakorik izan bada.
Kexak zer arlorekin lotuta dauden kontuan hartuta, 2016. urtean ere goi-mailetan mantentzen dira, aurreko urteetan bezalaxe, gizarte bazterketaren kontra borrokatzeko bitartekoekin zerikusia duten kexak. Bereziki gailentzen dira Lanbideren funtzionamendu-arazoei dagozkienak, baita ere erakunde horrek diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren arloan burutu dituen jarduerekin lotutakoak.
Aurten, arlo bakoitzeko lana aurrez garatutako jarduera-planaren inguruan egituratzea indartu da. Arlo guztietan lana planifikatzeko eta homogeneoagoa egiteko tresna da, 2010. urtetik aurrera ezarri duguna. Arloen plangintza estrategikoa egiteko tresna gisa erabiltzen ari da pixkanaka. Era berean, arlo bakoitzaren bukaeran, arlo horrekin lotutako herritarren eskubideak baloratzeko atala agertzen da. Horri esker, begiratu azkar batean, 2016. urtean gaikako arlo bakoitzean kontua nola dagoen ikus daiteke.
Merezi du Arartekoaren lan-mekanika aipatzea, bai Estatuko Herriaren Defendatzaileari bidalitako kexa idatziei dagokienez, bai onartzen ez diren kexei dagokienez, izan ere, horietan denetan izapide laburtua egiten da, baita bideragarritasunezko eta eskumenezko azterketa ere. Egiaz, onartu gabeko kexen estatistikan –aurreko kapituluan eman dugu hori idatziz–, Espainiako Herriaren Defendatzailearekiko bikoiztasuna agertzen da kexa ez onartzeko arrazoi gisa haietako 3 kasutan. Beraz, kexa bakoitza banaka aztertuz, Arartekoaren jarduerarekiko bikoiztasunak ekidingo direla bermatzen da.
Horregatik, bideratzen ez diren kexetan ere dedikazio hori egiazta daiteke. Kasu askotan, horren osagarri, kexagileari aholku ematen zaio jarduteko modurik egokienaz, edo konponbide zehatzak bilatzen dira azaldutako arazo zehatzetarako −hori da Arartekoarentzat garrantzitsuena−, egin daitekeen edo egin nahi den izapidea edozein izanda ere, edo eragindako administrazioari luzatutako gomendioa alde batera utzita. Alegia, administrazio-prozeduraren aurretik, benetako konponbideak lortzea lehenesten dugu eta nolabaiteko bitartekaritza informala egiten dugu. Bitartekotza horrek oso emaitza onak izaten ditu eta kexagileak gogobetetzen ditu.
1. Arloa kopurutan
Arlo horretan guztira 33 kexa-espediente berri ireki dira 2016. urtean; hau da, Arartekoak urtean zehar izapidetzea onartutako guztien %1,53. Jarraian, espediente horien banaketa azalduko da, arloka:
• Kirol jarduerak 9
• Kultura, industria eta arte ondarearen babesa 9
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 6
• Herritarren hizkuntz eskubideak
euskal administrazioekiko harremanetan 4
• Beste alderdi batzuk 3
• Kultur ekintzak 2
Urtean zehar izapidetutako kexen egoerari dagokionez, txosten hau ixterakoan, egoera hauxe zen:
Beste behin ere, euskara eta gaztelania koofizialak izatearen ondoriozko hizkuntza-eskubideen defentsaren ingurukoak izan dira eremu honetan egin diren jarduera gehienak. Sektoreka, bi hauek nabarmendu daitezke:
• Euskarazko osasun-arreta. Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzako Euskara Zerbitzuari esker, arrazoi horren harira jaso ditugun kexa batzuk konpondu ahal izan dira, bai eta egiturazko oztopoak identifikatu ere. Oztopo horiek, kasu batzuetan, herritarrei eskubide hori bermatzeko orduan oraindik ere badirauen hobekuntza-tartea jartzen dute agerian.
• Udaletako jarduera elebakarrak, hizkuntza batean zein bestean egindakoak, bai ekitaldi publikoen eremukoak, bai eskubideen erabilerarako garrantzitsuak diren informazioak zabaltzean egindakoak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikako sailburuordearekin koordinatuta garatu da, hein handi batean, gure lana; eta, zehazki, bertako Elebide zerbitzuarekin koordinatuta.
Euskararen ezagutza sustatzeko eta egiaztatzeko politikei dagokienez, zentzu bikoitzean aritu da Arartekoa: alde batetik, euskara ikasteko laguntza publikoen araubidea hobetze aldera, eskudun administrazioekin akordioak eginez, ahalik eta pertsona kopuru handienarentzako laguntza irisgarriak izan daitezen horiek, berdintasun-irizpideetan oinarritutakoak, eta, bestetik, HABEHelduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak hizkuntza-gaitasuna ebaluatzeko egiten dituen ebaluazioen inguruan aritu da erakunde hau. Azterketak egin zituzten pertsona batzuek Arartekora jo zuten, HABEk azterketak zuzentzeko orduan erabiltzen dituen irizpideei buruzko informazio gehiago eskatuz, eskuratutako emaitzak aurkaratzeari begira. Erakunde honen zereginen artean, herritarren babesgabetasuna saiheste aldera, administrazioaren jarduera legeak aurreikusten dituen bermeei egokituko zaiela ziurtatzea dago. Horretarako, jasotako kalifikazioan arrazoiketa urria egoteari buruzko kexetan hartu ahal izan dugu esku; arrazoiketaren oinarri akademikoari dagokionez, ordea, ez dagokigu ezer egitea.
Kultur-ondarea babesteko gaietan, babes-araubidea betetzen dela ziurtatzera bideratu dugu gure lana, hirigintza-jarduerei dagokienez. Era berean, kultur-interesekotzat hartzeko ondasunak identifikatzeari eta hautatzeari buruzko espedienteak izapidetu ditugu, bai partikularrek eskatuta, bai ondasun horiek babesteko ekimen herritarrek eskatuta. Balorazio-irizpideak, herritarren parte-hartzea eta izapidetzeko epeak izan dira gure jardueretako hiru alderdi, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aurrean, Donostiako Udalaren aurrean eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien aurrean izapidetu ditugunak.
Eremu honetan jaso ditugun gainerako kexen artean, kirol-diziplinaren ingurukoak eta haurrentzako kirolaren eta haurren aisialdirako jardueren ingurukoak nabarmendu ditzakegu.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Euskararen irakaskuntza, langabetuak lanerako gaitzeko neurri gisa
Salatutako egoera
Hainbat kexatan, kexagileak langabetuak ziren, eta beren kexetan azaltzen zuten Lanbidera jo zutela, bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko aukera edukitze aldera, hizkuntza-gaikuntzarako neurriak topatzeko itxaropenez, enplegurako prestakuntzaren zati gisa hartuta horiek. Beren nahigabea adierazten zuten; izan ere, asmo hori zapuztuta ikusi ondoren egiaztatu zuten beren udalek ere ez zutela eskaintzen berariaz kolektibo horri zuzendutako laguntzarik euskara ikasteko.
Hain zuzen ere, Enplegurako Euskal Zerbitzuak beste hizkuntza batzuk ikasteko ikastaroak jasotzen zituen enplegurako gaitzeko programetan, baina ez euskara ikasteko ikastaroak, udalak baitira xede horretara bideratutako laguntza publikoak kudeatzen dituztenak. Alabaina, erakunde honek egiaztatu ahal izan duenaren arabera, udal guztiek ez dauzkate horren inguruko programak, eta ez dago homogeneotasunik egun herritarren eskura dauden programen artean.
Arartekoaren esku-hartzea
Gure ustez, erakundeen artean jorratu behar zen kontua, erantzun oso eta homogeneoa emateko xedez. Beraz, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailera jo genuen, bai eta horren baitako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera ere, eta biztanleen kopuru handiena duten udaletara. Gaiaren gainean zuten iritzia eskatzeaz gain, guztiei eskatu genien laguntza, eremu horren inguruan zituzten laguntzei buruzko informazioa eman ziezaguten.
Aipatu administrazioek bat egin zuten erakunde honek helarazitako kezkarekin, eta 2016an abiarazitako edo abiaraziko zituzten ekimenen berri eman ziguten, euskara unibertsaltasun-irizpideekin ikasteko erraztasunetan aurrera egiteko xedez. Hori guztia, 2014an onartutako Agenda Estrategikoaren esparruan, “HABEren, LANBIDEren, udal-euskaltegien, euskaltegi pribatu homologatuen, Hizkuntza Eskola Ofizialaren, IRALEren, IVAPen eta eremu horretako gainerako eragile publiko eta pribatuen arteko osagarritasuna aztertzea eta indartzea” aurreikusten baitu horrek.
Euskara sustatzeko neurri horien gaineko balorazio positiboa egiten dugun arren, Arartekoak adierazi zuen gure politika publikoek gabezia bikoitza zutela arlo horretan:
• Bi hizkuntza ofizialak ikasiz langabetuak lan-merkatura sartzeko aukerak hobetzeko estrategia integrala falta da.
• Udal guztien programak ez doaz norabide berean, eta horrek, praktikan, alderaketa eginez gero, kaltea dakarkio biztanleriaren sektore bati; hau da, zein udalerritan bizi gorabehera, botere publikoek berdintasun-irizpideekin indartu beharko luketen sektore bati.
Ondorioz, urtean zehar, apirilaren 20ko 3/2015 Gomendio Orokorraren segimendua egin zuen Arartekoak. Gomendio horren bidez, tokiko administrazioarekin eta Lanbiderekin batera, langabetuek euskara ikasteko laguntza publikoak sustatzeko eta zabaltzeko xedez lan egin zezala eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, eta berdintasun-baldintza beretan gerta zedila laguntza horietarako sarbidea.
Emaitza
2016ko irailaren 8an, urrats nabarmena eman zen norabide horretan, HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmen bat sinatu baitzen. Horrekin bat eginez, euskara inolako kosturik gabe ikasteko aukera eskaintzen hasi zitzaien Euskal Enplegu Zerbitzua hiru eremu zehatz hauetan lana eskatzen zuten langabetuei: eremu soziosanitarioan, merkataritzakoan eta ostalaritzakoan. Halaxe jakinarazi zion HABEk Arartekoari, eta era berean adierazi zion bi erakundeek lanean jarraituko zutela gainerako sektore ekonomikoetara heda dadin eskaintza, orokorra bihur dadin enplegua eskatzen duten pertsona guztientzat, erakunde honek gomendatutako baldintzetan.
2.2. Aurrekariak deuseztatzea kirol-zigor baten xedeetarako
Salatutako egoera
Sokatirako klub batek Arartekora jo zuen, Kirol Justiziako Euskal Batzordeak tiratzaile bati ezarritako zigorraren gainean kexaka. Klubaren arabera, aipatu batzordeak oker egin zuen berriro erori ez izanaren ondoriozko aringarria ez ezartzeagatik (Euskadiko Herri Kirol Federazioaren diziplina-erregelamenduan dago jasota). Erakunde kexagilearen ustez, inguruabar hori kontuan hartu beharko litzateke bai kirolaria aurretik zigortu ez denean, bai, aurretik zigorra jaso arren, legeak aurrekariak deuseztatzeko ezartzen duen denbora igaro denean, eta azken hori zen kasua.
Batzordearen iritziz, ordea, inoiz zigorrik jaso ez duenari bakarrik ezar dakioke aipatu aringarria, eta ez aurretik zigorra izan duen bati, aurrekariak deuseztatuta egon arren. Zigor Kodean oinarritu zen horretarako, zuzenbide osagarri gisa hartuta hori; izan ere, horren arabera, berrerortzearen ondoriozko larrigarria ezartzea galarazteko deuseztatzen dira aurrekariak, baina ez aringarria ezartzeko.
Arartekoaren esku-hartzea
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera jo genuen, funtsezko bereizketa bat azaltzeko: gauza bat da Zigor Kodearen 22.8. artikuluak baliogabetu daitezkeen aurrekariak aintzat ez hartzea berrerortzeko ondorioak direla-eta, eta beste gauza bat da, publizitate negatiboa saiheste aldera, hori izatea legeak, 136.5. artikuluaren bidez, aurrekariak baliogabetzeari emandako funtzio bakarra.
Zigorraren xedeetarako, aurrekariak deuseztatzeko ekintza ez zaio mugatzen berrerortzearen ondoriozko larrigarria ezartzea saihesteari. Halaxe baieztatzen du Auzitegi Gorenak. Horren ustez, inguruabar aringarriak edo larrigarriak ikusteko modua beste prozesu zabalago bateko parte da, eta, prozesu horren bitartez, zigorra banakatu beharra dago, jokaerak merezi duen gaitzespen penalaren arabera. Zentzu horretan, kondenatuak berrerortze xedeetarako deuseztatu ezin daitezkeen aurrekariak dituenean, bere jarrerak gehiago kaltetuko du hala ez denean baino. Ezarri behar den zigorra eta horren exekuzioa zehazteko orduan ordenamenduak aurreikusten dituen mekanismo ezberdinetan islatzen da bereizketa hori. Horien artean, erantzukizuna alda dezaketen inguruabarrak daude. Zigor Kodean, larrigarria ezartzeko edo ez ezartzeko aukeran bakarrik zehazten da hori; beti ere, berrerortzerik ez egoteagatiko aringarririk ez badago. Federazioaren diziplina-erregelamenduan, ordea, 21.2. artikuluan aurreikusten da, eta logika berbera erabili behar da aringarria ikusteko, kontuan hartuta administrazioak zigortzeko duen eskubidean proiektatzen direla zigor-zuzenbidearen printzipioak.
Horregatik balioetsi zuen erakunde honek, eta halaxe jakinarazi zion aipatu sailari, esku artean dugun kasuan kontuan hartu beharko zatekeela aipatu aringarria, zigorra banakatzeko xedeekin.
Emaitza
Arartekoak azaldutako oinarri juridikoa ikusirik, Kirol Justiziako Euskal Batzordeak berraztertzeko bidean beheratu zuen ezarritako zigorra, aringarria ezarri baitzion kirolariari, aurrekaririk ez izateagatik.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Erakunde honen nazioarteko proiekzioa areagotu egin da txostenean aipatzen den urtean, erantzun egin baitzaio lankidetzaren, praktika onen trukearen eta partekatutako hausnarketaren bidez herritarrei ematen zaien zerbitzua, bai herrialdearen barruan, bai kanpoan, hobetzen laguntzen duten foro guztietan egoteko beharrari. Eta, hizkuntza eskubideen esparruan, maila guztietan ekarpen garrantzitsuak egiteko kokaleku bikainean jarri dute Arartekoa bai eskarmentuak, bai eskubide horien defentsan egonkortutako ibilbideak.
Zentzu horretan, aintzat hartu behar da Arartekoa, Euskadiko beste erakunde batzuk eta gure gizarte zibila bezalaxe, gure mugetatik harago aktiboki egon izanak herriaren dimentsio estrategikoa eskuratzen laguntzen duela; izan ere, horren bidez, gizarte dinamiko eta berritzaile gisa erakusten da Euskadi, halakoxea baita; orainak mundu-mailan planteatzen dituen erronken jakitun den eta, gizarte kohesiotik eta kalitateko demokraziatik abiatuta, erronka horiei aurre egin nahi dien gizarte gisa, estatuetako mugek barik, arazo komunek eta balio partekatuek zehaztutako esparru batean.
Arartekoaren lanaren nazioarteko dimentsioari testuingurua eman zioten egitateen artean, hauek nabarmendu daitezke hizkuntza-eskubideen arloan:
• 2016aren hasieran, Hizkuntza Ordezkarien Nazioarteko Elkarteko (IALC, ingeleseko siglen arabera) partaide izatea erabaki zuen Arartekoak. Bertan, presentzia aktiboa izan dugu, eta horren berri emango dugu txostenean, erakundearen nazioarteko jarduerari eskainitako atalean.
• Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak egindako 4. txostena (Espainian Eskualde edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna zenbateraino betetzen den azaltzen duena) aurkeztu da, bai eta Europako Kontseiluko Ministroen Batzordearen gomendioak ere (aipatu txostenean daude oinarrituta gomendiook). 2014ko urrian egindako bisita batetik abiatuta egin zen txosten hori, eta, bertan, askotan errepikatu dira aipatu batzordeak hiru urte lehenago ere azaldu zituen ohartarazpenak. Gainera, erakunde honek ohartarazpen horien berri eman izan du Legebiltzarrarentzako txostenetan.
• Bilbon egin zen Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD, ingeleseko siglen arabera) urteko batzar nagusia. Sare hori da Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriaren arduraduna.
• Donostian egin zen Hizkuntza Aniztasunaren Foroa, eta, bertan, zaurgarritasun-egoeran dauden hizkuntzak suspertzeko estrategien inguruan eztabaidatu zuten mundu osoko adituek. Esparru horretan aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa edo Donostiako Protokoloa deritzona. Aurrekaritzat hartuta Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta desagertzeko mehatxua duten hizkuntza europarrei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena, Europako Parlamentuak 2013ko ekainaren 18ko ebazpenaren bidez berretsitakoa hori, hizkuntzak errespetatzeko 185 neurri proposatzen ditu protokoloak, Europan egoki kudea dadin hizkuntza-aniztasuna. Onartu zen egunean bertan, hizkuntza-eskubideak bermatzeko lan egiten duten mundu osoko erakundeei aurkeztu zien Arartekoak protokoloa, IALCren on line mintegi baten bidez. Oso ondo baloratu zuten hori.
• Europar proiektu gisa onartu zen Euskararen Adierazle Sistema (EAS). Euskal Herri osoko organismo publikoek sustatu zuten, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) finantzatu zuen gehienbat. Ebaluazio-tresna hori garrantzitsua da; izan ere, hizkuntza hedatzeko normalizazio-neurrien eragina aztertzean, eragin hori ez da fenomeno isolatutzat hartzen, alderdi demografikoekin, ekonomikoekin eta kulturalekin elkarreraginean dagoen fenomeno sozialtzat baizik, erakunde honek gomendatutakoaren ildoan.
Azken alderdi horrekin duen lotura dela-eta, adierazi beharra daukagu VI. Inkesta Soziolinguistikoa argitaratu zela 2016an. Horren emaitzen arabera, azken bost urteotan % 2 igo da euskal hiztunen kopurua, eta % 10 azken 25 urteotan. Euskadiko herritar helduen % 34k hitz egiten du euskaraz (63.000 pertsona inguruk), baina ehunekoa % 31ra jaisten da ezagutza aktiboaz hitz egiten badugu. Era berean, adierazgarriak dira, baita ere, herritarrek euskararekiko duten jarrerari buruzko datuak. Horien arabera, euskara sustatzearen alde dago herritarren % 65, 1991n baino % 10 gehiago, eta 2011n baino % 3 gehiago; aldi berean, gainera, murriztu egin da horren aurka daudenen ehunekoa, % 14 baitziren 1991n, % 12 duela bost urte eta % 9,3 2016an.
Ildo horretan, maiatzean Eta hemendik aurrera zer?/Y a partir de ahora qué? dokumentua aurkeztu zela adierazi behar dugu. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordearen ekimena da, eta, Euskararen Aholku Kontseiluan landu ostean, lehentasunezkoa izatera iritsi da; bai euskara suspertzeko prozesuaren gaineko hausnarketan adostasunak lortu dituelako, bai garapen jasangarria duelako.
Bestetik, Euskadiko tokiko erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea onartu dela adierazi behar dugu. Lege horrek garrantzia dauka Arartekoaren jardunean, arlo honi dagokionean, herritarrek askotan jotzen baitute erakunde honetara euskararen inguruan kexaka; hala nola, udalek hizkuntzaren normalizazioaren eremuan dituzten eskumenen inguruan.
Eskumen horien erabilerak, hain zuzen ere, ebazpen judizial garrantzitsuak ekarri zituen urtean zehar. Horien artean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2016ko maiatzaren 25eko epaia nabarmendu behar dugu, mugarria izan baitzen gure toki-korporazioetan euskara lanerako hizkuntza gisa erabiltzeari dagokionez. Ebazpen horrek babestu egiten du Estatuko Administrazioari aktak euskaraz bakarrik bidaltzea erabaki zuten udalen jarduera, «legezko benetako zentzugabekeriatzat» jo baitzuen Estatuko Administrazio Periferikoak -gainerako administrazioek bezala- bi hizkuntzen koofizialtasuna xede guztietarako errespetatzeko betebeharra izanik, «lurraldeko beste Administrazio Publiko bati euskara ezagutzen ez duela adierazi edo euskaraz idatzitako testuak itzultzeko eskatu ahal izatea». Erabaki judizial horrek, auzitegi berberak Aretxabaletako Udalari dagokionez antzeko terminoetan idatzi zuenarekin batera, Gobernuko Ordezkaritzak Euskadiko udal horien jardueraren aurka arrazoi horren harira jarrita zituen errekurtsoak kentzea ekarri zuen.
Arartekoak urte horretan bere jarduerarako kontuan hartu behar izan dituen gainerako epaien artean, hauek nabarmendu daitezke:
• Auzitegi Gorenaren epaia, 2015eko abenduaren 30ekoa, 2014ko apirilaren 29koa berretsi zuena. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak babestu egin zuen Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak hartutako erabaki bat, zeinaren bidez hizkuntza-gaitasun zehatza edukitzea eskatzen baitzuen funtzio publikoko lanpostu jakin batzuetarako.
• Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiaren epaiak, maiatzean, gaitzetsi egin zuen hiriburu arabarreko Udaltzaingoaren herritarren larrialdietarako zerbitzuko sei udaltzainek gutxienez -txanda bakoitzeko batek- euskarako 2. hizkuntza-eskakizuna edukitzeko eskakizunaren aurkako errekurtsoa. Eskakizun horrekin, erakunde honek gomendatuta duen bezalaxe, telefonoaren beste aldean bi hizkuntza ofizialak ezagutzen eta hitz egiten dituen agente bat egotea bilatzen da. Errekurtsoan adierazten zen apetazko betekizuna zela hori, eta, horren aurrean, zera adierazi zuen aipatu epaitegiak: «Argi dago Euskal Autonomia Erkidegoan edozein herritar zuzendu daitekeela toki-administraziora bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan», eta hau ondorioztatu zuen: «Ez da Udaltzaingora sartzeko betekizuna; helmuga zehatz bati arreta eman behar dion agentearen egokitasunarekin, gaikuntza profesionalarekin eta gaitasunarekin zuzenean lotutako eskakizuna baizik».
• Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2016ko irailaren 13ko epaia, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren zati bat baliogabetzen duena. Horren arabera, aipatu plana indarrean jarri zen unean (2013an) plaza zehatz bat bete ahal izateko euskara ezagutzeko betekizuna egon ezean, baina betekizun hori beranduago ezartzeko data ezarrita egonez gero (derrigortasun-data deritzona), plaza hori titularra erretiratzeagatik aipatu data iritsi aurretik hutsik geratzea ez da arrazoi nahikoa aipatu eskakizuna planaren hasierako datara atzeratzeko.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Arartekoak arlo honetan duen jarduketa eraentzeko planaren garapenean, nabarmentzekoa da antolaturiko gizartearekin izan dugun lankidetza:
• Kirol-taldeak.
• Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Euskara Batzordea.
• Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Haiekin batera aritu gara lanean, herritarrek administrazioekin euskaraz aritzeko dituzten zailtasunen ondorioz jaso dituzten kexak aztertzeko, eta eskubide hori benetan gauzatu ahal izateko sortu behar diren politika aktiboen diagnostiko orokorra egiteko.
Herritarren hizkuntza-eskubideen eremuan nazioartean egoteari dagokionez, arloan adituak direnekin egin ziren bilerak aipa daitezke, Donostian ospatu zen Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa baliatuz egin zirenak; bai eta Hizkuntza Ordezkarien Nazioarteko Elkartearen esparruan egindako lana ere. Horri dagokionez, batetik, IALCeko gainerako kideekin urtean zehar on line partekatu ditugun hiru saioak aipa ditzakegu, eta, bestetik, Galway-en (Irlandan) aipatu elkarteak antolatu zuen urteko topaketa aipa dezakegu, non Arartekoak lehenengo aldiz hartu zuen parte, From ethnic to ethic: approaches to language and identity ponentzia aurkeztuz.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikako sailburuordearekin bildu gara, eta uneoro agertu da prest guri laguntzeko, erakunde honetan kexa jartzeko zioak izan diren unean uneko kasuak ebazte aldera, bai euskal administrazioen ingurukoak, bai estatuko administrazioen gainekoak. Ildo horretan, eta indarrean dagoen lankidetza-hitzarmenaren arabera, Arartekoak Elebide hizkuntza-eskubideak bermatzeko zerbitzuarekin elkarlanean egin duen lana aipatu behar dugu.
Atal honetan adieraz dezakegu, beste behin ere, Osakidetzako Langileen Zuzendaritzaren laguntza jaso dugula. Hainbat bilera egin ditugu elkarrekin, bai jasotzen diren kexei arreta emateko sistema hobetze aldera, bai erakunde honek gomendatutako neurriak ezartzeari begira.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Hizkuntza-aniztasuna eta errealitate sozioekonomikoa
Une honetan, badirudi krisia, baita balioen krisia ere, eraikuntza europarra mehatxatzen ari dela, eta, beraz, ez da ustekabekoa eraikuntza horren arlo kultural eta politikoan parte ziren alderdi batzuk zalantzan egotea. Horietako bat da hizkuntza-aniztasuna, Europako Parlamentuak 2013ko irailaren 11ko ebazpenean adierazi zuenaren arabera. Ebazpen horretan, Europan hitz egiten diren hizkuntza guztiak laguntza eta sustapena behar duten balio komuntzat hartzea ziurtatzeko neurriak gomendatzen ziren. Horregatik ohartarazi behar dugu politika europarrek, mugarik ezagutzen ez duten errealitate sozial eta ekonomikoen aurrean daudenek, hizkuntza gutxituekiko errespetua horrenbeste ez sustatzeko arriskua dagoela; hau da, eleaniztasunaren aldeko apustu handirik ez egiteko arriskua dagoela, gehiengoen hizkuntzetako gaikuntza eskatzen baita; azken batean, merkatu globalizatuak erabilgarritzat jotzen dituen horien alde egiten baita, hazkuntza ekonomikoari, laneko mugikortasunari eta lanari begira. Urtea amaitu zenean, Hizkuntza Aniztasunaren Foroan egon ziren pertsona ospetsu batzuek arrisku horren berri eman zuten. Donostiak aipatu foroarekin itxi zuen kultur-hiriburutza.
Gauzak horrela, euskararen zaurgarritasuna errealitatea da oraindik ere, eta halaxe adierazi zuen UNESCOk, Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlasean NBEko Agentzia Espezializatuak berriro aipatu zuen atlasa abenduan, foroan Munduko hizkuntzen atlas berria aurkeztu zuenean.
Horregatik guztiarengatik azpimarratu behar dugu aipatu zaurgarritasuna gainditzeko tresna gisa diseinatu den gure hizkuntza-politika ezin daitekeela bereizi politika publikoen eragin linguistikotik. Bai euskararen eta gaztelaniaren bizikidetzari dagokionean, bai munduko gainerako hizkuntzei dagokienean, eragin horren jakitun izan behar dugu, eta gure errealitate sozioekonomikoak, onerako eta txarrerako, gure administrazioek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatze aldera hartzen dituzten neurrien benetako eraginaren gainean nola eragiten duen ikusi behar dugu. Ikuspuntu horrek bakarrik ahalbidetuko du, erakunde honen ustez, neurri horien eraginkortasuna ebaluatzea.
5.2. Hizkuntzaren normalizazioaren inguruko adostasun sozialak
Elkarreragin horien ezagutza informazio-iturri etengabea izan behar da gure erakundeentzat, baita akordio sozial eta politiko zabala sustatzeari begira ere; izan ere, politika publikoen bidezkotasuna indartzeko komeni bada, hizkuntza-politikaren arloan ezinbestekoa da.
Horregatik baloratu dugu ondo Euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoen lanketa ekarri zuen hausnarketa-prozesu partekatua, Euskadin hizkuntza-politikak 20 urtera begira eduki behar dituen lehentasunen inguruan ezberdinen arteko elkarguneak sortzea ahalbidetu zuen neurrian. Zentzu horretan, erakusgarria da zera izatea oinarrietako bat, kontua ez dela gizarte elebiduna eraikitzea, eleaniztuna eraikitzea baizik, non “guztiek ulertuko dituzten bi hizkuntza ofizialak, eta euskara modu jarraituan haziko den”. Gizarte hori, eleanitza izateaz gain, anitza da, eta, bertan, hizkuntza-bizikidetza “funtsezko elementua” da gizarte-bizikidetzarako. Horixe da, azken batean, Arartekoak Erakunde Adierazpenean islatu nahi izan zuen ikuspegia. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira argitaratu zen aipatu adierazpena.
5.3. Euskarari laguntzeko udal-politikak
Arartekoak arrazoi horren harira jasotzen dituen kexek zuzeneko lotura dute aipatu berri ditugun adostasun horiekin. Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarrarentzako aurreko txostenean jada adierazi genuen ziurgabetasun juridikoa atzematen zela udal jakin batzuek eremu horretan hartutako neurri batzuen inguruan, bai euskararen erabileraren inguruko ordenantza arautzailerik edo plan orokorrik egon gabe hartu zirelako, bai, ordenantzak edo planak egon arren, horiek indarrean dagoen araudiari egokitzen zaizkiela ziurtatzeko irizpide interpretagarriak zeudelako, euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasunari dagokionean nahiz udalek hizkuntzaren normalizazioaren arloan dauzkaten eskumenei dagokienean.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak arindu du arazoa, berariaz jasotzen baititu, 7. artikuluan, tokiko erakundeek eta udalerrietako erakundeek euskararen erabileraren inguruan dauzkaten eskumenak. Hala ere, horrek ez du eztabaidak desagertzea ekarri, ez erakundeen aldetik, ez partikularren aldetik, eta Arartekoa irizpide hauek jarraituz mintzatu behar izan da:
• Euskara ofiziala den lurraldeetako administrazio-instantzia guztietarako euskaraz idatzitako dokumentuek erabateko balio legala dutela babestu, Estatuko Administrazio Periferikoa barne hartuta, Euskadin erakunde ofiziala den heinean, euskara ulertzeko gai izan behar baitu. Gorago adierazi denez, zentzu berean mintzatu ziren auzitegiak 2016an. Horrek aldaketa ekarri zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak EAEn zuen irizpidean, aipatu ordezkaritzak azkenik kendu egin baitzituen justiziaren aurren arrazoi horren harira jarrita zituen errekurtsoak.
• Ulergarria da udal batzuek hizkuntzaren normalizaziorako planen esparruan hartu duten erabaki hau: besterik adierazi ezean, euskara erabiltzea herritarrekin komunikatzeko orduan. Ez da apetazko hautua; izan ere, agerikoa da euskal hiztun askok gaztelaniara jotzeko joera dutela administrazioarekiko harremanetan, gure hizkuntzaren gutxitzearekin zerikusia duten arrazoi historikoak medio, eta botere publikoek joera hori murriztea nahi izatea. Euskal hiztunen kopuru handia dagoen udalerrietan dago euskara bakarrik erabiltzeko aukera, gaztelaniaz lagundu gabe, euskara komunikatzeko benetako tresna izan dadin.
• Hala ere, beste behin ere esku hartu behar izan dugu irizpide horien ezarpenak diskriminaziorik eragin ez diezaien gaztelania erabili nahi duten pertsonei, eta gogorarazi egin dugu administrazio publikoek ez dutela hizkuntza-eskubiderik, herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzeko legezko betebeharra dutela baizik. Kasu azpimarragarrienak honako hauek izan dira:
- Ingurune euskaldun batean dagoen udalerri bateko udal-aldizkaria edo horren “paisaia linguistikoa” osatzen duen seinaleztapena euskaraz bakarrik egotea ez zaigu iruditu, azaldu ditugun terminoetan, legearen aurkako jarduera denik.
- Alabaina, zentzuzkoa da ulertzea norbaitek obra-baimena edo negozio baterako lokala jartzeko baimena izapidetu behar badu, bai eta banakako jakinarazpenetan ere, pertsona orok duela udalak bidaltzen dizkion jakinarazpenak gaztelaniaz jasotzeko eskubidea, hala eskatzen badu.
- Era berean mintzatu gara herritar guztiei zuzendutako udal-bandoen edo lan-deialdien argitalpenen inguruan, bi hizkuntza ofizialen erabilera ezartzen baita horietan. Izan ere, herritar guztientzako informazio garrantzitsua helarazten da horien bitartez, eta, administrazioak bi hizkuntzak jakiteko betebeharra badu ere, herritarrek ez dute horrelako betebeharrik.
Arartekoak hainbat udaletara jo du ildo horretan, eta guztien laguntza jaso du, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarena ere, Elebide zerbitzuaren bidez. Ondorioz, Arartekoaren esku-hartzea ekarri duten kasu partikularrak konpondu ahal izan dira. Dena dela, erakunde honek urte horretarako zituen proiektuen artean, ahalik eta toki-erakunde gehienek horren gaineko irizpideak hitzartzea zegoen, 2/2016 Legearekin eta euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat eginez.
5.4. Eremu defizitarioak Europako Gutunaren diagnostikoan
Beste behin ere, Europako Kontseiluak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak Espainian duen ezarpenaren inguruan egin duen txostenak agerian jarri zuen eraginkortasuna falta dela eremu jakin batzuetan, euskal hiztunek botere publikoekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubideari dagokionean. Horien artean, hiru eremu hauek jaso zituzten kexa gehien Arartekoan:
• Justizia Administrazioari dagokionez, adieraztekoa da bertan lan egiten duten langileen erdiak baino gehiagok egiaztatuta dutela hizkuntza-gaitasunen bat, eta 2016an izan dela posible, lehen aldiz, abokatutzara sartzeko azterketak euskaraz egitea, edo gure epaitegietako dokumentuen bi heren elebidunak izatea (organo judizialen erabileran bestela gertatzen da, gaztelaniazko bertsioan bakarrik jasotzen baitituzte askotan kasua banakatzen duten datuak). Horrek guzti horrek aurrerapen nabarmena egin dela erakusten du, EAEko Justizia Administrazioaren Hizkuntzaren Normalizaziorako 2008-2017 Plan Orokorraren eta Auzia Euskaraz proiektuaren esparruan, irizpide onez lortu nahi baitute euskaraz idatz dadila prozedura judizial guztien izapidea, abokatuak demanda jartzen duenetik ebazpen judiziala idazten den arte.
Egiazki, ordea, euskal hiztunen kopuruak nabarmen egiten du behera lekualdatu ez diren langileen artean, eta, bereziki, Justizia Administrazioko epaileen, fiskalen eta abokatuen artean. Ondorioz, euskaraz egiten diren demandek eta ebazpenek oso gutxi izaten jarraitzen dute, eta, gainera, ez da gorako joerarik ikusten, eremu akademikoan adibidez gertatzen ari denaren kontrara; izan ere, urtez urte, nabarmen areagotzen ari da euskaraz aurkezten diren doktoretza-tesien kopurua. Horregatik guztiarengatik, Gutunaren Adituen Batzordeak azpimarratzen jarraitzen du gure auzitegien erabiltzaileei, praktikan, burutik kentzen zaiela auzitan euskaraz jarduteko eskubidea, horrek dakartzan eragozpenei, atzerapenei eta berehalakotasun-galerari erreparatzen bazaie. Ondorioz, bi hizkuntza ofizialak hitz egiten dituzten epaile eta fiskal gehiago behar direla azpimarratzen du, eta legedia aldatu behar dela, prozedura judizialak euskaraz egitea bermatze aldera, aldeetako batek hala eskatzen badu.
• Osasuna da, batzordearen arabera, eskubideen eta horien eraginkortasun-mailaren artean desfase handienetakoa duen bigarren eremua. Osakidetzak, irizpide onez, eskubide horiek erabiltzera bultzatzen ditu herritarrak, arreta jasotzeko hizkuntza aukera dezaketela jakinaraziz. Hala ere, gutxirako balioko du aukera horrek, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Bigarren Planean aurreikusten diren neurrien betetze-mailan aurrerapenak erregistratu diren arren, egiturazko arazoek hor egoten jarraitzen badute. Izan ere, planaren indarraldiak ekuatorea igaro badu ere, aipatu arazoek arriskuan jartzen dute bertako xedeen lorpena, bai mediku-arreta euskaraz jasotzeari dagokionez, bai, euskal osasun-sisteman, euskara lanerako hizkuntza normalizatua bihurtzeari dagokionez. Gauzak horrela, esanguratsua da batzordeak aipatzen duen hobekuntza-tarteak eta Arartekoak beste behin ere egiaztatu duen hobekuntza-tarteak bat egitea.
- Ezinbestekoa da Osakidetzako Zuzendaritzak hizkuntzaren normalizazioarekiko konpromisoa edukitzea; hala ere, hori ez da nahikoa hartu diren neurri asko eraginkorrak izan daitezen. Arduretako bitarteko eremuetan ikusten da, batzuetan, gainditu beharko litzatekeen ezagutza- edo inplikazio-gabezia.
- Hizkuntza normalizatzeko aukera ekartzen dute erretiroa hartzen duten langileen ordezkapenek, baina bakar-bakarrik bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko gai direnek hartzen badituzte postu horiek. Bestela, arazoa sortzen da, eta, jaso ditugun kexen arabera, mediku-arretan ardura duten lanpostuei eragiten die horrek; zehazki, zerbitzuetako buruzagitzen mailan.
- Zerbitzuak kanporatzeari begira, bereziki garrantzitsua da kontratazioan eskatzen diren hizkuntza-irizpideak betetzen direla ziurtatzeko kontrola eta segimendua egitea, horren araberakoa baita, praktikan, herritarren eskubideen bermea.
• Oraindik ere kexa asko sorrarazten ditu Estatuko Administrazioak euskaraz ematen duen arretak, eta eskasa da bai batzordeak bai Arartekoak gomendatzen dituzten neurrien betetze-maila. Beraz, berriro deitu behar ditugu agintaritza nagusiak, zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan eman ditzaketen langileen kopurua nabarmen areagotu dezaten, eta Euskadin postu horietara iristeko prestakuntza-planak berrikus ditzaten, xede horrekin.
5.5. Kirola eta aisialdiko jarduerak
Gai horren inguruan aurkeztu diren kexen artean, adingabeentzako kirol- eta aisialdi-jarduerak sustatzeko politika publikoen ingurukoak izan dira gehienak. Ebazpenetan bildutako informazioaren arabera, hobetzeko hiru eremu bereizi ditzakegu:
• Haurrentzako udalekuei eta aisialdi-jarduerei dagokienean, informazioa egotea eta gurasoen eta jardueraren arduradunen artean harreman zuzena egotea dira, gure esperientziaren arabera, unean-uneko gaixotasunen edo egokitu ezinen inguruan sor daitezkeen antsietate- edo tentsio-egoerak murrizteko edo, hala badagokio, kudeatzeko modu onena. Bi kontu nabarmendu nahi genituzke zentzu horretan:
- Egokia litzateke gurasoek aurretik ezagutzea gure hiru foru-aldundiek hitzartu duten jarduera-esparruak kasu horietarako ezartzen dituen jarduera-ildoak.
- Haur batek gaixotasun-sintomak baldin badauzka, mediku-azterketa batek proba gehiago egiteko beharra adierazten badu, ziurtatu egin behar da modu arin eta zuzenean emango zaiela horren berri haurraren gurasoei, behin betiko diagnostikoari itxaron gabe.
• Arartekoak 2015eko urteko txostenean adierazi zuenez, urtean zehar hainbat esku-hartze egin zituen zenbait klubek edota entrenatzailek eskola-kirolaren aurretiko adinetan egiten den kirolaren esparruan izandako jarrera jakin batzuen inguruan. Hain zuzen ere, entrenamenduetan eta partiduetan, lehia-errendimendu handiagoa edo txikiagoa izatearen arabera adingabe batzuei, beste batzuen kalterako, ematen zaien protagonismoez ari gara. Erakunde honek badaki, ordea, klub eta entrenatzaile gehienek zuzentasun osoz burutzen dutela haur eta gazteen kirol-jardueraren zuzendaritza. Horregatik, Euskadiko hamabi udalerritako laginetik horri buruzko informazioa bildu ondoren, udalei zuzendutako otsailaren 16ko 2/2016 Gomendio Orokorra igorri zuen Arartekoak, heziketa-irizpideetan, irizpide parte-hartzaileetan eta ez lehiakorretan oinarritu daitezen beren udalerrietan haurrentzat antolatzen diren kirol-jarduerak, eskola-kirolaren aurretiko adinetan bereziki, eta irizpide horiek betetzearen mende jar dezaten, hala badagokio, klubek jasotzen duten udal-laguntza, bai instalazioen lagapenean, bai diru-laguntzetan edo sustapenean.
• Beste herrialde batzuetan jaiotako adingabeak kirol federatuan inskribatzeko arazoak daude oraindik ere. Haurrak adoptatuta dauzkaten euskal familiek jarri zituzten arrazoi horren harira jaso genituen kexak; izan ere, tratu ezberdina ematen zitzaien seme-alaba adoptatuei eta seme-alaba biologikoei, aurretiko errolda eskatzen baitzitzaien atzerrian jaio izanagatik.
FIFAk ezarritako prebentzioa da hori, futbol-klub handiek gehiegikeriazko praktika zehatz batzuk egitea saihesteko xedea duena. Baina praktika horiekin zerikusirik ez duten kasuetan ere neurri hori ezartzeak, argi eta garbi, eragin disfuntzionala sorrarazten du adingabeen interes nagusian, eta horixe da kasua. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arduraz lagundu dio Arartekoari, agertu diren kasu guztiak konpontze aldera, erakunde honek gaiaren inguruan dituen eta aurreko txostenetan aipatu ditugun irizpideen ildoan.
Alabaina, kasuak errepikatu egiten dira, eta, beraz, azpimarratu egin behar dugu kirol-federazioek, Euskadiko Futbol Federakundeak bereziki, gaiaren inguruko irizpideak aldatu behar dituztela, berdintasunezko tratua jaso dezaten adingabeek, beren jaiotza-tokia edozein izanda ere; batez ere, beren prestakuntzarekin eta garapen integralarekin zerikusia duten eremuetan.
1. Arloa kopurutan
2016an hezkuntza arloan, guztira, 155 kexa izapidetu dira.
Honako administrazioei eragin diete kexa horiek:
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 122
• UPV/EHU 11
• Tokiko administrazioa 2
Kexen edukiari dagokionez, hurrengo azpiarloei buruzkoak izan dira jasotako kexak:
• Eskubideak eta betebeharrak 28
• Ikasleen onarpena 21
• Bekak eta bestelako laguntzak 19
• Hezkuntza-premia bereziak 16
• Unibertsitateko irakaskuntza 12
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 11
• Lanbide heziketa 10
• Eskola-jantokia 9
• Eskola-garraioa 6
• Ikastetxeak - instalazioak 4
• Haur hezkuntza 4
• Beste alderdi batzuk 3
• Hezkuntzako plangintza/programazioa 3
• Eskolako tratu txarrak edo jazarpena 3
• Irakaskuntza artistikoak 2
• Ikastetxeak - itunak 2
• Hizkuntzen irakaskuntza 1
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 1
Aurten kudeatutako kexen izapidetze xehetasunei dagokienez, nabarmendu behar da 2016an zehar jasotako kexa guztiak, 2016ko urtarrilaren 1ean izapidetze fasean zeudenak barne, honako egoera hauetan daudela txosten hau idazteari ekin zaion unean:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hiyaba edo estalki islamiarra erabiltzea
Hezkuntza administrazioaren mendeko zentro publiko batek ez zion ikasle bati hiyaba edo estalki islamiarra jantzita bertaratzen utzi. Zentroko zuzendaritzak Antolamendu eta Funtzionamendu Araudiaren babesean jokatu zuen, araudi horretan txanoak edo burua estaltzeko beste edozein arropa erabiltzea debekatu baitzen. Horren ondorioz, familiak kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan.
Horrelako egoera batek Euskal Autonomia Erkidegoan horrenbesteko oihartzuna lortu duen lehen aldia izan da, baita Arartekora kexa modura iritsi den lehen aldia ere. Gure iritziz, aurrekaririk ez izateak azalduko luke hezkuntza arloko administrazioak, lehenik eta behin, duela zenbait urte Madrilgo Erkidegoan gertatutako adibidearekin konparatuz erantzutea; izan ere, orduan gertatutakoa hizpide dugun egoeraren parekoa zen, eta Madrilgo Administrazioarekiko Auzietarako 32. Epaitegiaren epaiarekin itxi zen (2012ko urtarrilaren 25eko 35. Epaia); epaia argia izan zen: ezarritako debekua zilegizkoa zela berretsi zuen.
Aurkeztutako kexa aztertzen hasterakoan, erakunde honek gogoan izan zuen, hala ere, Lleidako Udaleko Elkarbizitza eta Gizalegeari buruzko Udal Ordenantzaren gainean Auzitegi Gorenak esandakoa; ordenantza horretan xedatu zenez, zerbitzuen eta udal ekipamendu eta eraikinak erabiltzeko testu arautzaileak erabat estaltzen duen beloa janzten zuten emakumeak horretarako prestatutako espazio eta lokaletara sartzea eta bertan egotea debekatu edo mugatzeko aukera ezarri zuen. Epaian, bai Lleidako Udaleko Osoko Bilkuraren erabakiak, bai erakunde horrek onartutako testu arautzaileak zuzenbidearen aurkakotzat jo eta baliorik gabe utzi zituen Auzitegi Gorenak.
Zalantza izpirik gabe, hezkuntzari ez dagokion eskumen esparru baten gaineko adierazpenak dira; bestalde, estalki osoaren erabilera eztabaidatu da erabaki horretan, ez estalki sinple edo hiyabari dagokiona. Auzitegiak bere irizpidea azaltzen duen lehen epaia (eta bakarra, uste dugu) izan da, eta auzitegiak berak onartu bezala, eztabaida bizian dagoen gai bat da. Arartekoaren iritziz, bertan jasotako gogoetak ezin dira alde batera utzi, izan ere, arrazoiketaren oinarria doktrina konstituzional tinkoa da.
Hartara, doktrina horretan oinarrituz, Auzitegi Gorenak argi eta garbi eta modu kategorikoan ondorioztatu du erlijio askatasunaren eskubidea baliatzeko muga ezarri ahal izateko legea funtsezkoa dela, eta horren ordez ezin dela beste araudi iturrik baliatu; hortaz, hezkuntza arloko administrazioak hasierako erantzunean aipatutako aurrekariak baztertu egin behar dira.
Hortaz, gaia aztertzerakoan ezin izan ditugu hezkuntza arloan estalkia erabiltzeari buruzko ondorengo beste adierazpen batzuk ahaztu, erakunde honen iritziz planteatutako arazoari ongi erantzuten ez badiote ere. Horrelakoa da Gaztela Leongo Justizia Auzitegi Nagusiaren azaroaren 28ko 277/2014 zenbakidun epaiaren kasua. Epai horretan Gaztela Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak ikastetxeek antolatzeko gaitasuna daukatela xedatu zuen, gaitasun hori irakasteko askatasunaren azken adierazpen gisa ulertuta, elkarbizitzarako arauak edo erregimen bat ezartzeko dagokiela defendatzeko; arau horiek janzteko irizpide zehatz batzuk izateraino iristen dira, baita gurasoek seme-alabentzat erlijio printzipioetara hobekien egokitzen zaien ikastetxea aukeratzeko gaitasuna gehitzea edo gaineratzea ere; hala ere, zalantzan jarritako erlijio askatasunerako eskubidea mugatzearen gaineko estaldura legala ez zen azaldu edo justifikatu.
Beharrezkotzat jotako elkarbizitza eta jokabide arauak zehaztuz, ikastetxeek bertako antolaketa eta funtzionamendu arau propioak onartu eta ezartzeko antolaketa gaitasun aitortua daukatela zalantzan jartzea ez dago Arartekoaren helburuen artean; baina, gure ikuspuntuaren arabera, eta aurreratu dugun moduan, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak lortutako ondorioak, dirudienez, ez du arazo honetarako erantzun egokirik eman. Ikastetxeen gaitasun hori zalantza izpirik gabe onartzeak ezin du ekarri, aldi berean, oinarrizko eskubide baten babesa arriskuan jartzea, alegia erlijio askatasunerako eskubidea, aipatutako gaitasuna gehiegi erabiltzeagatik; ezin da alde batera utzi erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidea baliatzea mugatzeko formalki lege bat behar dela; exijentzia konstituzional bat da.
Gaia aztertu ondoren ondorio horietara iritsita, Arartekoak kezkaz ikusi ditu hezkuntza ikuskaritzak prestatutako txostenean jasotako proposamenak; izan ere, ikasgela barruan estalkia erabiltzeko erabakiak ekarritako egoera arautzea esklusiboki ikasle kexagilearen ikastetxearen esku uzten zuen. Hala ere, azkenik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradunek euskal ikastetxeen hezkuntza komunitateetara zenbait gomendio igortzea erabaki zuten, aniztasunari erreparatzeko eta eskola inklusiboaren marko pedagogiko berriaren testuingurua aipatuz. Gomendio horietan buruan painelua janzten duten neskatoen eskolatzea ez debekatzeko gomendatzen zen, eta antolaketa eta funtzionamendu arauek edo hezkuntza proiektuak horrelakorik onartzen ez duten kasuetan testuok berrikusteko gomendatu zen, aniztasunari erreparatzeko eta eskola inklusiboaren marko pedagogiko berriaren planteamendutik.
2.2. Ikasle etorkinak modu orekatuan banatzea
2014ko apirilean, Burunzpe Guraso Elkarteko arduradunek elkarte honetara jo zuten, eta Lasarte-Orian kokatutako haur eta lehen hezkuntzako bi ikastetxe publikoen artean ikasle etorkinen banaketari dagokionez desoreka zegoelako kexa bat aurkeztu zuten.
Udalerri horretan haur eta lehen mailako hezkuntza eskaintza Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko bi ikastetxe publikoetan dago: P. Garaikoetxea-Landaberri HLHI eta Sasoeta-Zumaburu HLHI zentroetan, alegia. Burunzpe elkarteko kideen seme-alabak azken zentro horretako ikasleak dira, eta ikasle etorkinen indize edo proportzio handiagoa dago ikastetxe horretan; aipatutako guraso elkartearen kideen aburuz, egoera horrek zenbait ondorio kaltegarri dakartza bai hezkuntzari dagokionez, bai gizarteari dagokionez.
Kexa aurkezterakoan, elkarteko ordezkariek erakunde honi adierazi zioten bere ikuspuntuaren arabera desoreka eragiten ari zen faktoreetako bat ikasleak onartzeko Garaikoetxea-Landaberri HLHI zentroa erabiltzen ari zen baremazio irizpideetako bat zen, hain zuzen ere, seme-alabak ikastetxe horretan eskolatu nahi zituzten familietako gurasoak zentro horretako ikasle ohi izatea. Burunzpe elkartearen arabera, P. Garaikoetxea-Landaberri HLHI ikastetxeak irizpide hori aplikatzeak ondorio baztertzaileak eragiten ditu. Nolanahi ere, ordezkariek planteatzen dutenez, beste era bateko neurriak ere hartu behar dira, tartean eskola mapa orekatzea, ikastetxeei beharrezko baliabideak ematea, ratioak gainditzeko aukera modu orekatuan erabiltzeko ahalegina egitea edota ikastetxeak bateratzeko prozesua aztertzea.
Arartekoak kexa hau izapidetzen bukatu du 2016ko otsailaren 25eko Ebazpena emanez, bertan esku hartzeak iraun zuen hilabeteetan zehar egindako kudeaketa guztiak azaldu dira, eta testu horren irakurketara jotzen dugu. Hala ere, ebazpen horretan jasotako ondorioetako batzuk jarraian azaltzea komenigarritzat jo dugu.
Erakunde honen iritziz, gurasoak ikasle ohiak izatea irizpide gisa erabil daiteke ikasleak onartzeko prozesuetan, ez dago horretarako eragozpenik, betiere zentroen ordezkaritza organo gorenek hala adosten badute eta hezkuntza administrazioa eskolako giro ona bermatze aldera faktore garrantzitsuena “familiak zentroko parte direla sentitzea“ dioen Erkidegoko Ikastetxeen Kontseiluko Parte hartze Batzordearen argudioarekin bat baldin badator.
Hala ere, gure ikuspuntuaren arabera, ikasle etorkinak Lasarte-Oriako haur eta lehen hezkuntzako bi ikastetxe publikoen artean modu orekatuan banatzea lortzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren helburu ukaezinetako bat izan beharko litzateke.
Onartu behar da Sailak dagoeneko zenbait plangintza neurri hartu dituela; neurriok eraginkorrak izatea espero dugu, eta une honetan existitzen den desoreka epe ertainean konpontzeko lagungarriak izatea. Hain zuzen ere, Sailak bigarren hezkuntzako ikastetxeak gradualki fusionatzea erabaki du; horrek, zalantza izpirik gabe, haur eta lehen hezkuntza mailako eskolatze eskaera aldatzea ekarriko du.
Baina, nolanahi ere, eta Sailak ikasleak ikastetxe horien artean modu desorekatuan banatuta daudela onartzen duen bitartean, ezin dio uko egin martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuan berariaz adierazitako balizko ekimenak egoki erabiltzeari. Hain zuzen ere, berariazko laguntza behar duten ikasleentzako plazak gorde (14. artikulua) eta ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua gehienez % 10 areagotzeari (20. artikulua) buruz ari gara.
Azken horri dagokionez, garrantzitsua da, halaber, Sailak aukera hori gaizki ez erabiltzea, eta benetan dagokion helburuetarako erabiltzea, hau da, berandu iritsitako ikasleak hartzeko. Horren haritik, askok ohartarazi dute igoera hori baliatzeko aukera modu desegokian baimentzen ari dela ohiko matrikula dela eta (“ratio gaineko” matrikulazioa); horrenbestez, geroago, ez da bideragarria izango berandu iritsitako ikasle gehiago hartzea.
Horri guztiari, jakina denez, gainerako jarduera eta helburu estrategikoak ongi betetzea ere gehitu behar zaio; orain arte Ikasle etorkinentzako hezkuntza arretarako programa, eskola eredu inklusibo eta kulturartekoaren barruan (2012-2015) dokumentuan jasotakoei jarraipena emango zaie
2.3. Ikasleak onartzea. Errolda datuak gehiegi erabiltzea
2016-2017 ikasturtean ikasleak onartzeko prozesuan hezkuntza arduradunek lehen aldiz ohartarazpen bat baliatu dute; ohartarazpen horren arabera, aldez aurretik salaketa bat eta ondoren erakunde eskumendunak emandako ziurtagiri ofiziala izanik, errolda ziurtagiria faltsua dela frogatzen bada (dela dokumentua faltsua delako, dela bertan jasotako datuak aldatu egin direlako), orduan hezkuntza administrazioak, eskatzaileari entzunaldia eskaini ondoren, baremoko atal horretako puntuak murriztu ditzake. Erakunde honetan aurkeztu diren hainbat kexaren arrazoia, hain justu ere, horixe izan da.
Arartekoak ulertu duenez, errolda datuak gehiegi erabiltzeari dagokionez azken urteetan askotan plazaratutako gomendioak onartu badira ere, horrek ez du eragotzi aurreikuspen horiek aplikatuz hartutako neurriak berrikusteari ekitea, eta halaxe egin dugu, eta hainbat erabaki desberdinekin ebazpenak eman ditugu.
Kasuetako batean, adibidez, kexa aurkeztu zuen familiak eskaerak aurkezteko epea ireki zenean (ikasleak onartzeko prozesua abiatuz) errolda agiri bat baino ez zuen aurkeztu, eta bertan interesduna alabetako batekin etxebizitza batean erroldatuta zegoela ageri zen; ondoren jakinarazi zutenez, gertuko senide batekin sinatutako logela bat alokatzeko kontratu bati esker zeuden etxebizitza hartan. Etxebizitza hura oso gertu zegoen lehen aukera gisa eskatutako ikastetxetik, eta horri esker gehienezko puntuazioa eman zitzaien familiaren etxebizitzaren gertutasunaren baremoari buruzko atalean. Orduan, familia unitateko gainerako kideen bizilekuari buruzko balizko erreferentziarik ez zuten egin, eta soilik ondoren jakin zen, Gasteizko Udalaren kolaborazioari esker, familiaren bizilekua egiaztatze aldera salatutako kasuetan ziurtagiriak aztertu eta egiaztatzeko Onarpena Bermatzeko Lurralde Batzordeak hartutako erabakiaren ondoren.
Udaletik emandako informazioak frogatu zuen familiaren lehenengo etxebizitza saldu ondoren, aita eta familiaren beste bi alabak beste etxebizitza batean erroldatuta egon zirela, eta ikasleak onartzeko prozesuan parte hartu zuen alaba ere, onarpen prozesuan amaitu eta gero, bigarren etxebizitza horretan inskribatu zela.
Horrenbestez, erakunde honek ulertu zuenez, informazio berri horrek aurkeztutako ziurtagiriari printzipioz zor zaion ohiko egoitza eta bizilekuaren presuntzioa modu arrazoituan zalantzan jartzeko bide ematen zuen; bidenabar, hezkuntza arduradunek hartutako erabakia 2016-2017 ikasturteko ikasleak onartzeko prozesua kudeatze aldera onartutako jarraibideetan jasotako ikuskatze eta fiskalizazio ahalmenak baliatzearen ondorio izan zela uste dugu.
Aztertutako beste kasu batzuetan, ostera, ez da horrelakorik gertatu. Adibide gisa ikus daiteke Arartekoaren 2016ko urriaren 3ko Ebazpena, horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatzen zaio 2016-2017 ikasturterako ikasleak onartzeko prozesuan egindako eskaerari emandako tratamendua berrikus dezala, zehazki: etxebizitza eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik hasiera batean esleitu zitzaizkion puntuak kentzeko erabakia; azkenean, Hezkuntza Saileko arduradunek onartu egin dute.
2.4. Jokabideak zuzentzea
Batxilergoko lehen mailako ikasle baten amak kexan azaldu zuenez, idatzi bat igorri zioten semearen jokabidea zuzentzeko ohiko prozedura abiarazi zutela eta hogei egunez eskolara joateko eskubidea bertan behera uzteko behin-behineko neurria ezarri ziotela jakinarazteko.
Kexa izapidetzen hasi ondoren, interesdunak uko egin edo bertan behera uzten zuela ez zuen onartu hezkuntza arloko administrazioak, eta, horrenbestez, erakunde honen esku hartzeko tartea bereziki estutu da. Nolanahi ere, gogoan izanik hezkuntza ikuskaritzak ikastetxeen erreferente izatea lortu nahi duela eta, aldi berean, ikasleen eta hezkuntza komunitate osoaren eskubideak bermatzeko elementu erabakigarria izatea lortu nahi duela, erakunde honen aburuz konpromiso horiek benetan gauzatuz gero ikuskaritzak bere baloraziopean jarritako kasu guztien balorazio kritikoa egin beharko luke, nahitaez. Horregatik, hasitako esku hartzea bukatu aurretik kexa aztertzerakoan sortutako hausnarketetako batzuk hezkuntza arloko arduradunei igorri nahi genizkien, erabateko kautelaz, betiere.
Horretarako, eta sarrera gisa, ikasleek betebehar eta eskubideei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuak bete nahi zuen helburua aipatzea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Zioen azalpenean azaltzen denaren arabera, Euskal Eskola Publikoaren Legeak eskatzen duen moduan ikasleek arbitrariotasunik gabeko diziplina trataera izatea bermatzeko helburuari eutsi zion, beharrezko prozedura bermeekin eta legezkotasunaren, tipikotasunaren eta aldebiko entzunaldiaren printzipioekiko errespetu osoarekin; horrez gain, elkarbizitzarako eskumenak eskuratze aldera jokabidea zuzentzeko prozesua funtsezko tresna izatea lortu nahi zen, eskola curriculumaren oinarrizko eskumenen artean jasoz, betiere hezkuntza ikuspuntua izanik. Horrela, jokabidea zuzentzeko hezkuntza prozesua zigor edo administrazio izaeradun zehapen prozedura bihurtzea ekidin nahi zen, ikaslearen eta ikastetxearen artean gatazka juridiko izatea bihur zitekeena, eta, batez ere, edozein hezkuntza neurrik hezkuntza balioa mantentzea lortu nahi zen.
Jarraian, eta dekretu honetako agindu batzuen gaineko erreferentziak zehatzago jasoz, kexa aurkeztu zuen emakumeak planteatutako zenbait alegazio nabarmendu nahi ditugu, besteak beste, jokabidea zuzentzeko bide alternatiboei buruzkoa eta ezarritako kautelazko neurriaren eta neurri zuzentzailearen balizko gehiegizkotasunari buruzkoa.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Azken urteetan, hezkuntza arloan Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) lortu duen erabateko gaitzespena gailendu da; dirudienez, gaitzespen hori bukarazi nahi da.
Estatu mailan, Diputatuen Kongresuko Hezkuntza Batzordean 2016ko abenduaren 1ean hartutako erabakiak azpibatzorde bat sortzea xedatu du, Hezkuntzarako Estatu mailako Itun Sozial eta Politiko handia prestatzeko. Horren adibide edo froga gisa, berriki abenduaren 9ko 5/2016 Lege Errege Dekretua argitaratu da, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren ezarpen egutegia luzatzeko premiazko neurriei buruzkoa; neurri horien artean jaso da, besteak beste, orain arte horren polemikoak izan diren ebaluazioak ezartzeko epea luzatzea.
Bestalde, EAE mailan, izendatu berri den gobernua hezkuntza bereziki aintzat hartzen duen gobernu akordio baten emaitza da. Akordio horretan, aukera berdintasuna sustatzeko eta elkarbizitza demokratiko, solidario eta arduratsua eraikitzeko hezkuntza ezinbesteko elementutzat jo da. Akordio horretan jasotako konpromisoen artean hezkuntza eragile guztien artean hezkuntza arloko itun bat lortzea ere ageri da; Hezkuntzako Euskal Lege berria eratzea izango da prozesu horren amaieran. Erakunde honen iritziz, itun horretan “Heziberri 2020” Planaren inguruan azken urteetan garatu diren proiektuen jarraitutasuna aztertu beharko litzateke, eta horien testuinguruan entzun diren iritzi kritikoak ere aintzat hartu beharko lirateke.
Hain zuzen ere,proiektuetako bat aurten eman da ezagutzera, EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plana. Aurkezpenean jaso denez, EAEko hezkuntza sistemak eta beste hezkuntza sistema batzuetan frogatutako esperientziek posible egiten dute hezkuntza bikaintasunerantz jotzeko lan ildo eraginkorrenei buruzko datu eta ondorioak izatea, betiere berdintasuna galdu gabe.
Hala ere, duela gutxi PISA 2015 txostenaren ebaluazioen emaitzak jakin dira. Emaitzek agerian utzi dute euskal ikasleek atzera egin dutela azterketako hiru ataletan (zientziak, irakurmena eta matematikak). Oso kezkagarria izan behar da, hezkuntza arloko hainbat ahots nabarmenek ohartarazi duten moduan; Arartekoak bat egin nahi du aipatutako ahots horiekin. Erakunde gisa, sailburuak Euskadiko Eskola Kontseiluari eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeari eskatu dien azterketako datuak lehenbailehen jakitea espero da, proban lortutako puntuazioaren beherakada azaltzeko arrazoiak aztertu eta egoera bideratzeko proposamenak egin ahal izateko.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Arartekoaren ustez, hezkuntza ituna lortzea lehentasunezko helburu edo asmo ukaezina izan behar da, eta horri esker gure sistemari behar dion egonkortasuna emango diogu.
Horrez gain, Hezkuntza Saileko arduradun berriek orain arte erakunde honekin izan duten kolaborazio ildo berberarekin jarraitzea espero du Arartekoak; izan ere, beti esan dugun moduan, herritarrek eta zenbait hezkuntza eragilek eskatuta izapidetu diren kexen errealitatea hezkuntza zerbitzu publikoaren prestazioan hobekuntzak txertatzeko baliagarria izan daiteke, bikaintasuna lortu nahi duen zerbitzu honetan, eta Arartekoak ez dio horri lepoa ematen.
Kolaborazio horren emaitzen adibide batzuk dira ikasleak onartzeko prozesuan lehen aldiz egin diren aldaketak, erroldako datuei gehiegizko garrantzia ez emateko, bereziki Gasteiz hiriaren kasuan ondorio nabarmenak eragin baititu. Hezkuntza administrazioak berak emandako informazioaren arabera, guztira bi urteko 270 ikasleren kasuak eta hiru urteko 80 ikasleren kasuak berrikusi dira; azkenean, guztira 75 kasutan iruzurra izan dela baieztatu da. Arartekoak kasu honetan hezkuntza arloko arduradunek izan duten inplikazio berezia nabarmendu besterik ezin du egin; bidenabar, bide beretik jarraitzeko animatu nahi ditu.
Hezkuntza administrazioa onarpen prozesu horietan aplikatzen diren irizpideak berraztertu beharraz ere jabetu da, gurasoetako bat zentroko ikasle ohia izatearen gaineko irizpidea zalantzan jartzen zuten kexa puntualen espedienteak izapidetzearen ondorioz. (Ikusi bigarren atalean Lasarte-Oriako guraso elkarte batek aurkeztutako kexa).
Horri dagokionez, kontuan izan behar da askotan, ikasleak onartzeko irizpideak zalantzan jartzen direnean edo irizpide horietakoren bat gehiegi erabiltzen ari dela salatzen denean, horren atzean benetan dauden auziak askoz sakonagoak direla. Hala gertatu da, adibidez, ikasle etorkinen banaketaren auzian; aurten gai horrek kezka nabarmena eragin du Gasteizen, eta hiriko zenbait ikastetxetan sortzen ari ziren ghettoen egoera bideratzeko irizpideak finkatze aldera erakundeen arteko mahai bat sortu da. Gauza bera gertatzen da hezkuntza programazio edo plangintzako zenbait erabaki zalantzan jartzen direnean. Besteak beste, Miribilla (Bilbo) bezalako hezkuntza eremuei edo Eibar bezalako udalerriari dagozkionak aipatu behar dira.
Baina atzerriko jatorria daukaten ikasleen gaira bueltatuz, aipatu behar da 2016-2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan Ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana berriki aurkeztu dela, eta ikasleak onartzeari lotuta erakunde honek xedatu dituen hainbat proposamen jaso dira bertan. Plan horrek aldizka berrikusi eta jarraipena egiteko konpromisoa jaso du; gure iritziz, arreta berezia eskaini behar zaio horri, nahikoa ez dela aldarrikatu duten iritzi kritikoak bideratzeko baliagarria izan daitekeen neurrian.
Ezgaitasunen bat daukaten ikasleak Diseinuko Goi mailako Arte Irakaskuntzara sarbidea izateko probetan txertatutako aldaketek osatzen dute erakunde honen eta hezkuntza arloko arduradunen arteko kolaborazioaren beste emaitzetako bat. Aurreko konpromiso bat betez, aurtengo (2016. urtea) proba antolatu, garatu eta ebaluatzeko emandako jarraibideetan eskainitako plazen % 5 erreserbatu da % 33 edo gehiagoko ezgaitasun maila aitortuta daukaten ikasleentzat.
Ezin da gauza bera esan ezgaitasunen bat daukaten ikasleek erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetara sarbidea izate aldera erakunde honek planteatutako iradokizunari dagokionez, aurreko eskolatze fasean erabateko hezkuntza normalizazioa lortzeko laguntza eta baliabideak behar izan dituzten ikasleei ezarritako erreserba handituz. Erakunde honen iritziz, hezkuntza arduradunak ez dira bat etorri proposatu zitzaien iradokizunarekin. Horregatik, gure asmoa gai hau errepikatzea da.
Lanbide heziketako ikasketekin jarraituz, aurkeztutako kexek agerian utzi dute horrelako ikasketak egiteko nahia gero eta handiagoa dela, eta ez zaio beti erantzuna ematen, lehentasun eta preferentzia agindu batzuk aplikatzen direlako; ikasturte honetan Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) sartutako zenbait aldaketek eragina izan dute, erdi mailako lanbide heziketako zikloetara sarbidea izateko baldintzei dagokienez. Hala ere, Arartekoaren aburuz, horrek ez du esan nahi eskaera handiena daukaten irakaskuntza zikloen eskaintza areagotzeko aukera baztertu behar denik.
Beste gai batzuei dagokienez, hezkuntza beharrizan bereziak dituzten ikasleen gaineko kexa kasuetan hezkuntza arduradunek izandako kolaborazio jarrera ere nabarmendu behar da; oro har, kaltetutako familiei behar bezalako erantzun azkarra eman zaie. Oro har, adibide gisa Euskadiko Dislexia Elkartearen (DISLEBI) izenean aurkeztutakoa aipa daiteke; Hezkuntza Berrikuntzako Zuzendaritzak ondo hartu zuen. Kexa horretan, kexagileak kezkatuta agertu ziren hezkuntza administrazioak ez zuelako erantzunik eman dislexia daukaten ikasleen hezkuntza beharrizanei erantzun hobea emateko balizko ekarpen gisa planteatutako hainbat ekimenen aurrean, Euskadiko Logopeden Elkargoaren parte hartzearekin prestatutako “Eficacia de las intervenciones para el tratamiento de la dislexia: una revisión” txostena egin ondoren, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei arreta emateko mahai teknikoan.
Jarrera berezi horri esker, Gasteizko Gorbeialde HBI zentrora doazen ikasleen eskolatze baldintzen inguruan jasotako kexak laster bideratu ahal izatea espero dugu; EAEko hezkuntza bereziko zentro publiko bakarra da Gorbeialde HBI, eta erakunde honek ez du baztertu ofiziozko jarduketa hastea, ikasle horien osasun beharrizanei ematen zaien erantzuna aztertzeko, horren ondorioz Legebiltzarrean legez besteko proposamena onartu baita.
Tamalez, aurten ere eskola jazarpeneko balizko kasuen gaineko kexak aipatu behar ditugu; horrelakoetan Internetek eta teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa daukate. Horrez gain, aurten lehen aldiz Fiskaltzak berak ohartarazi du Internet eta teknologia berrien bitartez adingabeek pairatutako jazarpen sexuala dela-eta gero eta kezkatuago dagoela. Hezkuntza arloan izandako azken kasuak eta aipatutako kezkak eragin dute Hezkuntza arloan gerta daitezkeen haurren eta nerabeen babesgabetasun, tratu txar, sexu jazarpen eta sexu abusu egoeretarako prebentzio eta jardun Protokoloa, hezkuntza arloaren eta adingabeak babesteko esku hartzen duten agenteen arteko lankidetza eta koordinaziorako.
Iaz urteko txostena idaztea baliatu zen kasu askotan hezkuntza arloko ikuskaritzaren esku hartzeak daukan garrantzia nabarmentzeko, familiekin harremana izateko ikuspuntutik, familiek behar bezala artatu direla senti dezaten eta hezkuntza administrazioan konfiantza izan dezaten. Kexen aukeraketan, jarrera zuzentzeko prozedurari lotuta aurten izapidetutako kasuetako bat aipatu nahi dugu. Honako gomendio hauek ere bereziki nabarmendu nahi ditugu: hezkuntza administrazioak formalki onartu dituen arren, kasuetako bat behin betiko ebaztea gaur egun oraindik ere gehiegi luzatzen ari da: Arartekoaren 2016ko otsailaren 26ko Ebazpena. Haren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatzen zaio, beren-beregi eta modu arrazoituan ebatz dezan elkarbizitzari larriki eragiten dion jokabide bategatiko neurri zuzentzailea aplikatzeko jarraitutako prozeduraren baliogabetasuna adierazteko egindako eskaeraren ingurua eta Arartekoaren 2016ko otsailaren 24ko Ebazpena, honen bidez gomendatzen zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari ebazpen berariazkoa eta arrazoitua emateko kexa sustatu duen interesdunak Hezkuntza Ikuskaritzara bideratutako idatziari.
Zerbitzu osagarriei dagokienez, eskola jantokiarena bezala, Sailak, berriz ere, zentzuzko jarrera agertu du gaixotasun bat zeukan adingabe baten kasuan; gaixotasunaren ondorioz elikadura mota zehatz bat jarraitu behar zuen aipatutako ikasleak, eta elikadura mota horrek jantokia erabiltzea baldintzatzen zuen. Azkenik, arazoa konpondu ahal izan zen ikaslearen beharrizanetara egokitutako menu berezia prestatzeko zenbait teknika eman zirenean, baita sukaldeko langileei elikadura segurtasunaren gaineko prestakuntza eman eta gero.
Beka eta bestelako laguntzen atalean, kexarako arrazoiak aurreko urteetan agertutakoen berdinak dira: eskaerak ebazterakoan administrazioaren jarduna atzeratzea, onartutako zenbatekoak ordaintzean atzeratzea, etab. Nabarmendu beharrekoa da, hala ere, prozeduretan Arartekoaren jarduna gero eta lehenago eskatzeko joera dagoela; horren ondorioz, erakunde honen balizko esku hartzea atzeratu behar izaten da, administrazio espedienteen izapidetzea aurreratuago dagoen arte.
Ohikoa den moduan, horrelako kexak (laguntza eta bekei dagozkienak) ohikoenak dira unibertsitate irakaskuntza mailan. Horiekin batera graduondoko prestakuntzaren arloan aurkeztutako laguntza eskaerak ukatzeari dagozkionak ere badaude, baita ikertzaile eta master irakaskuntzetarako direnak ere.
Izaera oro har ekonomikoa daukaten gai hauetatik kanpo, aurten (2016an) ikasleak zenbait ikasketetan onartzeari lotutako beste era bateko eztabaidak ere sortu dira. Esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbidean graduatutako batek abokatu lana profesionalki garatzeko interesa zeukan, eta Abokatu Masterreko ikasketetan sarbidea izateko eskaera ukatu egin zaio.
1. Arloa kopurutan
2016an 116 kexa aurkeztu dira ogasun arloan, eta erakunde honetan izapidetu diren kexa guztien %5,37 izan da hori. Honakoa izan da eragindako administrazioen araberako banaketa:
• Tokiko Administrazioa 43
• Foru Administrazioa 36
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 2
Aztertzen diren gaiak edo azpiarloak kontuan hartuta, honela sailka daitezke jasotako kexak:
• Tokiko zergak 32
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 31
• Foru zergak 22
• Tasak 21
• Prezio publikoak 8
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 1
• Beste alderdi batzuk 1
Urtea ixtean aipatu arloan aztertu ditugun kexen izapidearen xehetasunari dagokionez, 2016ko abenduan honakoa izan da informazio estatistikoa:
Era berean, zehaztu beharra dago aurreko urteetan aurkeztu ziren herritarren kexen beharrezko kudeaketak baldintzatu duela 2016an aipatu arloan jasotako kexen azterketa, izan ere, jarduera-eskaera horien izapideak ezin izan ziren amaitu abiarazi ziren urtean.
2. Kexarik aipagarrienak
Herritarrek egindako kexa eta kontsultetan jorratzen den kasuistika zabalak horien aukeraketa zaildu egiten du. Nolanahi ere, nabarmendu beharra dago eremu horren barruan tokiko tributazioaren esparruari buruzko erreklamazioek daukaten pisua. Tokiko administrazioa da herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa; horrenbestez, hori da zerbitzu gehien ematen dituena eta herritarren eskaerak eta beharrizanak neurri handiagoan estaltzen dituena.
Aurreko ekitaldietan ere egin izan dugun bezala, zerga-garrantzia duten harreman juridiko pribatuen esparruko ez-ordaintze egoerak aipatu behar ditugu, zehazki, alokatutako ondare higiezinen jabeen ezjakintasuna zergadunaren ordezkoak izanik higiezin horietako bizilagunei eragiten edo mesede egiten dieten tasen ordainketari dagokionez (ur-, saneamendu-, zabor- eta estolderia-tasak). Halaber, etxebizitza bat eskuratzen dutenentzako harrigarria izan ohi da zerga-legeriak erantzukizuna eurengan eratortzea eta, ondorioz, udalak eurei eskatu ahal izatea higiezinaren aurreko titularrak, hura jabea zenean, ordaindu ez zituen eta preskribatu ez diren Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) kuoten ordainketa.
Aipagarria da hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga-kontzeptuaren tributazioari lotutako herritarren haserrea; izan ere, higiezinak eskuratu zireneko prezioa baino balio txikiagoaren truke eskualdatzea egoera erreala da trafiko juridikoan,higiezinen sektorearen krisiaren ondorioz, eta ez da jaso zerga hori arautzen duten arauetan. Horrez gain, katastro-balioaren egokitze berriaren emaitzek agerian jarri dute, Lurralde Historiko batzuetan, lurzoruaren balioak ez duela gehikuntzarik jasan.
Tokiko tributazioari dagokionez, Ararteko erakundeak honako gomendio eta iradokizun hauek igorri ditu 2016an:
2016ko apirilaren 19ko gomendioa, Mungiako Udalari, zabor-tasa gisa igorritako likidazioak ofizioz baliogabetu zitzan, familia kexagileari ez zitzaiolako inolako zabor-bilketa zerbitzurik ematen ari.
2016ko irailaren 27ko gomendioa, Erandioko Udalari, eskulanaren benetako kostu erreal gisa esleitutako zenbatekoa nahikoa arrazoitu ez izanagatik, hirigintza-zerbitzuengatiko eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergarengatiko (EIOZ) tasen kontzeptu gisa igorritako likidazioetan, bai eta EIOZren zerga-oinarria zehazteko orduan BEZaren kontzeptupean kexagileak ordaindutako zenbatekoak barne hartu izanagatik ere.
2016ko azaroaren 29ko gomendioa. Horren bidez, Urrunagako Administrazio Batzordeari gogorarazi zitzaion ordenantza fiskalak aldatzeko prozedurari jarraitu behar diola, ur-horniduraren tasa igo ahal izateko.
Horrez gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko maiatzaren 18ko 4/2016 Foru Araua onestearekin batera familia ugarien aldeko hobariak kentzearen ondorioz, Arartekoak honako hau iradoki zion Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailari: hausnarketa prozesu bat has zezala, Lurralde Historiko horretan seme-alabak dituzten familiei laguntzeko neurri eta baliabide ekonomikoen sustapenaren eremuan sakondu eta aurrera egin ahal izateko, hala, familiek euren bizi-proiektuak autonomiaz garatu ahal izateko. Familiek beren gain hartzen duten ahalegin ekonomiko handia kontuan hartu behar da, eta horretarako, ezinbestekoa da kostuak konpentsatzeko neurriak ezartzea.
Ildo horretatik, ondoko hau gogorarazi zitzaion: erabakiak hartu baino lehen, foru-sail horrek aktibatu nahi dituen zerga-neurriek seme-alabak dituzten familiengan izan ditzaketen eraginak aztertu behar dituela, bai eta zerga-onurak kentzen dituzten zerga-erreformak ere.
Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak aurrerapausoak egin beharko lituzkeela azpimarratu zen, oro har, familientzako zerga-onurak homogeneizatzeko, seme-alabak dituzten familiak Euskal Autonomia Erkidego osoan, beren bizitokia edozein dela ere, sistema berdintsu batez babesturik egon daitezen.
Foru-tributazioari buruzko gaiei dagokienez, kexa gehienak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) buruzkoak izan dira. Zerga horri dagokionez, behin eta berriro azaltzen diren hainbat problematika daude: zerga ordaintzeko modua hautatzeko epealdia, ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkariaren aplikazioa, familia-kenkarien konfigurazioa eta kenkari orokorra kentzeak zerga-kuotan daukan eragina, ekitaldian jasotako etekin guztiak kapital-errentetatik eratortzen direnean, esaterako, zergadunak jaso dituen diru-sarrera bakarrak etxebizitza baten alokairuaren ondoriozkoak direnean edo kapital txiki batek sortu dituen etekin ekonomikoen ondoriozkoak direnean.
Halaber, aipatu beharra dago baita ere Arartekoak 2016ko apirilaren 4ko gomendioa igorri ziola Arabako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailari, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) auto-aitorpenen prestazioaren aplikazio telematikorako sarbide elektroniko neutrala bermatu zezan.
Zergadunak bere desadostasuna agertu zuen, PFEZaren auto-aitorpena egiteko aurkezpen telematikorako aplikazioak, 2014ko ekitaldian, Microsoft teknologia izatea eskatzen zuelako (Windows eta Explorer). Hau da, aplikazioaren konfigurazioa ez zen bateragarria beste teknologia batzuen erabilerarekin, libreak zein ordainpekoak.
Zerga administrazioaren funtzionamenduari dagokionez, oraindik ere betiko patologiak antzematen dira: herritarrek aurkeztutako erreklamazioen edukiari berariaz eta epe barruan ez erantzutea, egiturazko arazo ekonomikoak dauden kasuetan ordainketak geroratzeko akordioetara iristeko zailtasunak eta ondasunen enbargatzea, normalean, egoera zaurgarrietan dauden pertsonen titulartasunekoak diren kontu korronteetan dauden saldoei dagokienez.
Aitortu beharra dago, oro har, euskal zerga-administrazioak zorra kitatzea ahalbidetzeko ordainketa-akordioak egitearen alde agertzen direla, eta duintasunez ematen dietela arreta zordunaren oinarrizko beharrei. Zailtasunak sortzen dira likidazio faltak egiturazko izaera hartzen duenean zordunarentzat edo eragindako pertsonak aurreko zatikatzeren bati lotutako baldintzaren bat bete ez duenean, zor berriak betearazpen bidean sartzea utzi duelako edo ezin izan duelako hilekoren bat ordaindu.
Egoera zailetan ekonomia xumeek nekez egingo diote aurre ordainketak egiteko egutegiari, euren eta seme-alaben bizimodua ateratzeko baliabideen zati oso handia horretarako bideratu behar baldin badute, nahiz eta metatutako zorra ordaintzeko borondate sendoa izan.
Pertsona batzuen zaurgarritasun egoerak oso zail egiten du metatutako zorraren ordainketari aurre egin ahal izatea, ez bada bere egoera ekonomiko prekarioarekin bateragarria den zatikatze berri bat ematen.
Hori dela eta, komenigarria izango litzateke zerga-administrazioek kasu horietako inguruabarrak aztertzea, gizarte-zerbitzuekin koordinatuz, kudeaketa publikoari dagokion eraginkortasun-printzipioa kontuan hartuz, zeinak zor diren zenbatekoen itzulera bideratzeko eskatzen duen, horrek gizarte-bazterkeria prozesua gaizkiagotu gabe.
Ordainketa zatikatzeko eskaera ezetsi edo atzera bota ostean, zerga-bilketa prozesuak aurrera jarraitzen du eta ondasunen enbargoarekin amaitzen da, normalean, zordunen kontu korronteetan eskuragarri dauden saldoak enbargatuz.
Zerga-administrazioa Prozedura Zibilaren Legeak (PZL) ezartzen dituen mugetan jardun behar da. Hala eta guztiz ere, zordunari dagokio muga horiek bete diren egiaztatzea eta, hala ez bada, eragozpenaren aurkako errekurtsoa jartzea, non PZLren 607. artikuluan ezarritako muga ekonomikoak gainditu direla ulertzeko arrazoiak azaldu behar diren, eta, ondorioz, enbargoak zenbatekoari dagokionez ezin enbargatu daitezkeen ondasunei eragin diela ulertu behar den.
Prozedura hori konplexua da, eta aholkularitza eta laguntza egokirik gabe oso zaila da giza-baliabide eta baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonek horiei egoki aurre egitea.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Bereziki azpimarragarria da 2016. urtean Konstituzio Auzitegiaren (KA) Osoko Bilkurak hartutako bi erabakik izan duten garrantzia, foru fiskalitatearen eremuan eragina izan dutenak: 2016ko ekainaren 23ko eta abenduaren 1eko epaiak.
Otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoa, Auzitegi Konstituzionalaren eta Botere Judizialaren lege organikoak aldatzekoa, onartu zenetik, Auzitegi Konstituzionalari dagokio Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeetako zergen foru arauen aurka jarritako errekurtsoak ezagutzea, errekurtso horiek lurraldeen eskumenen baitan eman badira. Izan ere, eskumen horiek Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak bermatzen ditu eta Euskadiko Autonomia Estatutuaren 41.2. a) artikuluan aitortzen dira.
Zergen foru arau horiek blindatzeko eman zen justifikazioa da, lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiek onartutako arauek, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, estatuko gainontzeko lurraldeetan Gorte Nagusiek onartzen dituzten legeak mantendu, ezarri eta erregulatu ditzaketela. Hau da, zergei dagozkien foru arauek estatu mailako legeak ordezten dituzte lurralde historiko bakoitzean eta, beraz, lege horien pareko inpugnazio-erregimena izan beharko lukete.
2016ko ekainaren 23ko epaian, Konstituzio Auzitegiko Osoko Bilkurak 1/2010 Lege Organikoaren aurrean bildutako konstituzio-kontrakotasun errekurtsoen oinarritzat hartutako argudioak aztertu eta gaitzesten ditu eta Lege Organiko horren konstituzionaltasuna berresten du eta, horrenbestez, bai eta Lurralde Historikoen zerga-arauen kontrolean duen eskumena ere.
Epai horretan, Konstituzio Auzitegiak honako hau defendatzen du: foru-araudien aurkaratze-erregimenaren aldaketak, 1/2010 Lege Organikoan barne hartzen denak, ez dakar orain arte zerga foru arauek eragindako pertsona fisiko eta juridikoei aitortu zaien bermeen konstituzionalki onartezina den murrizketarik. Hala, adierazten da foru arauen aurkaratze-erregimenean egindako aldaketa foru autonomiaren defentsa-baliabide gisa arbitratzen dela eta, aldi berean, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen sistemarekin bermeak alderatzeko neurri gisa ere.
Halaber, epaiak ukatu egiten du zerga foru arauen erregelamendu-mailak Konstituzio Auzitegiaren jurisdikzio-objektutik baztertzea, Konstituzioak ez duelako diseinatu jurisdikzio konstituzionalaren eredu itxirik, Konstituzio Auzitegiak ezagutu ditzakeen prozesu konstituzionalen zerrenda itxi eta zehatz bat barne hartzen duena, eta ez du barne hartzen ezta ere errekurtsoak jartzeko legezkotasuna duten pertsonen eta erakundeen zerrendarik.
Hala ere, agian, epai horren alderdirik eztabaidagarrienak ondokoak dira: Konstituzio Auzitegiak kontrolpean hartzen duen zerga-arauaren kontzeptuaren mugaketa eta konstituzionaltasunaren parametroaren konfigurazioa.
Hala, Konstituzio Auzitegiak aitortzen du zerga foru arauen baliozkotasunaren berehalako edo zuzeneko parametroak direla, Konstituzioaz gain, bai Autonomia Estatutua bai maiatzaren 23ko 12/2002 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia-ituna onartzen duena, Estatuaren eta Lurralde Historikoen arteko zerga-harremanak agintzen dituzten arauak direlako. Horrez gain, honako hau ere adierazten du: “son parámetro mediato o indirecto del enjuiciamiento de aquella validez, por expresa remisión de la Ley del concierto, tanto las normas estatales reguladoras de los diferentes tributos que configuran “la estructura general impositiva del Estado” (art. 2.1.2 de la Ley del Concierto Económico) como “la Ley General Tributaria” [art. 3 a) de la Ley del Concierto Económico], pues únicamente en contraste con las mismas puede comprenderse el concreto alcance y comprobarse el correcto ejercicio de las competencias normativas que les han sido reconocidas”.
Halaber, gaineratzen du zergak arautzen dituzten estatuko arauak ere foru-arauen konstituzionaltasunaren parametro gisa konfiguratzen direla, baina soilik foru lurraldeek euren zerga erregimen propioa mantendu, ezarri, arautu eta kudeatzeko eskumenak Estatuaren zerga egitura orokorra kontuan hartzen duen heinean; izan ere, Lurralde Historikoek ezaugarri hauek betetzen dituzten zergak ezarri behar dituzte: “identificable la imagen de los que integran el sistema tributario estatal (…) sin que quepa exigir una identidad regulatoria completa que llegue al punto de considerar que cualquier elemento contenido en la norma estatal reguladora de cada una de las figuras tributarias que integran dicho sistema sea un elemento configurador de la estructura general impositiva del Estado.”
Hala ere, Konstituzio Auzitegiak mugatu eta zehaztu egiten du Batzar Nagusietatik datozen zerga foru arau guztiak ez daudela bere kontrolpean; aitzitik, arau mota zehatz bat baino ez dago bere kontrolpean: “aquellas que hayan sido dictadas en el ejercicio de las competencias reconocidas por el art. 41.2.a) EAPV, a saber, las que se dirijan a mantener, establecer y regular, dentro de su territorio, el régimen tributario, atendiendo a la estructura general impositiva del Estado. Las restantes normas forales fiscales, esto es, las que no se dirijan a replicar los tributos integrantes del sistema impositivo común, quedarían fuera del ámbito de las competencias de este Tribunal, por no traspasar el umbral de la legalidad ordinaria, correspondiendo su exclusivo control, directo e indirecto, a los tribunales ordinarios a través del sistema de recursos previsto en las correspondientes leyes procesales”.
Horrez gain, 2016ko amaieran, Konstituzio Auzitegiko Osoko Bilkurak, 2016ko abenduaren 1eko epaian, konstituzioaren kontrakotzat eta baliogabetzat jo zuen Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauaren 30.2 artikulua.
Konstituzio Auzitegiak, Batzar Nagusiek zenbatespen objektiboko erregimena ezarri zein kentzeko aukera dutela aitortu ostean, ondoko hau azpimarratu du 10/2006 Foru Arauari dagokionez: “acogió la aplicación del método de estimación objetiva por signos, índices o módulos, para la determinación del rendimiento neto de las actividades económicas “que reglamentariamente se establezcan” (art. 30.1), eso sí, precisando, a renglón seguido, que su aplicación “nunca podrá dejar sin someter a gravamen los rendimientos reales de la actividad económica”, de manera que, “en el supuesto de producirse diferencia entre el rendimiento real de la actividad y el derivado de la correcta aplicación de esta modalidad de determinación del rendimiento neto, se procederá al ingreso o devolución de la cuota resultante, sin que resulten exigibles el recargo por ingreso fuera de plazo, los intereses de demora o las sanciones” (art. 30.2).
Hain zuzen ere, 30. artikuluko bigarren atal hori da Konstituzio Auzitegiak baliogabetzat jo duena, “zuzeneko zenbatespen desegokitzat” jotzen duen kontzeptua sortzen duelako; izan ere, zenbatespen objektiboko metodoa eta zenbatespen zuzeneko metodoa bata bestearen ondoren aplikatzea ahalbidetzen du zerga-betebehar berdina kalkulatzeko, eta horrek, Konstituzio Auzitegiak defendatu duenaren arabera, “vulnera la regla de armonización impuesta en el art. 3 a) de la Ley 12/2002 que obliga a los Territorios Forales a adecuar su normativa a la Ley General Tributaria en cuanto a terminología y conceptos, lo que determina la nulidad del precepto foral por desfigurar el concepto de estimación objetiva contenido en este último texto legal del Estado, sin que existan especialidades o peculiaridades en la Ley del Concierto que permitan, ex art. 3.a) de la Ley 12/2002, apartarse del mismo”.
Hala, Konstituzio Auzitegiak honako hau argudiatu du: “Si bien es cierto que el contenido de la estimación objetiva por signos, índices y módulos del Territorio Histórico puede ser diferente al establecido en el Territorio Común, las Normas Forales sobre el IRPF deberán en todo caso –y porque así lo exige el art. 3.a) de la Ley del Concierto− respetar las características intrínsecas del concepto de estimación objetiva ofrecido por la LGT. En este sentido, la estimación objetiva por signos, índices o módulos de la base imponible de un tributo por su propia naturaleza sólo puede arrojar un resultado estimativo a diferencia de lo que acontece con la estimación directa. Por ello, no puede considerarse que respeta el concepto de estimación objetiva contenido en la LGT aquel régimen que obliga al contribuyente, en el supuesto de producirse diferencia entre el rendimiento real de la actividad y el derivado de la correcta aplicación del régimen de estimación objetiva, “a proceder al ingreso o devolución de la cuota resultante” (art. 30.2 de la Norma Foral 10/2006), pues la inamovilidad de la cuantía derivada de la correcta aplicación de la estimación objetiva es una característica intrínseca de aquel régimen de determinación de la base del tributo. En este mismo sentido se pronunció la Sala de lo Contencioso-administrativo del Tribunal Supremo en su Sentencia de 23 octubre 2014 (Recurso de Casación núm. 230/2012), al resolver un recurso frente a una norma foral fiscal distinta (el artículo 26.2 de la Norma Foral del Territorio Histórico de Gipuzkoa 8/1998, de 24 de diciembre), pero de contenido similar a la enjuiciada en el presente proceso”.
Konstituzio Auzitegiaren adierazpen horren birtualtasun materiala (Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak sustatutako konstituzio-kontrakotasun auzi bat ebazten duena) mugatua da; izan ere, PFEZaren erreformaren eta PFEZa arautzen duen 3/2014 Foru Arauaren onespenaren erreformaren kariaz, desagertu egin da zenbatespen objektiboaren erregimena PFEZaren jarduera ekonomikoen errendimendua zehazteko metodo gisa. Hau da, gaur egun zuzeneko zenbatespen-sistema baten bidez baino ezin da zehaztu jarduera ekonomikoen errendimendua. Hala eta guztiz ere, zerga foru arauen “baliozko auzipetzearen bitarteko edo zeharkako parametroa”ren garrantzia azpimarratzeagatik da adierazpena garrantzitsua, izan ere, terminologia eta kontzeptuei dagokienez Tributuen Lege Orokorrera egokitzeko betebeharra ezartzen du.
Tributu-ordenamedua oso ordenamendu dinamikoa da, eta ohikoa izaten da zerga nagusiei (bai foralei bai tokikoei) eragiten dieten aldizkako aldaketak, eguneraketak, egokitzapenak eta zuzenketa teknikoak onartzea. Horrela, tributuak aplikatzerakoan saiheste eta bidegabekeria egoerak ekiditea da asmoa. Egokitzapen horietako batzuk eman dira zerga-araudia Euskal Zuzenbide Zibileko ekainaren 25eko 5/2015 Legean jasotako aurreikuspenetara moldatzeko.
Edonola ere, argitalpen hau nabarmendu beharra dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bategina onesten duen 1/2007 Legegintzako Dekretua aldatzen duen apirilaren 7ko 4/2016 Legea.
Halaber, aipatu beharra dago, iruzurraren aurkako borrokaren testuinguruan, hiru Lurralde Historikoek Foru Ogasun horiekin zorrak dituztenen zerrenda argitaratu zutela 2016an.
Azkenik, adierazi beharra dago 2016an hiru Lurralde Historikoetan amaitu dela ondasun higiezinen katastro-balio egokitzeko prozesua. Neurri hori hartzeko eskaera asko jaso izan dira, krisi ekonomikoak eta eraikuntza-krisiak ondasun higiezinen merkatuaren balioan izan duten eragina ikusita. Horrek eragin zuzena izango du, besteak beste, 2017an igorriko den Ondasun Higiezinen Zergaren zerga-bilketan: izan ere, balorazio berriek 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak.
Bizkaiari dagokionez, balioen eguneraketa horren aurretik bi foru arau onetsi dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko maiatzaren 18ko 4/2016 Foru Araua eta Higiezinen Katastroari buruzko maiatzaren 18ko 3/2016 Foru Araua.
2016an indarrean zeuden balio-ponentziak onetsi zirenetik berriak onetsi diren arte denbora luze igaro denez, oro har, katastro-balioak 2016an erabilitako balioak altuagoak dira. Igoera horri aurre egite aldera zerga-tasa murriztu da.
Hala, katastro-balioaren igoera konpentsatze aldera, gutxieneko karga-tasa bat ezarri da hiri-ondasunentzako eta beste bat landa-ondasunentzako, aurreko araudian indarrean zeudenak baino txikiagoak direnak, bai eta bi kategoria horietako bakoitzeko gehieneko tasa bat ere. Hala ere, hiri-ondasunei dagokienez, eta erabileren arabera, gehienekoak baino handiagoak diren karga-tasak onesteko aukera ematen zaie udalei.
Gaikuntza hori, bai eta horren zehaztapenak ere, zabal eztabaidatuak izaten ari dira katastro-balio jakin bat gainditzen duten bizitegi-erabilerako hiri-ondasunei dagokienez euren ordenantza fiskalean ordenantzak ezartzen duen zerga-tasa areagotua barne hartu duten udaletan.
Horrez gain, familia ugarien aldeko hobari fiskalak ezabatu izanak desadostasuna eragin du.
Etxebizitzaren funtzio soziala zergan sartu izana arau horren beste alderdi azpimarragarri bat da (eta eztabaida eta zalantzak eragingo dituela aurreikusten da); izan ere, 4/2016 Foru Arauak tokiko erakundeei ahalmena eman die euren ordenantza fiskalean zergaren kuota likidoaren 100eko 50era arteko hautazko errekargu batekin kargatu ahal izateko bizitegi-erabilerako higiezinak diren baina subjektu pasiboaren edo besteren baten –alokatuta edo erabiltzeko lagata– ohiko bizilekua ez diren higiezinak. Errekargu hori urtero sortu eta likidatuko da zerga horren kuotarekin batera.
Antzeko aurreikuspen bat barne hartu da OHZn, Arabako Lurralde Historikoan Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 19ko 42/1989 Foru Arauaren 15. artikulua aldatzen duen urriaren 26ko 12/2016 Foru Arauan.
Lurralde Historiko horretan katastro-balioen eguneraketa Vitoria-Gasteiz udalerrian zentratu da; oro har, higiezinen katastro-balioak behera egin duela antzeman da.
Azkenik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan badirudi higiezinen katastroaren balioaren eguneraketak higiezinen katastro balioaren areagotzea ekarri duela.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Herritarren kontsultak eta kexak aztertu eta ebaztea da Ogasun Sailaren eginkizun nagusia. Alabaina, arloan garrantzia eskuratu du ofiziozko jardunbideen sustapenak, araudian aldaketak egiteari eta herritarrentzat hobeak diren administrazio-praktikak ezartzeari dago bideratuta horren xedea.
2016an ofiziozko hainbat espediente hasi dira, OHZren ondorioterako hiri-lurzoruaren mugaketa berrikuste aldera, zehazki, egungo xedea hertsiki nekazaritza-erabilerakoa edo -helburukoa izan arren urbanizagarri gisa sailkatuta dauden lursailei dagokienez.
Hala, saihestu egingo litzateke hirigintza-plangintzarako tresnak onartu gabe dituzten hirigintza-lurretan kokatutako lur-sailek, OHZri dagokionez, bidezko prezioa baino askoz altuagoa den zerga-presioa jasatea. Izan ere, nahitaezko desjabetzea gertatuz gero, lur berberak jasoko lituzkete, lur horien egungo erabilera nekazaritzari dagokiona delako halabeharrez.
Halaber, Bastidako Udalari adierazi zitzaion bere webgunearen bitartez hedatzen ari zen Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren testua eguneratu zezala, hutsegiteak egitea eragiten zuelako. Txosten hau amaitu den egunean, oraindik ez dira udalaren webgune ofizialean argitaratu 2015eko abenduan ordenantzaren testuan barne hartutako aldaketak.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Espainiako Konstituzioak 31.1. artikuluan zera xedatzen du: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate- printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango”.
Zergapetu beharreko kontribuzio-ahalmenak benetakoa eta oraingoa izan behar du, eta ez luke eratorri behar zergaren mekanikatik bertatik. Egoera hori, gure ustez, Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zergaren likidazio batzuetan jartzen da agerian, izan ere, zerga hori erregulatzen duten arauek ez dute kontuan hartzen eskuratu ziren prezioaren azpitik transmititzea higiezinak. Hala ere, transmisio horiek gertatu gertatzen direla eta ez direla zerga-saihestearen ondorioa izaten adierazten ari da higiezinen trafikoa. Era berean, higiezinen katastro-balioa eguneratzeko prozesuak, oraintsu bukatutakoak, agerian jartzen ari dira udalerri batzuetan lurzoruetako batzuek balio-gehitzerik ez, baizik eta balio-gutxitzea izan dutela urte hauetan.
Pairatu dugun krisi ekonomiko sakonak berekin ekarri du bilketa murriztea -orain lehengoratzen ari bada ere-, eta zerga-saihestearen gaineko kezka handiagoa egotea eta iruzurraren aurkako borroka areagotzea.
Zerga administrazioak beharrezko erregularizazio prozedurak burutu behar ditu, herritar guztiek eraginkor bete dezaten konstituzioko betebehar hori. Alabaina, batzuetan, ahaztu egiten da hutsegite batzuk zergen araudiaren konplexutasunaren ondorio izaten direla, eta, zenbaitetan, foru ogasunek parte hartu ere egin dutela hutsegite horiek denboran luzatzen.
Zergapekoek, oro har, onartu egiten dute hutsuneak zuzentzea eta egokiak diren likidazio diferentzialak bidaltzea, baina oso kritiko agertzen dira ordenamenduak balizko erruduntasunik kontuan ez hartzearekin. Hau da, ez da inola ere kontuan hartzen foru ogasunek beraiek autolikidazio horien (normalean PFEZri dagozkionak) prestaketan edo horiek jasotzen zituzten datu okerrak denboran luzatzean eduki duten parte-hartzea.
Horregatik, foru ogasunek arreta areagotu behar dute beren bulegoetan egiten diren edo zergapekoen etxeetara autolikidazio-proposamen gisa bidaltzen diren errenta aitormenak prestatzean, eta, gainera, ahaleginak egin behar dituzte aitorpena aurkeztu eta berrikuspen prozesuei ekin artean berehalakotasuna lortze aldera.
Ezin dezakegu albo batera utzi pertsona gehienek, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, ez dutela zergen araudia ezagutzen, ezta zergaren likidazio mekanismoak ere.
Oraingo testuinguru ekonomikoan, inoiz baino gehiago, zorren ordainketa luzatzeko eta zatitzeko adostasunak eskaini behar dira, bai betearazpen-bidean bai borondatezkoan, ekonomia apalak dituzten pertsonen bizitza estutasunean jartzen ez dutenak.
Pertsona batzuen zaurgarritasun egoerak oso zail egiten du zorraren ordainketari aurre egin ahal izatea, ez bada bere egoera ekonomikoarekin bateragarria den geroratze berri bat ematen.
Nolanahi ere, gogoan izan behar da egoera zailetan ekonomia txikiek nekez egin diezaioketela aurre ordainketa-egutegi bati, baldin eta horrek bizirik irauteko behar dituzten baliabideen zati garrantzitsu bat erreklamatzen badie.
Komenigarria litzateke zerga administrazioek kasu bakoitzaren zirkunstantziak neurtzea, kudeaketa publikoan eraginkortasun printzipioa kontuan hartuta. Printzipio hori aplikatzeak zordundutako zenbatekoak itzultzearen alde egiten du, zorduna jasaten ari den gizarte bazterketarako prozesua larriagotzea ekarri gabe.
Zerga administrazioak aintzat hartu beharko luke, orokorrean, herritarrek ez dituztela baliabideak eta trebetasunak izaten, lehen unetik bertatik eta dagokien dokumentazioarekin aurkez ditzaten behar bezala oinarritutako eskabideak eta erreklamazioak.
Enbargoak gauzatzean, zerga-administrazioak Prozedura Zibilaren Legeak (PZL) ezartzen dizkion mugetara egokitu behar bere jarduera. Hala ere, zergapeko zordunak egiaztatu beharra dauka ea muga horiek bete diren, eta, hala ez bada, trabatze horren kontrako helegitea jarri, bertan azalduz zergatik uste duen PZLren 607. artikuluak ezarritako muga ekonomikoak gainditu direla, eta, hortaz, enbargoak ezin enbargatuzko ondasunei eragin diela, horiek duten balio handiagatik.
Prozedura hori konplexua da, eta aholkularitza eta laguntza egokirik izan ezean, oso zaila da gizarte- eta ekonomia-baliabide urriko pertsonek prozedura horri ondo aurre egin ahal izatea.
Ezinbestekoa da aldizkari ofizialetan ordenantza fiskalak behar bezala argitaratzea arauak indarrean jar daitezen, hau da, zertarako sortu diren kontuan hartuta, kasuan kasuko ondorio juridikoak izan ditzaten.
Beste kontu batzuei buruz, azpimarratu beharra dago zerga administrazioak bere jakinarazpenak egokitu behar dizkiela jakinarazpen horien hartzaile zehatzek eskatzen dituzten beharrizanei. Zergapekoa, normalean, ez da teknikari juridikoa izaten, ez eta zergen araudia eta horren prozedura desberdinak ezagutzen eta ulertzen dituen aditua ere. Hortaz, ahalegina egin beharko litzateke zerga administrazioek sarri bidaltzen dituzten jakinarazpen estandarizatuak argiagoak eta ulergarriagoak izan daitezen.
Herritar zergapekoarentzat oso alderdi garrantzitsuak izaten dira ordainketa egiteko modua, ordainketa egiteko dauzkan epeak, geroratzeak edo zatikatzeak eskatzeko aukerak, errekurtsoa jartzetik erator daitezkeen ondorioak... Garrantzi handiko elementuak dira horiek; askotan, ordea, oharkabean igarotzen dira, bai idazketan erabiltzen den letraren neurri txikiarengatik, bai kontu horiek azaltzeko erabiltzen den terminologia tekniko juridikoarengatik.
Epeak preklusiboak izaten dira tributu gaietan, beraz, behin likidazioaren aurka egiteko emandako epea igaro denean likidazioa errekurritu ez bada, irmoa izango da, eta, hortaz, ezin izango zaio aurre egin errekurtsoaren ohiko bideetan.
Betebehar fiskalei lotutako aitorpenak bitarteko telematikoen bidez aurkeztea orokortzen ari den une batean, nabarmendu behar da zerga-administrazioek administrazio elektroniko neutral eta inklusiboa lehenetsi beharko luketela, hau da, zergapekoari bide telematikoen bidez berarekin harremanetan jartzea erraztuko dion administrazioa, teknologia bereziren bat egitez edo berariaz inposatu gabe, eta, aldi berean, harremanetarako kanal gehigarriak sustatzen dituena, jada badaudenak eta herritar partikularren eskura daudenak baztertu gabe.
Azkenik, berriro ere esan behar da errekurtsoak ebazteko epearen barnean berariazko erantzun arrazoiturik ez eskaintzeak administrazioaren funtzionamendu zuzenaren kontrako prozeduraren patologia izaten jarraitzen duela.
1. Arloa kopurutan
2016an zehar gizarteratzearen arloan 790 kexa-espediente izapidetu dira, alegia, erakunde honetan izapidetutako kexen guztizkoaren %36,59.
Erreklamazio gehienak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzerako abenduaren 23ko 18/2008 Legearen ziozko prestazio ekonomikoei lotuta daude, batez ere, diru-sarrerak bermatzeko errentari eta etxebizitzarako prestazio osagarriari. Horrez gain, udalek kudeatzen dituzten gizarte behar larrietarako laguntzak eskatzeari lotutakoak ere jaso dira, gutxiago izan badira ere.
Eragindako herri-administrazioa, batez ere, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saila da. Tarteko administrazioaren araberako banaketa honako hau da:
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra
(Eusko Jaurlaritza) 710
• Tokiko administrazioa 23
• Foru administrazioa 8
Bertan jorratutako azpiarloen arabera, honela sailka daitezke:
• Diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko eta gizarteratzeko legean jasotako prestazio ekonomikoak (diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako
prestazio osagarria eta gizarte behar larrietarako
laguntzak). 759
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 12
• Gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako prestazioak eta zerbitzuak 11
• Herritarren eskubideak 8
2016an izapidetutako kexen egoerari dagokionez, txosten hau ixterakoan, egoera hauxe zen:
2012an kexa-espedienteak nabarmen ugaritu ostean, 2013an eta 2014an gutxitu egin ziren, %12,6 eta %31 hurrenez hurren, batez ere, diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarrien eskaerak izapidetzerakoan jazotako atzerapenak kexa izateari utzi ziolako.
2015ean arloko kexa-espediente kopuruak goraka egin zuen, 604tik 755era pasaz. Horietako gehienak Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legetik sortutako prestazio ekonomikoetan eragina zuten, 2014an 576 ziren eta 2015ean 739 izan ziren. Horietatik 536 2014an eta 612 2015ean Enplegu eta Gizarte Politiken Sailera zuzendu ziren, eta horrek %22,05ko igoera ekarri zuen. Gorakada hau hasiera batean bidegabe jasotako prestazioen erreklamazioengatik azaldu zen, Lanbidek espediente asko birpasatu zituelako eta prestazioak erreklamatzeko prozedurak abiarazi zituelako, gero jarraitutako prozedura zalantzan jartzen zuten kexak aurkeztea ekarri zuena, baita zorraren jatorria ere.
2016an Lanbidek kudeatzen dituen prestazio ekonomikoetan eragina duten kexen gorakadak jarraitu du, 710 arte. Kexa hauek izapidetze eta funtzionamenduari lotuta daude, hala nola, emateko edo berrabiarazteko eskarien ebazpenen atzerapenari edo diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria ukatze, etete, iraungitze eta ez berritzeari dagozkionak, baita Lanbidek oker ordaindutako prestazioen erreklamazioari lotuta ere. Pasa den urtean, Ararteko erakundeak Lanbideri bere jarduna aztertzeko eta gomendioak helarazteko ebazpen kopuru garrantzitsua bidali dio. Elementu garrantzitsu gisa azpimarratu beharra dago Lanbidek Arartekoaren informazio eskariei erantzuna emateko atzerapena duela, eta hori berrikusi beharko litzateke.
Lanbideren kudeaketaren hasiera bateko zailtasunak garrantzitsuak izan ziren, horregatik eta Enplegu eta Gizarte Politiken Sailarekin kolaboratzeko asmoz, Arartekoak 2013an txosten-diagnostikoa bat egin zuen. Bertan, Lanbideren jardun zehatz batzuk aztertu ziren, kexak izapidetzeagatik edo erakundeak abiarazitako ofiziozko jardunen emaitza izateagatik Arartekoaren esku-hartzearen helburu izan zirenak. Txosten-diagnostikoa 41 gomendiorekin amaitu zen. 2016an txosten-diagnostiko berri bat egin da. Bertan, egitura berdina mantentzeko saiakera egin da, Lanbideren kudeaketaren aurrerapenak baloratu ahal izateko. Gainera, azken urteetan Arartekoak alor honetan egindako jardunen gaineko beste atal batzuk gehitu dira, kexak izapidetzean Lanbideri bidalitako Arartekoaren iritzia azpimarratzen dutenak. Urteko txosten hau ixterakoan oraindik ez zaio ikerketa hori entregatu Lanbideri. Txosten-diagnostiko hori erakundearen web orrian argitaratuko da.
2015 urteari dagokion Arartekoaren txostenean, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak kudeaketaren alderdi garrantzitsuak garatzeko asmoa duela helarazi digula adierazi zen, adibidez, prestazio ekonomikoen erregulazioa hobetzea, baita lanbide formazioari, lan merkaturako bitartekotzari eta, azken batean, laneko inklusioa sustatzeari eragiten dioten eta dagozkion funtzioetan sakontzeko asmoa ere. 2016an organismoak gogoeta prozesu bat egin du, iragarri duenez hurrengo urtean garatuko diren aldaketak abiaraztea aurreikusten duena.
Azpimarratu beharreko datu gisa, aurten eskarien ebazpenen atzerapena oinarri duten kexa kopurua handitu da, aurreko urteetan aurrerapen nabarmena izan duen zailtasuna. Atzerapen hori Lanpostuen Zerrenda onartu eta ezartzearen ondorio bat bezala azaldu du Lanbidek.
Jaso diren kexen artean, errolda edo egoitza eraginkorrean aurretiko epe jarraituan izena emanda egotea egiaztatzeari lotutako irizpideak ez betetzeagatik eskariak ukatzeari dagozkionak, ondasun eta errekurtso ekonomikoak egiaztatzeko eta horiek identifikatzeko errekeritutako dokumentua aurkezteko ezintasuna, aurkeztu den dokumentazioan irregulartasunen bat onartzea, edo ondare mugak gainditzen direlako edo enplegu bat ukatzeari dagozkionak aipatuko ditugu. Kexa hauei Bizikidetza Unitatea osatzen duten kideak ez egiaztatzeagatik edo horien gaineko zalantzak egoteagatik sortutakoak gehitu behar zaizkio. Arduratzeko elementu gisa azpimarratu beharra dago ukapen ebazpen batzuetan adierazi dela ezin dela urte beteko epean eskari berririk aurkeztu, eta jardun horrek ez du beharrezkoa den araudiaren estaldura.
Eskubidea aldi baterako etetearekin lotuta dauden kexa kopuru nabarmena ere izapidetu da. Gehien errepikatu diren arrazoien artean dago Euskadiko Autonomia Erkidegotik ateratzea ez jakinaraztea, diru-sarrerak bermatzeko araudian berariaz adierazten ez den betebeharra den arren, epai eta Arartekoaren ebazpen ezberdinetan askotan adierazi den bezala.
Beste kexa sorta baten oinarria da adostutako prestazioen iraungitzea, izaera ekonomikoa duten eskubideak balioztatzeko betebeharra ez betetzean oinarritutakoa. Arartekoaren ustez, batzuetan araudi aurreikuspenen gehiegizko interpretazioa egiten ari da. Adibidez, Lanbidek prestazioaren iraungitzea adostu du mantenu-pentsioak ez ordaintzean gauzatzeko eskatu ez denean, dibortzio epaiketa prozesua amaitu gabe dagoenean, babes ofizialeko etxebizitza bat ukatu denean edo EEZPren prestazio bat iraungi denean, besteren artean. Arartekoaren iritziz, kasu askotan eskubide ekonomikoa ez balioztatzeko ezintasuna justifikatzen zuten arrazoiak zeuden, eta betebeharra betetzeko borondatea egiaztatu zen. Beraz, kaltetutako pertsonek betebeharra betetzera zuzenduta egindako jardunak ez dira egoki neurtu. Beste kasu batzuetan izaera ekonomikoa duen eskubide bat balioztatzeko betebeharrak suposatzen duen edukiaren gaineko ezjakintasuna dago, adibidez, babes ofizialeko etxebizitza bat ukatzearen kasuetan.
Kexaren oinarria ere izan da prestazioak berritzea ukatzea eteteko arrazoi bat hauteman ondoren. Arazo nagusia eteteko arrazoia bertan behera geratu den kasuetan eman da, Lanbidek ez duelako data horretatik aurrera prestazioa berrabiarazi edo ez duelako prestazioa berriro ere eskatzeko eskubidea jakinarazi.
Era berean, aipatu beharra dugu bidegabe ordaindutako prestazioen erreklamazioa, batzuetan berrikuspen prozedura bat oinarri izan duena. Horrela, asko dira eskatutako dokumentazioa aurkeztu eta prestazioa onartu ondoren hura ofizioz berrikusten hasi diren espedienteak, prestazioak erreklamatzeko prozedura bat abiarazi dezakeena, irizpideen betetzearen balorazio ez-egokia egin zelako.
Arartekoak egiaztatu du askotan, izapidetu bitartean, ez dela erreklamazioaren oinarri diren kontzeptu eta epeen gaineko informazio zehatza ematen, eta hori oinarrizko bermea dela uste dugu. Gainera, beste batzuetan, preskripzioaren institutu juridikoa ezar daitekeen data batean erreklamatzen dira ordaindutako prestazioak.
Arartekoaren ustez Lanbideren irizpideen arabera bidegabe ordaindutako kopuruak erreklamatzeko kontzeptu eta arrazoien gaineko gogoeta beharrezkoa da. Horretarako, betebeharrak ez betetzearen eta irizpideen galeraren edo bizikidetza-unitatean diru-sarrera berriak daudelako kopurua aldatu behar den kasuak ezberdindu beharko lirateke. Betebeharrak ez betetzearen, irizpideen galeraren eta arau-hausteen artean ezberdintzeko garrantziak, eta jarreraren balore ezari proportzionatutako erantzuna emateko beharra dira, Arartekoaren ustez Lanbidek sistema hobetzeko proposamenen artean hobetu beharreko erronketako batzuk.
Epigrafe honi amaiera emateko, gogorarazi behar dugu Lanbidek funtzio konplexua eta gizartean eragin handia duena egiten duela. Izan ere, behar egoerei aurre egiteko jaiotako prestazio ekonomikoen eskubidea aitortzeaz gain lan aktibaziorako ekintzak sustatzen ditu. Espedienteak izapidetzean prestazioen onuradunek errespetatu behar dituzten irizpide eta betebeharrak betetzen direla zehatz-mehatz berrikusten da, batzuetan ezarri beharreko araudiaren gehiegizko interpretazioa eginez, Arartekoaren ebazpenetan adierazi den bezala. Berrikuspenak prestazioak ematean edo berrabiaraztean atzerapenak sortzen ditu. Zentzu honetan, funtzionamendua hobetzeko eta kudeaketa eraginkorra egiteko aukera ematen duten errekurtsoak emateko egindako esfortzuez gain, oraindik ere prestazioen izapidetzea atzeratzen da, batez ere berrikuspen edo berrabiarazte fasean, baita prestazioen kopurua aldatzean eta lortzen diren diru-sarreren gaineko informazioari egokitzean ere.
Administrazio errekurtsoak ebazteko epeak, orokorrean, hobetu diren arren, errekurtsoa onartu den kasuetan horrek ez du berehalako ondoriorik, batzuetan eskaria egin eta 16 hilabete arte luzatu daitekeen prestazioaren aitorpena emateko berrikuspen prozesu bat abiarazten da. Arartekoak 2014ko uztailaren 17ko ebazpena egin zuen ,zeinetan Lanbideri gomendatu genion aukerako berraztertzeko errekurtso baten ebazpena aldekoa zenean Lanbidek bertako nahiei errekurtsoaren ebazpenean bertan erantzuteko, orokorrean berrikuspen espediente berri bat abiarazi gabe irizpide guztiak bete direla egiaztatzeko asmoz. Lanbidek ebazpen hau onartu zuen baina praktikan ez dugu betetzen ari dela ikusi.
Kexa-espediente askorengan eragina duen eta erakunde honengan kezka sortzen duen egoera garrantzitsu bat da adingabeak egotea eta diru-sarrerarik ez izateak duen inpaktuari dagokiena. Horretarako, Arartekoak apirilaren 8ko 2/2015 Gomendio Orokorra egin zuen, politika publikoetan eta, bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sisteman adingabearen interes gorena derrigorrez kontuan hartzeari buruzkoa. Gomendio horren edukia adingabeak barnean dauden Arartekoaren esku-hartze guztietan gogorarazten da.
Oraindik bete ez den Lanbidek hartutako beste konpromiso bat da irizpideen dokumentua positibatzeko egokitasunari dagokiona, irizpide horiek ezartzeko eta publizitatea emateko helburuz, edozein interesdunarentzat eskuragarria egoteko moduan. Bere garaian, Arartekoak Lanbideri helarazi zizkion horren erabilerak sortzen ari zituen arazoak, eta pertsonek norbanako gisa, udal gizarte zerbitzuek eta hirugarren sektoreko gizarte erakundeek helarazitako ardurari arreta emateko beharra, irizpideen dokumentua ez argitaratzeak ekartzen zuen gardentasun falta, baita moduren batean dokumentuaren edukia helarazteko aukera ere. Horri 18/2008 Legearen araudi garapena egiteko beharra lotu zitzaion, 4/2011 Legeak sartutako aldaketen ostean (2/2010 eta 147/2010 Dekretuen eguneratzea), eta irizpideen dokumentua konfiguratzeko aukera, adibidez, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren Sailburuaren Agindu baten bidez.
Lanbidek positiboki erantzun zituen erakunde honek helarazitako gomendio era proposamenak, baina denbora igaro den arren oraindik ez dira argitaratu.
Era berean, ez dugu prestazioaren etetea eta iraungitzea ekiditen duen zigor prozedura bat ezartzearekin lotutako jardunak abiaraztearen berri, eta hura urtebetez berriz eskatzeko ezintasuna ez betetze baten aurreko erantzun bakarra izatea.
Azkenik, ijitoei eta beste kultura gutxituei eta immigranteei eta aniztasun kulturalari dagozkion txosten honetako ataletan, eremu horretan ere eragina duten jardunak jasotzen dira, baina elementu zehatz bat sartzerakoan atal horietan garatu behar dira.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Eskaerak artxibatzea, herritarrentzako arreta
Alderdi batek eskatutako eskarien izapidetzerako ezarritako prozedurak eskariarekin batera dokumentazioa ere aurkeztea aurreikusten du, eta, hala badagokio, administrazioak eskaria ebazteko nahitaezkoa den dokumentazioaren errekerimendua. Lanbidek bi hilabeteko epean ebatzi behar du eskaria.
Aztertutako kexan, Lanbidek dokumentazioa aurkezteko eskaria egin zuen epea igaro ostean. Arartekoaren ustez errekeritutako dokumentua ez da ezinbestekoa, eta ez ditu Lanbidek eskaria ebazteko dagoeneko ez dituen datu berririk; gainera, dokumentua bi hilabeteko epearen ostean egin zen. Beraz, epe hori igaro zenez Lanbidek berariazko ebazpenik eman gabe, diru-sarrerak bermatzeko errenta onartua egon beharko zen (Arartekoaren 2016ko maiatzaren 26ko ebazpena.) Kexagileak aurrerako eskari berri bat aurkeztu zuen, onartu zitzaiona.
2.2. Prestazioak ukatzea
2.2.1. Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria ukatzea ebatzi zuen ulertu zuelako eskatzaileak ez zuela eskaria aurkeztu eta urtebete lehenago bizikidetza-unitate bat osatzen. Uste zuen kexagilearen anaia etxe berean erroldatzeak eta berarekin hilabete batzuk bizitzeak 2013. urtean oinarrizko bizikidetza-unitatearen egitura eteten zuela. Arartekoaren ustez kexagileak berezko bizikidetza-unitate bat osatu zuen, independentea eta pertsona bakarrekoa, familiaren etxea utzi zuen momentutik, eta ondoren bere anaia hilabete batez erroldatzeak ez duela oinarrizko bizikidetza-unitatearen egitura eteten (Arartekoaren 2016ko martxoaren 14ko ebazpena).
2.2.2. Lanbidek eskari bat ukatu zuen uste zuelako eskatzaileak ez zuela alokairu harremana egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkeztu, behin betikoa ez zen kontratuaren ale bat aurkeztu zuelako. Dena den, aurkeztutako gainontzeko dokumentaziotik ondorioztatzen zen alokairu harremana existitzen zela. Arartekoak prestazioa lortzeko ezarritako aurreikuspen legalak gogorarazi zituen (Arartekoaren 2016ko otsailaren 17ko ebazpena).
2.2.3. Beste kexa-espediente batean, prestazioa ukatzeko arrazoia zen subrogatutako pertsonak ez zituela alokairu kontratuaren datuak eguneratu, alokairu harreman bat zegoela ondorioztatzen bazen ere eta ezar daitekeen araudian aurreikusitako gainontzeko irizpideak betetzen bazituen ere. Hori dela eta, Arartekoak berrikusteko gomendioa egin zuen (Arartekoaren 2016ko ekainaren 14ko ebazpena).
2.2.4. Beste espediente bat ere aipatu beharra dugu. Honetan, Lanbidek ukatu zuen alokairu harremana egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa egokia ez zela baloratu zuelako, egiaztatze zehatza egin gabe edo zigor salaketarik gabe. Espediente honetan, gainera, eskariaren ukapenari prestazioaren iraungitzeko efektuen eskaria egotzi zitzaion, urte beteko epean eskari berri bat aurkezteko ezintasunarekin gainera. Arartekoaren ustez, hasiera batean adierazi zuen etxebizitzan bizileku eraginkorra zuela egiaztatzeko beste jarduera batzuk abiarazi beharko zituzkeen Lanbidek, sortutako zalantzak argitzeko xedez. Edonola ere, espedientearen instrukzio-fasean beste dokumentazio bat aurkeztu izanak balorazio berria eskatzen zuen, bai eta entzuteko beste izapide bat ahalbidetzea ere (Arartekoaren 2016ko abenduaren 16ko ebazpena).
2.2.5. Beste batean, Lanbidek prestazioa ukatu zuen ulertu zuelako pertsonak Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza jasotzen zuela, Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen zuena. Dena den, kexagileak laguntzak amaitu zirela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkeztu zuen. Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko irizpideak betetzen direnean amaitzen da. Lanbidek 5 hilabete eman zuen espedientea ebazteko, laguntzak ukatzeko arrazoia jakinarazi gabe hura ebatzi arte (Arartekoaren 2016ko urriaren 28ko ebazpena).
2.2.6. Aurkeztutako beste erreklamazio batean, Lanbidek eskaria ukatu zuen eskatzailea ohiko etxebizitzaz gain beste ondasun higiezin baten jabea zelako, eta beste baten jabekidea. Dena den, bi higiezin horiek bi lursail ziren, eta usufruktu batez kargatuta zeuden. Beraz, ezin zituen eskuratu eta ez zuten inolako ondare errendimendurik sortzen. Arartekoak bere 2016ko urriaren 13ko ebazpenean Lanbideri gomendatu zion prestazioaren ukapena berrikusteko. Izan ere, ondasun higiezinak usufruktuaren karga zuten bitartean lortu ezin zituenez, ez zizkiotela bere behar egoerari aurre egiteko errekurtso ekonomikorik sortzen.
2.3. Prestazioak etetea
2.3.1. Lanbidek ulertu zuen, Arartekoak aztertutako beste egoera batean, berralokatze kontratu ezberdinetatik etxebizitza batetik lortzen den errenta ezin dela ezberdina izan justifikatzen duten arrazoi objektiboak ez badaude. Lanbide berralokatze batetik errendimendu handiagoa lortzeko exijentzia lege oinarririk ez duen betebehar berri baten sorrera “ex novo” suposatuko luke. Izan ere, horrek, berez, etxebizitza baten titulartasuna duenak, jabetzan edo alokairuan, diru-sarrerak bermatzeko errenta baten onuraduna izanik, irabazi bat lortzeko, ahalik eta irabazirik handiena, gela bat berralokatzera derrigortuta egongo litzatekeela suposatuko luke. Gainera, Arartekoak alokairu kontratuetatik sortutako diru-sarreren zenbaketen gaineko gogoeta egin du. Izan ere, maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 21.1 artikuluak ez zenbagarritzat ditu diru-sarrera hauek (Arartekoaren 2016ko ekainaren 27ko ebazpena).
2.3.2. Beste espediente batean, kexagilea espetxetik atera zen, Espetxeetako Erregelamendua onestekoa den otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretuaren 182. artikuluarekin bat, eta kexa aurkeztea erabaki zuenean, gizarteratu eta laneratzeko prozesuan parte hartzen ari zen Gizakia Fundazioan. Lanbidek etete egoera mantentzea erabaki zuen uste zuelako “tratamendu fasean espetxeko hirugarren graduan dauden pertsonek ez dute diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzeko eskubiderik, Espetxeetako Erregelamenduaren 182. art.”
Arartekoak Lanbideri helarazi dio ez dagoela hirugarren graduan ere dauden beste pertsonekiko oinarrizko ezberdintasunak justifikatzeko arrazoirik, osasun alorrekoa salbu. Baliteke Lanbidek egindako interpretazioak berdintasun printzipioa haustea, ez baitago arrazoirik DSBErako eskubidea tratamendu psikiatrikoan edo toxikomania gainditzeko tratamenduan dauden pertsonei ukatzeko, baldin eta tratamendu horiek zentro soziosanitario batean sartzea ekartzen badute ondorioz; baina bai ukatzen zaie prestaziorako eskubidea tratamenduan Espetxeetako Erregelamendua onesteko dekretuaren 182. artikuluak aginduta daudenei, kontuan hartu behar den gizarte-egoera kasu batean zein bestean berdina izanik.
2.3.3. Diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa eten eta iraungi zuen espediente bat ere aipatu da, kexagileak ez zuelako judizialki formalizatu hitzarmen arautzailea eta bikote-harremana eten izana ere ez zuen jakinarazi Egitatezko Bikoteen Erregistroan. Dena den, hasieratik bere bikote ohiarekin sinatutako akordioa aurkeztu zuen, eta horren arabera bere bi seme-alabengatik mantenu-pentsioa ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Hitzarmen erregulatzailea ez gauzatzea jasan zuen indarkeriagatik izan zen, baina txosten sozial baten bidez bere banaketaren errealitatea egiaztatu zuen, eta ez zuela Izatezko Bikoteen Erregistroan jakinarazi ez zekielako.
Arartekoak ulertu zuen aurreko ez betetze “formalak” ezin zirela irizpideak ez betetze bat bezala baloratu, kexagileak 2009tik osatzen zuelako bizikidetza-unitate bat bere bi seme-alabekin batera. Prestazioak etetea eta iraungitzea,18.389,02 € itzultzeko betebeharrarekin batera, desproportzionatua dela, honako hau kontuan hartuz, batez ere: 2015era arte, Lanbidek ez zuela espedientea berrikusi, nahiz eta erabaki pribatua agertzen zen diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa aitortzeko eta berritzeko erantsitako dokumentazioaren artean. Lanbidek aurrez eskatu izan balio hitzarmen arautzailea edo Egitatezko Bikoteen Erregistroan baja formalizatzea hautemandako akatsak konpondu ahal izango zituen (Arartekoaren 2016ko abuztuaren 3ko ebazpena).
2.4. Prestazioak iraungitzea
2.4.1. Honakoan, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazioak iraungitzea adostu zuen, lan-eskaintza bateko hautaketa prozesuan parte hartzera ukatu zelako. Bizikidetzako unitatea berak, bere bikoteak eta bien alabak osatzen dute. Kexagileak Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako familia esku-hartze programa batean parte hartzen zuen, Trebatu programa, eta kexa izapidetzen ari zen bitartean familia esku-hartzeak jarraitzen zuen. Arartekoaren ustez, kontuan hartu behar zen familia hori familia sozio-hezkuntzako esku-hartze programa batean parte hartzen ari zela. Familia esku-hartze programatik eta Lanbidetik lantzen ari ziren helburuen koordinazio falta agerian jarri zen. Arartekoaren ustez, lan-eskaintza baten hautaketa prozesuan parte-hartzea ukatzeko justifikatutako arrazoirik zegoen baloratu behar zen, kontuan izanda sinatutako Gizarteratze Aktiborako Hitzarmenak ez zituela aipatzen parte hartzen ari zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa den esku-hartze sozio-familiarraren programaren ondorioz adostu ziren jarduera eta konpromisoak. Arrazoizkoa zen espero izatea Lanbidek beste eragileek egindako gizarte esku-hartzeak eta diagnostikoa aintzat hartzea, lan eta gizarte inklusio prozesua errazteko esku hartu zutenak (2016ko maiatzaren 24ko Arartekoaren ebazpena).
2.4.2. Beste espediente batean kexagilea, dibortziatua zegoena, adierazi zuen bere adingabeko bi seme-alaben zaintza esklusiboki zuela. Horietako batek ezgaitasun gradu bat zuen eta segurtasun zaindari bezala lan egiteko eskaintza egin zioten, aste bakoitzean txanda ezberdinekin. Bere adingabeko seme-alaben beharrak kontuan izanda, bereziki ezgaitasuna duenarena, lan-baldintza horiek sortzen zizkioten zailtasunak adierazi zituen, eta familia bizitza bateratzeko ezintasuna dela eta lan-eskaintza ukatu behar izan zuen. Hori dela eta, Lanbidek prestazioa iraungitzea adostu zuen. Arartekoaren ustez lan ordutegia eta egoera pertsonalak, kontuan izanda adingabearen interes gorena, lana ukatzea justifikatzen zuten, enplegua ukatzeko justifikatutako arrazoiari lotutako aurreikuspena betetzen zela ulertzen zuelako, 18/2008 Legearen 28.1.i) artikulua ezarriz, 4/2011 Legearen aldaketak emandako idazketan (2016ko abenduaren 2ko Arartekoaren ebazpena).
2.4.3. Beste kasu batean, Lanbidek hasiera batean prestazioa etetea adostu zuen eta gero, prestazioaren kopurua murriztea, eskatzaileak herentzia bat jaso zuelako, zeinaren bidez ondasun higiezin baten jabetza soila lortu zuen %8,21eko baloreagatik. Arartekoaren ustez, eta amaren aldeko biziarteko gozamenak irauten duen bitartean edo etxebizitza saltzen zein alokatzen ez bada,ezin da esan interesdunak herentzian jasotako etxebizitza eskuratu dezakeenik eta, ondorioz, ezin da esan gaitasun ekonomikoa diru-sarrerak bermatzeko errenta gabe biziraun ahal izateko beste handitu zaionik. 147/2010 Dekretuaren 20. artikuluan ezarritako aurreikuspena interpretatu daiteke kontuan izanda ez-ohiko diru-sarrerak zenbatzeko diru-sarrerak edo diru bihur daitezkeenak izan behar direla. Modu horretan, ondasun higigarriak edo higiezinak emate, legatu edo herentziaren bidez lortzeko kasuetan, eta onuradunak ekonomikoki egitea galarazten duen eskubide erreal bat denean, titularraren diru-sarrera bezala zenbatzea atzeratu beharko litzateke “errekurtsoak sortzeko” ahalmena dutenera arte (Arartekoaren 2016ko urriaren 5eko ebazpena).
Iritzi hau beste kasu batzuetan ere helarazi dugu, hala nola, herentzia bidez ondasun higiezin baten zati proportzional bat jaso denean, eta zati horrek diru-sarrerak bermatzeko errentaren maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 9.3 artikuluan aurreikusitako mugak gainditzen ez dituenean. Arartekoak Lanbideri gomendatu dio kasu hauetan ez alderatzeko diru sarrera bati duen katastro baloreagatik, baizik eta ez-ohiko diru-sarrera bezala zenbatzeko saltzeko itxoiteko.
2.4.4. 147/2010 Dekretuaren 20. artikuluarekin lotuta, maileguen zenbaketa 3.f) atalean oinarritutako ez-ohiko diru-sarrera bezala hartzeari lotutako iritzi ezberdina du. Arartekoaren ustez, Lanbide gehiegizko interpretazioa egiten ari da maileguaren kontratuaren berezko izaera kontuan hartu gabe, ez dena herentzia, legatu emate, pentsio, kalte-ordain edo ondarearen salmentak sortutako errekurtsoen berdina, aipatutako 20. artikuluan berariaz adierazitako ez-ohiko diru-sarrerak, (Arartekoaren 2016ko azaroaren 30eko ebazpena).
2.4.5. Beste espediente batean, Lanbiden diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa iraungi zuen onuradunari berritze eskaera ukatu ostean, uste zuelako betebehar baten ez betetzea eman zela Euskaditik kanpo egindako irteera labur batzuengatik. Arartekoak bi arrazoiengatik gomendatu zuen iraungitzea berrikustea: betebehar bat ez betetzea berez ezin dela iraungitzeko arrazoia izan ez berritzeagatik, eta araudiak ez duelako aurreikusten Euskaditik kanpo egindako irteerak jakinarazteko betebeharra (2016ko maiatzaren 2ko Arartekoaren ebazpena).
2.4.6. Lanbidek kexagilearen diru-sarrerak bermatzeko errenta iraungi zuen, beste kasu batean, lan batean borondatezko baja emateagatik. Lan-bizitzaren txostena ikusi ondoren, egiaztatu zen kexagileak, ostalaritza sektoreko langilea denak, asteburuetarako kontratu asko sinatu zituela. Horietako bat amaitzean borondatezko baja ageri bazen ere, kexagileak enpresa berdinarekin hurrengo astebururako kontratu berri bat sinatu zuen (Arartekoaren 2016ko martxoaren 11ko ebazpena).
2.4.7. Lanbidek ere diru-sarrerak bermatzeko errenta iraungi zion pertsona bati lan-hautaketa prozesuetan ez parte hartzeagatik, prozesu horietan parte-hartzeko ukapena lan bat ukatzearekin lotuz. Espedientean ez zen existitzen langileak hautatzeko prozesu batean parte-hartzeko eskaintzaren jakinarazpena, prozesuaren deialdia egin zuen erakunde kolaboratzaileak egin zuelako kudeaketa telefono bidez. Jakinarazteko modu honek ez ditu, Arartekoaren ustez, zuzenbidean baliagarria izateko eskatutako baldintzak betetzen. Horrek, egindako proposamenaren eduki zehatza zein den ezagutzea galarazten du, proposamena zein terminoetan ukatu zen edo kaltetutako pertsonari ukatzearen ondorioen berri eman zitzaion. Arartekoaren iritziz, jarduteko modu honek babesgabetasun egoerak sortzen ditu (Arartekoaren 2016ko abuztuaren 23ko ebazpena).
2.5. Beste kexa batzuk
Arartekoak Gizarte Larrialdiko Laguntzen ukapenean eragina duten kexak jaso ditu, gizarte zerbitzu batzuen arreta ez egokiari, zerbitzuak ukatzeari eta gizarte bazterketa egoera larrian dauden pertsonei zuzendutako egoitza zentroetatik kaleratzea.
Kasu batean, Bilboko Udalak Gizarte Larrialdiko Laguntza ukatu zuen Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazioak iraungi zituelako berrastea ez eskatzeagatik, berari egotzi ahal zitzaion jarrera zela ulertuz. Arartekoaren ustez, udalaren oinarria araudian aurreikusitako irizpideak betetzea izan beharko litzateke, eta beste Administrazio baten ebazpena (2017ko urtarrilaren 12ko Arartekoaren ebazpena).
Beste kexa batek gizarte bazterketa egoera larrian zegoen pertsona bat kaltetzen zuen. Horren gizarte bazterketa egoeraren balorazioa Uribe Kostako gizarte zerbitzuen mankomunitateak Bizkaiko Foru Aldundira eta Bilboko Udalaren gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei arreta emateko zerbitzuetara bideratu zuten. Beste kexa batzuetan bezala, argi geratu da gaueko harrera egiteko zerbitzuaren 1.8 fitxa garatzeko beharra, udalen eskumenekoa dena, Euskal gizarte zerbitzuen sistemaren prestazio eta zerbitzuen saileko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuak aurreikusten duen moduan, 2016-2019 gizarte zerbitzuen plan estrategikoaren aurreikuspenei arreta eman ahal izateko. Gomendatzen diren mugapen geografikoak derrigorrezko izaera ez duten arren, planean tamaina zabaleko eta populazio bolumen handiko eremuak sortzeko helburua azpimarratu da, bertan hiriburuetan soilik ematen diren zerbitzuak kokatu ahal izateko (Lurralde Historikoko biztanleei irekita badaude ere), eta deszentralizatzeko eta osasun sistemaren lehen mailako arreta eskualdeen konfigurazioa errespetatzeko egokitasuna.
Azkenik, errepikatu den jarrera disruptiboa dela eta gizarte bazterketa egoeran dauden egoitza zentro batetik kaleratzea oinarri duen espediente bat aipatu beharra dugu. Arartekoak kasu hauetan bete beharreko betebeharren aurretiko informazioari eta horrek dituen ondorioei dagozkion bermeak errespetatu diren jakin nahi du, aurretiko audientzia eman den eta jakinarazpenaren edukia, hau da, edozein zigor prozeduraren oinarrizko bermeak.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Azpimarratu beharreko berritasun batzuk gertatu dira 2016. urtean ondoren zerrendatuko direnak:
Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak murriztu dira 2016an. 2015ean 66.000 baino gehiago izan ez badira ere, aurten kopurua pixkanaka jaitsi da, eta abenduan 63.797 onuradunera heldu da.
Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektoreko maiatzaren 12ko 6/2016 Legea onartu da, sektore publikoaren eta gizarte ekimenaren aurrerapen faktoretzat jotzen dena.
Era berean, 2016ko uztailaren 26an EAEko egoitza bazterketa larriko egoeren ikerketarako, jarraipen eta analisirako instituzioen arteko kolaborazio protokoloa sinatu zen, ikerketa eta analisirako ekimen mota hauei marko egonkor bat emateko asmoz. Euskadin Etxerik ez duten Pertsonei Arreta Emateko Instituzioen arteko Estrategia bat egiteko prozesuaren barruan dago, eta horietako baten ekintza plana ikerketa, sentsibilizazio, formazio eta jakintzaren kudeaketa jarduerak sustatzeari lotzen zaio.
Protokolo hori ezartzeko, 2016. urte amaieran EAEn egoitza bazterketa egoera larrian dauden pertsonen zenbaketa egin da. Gutxi gorabehera, amaierako datuen zain, kalean lo egiten duten hirurehun pertsona baino gehiago eta etxerik ez duten 2.000 pertsona baino gehiago daudela baloratzen da.
Txosten hau aurkezteko egunean, 2017an, urtarrilaren 17ko 16/2017 Dekretua onartu da, gizarte larrialdiko laguntzen dekretua aldatu duena.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko jarduerak
4.1.1. Oker jasotako prestazioen erreklamazioa
Arartekoak 2016an amaitu zuen Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarri gisa bidegabe jasotako prestazioak erreklamatzeko jarraitzen ari zen prozedura xehetasunez aztertu zuen jardun bat (Arartekoaren 2015eko abenduaren 22ko ebazpena). Ebazpen horretan Lanbideri helarazi zitzaion prestazioen erreklamazioa soilik adostu daitekeela, erakunde honen arabera, irizpideen galeraren kasuan edo aitortutako kopurua kalkulatzean kontuan hartu ziren egoeren aldaketa bat dagokion kasuan. Gainera, adierazi zen aldi batez eten denez prestaziorako eskubidea edo prestazioa iraungi egin denez eta eragindakoak ezin duenez urtebeteko epean berau berriro eskatu, araudiak betebeharra ez betetzeagatiko “ondorio negatiboa” aurreikusi du jada.
Lanbidek, erakunde honi bidalitako erantzunean, jakinarazi du ez duela ordaintzeko prozeduren aurretik jakinarazpen gehiagorik bidaliko. Hala ere, modu desegokian jasotako zenbatekoen jakinarazpena bidaltzen jarraituko da, berrikuspen-espedientea amaitzeko ebazpenarekin batera. Hori ere egingo da aldatzeko, eteteko edo iraungitzeko prozeduren ebazpenean.
Modalitate horrek ez du jasoko borondatezko ordainketak egiteko aukera. Bertan, adieraziko da geroago ordaintzeko prozedura bat hasiko dela eta Lanbide interesdunarekin jarriko dela harremanetan.
Horrez gain, Lanbidek adierazi du aipatutako jakinarazpenarekin batera taula bat erantsiko dela; taula horretan, prestazio desegokiak nola eta zein epetan sortu diren azalduko da.
Bestalde, bidegabe jasotako prestazioen arrazoiei dagokien erantzunean, adierazi da irizpideak ez betetzeko kasuetan eta egoerak aldatzean sortzen direla, baina batzuetan aldi berean ematen dira aurreko kasuak eta betebeharrak ez betetzea, bidegabe jasotakoak sortuz, baina ez arau-hausteengatik baizik eta irizpideak ez betetzeagatik.
Adierazi beharra dago Lanbidek, noizean behin, herritarrari oker erreklamatu diola, arau-hausteagatik, baina akatsa dela ikusi ondoren konpondu duela.
Azkenik, jakinarazi da jasotzaileentzat betebeharrak ez betetzeak dituen ondorioak berrikusteari dagokionean, Lanbidek ez betetze horiek zigor-prozeduretan ezartzea aztertzen ari dela, baina bitartean, betebeharrak eta irizpideak ez betetzearen kasuetan 147/2010 Dekretuak ezarritako erregulazioa ezartzen dute.
Bidalitako erantzunaz gain, erreklamatzen diren arrazoien, kontzeptu eta epeen informazio zehatza ez duten kexak jasotzen jarraitzen ditugu. Beraz, kexen izapidetzean Arartekoaren 2015eko abenduaren 22ko Ebazpenean helarazitako iritzia errepikatu da.
4.1.2. Berriz ere jo dute erakunde honetara pertsona eta elkarte asko ezgaitasun egoeran dauden pertsonen kolektiboa babesteko eskatuz eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren osagarria jasotzeko pentsiodun bezala hartzeko eskatuz. Arazo hau Arartekoaren 2015eko uztailaren 21eko ebazpenean aztertu zen.
Lanbidek erakunde honi emandako erantzunean adierazi du ez diela Arartekoak egindako gomendioei arreta emango pertsona horiek euren oinarrizko beharrak ondo beteta dituztelako euren gurasoekin bizi direlako. Beraz, estaldura umezurtzak balira bakarrik jasoko lukete. Aitortu du historikoki zaurgarritasun larriko egoeretan egon diren antzeko egoeretan dauden kolektibo zehatzak babesten ari direla, hala nola, jubilatuak, alargunak, ezintasunen bat duten pertsonak, etxeko indarkeriaren biktimak, euren kargupean adingabeak dituzten pertsonak, eta banatu edo dibortziatu direlako edo errekurtso ekonomiko nahiko ez dituztelako euren etxebizitza utzi behar izan duten pertsonak, edo oinarrizko gizarte zerbitzuek behar larriko egoeratzat hartutako egoera batengatik. Azpimarratu dute “egoera hauek ez-ohikoak direnez tratamendu aniztasun hori nahikoa justifikatuta dagoela diru-sarrerak bermatzeko errenta aitortzeari dagokionean”. Arartekoak jarrera hori berrikusteko eta kolektibo honi estaldura emateko eskatu du.
4.1.3. Berriz ere Arartekoak Lanbide ezartzen ari zen irizpideari dagokion ofiziozko jardun bat abiarazi zuela adierazi behar da, diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa eskatzeko etxebizitza baten okupazio titulu juridiko baliozkoa izatea egiaztatzeko beharrean eragina zuena.
Pasa den urteko txostenean adierazi zen Lanbidek jakinarazi zigula hurrengo barne irizpideen berrikuspenean aldatuko zela, eta pertsonek egoitza eraginkorra froga fede-emaile edo “froga sendo” baten bidez egiaztatzea nahikoa izango zela, Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenaren Administrazio Auzietarako Gelaren epaian jasotzen den bezala (2012ko abenduaren 28ko 991/12 zenbakidun Epaia).
Berrikuspen hori ez da egin eta erakunde honek kexak izapidetzen jarraitu du.
4.1.4. Gizarte babesari dagozkion prestazioak bi administrazioek (Lanbide eta SEPE) kudeatzeak sortzen duen zalantza adierazten duten hainbat kexa ere jaso ditugu, espazio berdina konpartitzen dutenean edo gertu kokatuta daudenean. Kaltetutakoek ez dute administrazio egitura ezagutzen eta ulertzen dute Lanbide -euskal enplegu zerbitzua- bezalako administrazio bati jakinarazten dioten informazioa beste administrazio batera SEPE -estatuko enplegu zerbitzu publikoa- helarazten dela, eraikin berdinean edo gertuko batean dagoena. Bi administrazioen arteko informazioa hobetzea beharrezkotzat jotzen da. Arartekoak Herriaren Defendatzaileari helarazi dio kezka hori.
4.2. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren udal gizarte zerbitzuen egoeraren gaineko txosten berezia: egungo egoera eta hobetzeko proposamenak
Aurten udal gizarte zerbitzuen egoerari buruzko txosten berezia argitaratu da.
Bertan, zerbitzu eskaintza, langileak eta gizarte zerbitzuetako udal gastuaren gaineko datu garrantzitsuenak aztertu dira, baita gizarte eta erakundeetako eragile talde anitz batek zerbitzu hauen egoeraren gainean aurkeztu duen ikuspegi kualitatiboa ere. Ondorioen artean, lurraldeen arteko ezberdintasunak jarraitzen dutela, zerbitzuek lehen mailako arreta guztia aintzat hartzeko dituzten zailtasunak, oinarrizko gizarte zerbitzuari berariaz egotzitako zerbitzuez haratago, Lanbideri diru-sarrerak bermatzeko prestazioen (diru-sarrerak bermatzeko errenta/etxebizitzarako prestazio osagarria) kudeaketa lekualdatzeko balantze anbibalentea eta Gizarte Larrialdiko Laguntzen eskariak gora egingo duenaren aurreikuspenaren aurreko kezka azpimarratu dira. Zentzu honetan, ondorioztatu da eskaria mantendu dela prestazioen kudeaketa lekualdatu arren. Pobrezia eta gizarte bazterketa egoerak askotan beste zailtasunei lotuta daude, hala nola, buru-gaixotasuna, muga funtzionalak eta babestuko duen famili sarea ez egotea. Hori dela eta, udal gizarte zerbitzuen arreta eskatzen jarraitzen dute. Horri diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazioen etete edo iraungitzea sortzen duten ondorioak gehitzen zaizkio, lehendabizi udal Gizarte Zerbitzuetara jotzea sortzen dutenak.
Nahikoa estalita ez dauden beharren artean prebentzio izaera dutenak daude. Txostenean ere konpartitutako kudeaketa formuletan oinarritutako zerbitzuen garapenaren garrantzia azpimarratu da. Txostena 27 gomendiorekin amaitu zen. Horien artean, 13. azpimarratuko dugu, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen eremuan eragina duelako, eta honakoa gomendatu zen: ”Prestazioen eta zerbitzuen katalogoan jaso diren lehen mailako arretako eguneko eta egoitzako harrera-zerbitzuak garatzea”. Bertan, hauxe adierazi da: “Sortuko diren zerbitzuen kasuan, hurbiltasun printzipioaren arabera eta lurraldean egoki eta modu baketsuan heda daitezen (hurbiltasun printzipioa bermatuz eta baliabide jakin batzuk adibidez, bazterketakoak udalerri gutxi eta zehatzetan biltzea saihestuz), egoki ikusi dugu aurretiko hitzarmenak egitea zerbitzuaren kokalekua eta leku kopurua zehazteko, edota finantzaketako parte-hartzea edo sarbide-prozedurak zehazteko, hainbat udalerrik partekatutako zerbitzuen kasuan. Lurralde mapetan aurreikusi den garapen-markoan egin liteke prozesu hori, eta, bertan, tartean dauden tokiko erakundeen parte-hartzearekin, lurralde hedapenaren irizpideak eta xehetasun zehatzak/eragileak hitzartuko lirateke”. Lurralde mapak 2016an egin dira.
23. gomendioa ere azpimarratu behar da, lehen eta bigarren mailako arretaren arteko koordinazioari dagokiona, eta batez ere, diru-sarrerak bermatzeko sistemarekiko koordinazioa jorratzen duen 24. gomendioa. Bertan, oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Lanbideren arteko harremana eta horiek diru-sarrerak bermatzeko sisteman duten papera berrikustea planteatu zen.
4.3. Gomendio orokorren jarraipena
Arartekoaren apirilaren 8ko 2/2015 Gomendio Orokorraren jarraipenean honela adierazi zen: “Politika publikoetan adingabearen interes nagusia kontuan hartzeko betebeharra; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sisteman”, baloratu ahal izan da ez dela termino guztietan betetzen ari.
Lanbidek erakunde honi erantzun dio printzipio honen ezarpena sektorearen araberakoa dela, hau da, haurtzaroaren eremuan bakarrik ezar daitekeela (guraso eta seme-alaben arteko harremanak, dibortzio egoerak, adopzio prozedura, tutoretza erregimena eta harrera eta antzeko egoerak). Arartekoak aldiz, adierazi du herri-administrazio guztiek bete beharreko araua dela.
Lanbideren eskubideak mugatzen dituzten ebazpenak oinarritzeko beharrari dagokion Arartekoaren urtarrilaren 20ko 1/2014 Gomendio Orokorraren jarraipenari dagokionean. Azken urte hauetan etete ebazpenak arrazoitzean hobekuntza nabaritu bada ere, oraindik hobetzeko tartea ikusten da.
Hobekuntza tarte hau emango litzateke, batez ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa ukatzeko, eteteko edo iraungitzeko oinarri diren zuzenbide oinarriak adieraztean.
4.4. Bilerak
4.4.1. Lanbiderekin hainbat bilera egin dira Lanbideren funtzionamenduari eta eskariak ebazteko edo errekurtso bat onartu ondoren prestazioa aitortzeko atzerapenari lotutako gaiak jorratzeko, baita hitzorduei edo dokumentazio erregistroari dagokionean ere. Jasotzaileen egoera prestazioa ez berritu ondoren eta berritze, etete eta herritarrei informazioa emateko gaiekin lotutako eztabaida eman zen.
Lanbidek Arartekoari informatika aplikazioak hobetzeko, enplegu eskaria berritzeko hitzorduak SMS bidez jakinarazteko aukera eta web orriaren bidez diru-sarrerak jakinaraztea errazteko egiten ari den analisiaren berri eman dio.
Arau-hauste eta zigorren erregimenak abiarazteko edo irizpideak positibizatzeko ekimenei dagokienez, horretan dihardutela aipatzen dute.
Itzulera baldintzei buruzko 1/2015 Zirkularra otsailetik aurrera ofizioz aplikatuko zela jakinarazi ziguten, soldata-orria konpentsatzeko aukera onena ezarriz.
Izandako bileretan Arartekoak kexa-espedienteen izapidetzeetatik sortutako irizpide zehatzei dagokien kezka helarazi da, horien artean etxebizitzarako prestazio osagarriaren etetea eta bidegabe jasotako prestazioen erreklamazioa etxebizitza eskatzaileen erregistroan baja emateagatik.
Kexak Etxebideko izen ematea baja egoeran zutela ez zekiten pertsonengan zuten eragina, euren eskaria ez berritzeagatik edo ukatzeagatik. Espediente hauetan, Etxebizitza alorrean eskumena duen sailak ebazpenak Iragarki Taulan argitaratuta jakinarazten ditu.
Arartekoak jakinarazpen erregimen horrekin duen desadostasuna adierazi du askotan. Zehazki, gertakari hau urteko txosten eta ebazpen ezberdinetan adierazi da, besteren artean Arartekoaren 2013ko azaroaren 26ko ebazpena. Gainera, Arartekoak otsailaren 25eko 3/2016 Gomendio Orokorra eman zuen. Babestutako etxebizitza eskatzaileen erregistroko bajak norbanakoari jakinarazteko beharra, etxebizitza duina edukitzeko eta gizarte bazterketarako arriskua saihesteari begirako prestazio ekonomikoetarako eskubide subjektiboan duen eraginagatik.
Gure ustez, administrazio jardun baten balio faltak, Etxebideko izen emate edo baja baten ukapenaren jakinarazpen akastun batetik sor daitekeena bezala, adierazitako ukapen edo erregistro baja horrekin zuzenean lotutako gainontzeko administrazio jardunen balioan eragiten du, etxebizitzarako prestazio osagarriaren etetea, etxebizitzarako prestazio osagarriaren iraungitzea edo hura ez berritzea bezala.
Arartekoaren ustez, Etxebiden izena emateko betebeharrak etxebizitzarako prestazio osagarriaren titularrei eragiten die 2/2010 Dekretuaren 5 c) artikuluaren arabera. Ez da antzeko aurreikuspenik existitzen diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa erregulatzen duen araudian. Beraz, diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa arrazoi honengatik etetea ez litzateke egokia izango.
Lanbidek ondo hartu ditu Arartekoak emandako gogoetak eta 2016ko abuztuaren 1ean indarrean sartu den ebazpen bat eman du. Horren bidez, adostu da berrikuspenean zehar Etxebide-etxebizitza eskatzaileen erregistroan izen eman gabe egotea edo baja ematea antzematen bada, entzutezko izapide bat egingo dela, eragindako pertsonak bere egoera erregularizatzeko aukera izan dezan. Izapide hori 30 egunez luzatuko da, Etxebiden duen egoera erregularizatzeko aukera izan dezan. Epe horren barruan kaltetutako pertsonak erregistroan berriro ere alta emanez gero, ez da prestazioa etetea erabakiko. Epe hori igarotakoan bajan jarraitzen badu, etxebizitzarako prestazio osagarria eten egingo da, alta eman arte. Gainera, agindu horretan onartu da, inolaz ere ez dela zenbatekorik itzultzeko eskatuko Etxebiden bajan emanda egon izanagatik. Hau da, etxebizitzarako prestazio osagarria etetea adostu aurretik pertsonari jakinaraziko zaio Etxebiden bajan dagoela ikusi dela, alta izapidetu eta Erregistroan izena emanda egoteko irizpidea betetzeko, eta prestazioaren ordainketa mantentzeko asmoz.
Era berean, Lanbidek erakunde honi jakinarazi dio jarraibide hori kontuan hartuko duela egiten diren errekurtsoak izapidetzean. Bestalde, Etxebiden izena emanda ez egoteak diru-sarrerak bermatzeko errentan eraginik ez izateko gomendioak ere onartu ditu.
4.4.2. Bilboko Udalarekin bilera bat izanda Arartekoaren 2015eko uztailaren 23ko ebazpeneko gogoetekin lotuta. Horren bidez, Bilboko Udalaren gizarte laguntzen kontrol eta berrikuspen aurreikuspenak salatzen zituen kexa batean bere jarduna amaitu du.
Udalak erantzun zuen jakinaraziz horretarako adostuko den prozeduran kontuan hartuko zirela.
Bileran ere Udaleko hainbat sail (Osasun Saila eta Gizarte Ekintza Saila) murgilduta dauden “Diogenes” kasuetako esku-hartze programaren berri eman zen, baita Haurtzaroaren eta Nerabeen Bulegoaren txostenean aztertzen diren haurren pobreziari dagozkion gaiei buruzkoak ere.
4.4.3. Arartekoa gizarteratze eremuan lan egiten duten elkarteekin bildu da, zaurgarritasun egoeran dauden familiak kanpoan uzten ari diren errolda eta egoitza eraginkorra egiaztatzeari lotutako irizpide batzuen gaineko, etxebizitza bakoitzeko bi bizikidetza-unitateko mugaren gaineko edo bizikidetza-unitate berezien kasuan bizikidetza bi urte baino gehiago ezin luzatzeko debekuaren gaineko zalantzak adierazi dizkigutenak. Lanbideren irizpideak jasotzen dituen dokumentuarekiko mesfidantza azpimarratu dute, diru-sarrerak bermatzeko errenta eskubidean eragina duten erabakiak hartzeko balio duelako eta ez dutelako edukia ezagutzen, hura hedatzea aurreikusita ez dagoelako. Udaltzaingoak harreman sentimentalak kontrolatzea ere aipatu zuten, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazioak eteteko oinarri bezala erabiltzen dituen txostenak egiten dituztelako, bizikidetza-unitatea osatzen duten kideen errealitatea jakinarazi ez dela ulertzen dutelako.
Presuntzio hau emakume eta gizon bat elkarrekin bizi direnean bakarrik ematen da. Emateen edo prestazioen berrabiarazte ebazpen epeei dagokienean, egiaztatu da azken hilabeteetan luzatu direla, eta horrek gizarte erakundeek eskaintzen duten laguntzan eragina dauka, gizarte bazterketa prozesu larriagoak ekiditeko kopuruak aurreratu behar dituztelako. Bidegabe jasotako prestazioak erreklamatzeko prozeduran ez da kalkulu orria barne hartzen, edo Lanbidek erreklamatzen dituen kopuruak zenbatzeko modua. Hori dela eta, ez dago alegazio fasean “aurkaratu” daitekeen informaziorik.
Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak espedientean duen informazioa lortzeari dagokionez konpromiso bat hartu zuela ere adierazi dute, eta horretarako pasahitz bat emango zela, baina oraindik ez da bete. Era berean, itzuli beharreko prestazioak zatikatzeari buruz dagoen ezjakintasuna adierazi zuten, zergatik Lanbidek bidegabe jaso direla ulertu duen. Preskripzioaren irudia ezartzea ere aipatu zuten, eta babesgabetasun egoerak ekiditeko informazioa hobetzeko garrantzia azpimarratu zuten.
Lanbidek langile autonomoei ematen dien tratua nabarmendu dute eta euren lan jarduna bertan behera uztera eraman dituzten zailtasunen ulergarritasun falta.
Azkenik, bulegoek ematen duten arreta kaxkarra salatu zuten, batez ere tratuari dagokionean, eta erabiltzaileei ematen zaien informazio nahasia (ez egokia) ezar daitekeen araudiaren eta egin beharreko izapideen gainean. Elkarte guztiak ados daude tratu duin bat egiaztatzeko garrantziarekin.
4.4.4. Azkenik, APDEMArekin izandako bilera aipatu genuen. Bertan, besteren artean, ardurapean seme-alabak izateagatik prestazioa jasotzen duten eta diru-sarrerak bermatzeko errenta iraungi zaien familien egoera jorratu zen, aurretik aipatu den ofiziozko jardunaren helburu izaten ari dena.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Atal honetan eremuan egin den lanari lotutako ondorio eta gogoeta batzuk azpimarratu ditugu.
5.1. Euskadiko gizarte babeserako sistemak pobrezia eta bazterketa adierazleak estatu eta europar mailako batez bestekoa baino txikiagoak izatea lortu du. Beraz, beharrezkoa da nahikoa azpimarratzea, gizarte kohesioan eta gure gizartearen ongizatean duen eraginagatik.
5.2. Pertsona guztiek enplegu duin eta kalitatezko bat izateko eskubidea lortzeko beharrezkoak diren ekintzek lehentasuna dute, eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko.
5.3. Lan prekarietateari aurre egiteko gizarte babeserako sistema baten laguntza beharrezkoa da (enplegurako estimuluak), ez lukeena denbora mugarik izan beharko, gaur egun gertatzen den bezala.
5.4. Gaur egungo ereguak gizarte babesa eta lan aktibazioa lotzen ditu, baina formazio ekintzen harremanaz gain, lan aktibazioan paper garrantzitsu bat izatearen zain jarraitzen du. Bestalde, prestazioak jasotzeari lotuta dituzten betebeharrak ez betetzeari dagokionez eta prestazioen etetea eta iraungitzeak dakartzaten lan aktibazioa. Tentsioa dago batzuetan pertsona baten lan aktibazioa lortzeko beharrezkoa den bultzadaren eta prestazioak etetea eta iraungitzeak dakarren gizarte bazterketa egoera handitzearen artean. Beraz, paradoxa bat sortzen da sistemak ez duelako lortzen lan aktibazioa baina prestazioen mantentze eta ematea enpleguarekin lotutako betebeharrak betetzearekin lotuta daude (bilatzea, parte hartzea eta lan-eskaintzak onartzea...).
5.5. Gizarte bazterkeria egoeran dauden eta prestazio ekonomikoak jasotzen ez dituzten pertsona kopuru handiak egoten jarraitzen du. Kontraesan bat da pertsona hauek prestazio ekonomikoak ezin eskatzea ez dituztelako irizpideak betetzen. Kasu hauetan gizarte erakundeekin eta gizarte zerbitzuekin kolaboratzeak sisteman integratzeko bideak ireki beharko lituzke.
5.6. Oso beharrezkotzat jo da prestazioen titularrek eta bizikidetza-unitateko kideek bete behar dituzten irizpide eta betebeharren gaineko informazioa hobetzea eta egokitzea. Kontuan izan behar da prestazioen iraungitze eta etetea oso ondorio larria dela, behar oinarrizkoenei aurre egitea galarazten duelako, eta ez da “nahita” egindako zerbait, batez ere seme-alabak dituzten familietan. Hori dela eta, ezinbestekoa da informazioa hobetzea, ez ahoz bakarrik, arreta pertsonal eta egoki batekin, baizik eta idatziz ere (web orria, informazio orriak, pertsonalizatutako idatzizko komunikazioak, informazio kanpainak). Informazio hau ulergarria den eta pertsonen beharrei egokitutako hizkuntza batean egin beharko litzateke.
5.7. Arartekoak Lanbiden izandako bileretan eta egindako ebazpenetan funtzionamenduari zein prestazioa lortzeko dokumentazio zehatza aurkeztearen exijentziari eta prestazioak eten edo iraungitzen dituzten prozeduren oinarri diren betebeharrak ez betetzearen edo irizpideen galeraren interpretazioan eragina duten hobekuntza alderdi garrantzitsuak helarazi ditu. Prestazioak erreklamatzeko prozeduran eragina duten hobekuntza alderdiak ere jakinarazi ditu.
2016an erakunde honek Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari araudia aztertzeko eta Lanbidek egin duen araudiaren interpretazioa aztertzeko hainbat gomendio eta iradokizun zuzendu dizkio. Ebazpen hauek hura onartzeko zenbaketa egokiaren oinarri izan beharko lirateke, zaurgarritasun egoeretan eragina baitute. Hori dela eta, onartuak izatea espero dugu.
Gainera, Arartekoak 2016 txosten-diagnostiko berri bat egin du, erakundearen azken urte hauetako esku-hartzeak jaso eta Lanbideri hainbat gomendio ematen dizkionak. Bertan adierazitako gabeziak konpontzeak sistemaren hobekuntzarako oso interesgarri bezala baloratu da.
5.8. 2016an ez da diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren kudeaketan aldaketa nabaririk eman, bidegabe jasotako prestazioen itzulera baldintzak zehazteari buruzko 1/2015 zenbakidun Zirkularra abiaraztea baino, Arartekoak positiboki baloratu duena, baita bulego bakoitzean dokumentazioaren erregistroan egondako beste hobekuntza batzuk ere.
Ebazpen epeei eta herritarrentzako informazioari dagokionean hobetzeko alderdi garrantzitsuak daude, ebazpenen araudiaren interpretazioari eta oinarri juridikoari lotuta, eta prestazioen erreklamazio prozeduraren oinarri diren kontzeptuen informazio eta argitzeari lotuta ere. Uste du ezinbestekoa dela taula jakinaraztea eta horretan pertzepzio desegokiak nola eta noiz sortu diren jasotzea. Bestalde, Lanbide ez dago ados bere jardun guztietan adingabearen interes gorenaren eskubidea barne hartzeko gomendioa, derrigorrez kontuan hartzekoa bada ere. Izan ere, bere esku-hartzetako asko euren kargupean adingabeak dituzten familiengan eragina dute.
5.9. Erakunde honek sistema hobetzeari begira gogoeta prozesu bat ematen ari dela eta aldaketa proposamenak egiten ari direla badaki ere, 2016an ez dira eman. Beraz, ez dira bete Lanbideren bulegoetan erabakiak hartzerakoan erabiltzen ari diren irizpideen positibatze eta hedatzeari lotutako hartutako konpromisoak, edo berraztertzeko errekurtsoak onartzearen ondorioei dagozkienak. Arau-hausteak bere desbalorizazioaren arabera ezberdintzeko zigor prozedura bat erregulatzeko eta ezartzeko ez da aurrera egin, eta prestazioen etetea eta iraungitzea betebehar bat ez betetzean ematen den erantzun bakarra izatea ekiditea.
5.10. Arartekoaren ustez, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen egoera aniztasuna, Lanbiden zein udal gizarte zerbitzuetan arreta ematen zaiena, bi sistemen arteko kolaborazioaren gaineko gogoeta serio bat exijitzen du, lan eta gizarteratze prozesutik sortutako beharrei arreta emateko eta gizarte zerbitzuen eremuan printzipio orokorra eta arretaren jarraikortasun printzipioa betetzeko. Momenturen batean Lanbidek erabili ezin daitezkeen erabiltzaileentzako Lanbideren bulegoaren alternatiba gisa arreta prozedura bat zehaztea aztertzen ari zela onartu badu ere, orain arte ez da aurrerapen garrantzitsurik egon. Arartekoak Lanbideri helarazi dio udal gizarte zerbitzuen kolaborazioa ezinbestekoa zela, batez ere kolektibo zehatz batzuei dagokionean. Udal gizarte zerbitzuei buruzko Arartekoaren txosten berezian beharrezko kolaborazio hau jorratzen du 24. gomendioan.
5.11. “Etxerik gabeko” gizarte fenomenoari aurre egiteko beharra planteatzen jarraitzen da, gure hirietako kaleetan pertsonak bizitzea ekiditeko. Protokoloa sinatzea aurrera pausu bat da, sustatu beharreko neurriak hobetzeko eta estrategia bat egiteko ikertzeko konpromisoa bezala. Egoera honetara heltzea ekiditeko prebentzioak duen garrantziaz gain, garrantzitsua da egungo dispositiboen eta exijitzen diren irizpideen balioa ebaluatzea, kalean bizi diren pertsonak egotea ekiditeko helburuz. Errekurtso berrien beharra eta hura martxan jartzeko konpromisoa, Euskal Gizarte Zerbitzuen Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko Dekretua eta gizarte zerbitzuen plan estrategikoa ezarriz, ez du berrikuntza eta egungo dispositiboen berrikusketa mugatu behar.
5.12. Oraindik ere lurraldeen arteko desoreka mantentzen da gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei ematen zaizkien zerbitzuei dagokienean, udal gizarte zerbitzuen egoeraren gaineko Arartekoaren txosten berezian jasotzen den bezala. Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legea eta zorro eta prestazioei buruzko 185/2015 Dekretua betetzeko, baita Gizarte Zerbitzuetako Plan Estrategikoak eta Gizarte Zerbitzuetako Mapak dituen gogoetak ere, beharrezkoa da da administrazioen arteko planifikazio bat egotea, zerbitzuak hirietan kontzentratzea mugatzeko eta bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendutako zerbitzuak ez egotea eskualde eta lurralde eremu batzuetan, baita etxebizitza beharra ere. Bestalde, hiru lurralde historikoetan ezartzen ari den bazterketaren balorazio instrumentuen garapenak antzeko moduan baloratu beharko lituzke aztertzen diren egoerak, lurraldeen arteko desoreka ekiditeko. Modu berean, interesgarria litzateke lurralde zerbitzu eta prestazioak lortzeko exijentziek aurretik beste Lurralde Historiko batean erroldatuta egotea kontuan izatea.
5.13. Aurten udalerri batzuk ere gizarte larrialdiko laguntza eskariei aurre egiteari zuzendutako diru-partidak handitu behar izan dituzte; beste batzuk ezin izan dute aurrekontua handitu eta hori dela-eta ezin izan dituzte eskari guztiak erantzun. Gizarte Larrialdiko Laguntzei lotutako araudi berriaren helburuen artean energia gastuei arreta ematea dago. Energia gastuaren eraginak perspektiba ezberdinetatik aurre egitea exijitzen du, Arartekoak Arartekoaren 2016ko urtarrilaren 26ko 1/2016 Gomendio Orokorrean adierazi zuen bezala: Energia pobreziaren gaineko gizarte eztabaidarako oinarriak Euskadin. Bertan, jarduera eta gomendio proposamen ugari egin ziren, hala nola, Euskadin energia pobreziaren aurkako borroka plan bat ezartzea, energia kontsumitzaile ahulena babestera zuzendutako neurriak hartzea, energia kontsumitzaile ahulenaren ikuspuntutik egokiena den informazioa ematea (gizarte bonoa...) eta etxe eta eraikinetako energia eraginkortasuna hobetzea (energia auditoretzak...), eta energia berrikuntzarako laguntzak, besteren artean.
5.14. Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektoreko 6/2016 Legearen eta Hirugarren Gizarte Sektorearekiko gizarte kontzertazioaren marko juridiko bereziaren zabaltze eta garapena garrantzi handikotzat jo da, ardura publikoko zerbitzuez hornitzeko, Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legean aurreikusitakoaren arabera.
1. Arloa kopurutan
Justiziaren arloan guztira 48 kexa-espediente berri ireki dira 2016. urtean; hau da, Arartekoak urtean zehar izapidetzera onartutako guztien %2,22. Jarraian, espediente horien banaketa azalduko da, arloka:
• Justizia Administrazioaren eta bulego judizialaren funtzionamendua 19
• Beste alderdi batzuk 9
• Abokatuen eta prokuradoreen elkargoak 8
• Doako laguntza juridikoa 4
• Erregistro Zibila eta Jabetza Erregistroa 3
• Notarioen eta erregistratzaileen elkargoak 2
• Adingabe lege-hausleak 1
• Beste elkargo profesional batzuk 1
• Familia elkarguneak 1
Urtean zehar izapidetutako espedienteei dagokienez, txosten hau amaitzean egoera honetan zeuden:
Hala ere, horiek ez ziren Arartekoan aurkeztu diren eta Justiziako Administrazioarekin zerikusia duten kexa bakarrak. Arlo honi dagokionez, izapidetu ezin izan ditugun beste erreklamazio batzuk jaso ditugu, honako arrazoi hauetako batengatik gure eskumen-eremutik kanpo geratzen direlako:
• Partikularren arteko gatazkak.
• Estatuko administrazioaren organoen jardunak. Sortutako kexak bere homologoari, Herriaren Defendatzaileari, bidali dizkio Arartekoak, informazio garrantzitsuarekin eta, hala badagokio, erakunde honek egindako balorazio batekin batera. Informazioa ematen den urtean, balorazioak batez ere bi alderdietan egin dira: alde batetik, poliziaren jardun batzuk kanporatze espedientea irekita duten atzerritarren babes judizialerako eskubidearen gainean; bestalde, Erregistro Zibilak ematen dituen ziurtagiriak ez daudela familia errealitate berriei egokitua, eta bereziki sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei.
• Epaitegien erabakiak. Izan ere, duten independentzia Arartekoak edo jurisdikzionala ez den beste edozein instantziak berrikustea galarazten du. Erabaki horietako batzuek bide judizialean dauden auziak ebazte edo izapidetzearekin zerikusia zuten, hortaz, erreklamazioak planteatu dituzten pertsonak kasu bakoitzari dagokion errekurtso-bidera bidali behar izan ditugu; beste erabaki batzuek, aldiz, gobernu-izaerako kontuak aipatzen zituzten; halakoetan, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoari, Fiskaltzari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Ikuskaritza Zerbitzuari jakinarazi genion.
Edozein kasutan, ezin ditugu formalki ukatu behar izan ditugun kexa batzuk islatzen zuten pobrezia, ahultasun edo gizarte bazterketa egoerak alde batera utzi. Eskubideen defentsan duten inplikazioa kexagilearen arazoa bere osotasunean aintzat hartuz bakarrik zehaztu daiteke. Horregatik, Defentsa Bulego honen irizpidea honako hau da: alde batera utzita aipaturiko eskumen-eragozpenen ondorioz erreklamazio bat formalki izapidetu dezakegun edo ez, erreklamazio hori jarri duenari gure esku dagoen laguntza guztia eman behar diogula, betiere haren funtsa egiaztatu badugu. Helburu horrekin kudeaketa informalak egin ditugu epaitegietan, esleitutako defentsako abokatuarekin batera garatutakoak.
Bere jardun eremuko Arartekoaren esku-hartzeen artean, azpimarratu beharrekoak dira ondorengo eremuak, herritarren eskubideen eraginkortasunean duten eragina errepikatzen delako:
• Prozedura judizialetako izapideetan atzerapena. Eremu honi dagokionez, aurten jasotako kexek jurisdikzio zibil eta zigor jurisdikzioari eta Erregistro Zibilari egin diote erreferentzia.
• Gure Epaitegi eta Epaimahaietako erabiltzaileei ematen zaien informazioaren gabeziak, edo Justizia Administrazioaren zerbitzura lan egiten dutenek ematen dieten tratuan. Eredu gisa, gazte baten heriotza bortitza ikertu zuen Epaitegiak bere amari autopsia-txostena osorik ematea lortu zuen esku-hartzea, Fiskaltzarekin batera egindakoa; justizia-epaitegietako seinaleetako gabeziak zuzendu dituztenak, bai hizkuntz koofizialtasunari dagokionean baita genero berdintasunari dagokionean ere; judizioz barneko prozesuetan lortutako akordioen jarraipenari lotutakoak; edo zigor prozedura batean epai agindu baten bidez atxikitako ibilgailuak, behin-behineko neurria kendu ondoren, jabearentzat inolako kosturik gabe itzultzea baimendu dutenak.
• Epaitegiek, baita gainontzeko eragile juridikoek ere, pertsonek beraien aurrean duten jarreraren lekua bereizten duten egoerak aintzat hartzea, ahulgarritasun edo gizarte bazterketan egoera zehatzetan baliatzeko zailtasunak dituztenean. Informazioa ematen den urtean, esku-hartze hauek dohaineko justiziaren eta zigor-betearazpen espedienteei buruzkoak izan dira batez ere.
Gure lanaren alderdi honetan kolaborazioa eskertu behar diegu, beste urte batez, Epailetza eta Fiskaltzari. Ezinbestekoa zaigun laguntza, eta bereziki aktiboa izan dena gainera, Justizia Administrazioko abokatuen aldekoa da, bai epaitegi zehatzetan baita Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoan eta probintzia koordinatzaileetan ere.
2. Kexarik aipagarrienak
Ondoren, Arartekoak gure epaitegi eta auzitegietako erabiltzaileei emandako laguntzaren eredu diren bi esku-hartzeren adibideak emango ditugu.
2.1. Dohaineko asistentzia juridikoa ukatzearen aurkako alegazioak ez erantzutea
Salatutako egoera
Erakunde honetara jo zuen haren asistentzia juridikoko eskaria behin betiko ebatzi ez zen pertsona bat, egin zuenetik bederatzi hilabete igaro ziren arren, eta lau hasiera bateko ukapenaren aurkako alegazioak aurkeztu zituenetik. Horrek, hirugarren baten aurka zuen kreditu eskubide bat gauzatzeko eskatzea galarazten zion, eta aldi berean, Lanbidek bere diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazioa etetea ekarri zuen, momentu horretan bere bizibide bakarra zena.
Arartekoaren esku-hartzea
Gertakariak ez ziren bateragarriak, egiaztatu ahal izan zen bezala gure botere publikoen jarduna oinarritu behar duten eraginkortasun, koordinazio eta kooperazio printzipioen arabera. Batez ere kontuan izanda kexagilearen diru-sarrerak bermatzeko errentaren etetearen gainean zuen eragina. Hori dela eta, premiazkoa zen aurkaratutako ebazpen administrazioaren gainean adierazpen bat egitea.
Horregatik, Bizkaiko Doako Justiziaren Batzordeko kolaborazioa eskatu genuen, atzerapenaren jatorria identifikatu ahal izateko eta gainditzen laguntzeko. Batzordeak Arartekoari jakinarazi zion eskaria legeak ondorio horietarako ezartzen dituen baldintza ekonomikoak betetzen ez zituela ulertzen zuelako ukatu ostean, kexagilearen alegazioak Lehen Auzialdiko Epaitegira bidali zituela, horren aurrean eskatu nahi zuen kexagileak adierazitako gauzatzea, eskatutako doako justiziaren onuraren gainean ebazpena emateko. Aldi berean, aipatutako epaitegiko Justizia Administrazioko abokatuaren aurrean kudeaketak egin genituen kasuaren izapidetzean eman ahal izan ziren balizko disfuntzioak egiaztatzeko asmoz.
Emaitza
Azaroko bidalketak errepasatu ondoren, abokatua konturatu zen kexagilearen alegazioak epaitegira bidali zirela horretako adierazpen bat egin zezan, baina ez zuen horren berri izan aplikazio informatikoarekin izandako arazo batzuk zirela eta. Adierazi zigun kasuari lehentasun osoa emango ziola, eta laster konponduko zela. Horrela izan zen, eta herritar honi epaitegien aurrean bere eskubidea defendatzeko aukera eman zion asistentzia juridikoa esleitu zitzaion, ondoriozko diru-sarrerak bermatzeko errentaren etetea kenduz.
Justizia Administrazioko abokatuak Arartekoari eskatu zion batzordeari helarazteko itxita dauden espedienteetan Doako Justizia eskatzen duenak gauzatze gorabehera batean jarduten duena denean, kasu honetan gertatzen zen bezala, berriz ireki behar direnean, abisu sistema aldatzeko beharra. Horrela egin genuen, eta batzordeak jakinarazi zigun bere operatiboa berrikusiko zuela, espediente hauek epaitegira lekualdatzea azkarragoa eta arinagoa izateko.
2.2. Justizia Administrazioak erabiltzaile bat guraso bakarreko familia gisa aintzat ez hartzea
Salatutako egoera
Bizkaiko udalerri bateko emakumeen elkarteak Arartekoarengana jo zuen, bere Udalak ez baitzion laguntzarik eman jarritako kexa bati. Kexa horretan, bere Bake Epaitegiko prozesu kudeatzaile-idazkariak in vitro ernalketaz sortutako haur baten jaiotzaren Erregistro Zibilaren ordezkari gisa izen-ematean izandako errespetu gutxiko jarduna salatu zuten.
Bere ama horretarako Erregistrora joan zenean, bertan amaren seme-alabatasuna bakarrik agertzeko nahia adierazi zuen. Horretaz gain, aipatutako funtzionarioak bere alabaren aita gisa asmatutako izen bat agertzeko egokitasuna errepikatu zion, arreta ez deitzeko eta etorkizunean, benetako aitak seme-alabatasuna bere alde izena ematen saiatuko balitz, arazoak saihesteko. Interesduna ukatu zenez, eta guraso bakarreko familia zela azpimarratzen zuen, funtzionarioak, proposatzen zion konponbidea egokiena zela adierazi zion, adibidez, haurraren aitaren izena ezagutzen ez bazuen aitagai asko baldin bazeuden.
Gertakari hauengatik Epaitegien Dekanotzan kexa bat jarri zuen, eta funtzionario horrek esan zuen ez zuela ulertzen euskaraz idatzita zegoelako. Horretaz gain, txosten bat egin zuen gertakariak beste termino batzuetan adieraziz, eta hori dela eta jardunak artxibatu egin ziren, bi bertsioen artean benetakoa zein zen egiaztatzeko ezintasunagatik.
Arartekoaren esku-hartzea
Kexa artxibatzeak gertatutakoa modu objektiboan hartzeko zailtasunagatik eman zen, egitate berberen gaineko pertzepzio subjektiboen ondoriozkoa izan baitaiteke bi aldeen bertsioen artean ikus daitekeen kontraesana. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailera jo genuen, erakunde honen ustez azpimarratu beharreko bi alderdi aipatuz, epaitegi dekanoak hartutako erabakitik at:
• Alde batetik, Justizia Administrazioko langileek ematen duten informazioak, eta, bereziki, guraso bakarreko familiek eskura dituzten aukera ezberdinei buruzko informazioak, erabiltzaileek adierazitako aukera errespetatu behar duela bermatzeko beharra, azaldutakoa bezalako egoerak eragin ditzakeen ekiteak saihestuz.
• Bestalde, euskara eta gaztelania ofizialak izatetik ondoriozta daiteke kexa bat euskaraz aurkezteak ez duela arretaren kalitate okerragoa ekarri behar, eta, aldi berean, kexa izapidetzeko orduan esku-hartzen duten eragile ezberdinek ezin hobeto uler dezatela eskatzen duela horrek, bai zuzenean, bai dagokion itzulpenaren bidez, egitateen edo arrazoiketaren gainean informatzeko. Esku artean dugun kasuan, epaitegian laguntzaile euskalduna dago; beraz, lekuz kanpo dago kudeatzaileak adieraztea edukia ulertu gabe erantzun behar izan diola kexari.
Emaitza
Sailak Arartekoari adierazi zion analisi horrekin bat egiten zuela, eta kasuaren ebazpenean ezarriko zuela. Eta halaxe egin zuen, kaltetutako funtzionarioari erakunde honek erabilitako terminoetan zuzendu zitzaionean.
Era berean, Justizia Saila epaitegiko erabiltzailearekin harremanetan jarri zen, ebazpenaren berri emateko eta barkamena eskatzeko.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
3.1. Europar jurisprudentzia eta oinarrizko askatasunak
Urtean zeharreko Arartekoaren jardunean etengabekoa izan da euskal administrazioen eta orokorrean herritarren sentsibilizazioa, gure politika publikoak oinarrizko eskubideen alorrean europar jurisprudentzia eta araudiko irizpideei egokitzeko.
Zentzu honetan, azpimarratu dugu haren garrantzi juridikoa Espainiak nazioarteko instrumentuak berrestetik sortua dela, eta gure konstituzio sisteman duen funtzioa bikoitza dela: alde batetik, eta gainontzeko itunak bezala, ondorio guztietako barne zuzenbide arauak ordezkatzen dituzte; bestetik, interpretazio irizpideak ematen dituzte, gure oinarrizko arauan aitortutako eskubide eta askatasunei esanahia ematean aintzat hartu behar direnak.
Zentzu honetan, aipagarriak dira 2016an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka emandako zortzi epaiak, torturaren debekuaren, adierazpen askatasunaren eta epaiketa justu bat izateko eskubidearekin lotutako eskubideen urraketak aitortzen dituztenak. Horietako bat, 2016ko maiatzaren 31ko GEEAren epaia, erakunde honek tortura salaketak modu eraginkor batean ikertzeko beharraren gainean egindako adierazpenekin zuzenean lotuta dago. Europar jurisprudentziak alor honetan emandako irizpideak ezarriz, Konstituzio Auzitegiak 2016ko irailaren 19ko 144/2016 Epaian babes-eskatzaile baten osotasun fisiko eta moralaren eskubideak urratu zirela uste izan zuen, baita zaintza judizial eraginkorra eta berme guztiak dituen prozesu batena ere, aurkeztu zuen tortura salaketaren ikerketa judizial nahikoa eman ez zelako.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ere oinarrizko eskubideen alorreko bi epai garrantzitsu eman ditu Espainiarekin lotuta. Lehendabizikoak, 2016ko otsailaren 18koa, prozesu monitorioetako dekretuen gauzatzean ezar daitekeen araudiaren epaiketa justu bat izateko eskubidearekin lotutako inplikazioak planteatzen ditu. Bigarrenak, 2016ko irailaren 13koa, aurrekari penalak dituzten adingabe espainolen gurasoei egoitza eta lan baimena ukatzearen gaia jorratzen du, eta familia bizitzarako duten eskubideari ez egokitzea. Testuinguru honetan, aipatu beharra dago Estatuko Fiskaltzaren 1/2016 Instrukzioa, herritarren eskubideak babesteko berme handiagoen bilaketan sakontzen duena, epaiketa aurreko alorra modu prozesalean jorratuta, espainiar auzitegien eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren arteko harreman bide garrantzitsuena dena. Dena den, gure testuinguruan garrantzi handien izan duen erabakia 2016ko abenduaren 21ean Sala Nagusiak hartutakoa izan da, gardentasunik gabe ezarritako “zoru-klausulen” gehiegizko izaerari buruzkoa, interes-tasen murrizketak hipoteka bermea duten maileguetako zordunentzat onuragarriak izatea galarazten dutenak. Banku-entitateek arrazoi horrengatik gehiegi kobratu zituzten kantitateen itzuleran atzeraeragin osoa ezartzean, nabaria da beste urte batez erakunde honetan kexa eta zalantzak sortu dituen arazoan duen eragina.
3.2. Araudi aldaketen, krisiaren eta epaitegi eta auzitegiek pairatzen duten kargari buruzko bitartekaritzaren eragina
Txosten honen urtean zigor bidean sartu diren gaien jaitsiera nabaria eman da estatu osoan. Horrela islatu dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitaratutako datuek, zigor eremuko jaitsiera hau Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duen urriaren 5eko 41/2015 Legea indarrean sartzeari egozten diona.
Familia auziekin erlazionatutako kexak, hala ere, ez dira jaitsi. Horrek beste gertakari honekin lotura dauka, Familia Abokatuen Espainiako Elkarteak krisi ekonomikoari egozten dion ezkontzen hausturen % 15eko jaitsiera eman arren, eremu honetako benetako auzi kopuruak gora egin du bi faktoreen eraginez: alde batetik, eta krisiarekin zuzeneko lotura duena, zaintza, mantenu-pentsio edo pentsio konpentsagarri alorreko neurrien aldaketekin lotutako gorabehera kopurua handitzea; bestalde, epaitegietara jotzen duten eta seme-alabak dituzten ezkondu gabeko bikoteen haustura. Bestalde, krisi ekonomikoak bikote ohiek euren lotura apurtu ondoren duten autonomian ere eragina dauka, hipoteka likidatzeko edo hura gehi alokatutako bigarren etxebizitza bat ordaintzeko ezintasuna dela eta.
Egoera hauei aurre egiteko, bitartekaritzak gero eta espazio gehiago lortzen ari da Euskadin, auzibideen aurretik, bai eremu zibilean baita, gero eta indar gehiagorekin gainera, gainontzeko jurisdikzioetan ere. Gure botere publikoek auzi barneko eta kanpoko bitartekaritza zerbitzuen alde egindako apustuak horretan lagundu du, eta Arartekoarekin izandako kolaborazioa aurten ere erabakigarria izan da erakunde honetara jo duten herritarren arazo batzuk konpontzeko. Horrek bere lanak gure epaitegietako lan-zama arintzeaz gain aldeen arteko konponbideak eta hura judizialki berresteko proposatzen duten justizia konpontzaile irtenbideek Justizia Administrazioko erabiltzaileen asebetetzea handitzen dutela.
Honen harira, 2016an abiarazitako bi esperientzia aipatu behar ditugu: batetik, Notariotza judizioz barneko bitartekaritzan laguntzen duten eragile juridikoen barruan sartzera bideratutakoa; bestetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Kataluniako Generalitatearen artean irekitako kolaborazio esparru berria, justizia konpontzailearen eta delituen biktimen arretarako eremuan ezagutzak, formazioa, ebaluazioa eta hedapena partekatzeko.
3.3. Pertsona juridikoei ezarritako tasa judizialen konstituzionaltasun eza
Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 21eko 140/2016 Epaian, erakunde honek aurreko txostenetan ardura sortzen ziola adierazitako gai bat aho batez ebatzi zuen, hau da, pertsona juridikoek Justizian sartu ahal izateko ezarritako tasak.
Ekintza judizialak burutzeko ordena zibilean, administrazioarekiko auzienean eta gizarte ordenan ezartzea berez ez dela konstituzioaren aurkakoa adierazi ondoren, Auzitegi Gorenak azaroaren 20ko 10/2012 Legearen 7. artikuluko 1. eta 2. atalak horretarako aipatzen zituzten zergak bai zirela adierazi zuen, gehiegizkoak zirelako. Ondorioz, konstituzioaren aurkakotzat jo ditu, judikaturaren, abokatuen, sindikatuak eta kontsumitzaileen alorreko adituek eskatzen zutenarekin bat, neurrigabekoak direla eta pertsona juridikoak Justizia Epaitegietara jotzea ekiditea sor lezaketela ulertzen duelako, euren errekurtsoen arabera zaintza judizial eraginkorrerako eskubidearen eraginkortasuna baldintzatuz.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Bilerak elkarteekin
Arartekoarekin Giza Eskubideak prozesu penalean bermatzeko sistemaren eragingarritasunari buruzko elkarrizketa izan ahal duten gobernuz kanpoko erakundeetatik eta tokiko zen nazioarteko elkarteetatik jasotako eskaerak aztertu ditugu.
4.2. Erakundeetako eta korporazioetako arduradunekin bilerak
Urtean zehar, lan-bilerak egin ditugu Epailetzako kide ugarirekin. Erakunde honekin izan duten lankidetza ez da agerikoa soilik adierazi ditugun kudeaketa zuzenetan, baizik eta baita adingabeen aurkako sexu-jazarpen salaketen ondoriozko prozesu penalen instrukzioa bezalako alderdi zehatz batean iritziak alderatzen lagundu digutelako ere.
Era berean, EAEANgo Gobernuko Idazkaritzarekin eta lurralde historiko bakoitzaren Idazkari Koordinatzaileekin lan egiteko aukera izan dugu, adierazi dugun bezala. Fiskaltzari dagokionean, herritarrek erakunde honetara arazo ezberdinak konpontzera jotzen dutenean emandako laguntzaz gain, Arartekoak Europar Estatutu Fiskalaren gaineko lansaio emankorra antolatu zuen, horren erredakzio-taldearen koordinatzailea fiskal nagusiarekin eta Euskadiko probintzia fiskal buruekin bildu zuen Europar Batzordeko Justizia Zuzendaritza Orokorrean.
Korporazio profesionalei dagokienez, harremanetan egon gara eta lankidetzan aritu gara hiru lurralde historikoetako abokatuen elkargoekin, baita Abokatuen Euskal Kontseiluarekin ere, erakunde horren jardueraren aurka aurkeztutako kexetan agertzen diren bi alderdiren gainean: alde batetik, doako justiziaren inguruko auziak, berezik bezeroak konfiantza galtzen duenean esleitutako abokatuaren aldaketan; bestaldetik, prozedura-bermeak lanbidearen kontrol deontologikoan, bereziki, espedientea ikusteko eta amaierako ebazpenen arrazoiketa ezagutzeko aukerari dagokionez.
Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin bildu gara, eta horren arduradunekin, arlo horretan jasotako kexetatik eratorritako egitura-alderdiei heltzeko aukera izan dugu. Era berean, Justizia Administrazioarekin kolaboratzeko zerbitzuak bisitatu ditugu, biktimari laguntza, bitartekaritza eta zigor-betearazpen eremuan emandako kolaborazioaren harira.
Eremu honetako instituzioen arteko kolaborazioa unibertsitate eremuraino hedatzen da, eta aurten Kriminologiaren Euskal Institutuarekin egondakoa azpimarratu beharra dago, bereziki Justizia Konpontzailearen gaiaren gainekoa, baita Euskadiko torturaren gaineko ikerketa 1960 eta 2013 artean ere.
4.3. Ekitaldietan parte hartzea, txostenetan parte hartzea eta materialak egitea
Arartekoaren presentzia publikoa zabala izan da arlo honetan landutako gaiekin lotuta. Arartekoaren esku-hartzea honako foru hauetan nabarmen daiteke:
• Justizia Auzitegi Nagusia. Biktimaren Estatutuaren gaineko lan jardunaldia
• Ombudsmanaren Nazioarteko Erakundea (Bartzelona). Mehatxuen aurrean Ombudsmanaren Nazioarteko Mintegia. Txostena: “Askatasun-segurtasun dilema”
• Oñatiko Lege Soziologiako Erakundea. Estatuaren esku-hartze zigortzailearen mugei buruzko nazioarteko mintegia. Txostena: Securitization & Surveillance: Administrative sanctions and the Ombudsman
• Ombudsmanaren Nazioarteko Erakundea (Bartzelona). Giza Eskubideen gaur egungo erronken nazioarteko mintegia. Txostena: “Eskubideen defentsatik segurtasuna birpentsatu”
• Oñatiko Lege Soziologiako Erakundea. Genero Indarkeriaren eremuko Justizia Konpontzaileari buruzko mintegia
• Euskal Herriko Unibertsitatea (Gipuzkoako campusa). Justizia Konpontzailearen Europar Kongresua. Justizia Konpontzailearen gaur egungo erronken eztabaidaren aurkezpena.
• Euskal Herriko Unibertsitatea (Gipuzkoako campusa). Tortura salaketen ikerketei buruzko Udako Ikastaroa. Eremu horretako europar jurisprudentziaren irizpideei buruzko hitzaldia.
• Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritza. Hiria Giza Eskubideen kultura bat sustatzeko eremu gisa, hitzaldia.
• Gasteizko Udala. Justizia Konpontzailea eta indarkeria matxista: Marko hitzaldia
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Justiziaren eraginkortasuna eta organizazioa
Gure epaitegi eta auzitegietan azken urtean sartu ziren 270.000 gaiak konpondu zirenak baino gutxiago izan ziren, eta txosten hau ixteko momentuan izapidetzen ari zirenak azken hiruhilekoan sartutakoekin bat zihoan. Erantzun epeei dagokienean, lehenengo instantziako bataz bestekoa 3,1 hilabetekoa da eta 1,6 hilabetekoa bigarren instantziakoa. Hori guztia profesionalen konpromisoaren eta lan onaren isla da, eta auzi kopuru baxuarekin batera, mila herritarretatik 122 gai ditu, eta estatuko bataz bestekoaren 10 puntu azpitik dago. Horrek Euskadiko Justizia Administrazioaren eraginkortasuna agerian jartzen du.
Horrela egiaztatu ahal izan dugu Arartekoak bere jarduera eremu honetan aurkeztutako kexak aztertzean. Edozein kasutan, sortu zuten kasu partikularretan hartutako erabakiaz haratago, salatutako disfuntzio eta atzerapenek egitura gabeziak azaltzen zituzten, eta horiek gainditzeko, erakunde honen ustez, hiru alderdietan aldaketak eman behar ziren:
• Sail judizialaren diseinu zorrotza, partidu judizial bakoitzaren mugen kooperazio jurisdikzionala mugatzen duena, pertsona bakarreko epaitegietako titularren eta lan kargen probintzia birkokatzearen arteko jurisdikzioaren elkargoaren jarduna mugatzen duena. Konplexutasun handiko gaiak izapidetzeko beharrezko esfortzuak berriz orekatzen edo gainzama arintzen duten mekanismo arinak hartu behar dira, baita masa-auziak ere.
• Espezializatutako epaitegien gabezia
• Planta organikoaren eredua berritzea praktikan jartzeko beharra, Instantzia Epaitegiak sortuz.
5.2. Espediente digitala
42/2015 Legean, informazioa ematen den urtearen hasierak erreferentzia bat ordezkatzen zuen. Horretatik abiatuz, eragile juridikoek Justizia Administrazioan existitzen diren sistema telematikoak erabili beharko zituzten, bai idatziak eta dokumentuak aurkezteko komunikazio prozesaleko jardunak burutzeko ere. Prozesua graduala izan da 2016an, epai jakinarazpenetatik hasita, urte erdian izapide idatzietara eta aldeen ordezkari prozesalek aurkeztutako hasiera idatzietara pasatzeko. Horretarako JustiziaSip aplikazioa jarri da martxan, eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren 2016ko maiatzaren 19ko Ebazpenak erregulatu du.
Eragile juridiko guztiek, hala ere, Justizia Administrazioan IKTen erabilera erregulatzen duen uztailaren 5eko 18/2011 Legearen aurreikuspenei jarraiki ezarritako epeen errealismoa zalantzan jarri dute. Espediente elektronikoak partekatutako eta ukaezina den helburua du, zalantzarik gabe. Jasotako kexek, hala ere, pixkanaka ezartzeak aurre egin beharreko konpondu gabeko arazoak alde batera uztea galarazten digute, bai paperaren kulturatik kultura digitalera pasatzeak dituen arazoengatik baita beharrezko azpiegitura informatiko faltagatik ere. Horien artean, honako hauek aipa ditzakegu:
• Fiskalek epaitegiekin duten barne komunikazio digitala txosten hau ixterakoan aurkeztutako azken Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Fiskaltzaren Memorian dituen arazoak islatzen ditu.
• Epaitegi eta Fiskaltzaren eta Ertzaintzaren arteko jakinarazpenak.
• Epaileek espedientea datu guztiekin batera ikusteko, batzuk bereziki luzeak direnak, behar dituzten ekipoak, lan egin behar duten lekuetan.
• Tiflotecnia: JustiziaSip plataforma ez da ikusmen ezgaitasuna duten pertsonentzat eskuragarria, bere beharrak eta Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta euren gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren errekerimenduak kontuan hartu gabe. Ondorioz, hura ezartzeak arazo larriak sortu dizkie abokatuei eta beste eragile juridikoei. Izan ere, euren kexak direla eta, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari “pertsona guztientzako diseinuaren” printzipioan oinarritutako konponbide bat eskatu zion, eta txosten hau ixteko momentuan hura martxan jartzeko lanean jarraitzen zuen.
5.3. Doako justizia
2016an 20 urte bete dira doako asistentzia juridikoa erregulatzen zuen araudia, urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea indarrean sartu zenetik. Ordutik, eta batez ere krisiak markatutako azken hamarkadan, onuradun kopuruak gora egin du, eta azken urtean gorakada % 20koa izan da.
Txosten hau ixteko momentuan Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euroko inbertsioa egitearekin -2015eko kopuru berdina-, Ofiziozko Txandara jo behar izan zuten pertsonak 25.000 inguru izango ziren aurten Euskadin. Horrek kohesio sozialari dagokionean lorpena izan arren, hura mantentzeak baliabideak handitzea dakar; bestela, euskal Abokatutzak salatzen duen bezala, arretaren handitzea bakarrik izango da posible abokatu bakoitzaren ordainketa, egun gertatzen den bezala, urtez urte murrizten bada. Hau, lehiakortasun askearen mesedetan zerbitzua lurraldekotzea zalantzan jartzearekin batera, eremu honetan planteatu diren erronka garrantzitsuenetako bat izan daiteke. Sailean izapidetutako espedienteen harira, edozein kasutan beste bi adierazi daitezke:
• Egiaztatu ahal izan dugun moduan, euskal Abokatutzak ematen duen asistentzia juridikoaren kalitatea oso altua da ofizioz jarduten duenean eta modu partikularrean esleituta dagoenean, kasu gehienetan. Dena den, horrela ez den ez-ohiko kasuetan, abokatuen elkargoetan esleitutako defentsaren akatsak zuzentzeko eta ordezkatu ere egin dezaketen sistemak existitzea beharrezkoa da, egungoak baino arinagoak direnak eta behin-behineko diziplina arduretatik haratago, justiziaren menpe dagoen pertsonaren eskubidea bermatu ahal izateko beharrezkoa balitz bederen.
• Gizarte bazterketa egoerak sortzen dituzten hipoteka betearazteko eremuan, arazoaren eragina kontuan hartuta, sor dezaketen ahulgarritasun egoerak eta ekidin ahal izateko kalitatezko asistentzia juridikoa izateak duen garrantzia, Arartekoak botere publikoei hiru lurraldeetan alor honetan espezializatutako ofiziozko txanda bat sortzeko egokitasunaren gaineko gogoeta egiteko eskatu die, beste autonomia erkidegoetan existitzen den bezala.
5.4. Sexu abusuen biktima adingabeei arreta ematea
Arartekoak aurten zabaldutako ofiziozko jardunen artean, gure epaitegietan agertzen diren haurrek jasotzen duten arretari dagokiona azpimarratu beharra dago, biktima edo lekuko gisa izan, balizko sexu abusuen kasuan.
Horren markoaren barruan, erakunde honek Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoarekin eta Fiskaltzarekin lan saioak deitu ditu, baita abokatuen kualifikatutako ordezkariekin ere, partekatutako helburu batekin: kontradikzio printzipiotik eta defentsarako bermetik sortutako prozesu eskaerak espainiar eta europar araudian agertzen diren haurrak babesteko irizpideekin bateratzea. Zentzu honetan, eta erreferentzia gisa biktima eta lekuko diren adingabeak babesteko Estatuko Fiskaltza Orokorraren 3/2009 Zirkularra hartuz, hobetzeko eremu bezala honakoak identifikatuko ditugu:
• Bulego adiskidetsuak adingabeek parte hartu behar duten diligentziak praktikatzeko.
• Ireki aurretik esku hartu duten beste sistema publiko batzuek igorritako txosten teknikoen zigor prozeduran aintzat hartu eta jaso, eta bereziki euskal osasun sistemak eta gizarte zerbitzuak.
• Adingabeei praktikatutako frogak bete beharreko denbora, espazio eta lan dinamikaren baldintzak, nahikoa ez den instrukzio jarduera baten parte bezala, aldi berean bigarren mailako biktimizazioaren prebentziorako baliagarria dena.
• Adingabeekin egin beharreko Justizia Administrazioko zerbitzuen eta langileen berariazko formazioa, eboluzio garapenari eta prozesuaren ulermen mailari buruzkoa.
• Hasieratik haurrei eman beharreko arreta terapeutikoa.
5.5. Auzitegiko medikuen greba
Epaitegietako egunerokotasuna markatu zuen gertakarietako bat auzitegiko medikuen greba izan zen, soldata, formazio eta zerbitzua emateko baldintzak hobetzeko eskariagatik abiarazitakoa, kontatzen ari garen epealdiaren erdialdean eman zena. Eragin handia izan zuen atzerapenak sortu zituelako, eta hainbat kexa sortu zituen lesio batzuk edo ezgaitasun bat ebaluatzeko hitzordua eman zieten pertsonei diligentzia bertan behera eta prozesua geldiarazi zietelako. Gauza bera esan daiteke erasoen, lan-istripuen eta ohiko istripuen biktima izan diren pertsonen balorazioez, baita etorkin adingabeen edo zigor prozedura zehatzen egozgarritasunaz ere.
Horrek guztiak Justiziaren zerbitzu publikoan izan zuen eragina dela eta Bizkaiko Auzitegiak eta Euskadiko Fiskaltza Nagusiak profesional hauek Justizia Administrazioko laguntzaile gisa duten garrantzia eta izaera ordezkaezina gogoratu zuten, baita “epaitegietako kolapso orokor bat” ekiditeko akordioa lortzeko deialdi publikoa egin ere.
2016ko irailean greba bertan behera geratu zen gatazka konpondu gabe. Hori dela eta, urte honetan akordioa lortzea desiragarria litzateke, zerbitzuaren funtzionamendu egokiaren mesedetan.
5.6. Atxilotuen eskubideak
Aurten, Giza Eskubideen Europar Auzitegiak berriz ere kondenatu zuen Espainia torturak ez pairatzeko eskubidea urratzeagatik. Beste behin ere, Estrasburgoko Gorteak aitortu zuen ez zela gutxieneko ikerketa bat egon ondo oinarritutako salaketa batean, eta Estatua Torturaren Prebentziorako Batzordeak aurretik emandako ebazpenak onartzeko agindu zio, ez betetze sistematikoarekin amaituz.
Tortura salaketen ikerketak inpartziala, azkarra, eraginkorra eta zorrotza izan behar du. Giza Eskubideen kultura zabaltzeko eta horretan sakontzeko lanarekin konpromisoa duen erakunde gisa, Defentsa Bulego honek ezin ditu eremu honetako prebentziorako europar jurisprudentziak eta erakundeek helarazten dizkioten gabeziak alde batera utzi. Aldiz, horiek erreklamatzen dituzten neurri zuzentzaileak hartzea sustatzeko betebeharra du, baita ez betetzea salatzen dutenei, urte erdialdean epaile eta magistratu ugarik egin zuten moduan, laguntza eman ere. Eginkizun honi erantzuna eman zion Torturaren Biktimak laguntzeko Nazioarteko Egunaren Arartekoaren aitorpenak, Torturaren Aurkako Nazio Batuen Kontalariaren laguntza publikoki jaso zuena, Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako Kanpusean eremu honetan antolatu zuen Ikastaroaren harira, eta bi erakundeek parte hartu zuten.
Horregatik guztiagatik, biktimek egia, justizia eta konponketarako duten eskubideak aurten instrumentu baliagarri bat lortzea espero da, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak sustatutako tortura Euskadin 1960 eta 2013 artean ikerketa zorrotzaren ondorioak publikoki agertzen direnean, aditu talde entzutetsu bat garatzen ari dena, Zuzenbidea, Antropologia, Kriminologia, Medikuntza eta Gizarte Psikologia barne hartzen duen diziplina anitzeko ikuspegi batekin.
5.7. Kostu judizialak
Administrazioak erreklamatzen dituen kostu judizialen kopuruarekin lotutako kexen harira, erakunde honek administrazioarekiko auzietarako apelazioaren arriskuei buruzko 2009ko abenduaren 31ko Gomendio Orokorra betetzearen jarraipena egin du: erabiltzaileei ematen zaien informazioa hobetzeko eta administrazioaren kostu bezala erreklamatutako profesionalen ordainsariak aztertzeko beharra.
Modu honetan, egiaztatu dugu epaiketa bat irabazi ostean Osakidetzak haren abokatuen ordainsari profesionalak kalkulatzen dituela prozesuko kostu bezala erreklamatzeko xedez, erabiltzen duen irizpide bakarra galtzaileak erreklamatuko zion kalte-ordainaren kopuruaren gaineko ehuneko bat ezartzea da. Horrek, kontzeptu horren pean erreklamatzen dituen kopuru batzuk, beharbada eredugarriak izan eta eragozteko balio dezaketenak, errekurtso egileak ordaindu ezin ditzakeen zenbateko handietara iristea eragiten du, eta hala ezegonkortasun egoera nabarmen handitzea eragiten du. Izan ere, herritarrek arrazoi honengatik Euskal Osasun Sistemaren aurka jartzen jarraitzen dituzten kexetan gomendio hori sortu zuten kasuetan ikusi genituen desinformazio eta abokatuen praxi txarreko egoera berdinak ematen dira.
Beraz, azpimarratu beharra dugu euskal administrazioek, salbuespenik gabe, jurisprudentziak, automatismoetatik at, eremu honetan gehiegikeriak saihesteko legeak jasotzen dituen justizia irizpideetara egokitzeko ezartzen dituen irizpide berdinak ezartzea kostu gisa jasanaraziko diren ordainsarien kalkuluetan barne hartzeko. Arartekoak pertsonen eskubideak defendatzeko eginkizuna dauka, administrazio onaren parametroak irizpide. Horregatik parametro horiek sustatu behar ditugu gure eskumeneko administrazioetan, epaitegi batek halakorik ezartzearen zain egon gabe. Izan ere, neurketa irizpide horiek justiziako administrazioaren erabiltzaileen eskubideen eduki materiala uneoro konfiguratzen laguntzen dute, egonkortuta dagoen jurisprudentzia ildoa osatzen dutelako. Aipatu ditugun eskubide horien arabera egokitu behar dute botere publikoek beren jarduna.
1. Arloa kopurutan
Ingurumen-arloaren barruan, lurzoruari, urari edo aireari eragiten dieten kutsadura-kategoriek sortutako kalteei buruzko erreklamazioak biltzen dira. Horrez gain, giza jarduerak espazio naturalengan, florarengan eta faunarengan duen eragina aztertzen da. Guztira, 2016an, 93 kexa aurkeztu dira. Kexak azpiarloetan banatzen dira; horretarako, irizpide material bat aplikatzen da, salatutako ingurumen-afekzioarekin lotutakoa. Hala, kutsadura akustikoa, atmosferikoa, lurzoruarena eta urarena izan daiteke, baita beste eragile kutsatzaile batzuek eragindakoa ere. Horrez gain, ingurumen-kontrolari buruzko erreklamazioak eta informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeari eta ingurumeneko parte-hartzeari buruzko erreklamazioak desberdintzen dira.
Eragindako administrazioen arabera, kexak modu honetan banatzen dira:
• Tokiko administrazioa 58
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 14
• Foru administrazioa 2
Azpiarlokako banaketaren arabera, sailkapena honako hau da:
• Kutsadura akustikoa 59
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazioaren prozedura 13
• Ingurumenaren kontrola 9
• Ingurumenaren informazioa eta parte-hartzea 5
• Kutsadura elektromagnetikoa 4
• Lurzoruaren eta uraren kutsadura 1
• Natur gune babestuak. Flora eta fauna babestea 1
• Ingurumeneko beste kutsadura batzuk 1
Arlo honetan aurkeztutako kexen izapidetze-egoerari eta emaitzari dagokienez:
Ingurumen-eremuko kexa-jarduketa gehienak kutsadura akustikoarekin lotuta daude. Zehazki, kasu horietan, herritarrek salatzen dute beharrezkoa dela udalek administrazio-kontrol egokia burutzea, zarata etxeetan sartzen den kasuen aurrean. Funtsean, kutsadura-fokuak espazio publikoetatik datoz, ostalaritza-jardueretatik, industrietatik edo garraiobide-azpiegituretatik. Eremu honetan, ingurumen-informazioa eskuratzea jarduteko arrazoi nagusi bat izaten jarraitzen du.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Ingurumen arloko informazioa eskuratzeko eskubidea
Arartekoak erreklamazioak jasotzen jarraitzen du, ingurumen-informazioa eskuratzeko eskaerei erantzuteko atzerapenari dagokionez.
Izan ere, pertsona batek adierazi du ingurumen-informazio eskaera baten erantzuna atzeratu dela, araudian aurreikusitako hilabeteko epe horren barruan. Informazioa hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen-zainketako programa batean 2004., 2005., 2006., 2007. eta 2008. urteetan erregistratutako dokumentazioari buruzkoa zen. Arartekoak informazioa eskatu zuen informazioa eskuratzeko eskaeraren egoerari buruz eta informazio hori bidaltzeko atzerapenaren inguruan. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erakunde honi helarazi zion kexagileari emandako erantzuna; horretan, informazioa eskuratzeko eskaera onetsi zen. Hori bidaltzeko atzerapenari dagokionez, txostenean adierazten zen eskatutako informazioaren bolumena kontuan hartuta, eskatutako informazioa dagokion epearekin batera, ezin izan zela aurreikusitako epean erantzun. Behin erantzun hori baieztatuta, Arartekoak amaitutzat jo zuen bere esku-hartzea. Hala, administrazioari gogorarazi zion ingurumen-informazioko eskaerak arin eta lehentasunez izapidetu eta ebatzi behar direla, ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea arautzen duen araudian aurreikusitako epeetan. Aztertutako kasuan, ingurumen-administrazioak eskatzaileari jakinarazi behar zion eskaera jaso zuela. Horrez gain, erantzuteko hilabeteko epea luzatzen zela jakinarazi behar zion, ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Legezko betebehar horren osagarri gisa, interesgarria izan daiteke beste formula batzuk bilatzea informazio nahikoa helarazteko eta ingurumen arloko gaietan interesa duten pertsonen informazioa hobetzeko.
2.2. Kutsaduraren ingurumen kontrola
Arartekoak kontu honetan duen eginkizun nagusia da kexak eta erreklamazioak jasotzea euskal herri-administrazioek egiten duten ingurumen-kontrolaren funtzionamendu egokiaren inguruan. Funtsean, banakako pertsonek edo taldeek eskatzen dute eginkizun hori betetzeko; izan ere, erakunde honetara jotzen dute salatuz beharrezkoa dela neurriak hartzea, inguruko giza jarduera kutsatzaileek ingurumenean edo osasunean dituzten ondorio kaltegarriei aurre egite aldera. Kexa horietan adierazten da ostalaritza-jardueren (tabernak, jatetxeak, diskotekak...) eta bide-azpiegituren (errepideak, trenbideak, tranbiak...) zarata etxeetan sartzen dela. Bestelako arazo batzuk ere badaude. Adibidez, prozesu industrialek edo hondakin-uren araztaileek eragindako usainak eta kutsadura atmosferikoa. Arazo horiek gogaikarriak izan daitezke eta oso arriskutsuak ere bai, etxeetan sartzen diren igorpenengatik. Hori gertatzen da jarduera ez dagoelako jardueren funtzionamendua ahalbidetzen duen araudi-esparrura egokituta.
Kexa nagusia da administrazioek ez dutela erantzunik eman arazo horien aurrean. Ez da erantzun zenbait arrazoiengatik. Kasu askotan, administrazioari informazioa eskatu ostean, Arartekoak egiaztatu ahal izan du esku-hartze administratiboren bat burutu egin dela. Kasu horietan, jardueraren titularrari salaketaren berri eman zaio eta neurriak hartzeko ere eskatu egin zaio, eskatzaileen etxean zarata berriz ere legez kontra ez sartzeko. Halakoetan, administrazioaren funtzionamendua ez da egokia interesdunari ez zaiolako behar bezala jakinarazi administrazioak salaketaren aurrean emandako erantzuna. Beraz, interesdunak ez daki zeintzuk diren hartutako neurriak, eta hala badagokio, jatorrizko arazoa konpontzeko beharrezko bitartekoak jarri ote diren.
Beste batzuetan, herri-administrazioek ez dituzte ingurumen-salaketak kontuan hartzen, baliabide teknikorik ez dituztelako edo salatutako gertakariak benetan gertatu diren egiaztatzea zaila delako. Bereziki, zaraten edo beste afekzio kutsatzaile batzuen kontrolean, beharrezkoa da berehala jardutea salaketaren egiazkotasuna edo funtsa egiaztatzean; izan ere, kasu askotan, ikuskaritzaren atzerapenak gertakariak behar bezala egiaztatzea eragozten du.
Halaber, adierazi behar da kexa batzuetan administrazioaren jarduerarik eza azaltzen dela; horietan, soilik administrazioaren aurrean tematu ostean eta Arartekoarengana jo ondoren lortzen da administrazioak erantzutea. Jarduera horien kontrola, gehienetan, ukitutako pertsonen salaketen aurrean baino ez da egiten. Hala, eremu horretako erreklamazio askotan, ez dago administrazio-plangintzarik kontrolatu beharreko jardueren inguruan, ezta zainketa eta ikuskaritza programarik ere.
Bizitegi-lurzoruan kokatuta dauden jardueren udal ingurumen kontrola
Arartekoak zenbait ebazpen eman ditu, elkarte gastronomiko, taberna, jatetxe eta gazteen lokalei lotutako zarata eta bestelako eragozpenen behar bezalako kontrola sustatzeko; horien artean, ebazpen hauek azpimarra ditzakegu:
Arartekoaren 2016ko uztailaren 4ko ebazpena; horren bidez, Barrikako Udalari gomendatzen zaio dagozkion neurriak hartzeko, jatetxe batek eta horren kanpoan instalatutako terrazak eragindako eragozpenak saihesteko.
Arartekoaren 2016ko abenduaren 15eko ebazpena; horren bidez, Donostiako Udalari gomendatzen zaio jarritako ingurumen-salaketei erantzuteko. Kexagileak salaketa horiek jarri ditu gaueko garbiketako udal zerbitzuek bere etxebizitzaren inguruan eragiten duten zaratagatik.
Petrolioa fintzeko planta Muskizen
2016. urtean zehar, Arartekoan kexak jasotzen jarraitu dugu, Muskizeko petrolioa fintzeko plantaren jardueraren ingurumen-kontrolari buruzkoak hain zuzen ere. Zehazki, elkarte batek intzidente bat salatu du. Intzidente horren ondorioz, koke partikulak dituen lurrunezko hodei bat sortu zen eta partikula horiek Santa Juliana auzoaren inguruan erori ziren. Kexa-espedientea aztertzeke dago, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren erantzuna jaso ostean; bertan, hartutako ingurumen-kontroleko neurriak jasotzen dira, koke-hautsaren igorpen lausoei dagokienez. Arartekoak aurretik ere esku hartu egin du intzidente horiei dagokienez. Zehazki, erakunde honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari bidali zion 2014ko abenduaren 10eko ebazpena, euskal herri-administrazioek Bizkaiko Petronor S.A. enpresak garatzen duen petrolioa fintzeko jarduera industrialaren gainean egiten dute ingurumen-kontrolari buruzkoa. Ebazpen horretan, Arartekoak zenbait kontu jarri zituen mahai gainean, ingurumen-ikuskaritza sistema hobetzeko eta industria igorpenen gaineko araudira egokitzeko. Horrez gain, konposatu organiko lurrunkorren eraginpean jartzearen gaia jorratu genuen –hala nola, bentzenoa, toluenoa–, baita kiratsa ere. Halaber, proposatutako beste mekanismo bat industria jardueraren ingurumen-kontrolaren jarraipena egiteko mahai bat sortzea izan zen. Mahai horretan pertsona eta elkarte interesdunek hartuko dute parte, ingurumen-informazioa zabaltzeko tresna gisa eta proposamenak, salaketak edo ingurumen arloko legeria ezartzeko eta betearazteko aldarrikapenak aurkezteko bide gisa.
2.3. Planen eta programen ingurumen eraginaren ebaluazioa
Lamiakoko Ibarraren Defentsarako Plataforma herritarraren ordezkari batek Leioako udalerriko hezegune horren babes-egoera azaldu dio Arartekoari. Plataformak bere idazkian adierazi zuen hezegune horrek naturaren eta paisaiaren aldetik dituen balioak zehaztu eta babestu beharra dagoela, inguru horretan egin nahi diren obra eta azpiegituretako batzuek ekar litzaketen ondorioei aurrea hartzeko edo, behintzat, haien eragina murrizteko. Lamiakoko ibarra EAEko hezeguneen inbentarioan sartu zen –2011ko maiatzaren 3ko Aginduaren bidez–, hain zuzen ere III. multzoan. Kasu honetan, Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana (HGLAP) onartzen duen uztailaren 27ko 160/2004 Dekretuak 18. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, babes-araubidea udal planeamenduaren bitartez ezarri behar da. Plataformak azpimarratu duenez, hezegunea inbentarioan aspaldi sartu zen arren, Leioako Udalak oraindik ez du egokiro bete HGLAPeko aurreikuspen hori, hezegunearen ingurumen balioak behar bezala bermatzeko, hura udal planeamenduan sartuz. Nolanahi ere, kexan azaltzen zen, ea hirigintza-antolamendurako tresna hori onartzeko izapideetan behar bezala ebaluatu ote diren hezegunearen ingurumen balioak eta ea babes-araubide egokia jaso ote den.
Leioako Udalak Arartekoari adierazi dionez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa egin da 18. eremuan (Lamiakoko dartsena) eta 18 B-AXA eremua sortu da. Aldaketa hori 2013ko otsailean onartu zen behin betiko, eta hezegune horren babes araubidea erantsi zitzaion. Kasu horretan, Leioako Udalak ingurumen-azterlan bat egin zuen, Lamiakoko ibarraren ingurumen-balioak ezartze aldera. Udal txosten horren arabera, 18 A eta 18 B eremuan jasotako antolamendua lehengoratzearekin eta udal babesarekin bateragarria da. Hala ere, ingurumen-organoak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Biodibertsitate Zuzendaritzaren bidez, bi txostenetan adierazi zuen Leioako HAPOren aldaketan ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar zela.
Arartekoak Leioako Udalari gogorarazi dio hiri antolamendurako planei eta horien aldaketei, ingurumenean eragin nabarmena badute eta 2004ko uztailaren 21a baino geroago jaso badute hasierako onarpena, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean jasotako prozedura aplikatu behar zaiela (gaur egun indarrean dagoen ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak). Ingurumen-ebaluazioko prozedura hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko ekainaren 27ko 2001/42/CE Zuzentarauan ezarritako betebehar bat zen; zuzentarau hori zenbait planek eta programek ingurumenean izan ditzaketen ondorioen ebaluazioari buruzkoa da. Autonomia erkidegoko ingurumen-organoa da ingurumenarentzat ondorio nabarmenak existitzen diren ezarri behar duena hirigintza-planak onartzen direnean. Izapide horren garrantzia Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian dago jasota. Besteak beste, apirilaren 13ko 1652/2016 epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo du Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa bat ingurumen izapide hori ez betetzeagatik deusez deklaratu izana.
3. Gure esku-hartzea testuinguruaren barruan
Erakundeen arteko foroa Euskadin erakundeen koordinazioa hobetzeko ingurumen-kontrolaren eremuan
Arartekoak jardunaldi bat sustatu eta koordinatu du, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-kontroleko eta ikuskaritzako organo desberdinek ingurumen-legeriaren betearazpenean dituzten esperientzia eta ohiko jardunbideak ezagutze aldera. Laneko jardunaldi hori 2016ko apirilaren 7an egin zen eta ingurumen-babesaren arloko jardunbide egokiak eta esperientziak partekatu ziren. Hala, erakunde bakoitzaren independentzia salbu utzita, proposamenak egin ziren eremu honetan erakundeen arteko koordinazioan sakontzeko. Lan-metodologiari dagokionez, lehenik eta behin, Auzitegi Goreneko Salako fiskalak eta Ingurumen eta Hirigintza ataleko koordinatzaileak Ingurumeneko fiskaltzaren eginkizunaren inguruko sarrera bat aurkeztu dute. Horrez gain, ingurumenaren babesa hobeto babesteko koordinazio-esperientziak azaldu dituzte. Jarraian, erakunde parte-hartzaile bakoitzak egiten duen kontrol-lan espezifikoaren azalpen labur bat egin du, baita lankidetzako eta koordinazioko eremu posibleen lehenengo balorazio bat ere. Eztabaidatutako gaiak, besteak beste, hauek izan dira: administrazioen eta beste organo judizial batzuen ingurumen-kontroleko funtzio publikoaren edukia; administrazioaren eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko aukerak eta herritarren parte-hartzea ingurumen-kontrolean.
Topagune horretan, zenbait euskal administrazioek hartu dute parte (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko, Bizkaiko eta Arabako foru aldundietako eta Donostiako eta Gasteizko Udaletako ikuskaritza eta ingurumen-polizia zerbitzuak), fiskaltzak eta Arartekoak.
Jardunaldi horren ondorio eta proposamenen barruan, topaketa-foro bat mantentzeko konpromisoa jaso da, ingurumen-kontrolean erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko. Parte hartu duten erakunde guztien helburu komuna da Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen gobernantza maila handitzea, erakundeen arteko harremana hobetuz. Hori guztia, ingurumen zuzenbidearen aplikazioan lankidetza estuagoa sustatzeko eta ingurumen alorrean diharduten aginpideen arteko koordinazioa bultzatzeko. Horretarako, proposatu da informaziorako bideak eta protokoloak ezartzeko, baita erakunde guztien arteko babesa eta lankidetza indartzeko ere. Halaber, adierazi da beharrezkoa dela Ertzaintzaren ingurumen-unitatea indartzea eta finkatzea; horrela, erakundeen arteko koordinazioa sustatu daiteke, ingurumenaren, lurraldearen antolamenduaren eta ondare kulturalaren babesa zaintze aldera. Azkenik, proposatu da herritarrek parte hartzeko mekanismoak areagotzea, ingurumena zaintzeko ekintza horretan parte hartzen duten botere publikoen esku-hartze eta kontroleko maila guztietan.
Herriaren Defentsa Bulegoak koordinatzeko eta gehiegizko zarataren aurkako dekalogo bat aurkezteko jardunaldiak
Autonomia erkidegoetako herriaren defentsa bulegoek eta Espainiako Herriaren Defendatzaileak irailaren 22an eta 23an ospatu dituzte Iruñean Herriaren Defendatzaileak Koordinatzeko XXXI. Jardunaldiak; jardunaldi horietan, ikuspegi desberdinetatik aztertu dute nola eragiten dion kutsadura akustikoak gure bizitza-kalitateari. Gizakien jarduerak sortzen duen zarata ohiko adierazpena da aisialdirako esparruetan eta egunerokotasunean garatzen ditugun hainbat jardueren baitan. Zarata hori neurrigabe bilakatzen denean, ezinegon handia eragiten du gure bizi-kalitatean eta gure ingurumena aztoratzen du. Herritarren ezinegon horrek gizarte-gatazka etengabeak sortu izan ditu eta, horregatik, hainbat erreklamazio eta kexa eragin ditu gure Defentsa Bulegoetan. Aurkeztutako kexen harira defentsa bulegoek eman dituzten gomendioekin batera, zenbait txosten berezi egin dira gai horren inguruan. Jarduketa horiek zarataren kontrako gizabidezko kultura sortzeko lagungarriak izan dira eta, pixkanaka-pixkanaka botere publikoek ere igarri dute, pertsona guztiek baitute kutsadura akustikorik gabeko etxebizitza izateko eskubidea.
Defentsa bulegoek badakite zein den kutsadura akustikoak herritarren bizitza-kalitatearengan duen eragina; hala, zenbait neurrien ezarpena sustatu nahi izan dute, kutsadura akustikoaren eraginagatik urra daitezkeen konstituzio-eskubideak benetan eta eraginkortasunez bermatzeko. Neurri horiek jaso dira botere publikoei zuzendutako herritarrek zaratarik gabeko etxebizitza bat izateko duten eskubidea defendatzeko dekalogo batean. Bertan, defendatzaileek legez eskuragarri dituzten ekintzak egiteko konpromisoa hartzen dute, herritarrek zaratarik gabeko etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidea behar bezala babesteko.
Basa-hegaztien babesa Euskal Autonomia Erkidegoan. Hegazti fringilidoak harrapatzeko debekua
Normalean, hegazti horiek egoera basatian bizi dira basoetan eta hiriko espazio berdeetan. Silbestrismoa deritzon giza jarduera oso zaharra da; izan ere, antzina-antzinako garaietatik landako txori txiki horiek hartu eta zaindu egin dira gatibutasunean, txiorako hartzeko eta hezteko.
Arartekoak jakin izan duenez, Europako Batzordeak zehapen-espedientea ireki dio Espainiari, praktika zinegetiko hori justifikazio egokirik eman gabe baimentzen jarraitzen duelako. Aldi berean, zenbait talde eta elkarte ekologistek, Seo Birdlife elkarteak bezalaxe, zalantzan jarri dute hegazti horiek hartzea eta atxikitzea debekatzen duen babes-araubidearen eta silbestrismoa praktikatzearen bateragarritasuna. Basa-hegaztien babes-araubidea basa-hegaztien kontserbazioaren inguruko 2009/147/CE Zuzentarauan jasota dago; bertan, ezartzen da estatu kide guztiek modu basatian bizi diren hegazti-espezieak kontserbatu behar dituztela. Horretarako, estatuek neurriak ezarri behar dituzte; hala nola, ehizatu eta harrapatu ezin daitezkeen hegaztiak nahita harrapatzeko, saltzeko edo gero atxikitzeko debekua ezarri behar dute.
Estatu kideek basa-hegaztien babes-araubide hori salbuetsi dezakete, besteak beste, arrazoi hauengatik: “baimentzeko, kontrol osoz eta modu selektiboan, hegazti horiek kopuru txikietan hartzea, atxikitzea edo beste edozein ustiapen zentzudun”. Basa-hegaztien “ustiapen zentzudunak” honako hauek aipatu behar ditu: zein espezie salbuetsiko diren, baimendutako harrapaketa-metodoak eta ezarri behar diren mugak eta kontrolak.
Testuinguru horretan, ebazpen eta foru agindu batzuk onetsi dira Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti fringilidoen harrapaketa egokitzeko eta mugatzeko. Era berean, baimenak emateko baldintzak zehaztu dira, Europako Batzordearen araudi-aldaketen eta gomendioen edo iradokizunen arabera, bai eta estatuko zein autonomia erkidegoko bilera teknikoen arabera ere, silbestrismo jardueraren gainekoak horiek. Hala ere, Europako Batzordeak hainbat jarduketa hasi ditu, basa-hegaztiei buruzko zuzentarautik eratorritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzera zuzendutakoak. Zuzentarauaren aplikazio zuzena ezartzen duen prozedura komunitario horren ondorioaren zain egon bitartean, Araban eta Bizkaian fringilidoen harrapaketaren salbuespen-araubidea indargabetu zuten. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan 2009ko ekaineko Foru Aginduak indarrean jarraitzen zuen, salbuespen hori aplikatzea ahalbidetzen zuena.
Arartekoak jarduketa bat hasi zuen ofizioz; hala, informazioa eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari lurralde historiko horretan hegazti fringilidoak bizirik harrapatzeko baimenaren indarraldiari buruz eta zuzentarauan hegazti horiek kopuru txikietan harrapatzeko aurreikusitako salbuespen-araubidearen aplikazio egokiari buruz.
2016ko azaroaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak 2009ko ekainaren 2ko Foru Agindua indargabetzen duen azaroaren 10eko 569 LI/2016 Foru Agindua argitaratu du; horren bidez, Gipuzkoan basa-hegazti fringilido jakin batzuen aleak bizirik harrapatzeko eta edukitzeko salbuespenezko baimena emateko araudia ezarri da. Foru Aginduak berrikusi egin du txori txiki horien silbestrismo jarduera baimentzen zuen aurreko irizpidea. Hala, erantzun egin dio Arartekoak hasitako ofiziozko jarduerari. Arartekoak jarduera hori hasi du basa-hegaztien kontserbazioaren inguruko Zuzentarauan eta Ondare Naturalaren eta Biodibertsitatearen Legean aurreikusitako hegazti fringilidoak kopuru txikietan hartzeko salbuespen-araubidea eraginkortasunez betearazteko.
Euskadi 2020 Estrategia Energetikoaren berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa
2016. urtean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila Euskadi 2025 Estrategia Energetikoa (3E2025) eratzen hasi zen, aurreko 3E2020 Estrategia araudiaren, teknologiaren eta merkatuaren aldaketek ezartzen dituzten errekerimendu berrietara egokitzeko. Hala, 2016ko urtarrilaren 14ko EHAAk jaso du 2025erako Euskadiko estrategia energetikoak ingurumen ebaluazio estrategikoa bete behar duela, Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrarekin bat eginez. Horretarako, 3E2015 estrategiaren ingurumen-azterlan estrategikoa aurkeztu zuen kontsulta publikorako. Geroago, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2016ko uztailaren 4ko ebazpenaren bidez, Euskadi 2030 Estrategia Energetikoaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egin zuen.
Arartekoak ingurumen-eskakizun hori jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumen Sailei zuzendutako 2012ko azaroaren 19ko Gomendioan. Gomendio horretan, Arartekoak 2020rako Euskadiko estrategia energetikoaren berrikuspen prozesua hasteko eskatu zuen, Euskadin dauden gas naturaleko meategien (”fracking”a) esplorazioaren eta ustiapenaren ingurumen ebaluazio egokia txertatu ahal izateko. Ebazpen horretan, Arartekoak adierazi zuen eztabaida soziala, gardena eta irekia hasteko aukera zegoela, Euskadik ezarri nahi duen eredu energetikoaren inguruan. Hori dela-eta, estrategia energetikoa berraztertuz eta horren ingurumen ebaluazioa eginez, eztabaida sustatu ahal izan da, modu horretan, euskal eredu energetikoari buruz eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gasa erauzteko egon daitezkeen aurreikuspenei buruz.
Arartekoak azpimarratu du oso garrantzitsua dela ingurumen-ebaluazioko prozedura Eusko Jaurlaritzak egindako Euskadi 2030 (3E2030) Estrategia Energetikoaren berrikuspenean. Ingurumen-ebaluazioko prozedura hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko ekainaren 27ko 2001/42/CE Zuzentarauan ezarritako betebehar bat zen; zuzentarau hori zenbait planek eta programek ingurumenean izan ditzaketen ondorioen ebaluazioari buruzkoa da.
Eredu energetiko berri batera igarotzea
Gai horri dagokionez, Arartekoa ez-ohiko txosten bat egiten hasi da ekitaldi honetan Euskadi eredu energetiko berri batera igarotzeari buruz. Eredu hori iraunkorra izango litzateke eta baxua karbono-igorpenetan (arreta handiagoz kontsulta daiteke txosten honen II.8 kapituluan: “Jarduera ekonomikoaren antolamendua”).
4. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Euskadiko Tokiko Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeen eskumen-esparrua ezarri du. Arlo horri dagokionez, adierazi behar da 17. artikuluak jasotzen duela udalerriek berezko eskumenak gauzatu ahalko dituztela honako esparru hauetan: “Ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria modu osagarrian antolatzea, sustatzea, kudeatzea eta defendatzea, hiriguneetan kutsadura akustikoa, argiaren kutsadura eta airearen kutsaduraren aurkako babesa barne hartuta”. Era berean, antolamendu, kudeaketa, egikaritze eta diziplinako eskumenak onartzen dira hirigintzaren eremuan. Lege horren 43. artikuluak aitortzen du herritarrek ingurumen eta hiri-espazio publiko egokia eta iraunkorra gozatzeko eskubidea dutela. Tokiko erakundeen gutxieneko gardentasun-betebeharren barruan, 54 d) artikuluan hirigintza eta ingurumen zerbitzuen inguruko informazio agregatua, laburra eta argia eskaintzea jasotzen da.
Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuaren 2016ko maiatzaren 10eko Aginduak 2016rako laguntzen deialdia eta horren oinarri arautzaileak ezarri ditu. Laguntza horiek emango dira EAEko lurraldea zaintzeko akordioetan jasotako ondare naturalaren kontserbazio aktiborako jarduketak finantzatzeko. Lurraldea zaintzeak esan nahi du lursailen jabeen edo erabiltzaileen eta zaintza-erakundeen artean borondatezko akordio bat egon behar duela. Zaintza-erakundeak biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzeko jarduerak egiten dituzten eta irabazteko asmorik ez duten erakundeak edo elkarteak dira.
Horrez gain, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Agindua onetsi da; horren bidez, mehatxatutako hegazti-espezieak erreproduzitzeko, elikatzeko, sakabanatzeko eta kontzentratzeko lehentasunezko eremuak mugatu dira. Gainera, abifauna babesteko guneak argitaratu dira; bertan, tentsio altuko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo horien aurka ez jotzeko neurriak aplikatuko dira.
5. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
5.1. Ofiziozko jarduerak
Arartekoak ofiziozko 4 espediente hasi ditu ingurumenaren eremuan (horietako bi aipatu ditugu kapitulu honetako 3. atalean). Espediente bat hedabideetan agertu den salaketa bati buruzkoa da; Arrigorriagako zenbait herritarrek jarri dute salaketa hori ostalaritza-establezimendu bateko zaratak eragindako eragozpen larriengatik. Informazio horren arabera, Arartekoak egokitzat jo du ofizioz izapidetzea espediente bat, gai horren inguruko datuak biltzeko eta horren inguruan hartutako ingurumen-kontroleko neurriak egiaztatze aldera.
Arartekoak beste behin esku hartu du ofizioz Hondarribiko gazte-lokal batean sute bat egon zela jakin ostean. Prentsan agertu den berriaren arabera, intzidente hori dela-eta, zortzi etxebizitza hustu behar izan ziren. Ofiziozko jardueraren helburua da informazioa eskuratzea udalak ingurumen eta hirigintza kontrolaren eta diziplinaren eremuan dituen eskumenak gauzatzeko burutzen dituen jarduketei buruz. Horrez gain, lokal horien funtzionamendu zuzena bermatu nahi da eta arriskuak saihestu erabiltzaileentzat eta jarduera horien inguruan bizi diren herritarrentzat.
5.2. Bilerak elkarteekin
Lankidetza-esparru hori erreklamazio zehatzak aurkeztuz, aldian behingo bilerak eta dibulgazio jardunaldiak eginez garatzen da, baita teknologia berriak erabiliz ere, hala nola, Arartekoaren ingurumen bloga.
Harremanen testuinguru horren barruan, nolabaiteko harreman izan dugu ondorengo elkarte auzotar eta ekologistekin: Ekologistak Martxan, Ezpitsua, Eguzki, Lobo de Euskadi Taldea eta Coordinadora Anti Coke plataforman dauden zenbait talde eta elkarteak, Belartza 2 Gelditu plataformakoak.
Ingurumen arloan erabiltzen dugun beste komunikazio tresna bat Arartekoaren ingurumen foroa (http://blogak.ararteko.net/ingurumena/) Ingurumeneko blogaren urteko balantzea kontuan hartuta, 11 sarrera egon dira eta 4.000 bisita baino gehiago izan ditu (23.000 bisita abiarazi zenetik).
5.3. Topaketak herri-administrazioekin eta beste erakunde batzuekin
Ingurumeneko fiskaltza koordinatzailea
Arartekoak Auzitegi Goreneko Salako fiskalaren eta Ingurumen eta Hirigintza ataleko koordinatzailea den Antonio Vercher jaunaren bisita jaso zuen 2016ko apirilaren 7an eta 8an. Bisitaren helburua izan da ingurumeneko fiskaltza koordinatzaileak ingurumenaren aurkako delituak ikertzeko eta jazartzeko gidatutako jardueraren berri izatea. Horrez gain, topaketa horretan fiskaltzari Arartekoaren eta beste euskal erakunde batzuen lana aurkeztu zaio, ingurumen-eskubideen aitorpenari dagokionez.
Bisita horretan, Arartekoa Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren alorreko arduradunak diren fiskaltzetako atalekin bildu da. Topaketa horren helburua izan da bi erakundeen arteko komunikazio arina mantentzea, bi erakunde horiek ingurumenaren, hirigintzaren eta ondare kulturalaren babesean garatzen duten lanari dagokionez. Bilera horretan, ingurumen-kontrolean eskudunak diren erakunde publikoen topaketaren balorazioa egin dute batera (Kapitulu horren 3. Atalean aipatutakoa).
Egonaldi horretan, bilera bat egin da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuarekin eta horren taldeko zenbait kidekin. Era berean, Ertzaintzako Ingurumen Atala bisitatu da (Erandioko polizia-etxean), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarekin batera.
Zarataren inguruko lantegia
Arartekoak zarataren inguruko lantegi bat antolatu zuen 2016ko maiatzean; bertan, Estatuko Defentsa Bulego guztietako ordezkariek hartu dute parte. Jardunaldi horretan, kutsadura akustikoak gure bizitza-kalitatearengan duen eragina aztertu da eta herri-administrazioei zuzendutako ondorioak eta gomendioak jasotzen dituen dokumentu bat sortu da.
Ingurumeneko Fiskaltzaren seminarioa
Arartekoak Ingurumen Fiskaltzak antolatutako seminario batean parte hartu zuen 2016ko ekainean; seminario hori Valsaínen egin zen (Segovia), Ingurumen-hezkuntzako Zentro Nazionalarekin (CENEAM) elkarlanean. Arartekoak honen inguruko esku-hartze bat burutu du: “Ingurumen-ikuspegia Europako testuinguruan. Defentsa Bulegoen papera ingurumen-kontrolean”. Azalpen horretan, adierazi du Europako ingurumen-zuzenbideak eragin positiboa duela estatu kideengan. Horrela, bi mugarri nabarmendu dira: ingurumena politika publikoetan integratzea eta ingurumenean parte hartzeko eskubideak beren-beregi aitortzea. Horrez gain, zenbait kasu azaldu ditu, non, Arartekoaren eguneroko esperientzia ikusita, azter daitekeen erkidegoko zuzenbidea ingurumen-eskubideak eratzeko funtsezko oinarri bat izan dela eta izaten jarraitzen duela.
5.4. Iritzi artikuluak eta erakundeen adierazpenak
Ekainaren 5ean ingurumenaren nazioarteko eguna ospatu zen; hala, Nazio Batuen Erakundeak Go wild for life/Enloquezca por la Vida lema aukeratu zuen 2016rako, planetan bizitza basatia babesteko esfortzuak biltzeko. Arartekoak erakunde-adierazpen bat egin zuen Xabier Maiztegiri gorazarre egiteko; azken hori albaitari ospetsu bat izan zen eta zauritutako, abandonatutako edo konfiskatutako animaliak hartzeko proiektu bat hasi zuen. Proiektu horren bidez, Euskadin basafauna berreskuratzeko zenbait zentro sortu ziren, besteak beste, Enkarterriko Karpin parkea eta Urdaibaiko Basondo zentroa.
Arartekoak eta Nafarroako Herriaren Defendatzaileak zenbait hedabidetan argitaratu dute honako titulua duen iritzi artikulu bat: “Atsedenaren Apologia”. Artikulu horretan, defentsa bulegoen eginkizuna aldarrikatzen da giza jarduera iraunkorrak errazten dituzten konponbideak sustatze aldera; jarduera horiek dezibelio gutxikoak izango dira eta etxe guztiek atsedenerako duten eskubidearekin bat etorriko dira.
6. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Arartekoak herri-administrazioei behin eta berriro azpimarratzen die ingurumen-informazioko eskaerak arin eta lehentasunez izapidetu eta ebatzi behar direla, ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea arautzen duen araudian aurreikusitako epeetan. Administrazioek eskatzaileari jakinarazi behar diote eskaera jaso dutela. Horrez gain, erantzuteko hilabeteko epea luzatzen dela jakinarazi behar diote, ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Legezko betebehar horren osagarri gisa, interesgarria izan daiteke beste formula batzuk bilatzea informazio nahikoa helarazteko eta ingurumen arloko gaietan interesa duten pertsonen informazioa hobetzeko.
Herri-administrazioek ingurumen-informazioa modu aktiboan zabaltzeak gardentasuna bermatzen du eta parte-hartzea sustatzen du ingurumeneko zenbait elementuren egoerari dagokionez, besteak beste, airea eta atmosfera, ura, lurzorua, paisaia eta espazio naturalen egoerari dagokionez. Aldi berean, tokiko erakundeek, gutxieneko gardentasuneko betebeharren barruan, ingurumen-zerbitzuen zorroaren inguruko informazioa jaso behar dute.
Jarduera kutsatzaileen ingurumen-kontrola planifikatu egin behar da, administrazio eskudunek ingurumen-zaintzako eta ikuskaritzako programak ezarriz. Esku-hartze publikoa ez da soilik egin behar ukitutako pertsonek zaratengatik, usainengatik edo beste afekzio batzuengatik aurkeztutako salaketen ostean. Izan ere, administrazioak kutsa dezaketen jardueren gaineko plangintza bat ezarri behar du aurretiaz.
Arartekoak badaki zein den kutsadura akustikoak herritarren bizitza-kalitatearengan duen eragina; hala, gogorarazi du garrantzitsua dela ingurumen-kontroleko neurrien ezarpena sustatzea, kutsadura akustikoaren eraginagatik urra daitezkeen konstituzio-eskubideak benetan eta eraginkortasunez bermatzeko. Neurri horiek jaso dira botere publikoei zuzendutako eta autonomia erkidegoetako defentsa bulegoek eta herriaren defendatzaileak onetsitako herritarrek zaratarik gabeko etxebizitza bat izateko duten eskubidea defendatzeko dekalogo batean. Bertan, legez eskuragarri dituzten ekintzak egiteko konpromisoa hartzen dute, herritarrek zaratarik gabeko etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidea behar bezala babesteko.
Kontrola eta esku-hartze administratiboa administrazio eskudunak egin behar ditu, eta, hala badagokio, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren babesean diharduten administrazio eta erakunde guztien artean koordinatuz. Horretarako, ez-betetzea gertatzen den une zehatzean, eginbeharren betetzea egiaztatu ahal izateko bitarteko tekniko eta pertsonal nahikoak eman behar dira.
Ingurumen-zuzenbidearen alorreko erkidegoko zuzentarauetan ezarritako betebeharrak behar bezala iraultzea eta aplikatzea ez da beti prozesu baketsua izaten. Arartekoak ikusi du zaila dela hori behar bezala aplikatzea, besteak beste, kasu hauetan: giza kontsumoko uren kalitatea, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa eta basa-hegaztien kontserbazioa.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren zuzentaraua behar bezala aplikatzean, ingurumen-administrazioak behar bezala ebaluatu ditu hirigintza antolamenduko plan gehiago edo Euskadiko estrategia energetikoa. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak berrikusi egin du txori txiki horien silbestrismo jarduera baimentzen zuen aurreko irizpidea. Hala, erantzun egin dio Arartekoak hasitako ofiziozko jarduerari. Arartekoak jarduera hori hasi du basa-hegaztien kontserbazioaren inguruko 2009/147/CE Zuzentarauan aurreikusitako hegazti fringilidoak kopuru txikietan hartzeko salbuespen-araubidea eraginkortasunez betearazteko.
Horrela, erreklamazio horiek eta horiek kudeatzean sortutako kontrastea ingurumen-kontrolean esku hartzen duten erakunde eta profesional desberdinen arteko lankidetza-eredutzat hartu dira, ingurumen-legeriaren onurak maximizatzeko helburuan aurrera egiteko.
1. Arloa kopurutan
Aurten 65 kexa-espediente kudeatu dira sail honetan eta honakoa izan da eragindako administrazioen araberako banaketa:
• Foru administrazioa 29
• Tokiko administrazioa 14
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 7
Azpiarloen araberako banaketari erreparatuz gero, honela sailkatuko litzateke:
• Garraioak 21
• Herri lanak eta azpiegiturak 20
• Administrazioaren funtzionamendua eta
prozedura administratiboa 9
• Obrak egitea 5
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta
administrazio erantzukizuna 5
• Nahitaezko desjabetzea 4
• Beste alderdi batzuk 1
Ekitaldiaren itxieran, sailean jasotako kexen estatistika-informazioa ondorengoa litzateke:
Laburbilduz, aurreko urtean jasotako kexa kopuruarekin alderatuta, ekitaldi honetan mantendu egin da kexa kopurua. Ohikoa den bezala, nabarmentzekoak dira garraio publikoa izeneko azpiatalari dagozkion kexak, baita obra publikoak blokeari dagozkionak ere, bere alderdi ezberdinetan, besteak beste obren egikaritzea, proiektuak idaztea eta horiekin loturiko beste alderdi batzuk, diseinua eta errepide publikoen ibilbidea, besteak beste. Aipamen berezia merezi dute urbanizazio zaharretako espazio publikoen irisgarritasunari loturiko eskariek. Nahiz eta planteatu diren kasuak urriak izan diren, lursailen nahitaezko desjabetzeari buruzko kexak ere aipatu egin behar dira. Kexa horiek behin-behineko eta behin betiko okupazioen inguruan egin dira, hain zuzen ere esku-hartze horiek direla-eta espedientea behar bezala izapidetu ezin delako kalteak sortu eta ondorioak egon direlako.
Jaso ditugun kexen izapidetzearen egoera arrazoizkoa da, izan ere, gutxi gorabehera jaso ditugun kexen bi herenetan gure jarduketak amaitu ditugulako, eta amaitzeke daudenak, batez ere, laugarren hiruhilekoan jasotako kexen jarduketa-faseak direlako. Beste kexa batzuen kasuan ordea, arazoa da ez dugula administrazioaren erantzunik jaso edo erantzuna jaso baldin badugu ere, oraindik baloratzeke dagoela. Orokorrean, jarduketa desegoki bat egon dela ikusi dugun kasuetan, administrazio publikoen erantzuna arrazoizkoa izan da eta helarazi ditugun gogoetak kontuan hartuak izan dira, baina hala ere adierazi beharra dago izapidetutako zenbait gomendio ez direla onetsiak izan.
Bestalde, berriz ere nabarmendu behar da administrazio publikoei loturiko esku-hartzeen lehenengo arrazoia administrazioaren isiltasuna izan dela, hain zuzen ere erantzun edo jarduketa zehatzen bat eskatzen den eskariei dagokienez.
2. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan, urte honetako jarduera islatzeko, izapidetu ditugun kexa azpimarragarrienen laburpen bat egingo dugu, eta bereziki aipatuko ditugu gomendio edo ondorioen idazki baten xede izan direnak. Kexak azpiatal materialei jarraiki multzokatuko dira, jarraian xehatuko ditugun epigrafeen arabera.
2.1. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Gai honi dagokionez ez dago berririk, eta kexak gauzatzeko arrazoi nagusiak berriz ere administrazio publiko ezberdinek kexagileek izapidetutako eskariei erantzunik ez ematea, eta eskari bat aurkezten dutenek administrazioaren aldetik jasotako arrazoirik eza edo behar ez besteko arrazoiak jasotzea izan dira.
Bestalde, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta interesatu nolakotasuna gauzatzeko zailtasunei edota legezko interesa egiaztatzeko beharrizanari lotutako kexak egon dira berriz ere, baita administrazioren zenbait informazio jasotzeari buruzkoak ere.
Pertsona orok du informazio publikoa lortzeko eskubidea; hau da, administrazioarenak diren eduki edo dokumentuak lortzeko eskubidea, formatua edo euskarria edozein delarik, Gardentasun, informazio publikoa lortzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 12. eta 13. artikuluen arabera, beti ere Legeak berak zehazten dituen mugak errespetatuz; muga horiek behar bezala azaldu beharko dira ezesteko oinarri bezala erabiltzen direnean.
Indarrean dagoen Legearen arabera, eskatzailea ez dago behartuta informazioa zergatik eskuratu nahi duen azaltzera. Beraz, eskatzaileak azalpenak eman ez izana bakarrik ezin da erabili eskaera ukatzeko arrazoi gisa (Legearen 17.3. artikulua). Kasuan kasu, eskatu den informazioa eskuratzeko baimena eman edo ukatzen duen ebazpenaren berri, ebazpena ematen duen organoak eman beharko dio eskatzaileari, eskaria jasotzen duenetik hilabeteko epean (Legearen 20. artikulua).
Erakunde honek esku hartu duen beste zenbait kexen arrazoia honako hau izan da: Arabako Administrazio Batzarretan eskariak aurkezteko edota zerbitzu orokorrak lortzeko oztopoek eragindako arazoak. Erakunde horien administrazio egituran, orokorrean ez dago publikoari zuzendutako bulegorik, eta hori dela-eta, zenbaitetan ez dute sistema eraginkorrik beraien betebeharrak modu egokian bete ahal izateko. Herri-administrazio oro dago behartuta erregistroa irekita egongo den egunen eta orduen berri ematera, betiere, bizilagunek dokumentuak aurkezteko duten eskubidea bermatuz (Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 eta 31. artikuluak). Nahiz eta kontzejuek normalean ez duten publikoari zuzendutako bulegorik, legezko betebeharra dute oinarrizko eskubide hori betearazteko sistema eraginkor bat zehazteko, beharrezko bitartekariak eskuragarri jarriz (fede-emaileak edo Batzordeko presidenteak etxean entregatzea adibidez, edo beste bitarteko egokiren bat, entregatzeko egun eta orduak zehaztuz). Ezartzeko dagoen erregistro elektroniko orokorra (2017ko urriaren 2an martxan jarriko dena), eta ezarpen horrek Kontzejuei eragingo dizkien zailtasun gehigarriak albo batera utzi gabe, publikoari zuzendutako bulegoetan dokumentuak entregatzeko eskubidea izateaz gain, hiritarrek eskubidea dute dokumentazioa Posta Zerbitzu bidez aurkezteko, eta kasu horietan, Administrazioa behartuta egongo da gutunak behar bezala jaso eta erregistro orokorrean erregistratzera.
Ildo horretan, 2016ko abuztuaren 22ko Arartekoaren Ebazpena bidali da. Horren bidez, Mezkiako Batzorde Administratiboari gomendatu zitzaion lursail pribatuen okupazioa legeztatzeko. Gomendio hori ez da onartua izan.
2.2. Herri lanak eta azpiegiturak
Atal honetan, gehienbat azpiegituren mantenu eta kontserbazioari loturiko kontuak planteatu dira, eta horrez gain, gaur egun eskatzen diren parametro eta beharrizanak betetzen ez dituzten eta nolabaiteko antzinakotasuna duten urbanizazioak berritu eta eguneratzeari buruzko eskariak ere jaso dira.
Hala, errepideei dagokienez, foru-errepide batean ezbeharrei aurre egiteko neurri egokiak egotea zalantzan jarri zuen pertsona batek. Foru aldundiak beraien lurraldetik igarotzen diren errepideen titularrak dira eta era berean, errepideak mantentzeko eta kontserbatzeko ardura dute. Ertzaintza, bere aldetik, segurtasunaren arduraduna da. Hala, erakunde horiek, bakoitzak bere eskumenen testuinguruan eta koordinazio egokiarekin, beharrezkoak diren zaintza-neurriak hartu behar dituzte zirkulazio-arauak betetzen direla bermatzeko, baita zirkulazioan eragina duten beste jarduketa batzuk betetzen direla bermatzeko ere. Termino aritmetikoetan, biktimak dituen trafikoko istripu bakar bat beti da larria istripua eduki duen pertsonarentzat eta horren ingurukoentzat. Ezbehar-tasaren balioak, ordea, kalkuluak, indizeak eta baldintzak kontuan hartzen dituen estatistika zehatz batzuen arabera neurtzen dira. Horri esker, aurretik ezarritako parametroen arabera, modu objektiboan zehaztu ahal izaten da errepide batean gertatutako istripu kopurua ezohikoa den edo ez.
Bestalde, erabiltzaileek errepideetan jarritako seinaleztapena ere zalantzan jartzen dute,kasu batzuetan urria delako eta beste batzuetan ordea, gehiegizkoa. Horri buruz aipatu behar da errepideen seinaleztapenaren diseinua eta ezarpena zehazten duten zenbait irizpide tekniko daudela. Hala, seinaleak errepidearen ezaugarrien arabera (autobidea, errepide arrunta, etab), errepidearen diseinuaren arabera (bihurguneak, zirkulazio-norabide batean bide bat baino gehiago egotea, etab) eta beste egoera batzuen arabera jarri behar dira, besteak beste ezarriko diren eremuko trafiko dentsitatea.
Oinezkoen irisgarritasunari ez ezik, ibilgailuen irisgarritasunari loturiko arazo larriak dituzten urbanizazioak berritzeko eskariaren irtenbideak konplexuak dira; horren arrazoiak, alde batetik, gure udalerrietako egoera orografikoa eta beste alde batetik, aurreko garaietan hirigintza egikaritzeko modua dela-eta jada jalkinez beteta dauden eta urritasunak dituzten urbanizazio kopuru nabarmena dira.
Edonola ere, eremu horietako hirigintzaren hobekuntza eta egokitzapena sustatzeko ekimen pribatua alde batera utzi gabe (errotutako urbanizazioetan nekez gertatu daiteke hori), ezin da ahaztu hirigintza onura publikoko funtzio baten gisara eratzen dela eta, hiri birgaitze eta eraberritzeari buruzko politika gaietan Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen arrazoi-azalpenak berak adierazi bezala, laguntza berezia eta bereizketa positiboko neurrien beharra duten eremuei administrazio publikoek arreta berezia eskaintzeko eskatzen da, finantza-euskarria eta beste baliabide batzuk jarriz hirigintza esku-hartzeen kudeaketan eraginkortasun handiagoa lortzeko helburuarekin. Laburbilduz, errealitate horri aurre egiteko udal-administrazioek hainbat jarduketa egin behar dituzte, ekimen pribatua bultzatzeko finantza-sustapenetik hasi eta mota horretako urbanizazioak hobetu eta egokitzea sustatzen duten jarduketa publikoetaraino.
Irisgarritasunaren arazoari dagokionez, beharrezkoa da Irisgarritasuna sustatzeari buruzko abenduaren 4ko 20/1997 Legeari erreferentzia egitea. Legearen 13. artikuluak “Irisgarritasunaren sustapena” jorratzen du. Hala, hiri-eremu eta espazio publikoen irisgarritasuna bermatzeko udalek lau urteko egitarauak egingo dituztenaren aurreikuspena zehazten da. Horrenbestez, udalek jarduketa-plan bat eduki behar dute eta plan horretan zenbatuta jaso behar dira, beste batzuen artean, egokitzapena behar duten kanpoko eremuak, ekonomia eta finantza programa batekin batera. Programa horrek beharrak zenbatu eta jarduerak lehenetsi behar ditu eta, aurrekontu-baliabideen arabera, esku-hartzeak programatu behar ditu.
Arlo horretan behar asko daude, eta baliabide publikoak beti dira urriak. Hala ere, hori ezin da izan programazio bat egoteko oztopoa; programazio horri esker, administrazio publikoek mota horietako proiektuak egikaritzeko denboran zehar dituzten lehentasunak jakin eta zehazten dituzte. Era berean, kaltetutako bizilagunei aurreikuspen horien berri eman beharko zaie.
Beste azpiegitura batzuk egikaritzeari dagokionez, kexa bat jaso dugu urbanizazio berri batera doan zubi batean dagoen ibilgailu-nolakotasunaren inguruan. Orokorrean, hirigintza ordenazioa ezartzerako orduan, udalak behartuta daude sistema orokorren zuzkidura-sareak zehaztera; horien funtzioek eta zerbitzuek udalerria egituratzeko balio behar dute, hau da, gune berriak hiri-bilbean sartuta geratu behar dira. Horrez gain, mota horretako azpiegitura bat egikaritzeko, indarrean dagoen planteamenduan beharrezko euskarria behar da. Hala, jarduketa aurreikusita dagoenean, ezin izango da edukia berrikusi.
Bukatzeko, errepideen bide berrien azpiegituren eskaria eta lurzoru urbanizaezinean daudenak hobetzeko eskaria aipatu behar ditugu. Bide berri bat egiteko lursailak eskuratu behar direnean, udalak ezin du esku hartu mota horretako lurzoruetan, ez zuzenean ezta hirugarren baten onuran ere, hirigintza-legerian jasotako aurreikuspen murriztaile (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 28.5 artikulua) edo nahitaezko desjabetzeak salbu. Lursail pribatuetarako irisgarritasuna hobetzea helburutzat duten jarduketei dagokienez, zaila da mota horretako proiektuen interes publiko edo soziala justifikatzea. Pertsona bat bizi den etxea kokatuta dagoen lurzorua urbanizagarria ez den lurrean egoteak, udalak bermatu behar dituen zerbitzu publikoen eskubideak osatzen ditu. Lurzoru mota horretan, prestazioak jabeen kontura dira (Legearen 28.4 d) artikulua), eta horiek dira zerbitzu publikoak amaitzen diren puntuetan beharrezko azpiegitura eta instalazioak gauzatu behar dituztenak edo euren konturako instalazioak bermatu behar dituztenak (ur horniketaren sare orokorretiko hargunetik, hobi septikotik edo kasu honetan bezala asfaltatutako errepidetik doan adarra, etab.). Baina aurrekoa ez da oztopoa izan behar udalek, laguntza edo diru-laguntzen bitartez landa-ingurunearen eta beraien bizilagunen hobekuntza sustatzeko.
2.3. Ondarea
Arlo honetan, oraindik ere eztabaidak daude jabari publikoaren eta bere kudeaketaren inguruan. Zehazki esanda, kanpoaldean dauden plaza publikoen egoera txarrak lur-azpian dauden garaje pribatuei eragindako kalteei buruzko kexak izapidetu dira. Egoera hori udalerri askotan gertatzen da, eta eztabaida konplexuak sortzen dira horren ardura norena den zehaztean, edo horien kontserbazioa gauzatzeko beharrezko gastua nola banatu erabakitzean. Arartekoak zenbait irizpide nabarmendu ditu, haren iritziz irabazi asmoko lur-azpiko espazioa eta kanpoaldean erabilera publikoko espazioa duten eremu horietan sortutako gastuak banatzerako orduan egokiak liratekeenak. Hala, besteren jabetza baten erabilpen-eskubideetan udal administrazioak dituen betebeharrak, teilatuaren helburu publikoari arreta emateko eraikuntza-elementu eta hiri-tresneriari dagozkionak dira. Zentzu horretan, teilatuaren azpian dauden iragazgaizte eta gainontzeko eraikuntza elementuak soil-soilik irabazteko aprobetxamendu pribatua jasotzen duenaren ardurakoak izango dira, hau da, kaltetutako jabeen erkidegoenak.
Kontu horri buruzko ñabardura edo zehaztapen bakarra Bermeoko Udalari zuzendutako gure 2010eko abuztuaren 31ko gomendioan aipatu genuen. Hala, mota horretako eraikinen eraikuntza-ezaugarriak medio (asko eta asko hirurogeita hamargarren hamarkadakoak) zeintzuen iragazgaizte sistemak hamar edo hamabost urtean behin berritu behar diren, garajeetako jabeak arduratu behar dira epe mugagabean zolaketa berritzeaz, berritzea kontserbazioaren egoera dela-eta sortu ez denean, baizik eta iragazgaiztean jarduteko zolaketa altxatu behar denean. Horregatik, irabazteko aprobetxamenduen jabeen eta espazio publiko baten erabileraren zortasunaren onuradun den administrazioaren artean dauden elkarrekiko harremanak, fede on eta berdintasun printzipioen arabera ezartzearen alde egiten da. Harreman horiek gainera, etorkizunean alderdi bien eskubide eta betebeharrak arautzeko irizpide eta parametroak izan behar dituzte.
Bestalde, ondare publikoari dagokionez, ondasun publikoen kudeaketa desegokiaren planteamenduari jarraipena eman zaio udalen lursail-mailan, ondasun publikoak pribatuetatik mugatzean, egoera juridikoa araztean, inbentarioan eta jabego erregistroan sartzean, etab. Edozein obra egikaritu aurretik, dagokion proiektuaren zuinketak ez du zalantzarik utziko kaltetutako lursailen erabilgarritasun eraginkorrari dagokionez. Edonola ere, kaltetutako lursailaren edo mugakideen inguruko titulartasunari buruz dudak daudenean, Administrazioaren betebeharra da espediente kontrajarria izapidetzea. Hala, kaltetuei lursailaren titulartasunaren inguruan jasotako proben berri emango zaie, eta ebazpen-proposamena idatzi aurretik egitea egokitzat jotzen diren beste batzuen berri ere emango zaie (39/2015 Legearen 77. eta 82. artikuluak). Espediente horiek izapidetzeko, ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuak onetsitako Toki Erakundeen Ondasunen Araudiaren 56. artikuluan eta ondorengoetan zehaztutakoa oinarri hartu behar dira. Artikulu horietan zehazten da udalaren eta partikularren ondasunen mugaketa sustatu eta egikaritzeko eskumena, zeinaren mugak zehaztu gabeak izan ziren edo usurpazio zantzuak egon ziren.
2.4. Desjabetzea
Gai horri dagokionez, behin-behineko okupazioa aurreikusitakoa baino gehiago luzatu den kasuetan, dagozkion kalte-ordainak kobratzeko egon diren zailtasunak salatu dira. Hau da, kaltetuei eman beharreko konpentsazioen zenbatekoa hasiera batean aurreikusitako aldiarekin bat ez datorrenean gertatutako arazoak. Aurretik okupatu beharreko azalera eta okupazioaren iraupena zehaztu ezin direnean, Legearen aurreikuspenen arabera zenbateko finko nahikoa zehaztu daiteke, eta bere garaian, behin betiko zenbatekoa ere zehaztu ahal izango da (Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 114. artikulua). Beraz, okupazioaren behin-behineko aurreikuspenak betetzen ez direnean, desjabetzea gauzatzen duen Administrazioak berrikusi beharko du hasiera batean xedatutako prezioa.
Bestalde, 2.1. atalean aipatu den Mezkiako Administrazio Batzordeari bidalitako gomendioan, egitate bidetik lursailak okupatzearen arazoa planteatu da, hau da, beharrezko titulurik izan gabe egindako okupazioen arazoa. Hala, izapidetutako kexan, kexagilearen finkaren zati bat okupatu zela azaltzen da, bere garaian hitzartutako trukatze espedientea gauzatu gabe. Okupazioak gaitze-titulurik ez duenez, egindako ordezko bidea igarotzen den lursailaren zatiaren egitate-okupazioa legeztatzea Administrazio Batzordearen betebeharra da, partzelak biltzeko tituluan agertzen den mugarritutako bidearen ordez.
2.5. Garraioak
Garraioaren arloan, aurreko ekitaldian gertatu zen bezala, 2016. urtean errepidea erabiltzen duten bidaiarien garraio zerbitzua emateari buruzko kexak jorratu dira gehienbat, bai hiriko baita hiriarteko zerbitzuei dagokienez ere. Arlo honetako kexak, erkidegoko hiru lurraldeetako hiriarteko lineetan ohiko garraioaren kontzesioen berritzeagatik sortu diren disfuntzioen ingurukoak izan dira.
Hala, Erakundeak salaketa berriak jaso ditu Zarautzeko udalerriko geldialdi berria txertatu den Gipuzkoako lineako hiriarteko garraioaren funtzionamenduan sortutako zailtasunen inguruan. Kexagileek adierazi dute atzerapenak sortzen direla aurretik ibilbidean leku batetik bestera zuzenean ematen zen zerbitzuan, desbideratzerik gabe alegia.
Horri buruz, gogoratu behar dugu Foru Aldundiek aukerako ahalmena dutela linearen ibilbide zehatza ezartzeko. Horrek esan nahi du, linearen ibilbidea zehazteko planteatu daitezkeen aukera ezberdinen artean, horietako edozein hautatzeko ahalmena dutela Foru Erakundeek. Beraz, azkenean, ibilbide zehatza aukera, irizpide tekniko eta ekonomikoen arabera hitzartuko da.
Era berean, enpresa emakidadunak zerbitzua kudeatu behar du, dituen arrisku eta ustekabeekin, eta zerbitzua antolatzeko eta emateko betebeharra dauka, kontratuan ezarritako ezaugarriei hertsiki helduz, bai eta kontratuan adierazitako epeen barruan ere. Edonola ere, poliziaren beharrezko botereak dauzka Administrazioak, kasu bakoitzean esku artean dituen zerbitzuak ondo ematen direla ziurtatzeko.
Zerbitzuaren hobekuntza eta hiriarteko garraio linearen bateko gidatzearen segurtasuna ere azaldu dira kexetan. Hala, kexagile batek autobusean egiten den ibilbide bati buruzko kexa aurkeztu zuen, puntako orduan erabiltzaileak zutik joan behar izaten direlako, eta horri autobusak joaten diren abiadura gehituz gero, bidaiarien segurtasun eta erosotasuna kaltetu egiten dira bere iritziz. Bizkaibusek ibilgailuek abiadura mugak izateko ezarritako neurrien berri eta ibilgailu bakoitzarentzat erabiltzen diren erabiltzaile kopuruaren ratioen berri eman zuen, bai zutik joaten direnenak baita eserita joaten direnenak ere. Edonola ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak adierazi duenez, autobusaren zenbait parametroetan etengabeko kontrola gauzatu ahal izateko, besteak beste, gidatzeari loturiko segurtasunean, adibidez, une edo eremu zehatz bateko abiadura kontrolatzeko, zerbitzuaren enpresa emakidaduna telediagnosi sistema aurrerakoi bat ezartzen ari da. Hala, trafikoko aginte-postutik sistema hori etengabe kudeatuko da eta ustiatzen ari diren ibilgailuak aurrez grabatuz, urrutitik segituan komunikatu ahal izango dira aparteko gorabeheraren bat gertatzen baldin bada. Sistema horri esker, enpesak modu eraginkorragoan kontrolatu ahal izango ditu gidariak eta horrek zerbitzua hobetzea eta seguruagoa izatea ekarriko du.
Horrez gain, kexa asko jasotzen jarraitu dugu AP-1/AP-8 autobideak erabiltzeagatik ezarritako deskontu eta kenketak ez direlako aplikatzen. Zenbait kasutan, deskontuak ez aplikatzean egon diren disfuntzioak zehaztu ahal izan dira, baita kobratzeetan egon diren akatsak ere, eta beharrezko zenbatekoak kalkulatu eta itzuli dira.
A-68 autobideari dagokionez, kexaren batean arrazoitu da diskriminazioa ematen dela tarifak eta kenketak ezberdin ezartzen direlako errepide berean, bi lurraldetatik igarotzen delako hain zuzen ere. Errepide eta zergen arloan Foru Aldundi bakoitzak arautzeko gaitasun osoa onartuta du, Lurralde Historikoen Legearekin bat etorriz eta halabeharrez, hiritarrek zalantzan jartzen dituzten tratamendu ezberdinak sortzen dira. Hala, bizitokiaren arabera autobideetan tarifa ezberdinak aplikatzea eztabaidatzen da, Foru Aldundi bakoitzak diru-laguntza politika ezberdin bat duelako, Foru Erakunde bakoitza titularra den autobide tartearen arabera.
3. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Araubide juridikoaren eta administrazio publikoen funtzionamenduari dagokionez, aurreko ekitaldietan bezala, erakunde honetan izapidetu diren hainbat kexetan errepikatu den arrazoia, aurkezten diren eskariei ematen zaien erantzun falta izan da. Administrazio publikoek jasotzen dituzten eskaerak ebazteko betebeharra dute berariazko ebazpen baten bidez, eta interesdunari hartutako erabakia jakinarazi behar diote dagokion prozedura arautzen duen arauan xedatutako gehienezko epearen barruan (arau horrek gehienezko eperik ezartzen ez duenean, epe hori hiru hilabetekoa izango da). Hala xedatu du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak. Egoki arrazoitutako ebazpen horrek, bestalde, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 88. artikuluan aurreikusitako edukia izan beharko du. Laburbilduz, onartezina da administrazioak erakusten duen gelditasuna eskari bat izapidetzeari uzten dionean, eta ulertzen duenean ez baldin bada erantzuten ezetsitzat ematen dela administrazioaren isiltasunagatik.
Zenbaitetan, administrazioak ez ebaztearen arrazoia gatazketan esku hartzeko zailtasunak direla argudiatu ohi da, edo zuzenean kaltetuak izaten diren gai zehatz batean dauden jarrera kontrajarriak ere ez ebaztearen arrazoia izan ohi dira. Hala ere, Administrazio Publikoek beraien eskumenak erabiltzeko betebeharra dute, eta horretarako esku-hartzeko tresnak dituzte, bizilagunen eguneroko bizitzan sortzen diren beharrei erantzuna emateko, adibidez behar bezala izapidetutako ordenantzen bitartez. Horrez gain, kaltetutako administrazioek (nagusiki tamaina txikiko udalerriek eta batzordeek) argudiatu dute arazoak dituztela neurri arautzaileak ezartzeko, bitarteko gutxi dituztelako.
Bistakoa da Toki Erakundeek dituzten baliabide ekonomiko eta materialak eta langile-baliabideak eskasak direla, bereziki tamaina txikikoen kasuan. Hala ere, Foru Aldundiek laguntza teknikoa eta babesa eskaintzeko funtzioa dute eta beharrezkoa da hori egitea, bereziki derrigorrezko gutxieneko zerbitzuak kudeatzean. Hala, adibidez, Arabako Lurralde Historikoan dauden Batzorde Administratiboei dagokienez aipatu behar da gabezia horiek nolabait arintzeko helburuarekin, Arabako Foru Aldundiak, Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Sailaren bitartez, aholkularitza juridikoa eta laguntza teknikoa eskaini eta ematen diela udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeei, euren eskumenekin lotura zuzena duten arloetan. Aholkularitza eta laguntza horiek Arabako Kontzeju Elkartearen bitartez ere eskura daitezke.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak Foru Aldundiei 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan gutxieneko zerbitzuak kudeatzeko eskumena ematen die. Hala, Aldundiek koordinatzeko eginkizuna eta zerbitzu horiek ematean kalitate-estandarrak ezin hobeak izan daitezen lortzeko eginkizuna dute, kudeaketa partekatuko formula proposamenek izango duten lehentasuna albo batera utzi gabe (97.3 artikulua).
Edonola ere, aurreko ekitaldietan hausnartu ahal izan dugun bezala, udalerri txiki eta kontzejuen lurralde-mailan, gutxieneko administrazio egiturarik ez dagoenez eta bitartekoak urriak direnez, bereziki garrantzitsuak izaten dira bizilagunen arteko harremanak eta bizikidetza-arauen errespetua, bai dagokion Administrazioan karguak dituztenen aldetik, baita lurralde eremuan bizi diren bizilagunen aldetik ere. Ondorio horietarako, komeni da baita ere aipatzea Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak udalerriko biztanleen hiri-betebehar eta -erantzukizunak arautzen dituela, hala nola arduradun politikoei dagozkienak (44. artikulua). Besteak beste, honako erantzukizun hauek jaso ditu legeak:
• Tokiko arauak betetzea eta horiek aplikatzeko laguntza ematea eta horretarako, tokiko agintariak informatzea bizikidetza-arauei dagokienez espazio publikoan izaten den arau-hauste oroz eta zerbitzuak ematea eragozten edo zailtzen duen edo erabiltzaile edo hirugarrenentzat arriskua dakarren edozein anomaliaz.
• Udal-ondarea, azpiegiturak eta udal-zerbitzuak zentzuz eta egoki erabiltzea, eta haiek kontserbatzen eta berreskuratzen laguntzea. Era berean, udal ekipamenduak eta zerbitzu publikoak –bide seinaleak eta hiri-altzariak barne hartuta– errespetatu beharko dituzte, baita haiek berreskuratzen eta kontserbatzen lagundu ere.
• Espazio publikoan herritarren bizikidetzarako arauak errespetatzea, eta, era berean, beste pertsonen eskubideak ere errespetatzea.
Araudi hori Administrazioak hiritarrekin duen harremanaren jarduketa-testuingurutzat hartu behar da, eta ez da eragozpena izan behar azpimarratzeko nahiz eta eskala txikian eta beharrezkoa denean kanpoko bitartekoen laguntza izanez, beharrezko esfortzuak egin behar direla erakunde guztientzat berdinak diren oinarrizko prestazioak betetzeko, kaltetutako Administrazioaren tamaina edonolakoa izanda ere.
Obra publiko eta azpiegiturei dagokienez, urte honetan jasotako hainbat kexen bitartez eskatu da nolabaiteko antzinatasuna duten urbanizazioetan hobekuntzak egiteko. Horretarako, arrazoitu dute bide horiek indarrean dagoen arautegira ez direla egokitzen irisgarritasunari dagokionez, eta egituraren elementu batzuk kontserbatzen ez direnez, pertsona eta ondasunentzat arriskutsuak direla.
Horri buruz, lehenik eta behin aipatu behar da udalek beharra dutela azpiegitura horien segurtasun-baldintzak ziurtatzeko, eremu zehatz batean bizi direnen duda edo ezinegonak ahalik eta azkarren argituak izan daitezen. Bigarrenik, adierazi behar de udalerriek aukerako ahalmena dutela beraien eskumeneko zerbitzuak emateko eta eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak dauden beharrei esleitzeko, ezartzen dituzten lehentasunen arabera. Hala ere, beharrezkoa da azpimarratzea zenbait zerbitzu ematea derrigorrezkoa dela. Hain zuzen ere, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 17. artikuluak udalen berezko eskumenen zerrenda luze bat definitu arren, udalek kontuan hartu behar dute Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 26. artikuluak nahitaez eman behar diren zerbitzu gisa ezartzen dituenak. Besteak beste, kasu honetan nabarmendu behar direnak udalerri guztiek eman beharreko derrigorrezko zerbitzuak dira, bide publikoak zolatzea eta herriguneetarako sarbidea, alegia. Bukatzeko, abenduaren 4ko 20/1997 Legearekin bat eginez, irisgarritasuna sustatzeko urbanizazioaren egoera baloratu beharko litzateke ikuspuntu honetatik, hain zuzen ere irisgarritasuna hobetzeko ezinbestekoak eta arrazoizkoak diren neurriak hartu ahal izateko. Arauak berak irisgarritasuna hobetzeko arrazoizkoak diren irtenbideak aurreikusten ditu, hain zuzen ere topografia arrazoiak gorabehera eta legez aurreikusitako zehaztasun guztiak betetzea zaila denean, beti ere hartutako irtenbidea behar bezala justifikatuta geratzen denean (apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren II. eranskineko 3.2.3. atala. Horren bitartez, hiri-eremu, espazio publiko, eraikin, informazio- eta komunikazio-sistemen irisgarritasunari buruzko arau teknikoak onetsi dira).
Hitz batez, alderdi horiek guztiak, eta jarduketaren kostuak eta esku-hartzeak eragingo lituzkeen onuradunak kontuan hartu beharko lituzkete udalek aurrekontu-ekitaldi bakoitzean baliabide ekonomikoen lehentasun-ordena ezartzerako orduan. Kasuan kasu, ezinbestekoa da Administrazioak behar bezala erantzuna ematea kaltetuei, egikarituko dituzten proiektuak aukeratzeko erabili dituzten irizpideak jakinaraziz hain zuzen ere.
Aurreko gogoeten ildoari jarraiki, herritarren parte-hartzea gehitzeko aurreikuspen berrien testuinguruan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 79. artikuluan ezartzen denez, toki-erakundeek kontsulta edo deliberazio publikoko prozesuak abiarazi ahal izango dituzte, gastuaren inguruko erabaki edo alderdi puntual batzuk definitze aldera erakundea hurrengo urteko aurrekontuak prestatzen hasi behar denean. Horrela, herritarrek inbertsioetako udal politika definitzen duten irizpideak ezagutuko lituzkete, eta, hala badagokio, egikaritu beharreko proiektuak erabakitzean lagundu.
Kexa espedienteren baten ebazpenean, hain zuzen ere, prozesu parte-hartzaile bat ireki izanaren praktika onaren berri izan dugu, zehazki bizilagunen elkarteen bitartez aurrera eraman zena. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 72. artikuluan jasotzen den praktika da, Udalbatzaren kudeaketan bizilagunen interesak defendatzeko toki erakundeek elkarteen parte-hartzea sustatzea aurreikusten duelako. Elkarteen parte-hartzea albo batera utzi gabe, interesgarria litzateke ekarpenak egiteko prest dagoen edozein bizilaguni parte hartzeko prozesuan esku hartzeko aukera ematea.
Azkenik, garraio publikoari buruzko hausnarketa txiki bat. Gai honi buruzko politika publikoak hiritarrentzat efizientea eta eraginkorra den garraio-sistema publiko bat eskuragarri jartzera bideratuta egon behar dira, eguneroko joan-etorrietan erabiltzaileen mugikortasuna hobetuko duena alegia. Zentzu horretan, kontuan harturik lurralde berean garraiobide eta agintaritza arduradun ezberdinak daudela, nahitaez azpimarratu behar da publikoarentzat jartzen diren bitartekoen arteko koordinazioa eta elkarreragingarritasuna behar direla. Hala, zerbitzuen kalitatea hobetuko da eta garraio publikoa geroz eta jende gehiagok erabiltzea lortuko da, beste mota bateko garraiobide pribatuen erabilera gutxituko delarik.
Beste ekitaldi batzuetan adierazi dugun bezala, elkarreragingarritasuna hobetzeko esfortzu handiak egin dira, garraiorako txartel bakarra ezarri ahal izateko. Hau da, Autonomia Erkidegoko garraiobide publiko guztietan kontaktu txartel guztiak erabili ahal izateko, eta hori erabiltzaileentzat onuragarria da. Hala ere, urtez urte azpimarratzen ari garen bezala, geroz eta iraunkorragoa den hiri bat lortu ahal izateko, mugikortasun orokorra planifikatzean aurrerakuntzak egin behar dira. Hau da, garraio publikoko bitarteko ezberdinak konbinatu behar dira eta hala, sistema geroz eta balizko erabiltzaile gehiagora iritsiko da. Horrek aurrerapenak egotea eskatzen du adibidez ibilbideen iraupenak murriztuz, geldialdi-ordutegiak eta maiztasunak gehituz, hirira iristeko bitarteko ezberdinen ordutegiak koordinatuz (trenaren eta hiri barneko autobusaren ordutegiak adibidez), etab. Hori lortzeko, ezinbestekoa da gai horretan eskumenak dituzten administrazio publiko guztiak modu koordinatuan inplikatzea.
1. Arloa kopurutan
2016an, 38 kexa-espediente jaso dira arlo honetan, alegia, erakundeak ekitaldi honetan zehar jaso dituen kexa guztien %1,76.
Kexa horiek honako administrazio hauei dagozkie:
• Autonomia Erkidegoko administrazio orokorra
(Eusko Jaurlaritza) 12
• Foru administrazioa 5
• Tokiko administrazioa 1
Azpiarloak, berriz, honakoak izan dira:
• Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak 16
• Merkataritza, turismoa eta kontsumoa 9
• Administrazioaren funtzionamendua eta
administrazioaren prozedura 8
• Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria 2
• Energiaz (elektrizitatea eta gasa) hornitzeko zerbitzuak 1
• Telefonia zerbitzuak 1
• Beste alderdi batzuk 1
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria
Arlo honi dagokionez, ekitaldi honetan azpimarratzekoak dira ohiko okupazioko etxebizitzetan leihoak ordezkatzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko jarraitu zen prozeduraren inguruko kexak, erakunde honek jaso dituenak. Hain zuzen, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) argitaratu du laguntza horiei buruzko deialdia.
Izan ere, kexa horien bidez, aurreikusitako diru-saila deialdia argitaratu eta handik hiru egunera agortu izana salatu da, diru-laguntzak emateko irizpidea –eskaerak onartzeko erregistro berezian ezarritako ordena oinarri hartu izana–, baita Energiaren Euskal Erakundeak beharrezko dokumentu guztiak ez zituzten eskaerak onartu izana ere.
Lehenik eta behin, esan beharra dago laguntzak emateko erabakia arautua dela. Horrek esan nahi du, aplikagarria den araudiak ezartzen duenez, erabaki hura hartu aurretik, laguntzak emateko oinarrietan ezarritako arauak onartu behar direla. Gainera, oinarriak dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar dira.
Kasu honetan, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak 2015eko abuztuaren 7an emandako ebazpenaren bidez (EHAA, 169/2015 zk., irailaren 7koa) argitaratu zen ohiko okupazioko etxebizitzetan leihoak ordezkatzeko inbertsioetarako 2015. urteko laguntzen deialdia.
Oinarrietako 3. atalean, honako hau ezarri da: “Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian (aurrerantzean EHAA) oinarri hauen iragarkia argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da diru-laguntza programa honetara eskabideak aurkezteko epea, eta programari esleitutako diru-saila agortu arte zabalik egongo da”. Gainera, adierazi zen EEEko web orrian emango zela aurrekontua agortzearen berri.
Era berean, hauxe aipatu zen: “diru-laguntza eskabide osoak aurkeztuta eta bideratzen egongo diren arren, bazter egingo dira, baldin eta esleitutako aurrekontua amaitzen bada, EEEko zuzendari nagusiak emango dituen ebazpenen bidez.” Hain zuzen ere, 2015eko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez (EHAA, 182/2015 zk.), diru-laguntzak emateko aurrekontua agortu egin zela jakinarazi da.
Oinarrietako 8. atalean laguntzak eskatzeko prozedura ezarri zen eta interesatuek aurkeztu beharreko dokumentuak zehaztu ziren. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat, 9. atalak aipatzen zuenez, eskabidea osatu gabe aurkeztuz gero edo akatsak egonez gero, eskatzaileak 10 laneguneko epea izango zuen horiek zuzentzeko, komunikazioa jaso zen egunetik zenbatzen hasita.
Bukatzeko, diru-laguntzak jasotzeko eskabideak ebazteari dagokionez, adierazi zen prozedura hori lehia edo konkurrentzia jarraitua izango zela, eta, beraz, eskabideak aurkezten ziren hurrenkeraren edo ordenaren arabera aztertu eta bideratuko zirela espedienteak, eta modu egokian formulatuak eta beteak egongo ziren heinean eta hurrenkeran bideratuko zirela.
Hori guztia dela eta, sektore publikoaren sustapena eratzen duten publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun eta berdintasunaren printzipio orokorrak bete zirela eta erakunde honek esku hartzeko aukera guztiak agortu zituela kontuan hartuta, Arartekoak amaitutzat jo zuen bere jarduera.
2.2. Merkataritza, turismoa eta kontsumoa
Aurreko urteetan bezala, atal honetan jasotako kexa gehienak enpresa pribatuen jardunari buruzkoak izan dira; baina euskal administrazio publikorik tartean egon ez denez, erakunde honek ezin du arlo horretan esku hartu. Ekitaldi honetan, aipatu behar da nabarmen jaitsi dela telefonia-enpresen jardunari buruzko kexen kopurua.
Oro har, mahai gainean jarritako gai zehatzaren inguruan egoki iritzitako informazioa kexa horiek aurkeztu zituzten interesatuei helarazteaz gain, jakinarazi diegu Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak eta Kontsumobide direla kexa horiek izapidetzeaz arduratzen direnak eta, legeak hala aginduta, une honetan, gure esku hartzeko ahalmena jarduerak ordenamendu juridikoarekin bat etortzen ote diren aztertzera mugatzen dela.
Bulego hauetara bidali diren pertsonetako batek gehiegizkotzat jo du higiezinen agenteek etxebizitza bat alokatzeagatik errentariari komisioa kobratzea, zerbitzua eskatzen duena errentatzailea denean. Gainera, jakinarazi da higiezinen zerbitzuen bitartekarien esku-hartzea batzuetan ez dela nahitaezkoa, hain zuzen, errentatzaileak zerbitzuak dagoeneko kontratatu dituenean. Hala ere, gehienetan, errentariak ezin izaten du komisioa ordaintzea saihestu, zerbitzuaren prezioa negoziatu ez duen arren, eta azkenean, ordaindu egiten du.
Kontu horri dagokionez, jakinarazi da, halaber, higiezinen bitartekaritza ohiz kanpoko kontratua dela, ez formala, adostasunez eta kostu bidez gauzatua, merkatu-askatasuna eta lehia librea babesteko legeriak arautua, higiezinen agentzia dagoen tokia, bere usadio eta ohiturak, etxebizitzaren ezaugarriak eta kokapena, baita emandako zerbitzuak ere aintzat hartuta. Hori dela eta, legearen ikuspuntu hutsetik, bitartekariaren jardunaren prezioari dagokionez, legeak ez du argibiderik ematen eta ez du arautzen zerbitzu horiek nori kobratu behar zaizkion; halakoetan, enpresari edo profesional baten eta kontsumitzaile baten arteko kontratua dugunean, kasu honetan gertatzen den bezala, kontsumitzailea babesteko berariazko araudia aplikatu behar da, eta horren arabera, higiezinen agentziek ematen duten zerbitzuaren ezaugarriak aldez aurretik aditzera eman baino ez dute egin behar.
Kontsumobiden kontsumo arloko erreklamazio bat bideratzeko modua dela eta, herritar batek desadostasuna helarazi zion Arartekoari. Azaldu zuenez, ahoz jakinarazi zioten planteatu zuen kontuak konponbide bakarra zuela: zigor ekonomikoa, baina ez zioten eman bere erreklamazioa izapidetzeko moduari eta izapidetze-egoerari buruzko oinarrizko informaziorik; hortaz, zalantzan jartzen zituen bai Kontsumobide egoteko arrazoia, baita esleitu zitzaion ahalmenak ere.
Institutuaren laguntza eskatuta, jakinarazi ziguten konponbidea bitartekotzaren bidez aurkitzen saiatu izan zirela baina ez zutela lortu; gainera, enpresaren jokabidean arau-hauste administratiborik egon ote zen aztertu zuten, eta azkenean, erreklamazioa artxiboan gorde zuten.
Jasotako erantzuna ikusita, Arartekoak jakinarazi zion kexagileari zigortzeko prozedura ofizioz abian jartzen den horietakoa zela, ez interesdunak hala eskatuta, eta ustez legez kanpokoak diren gertakari batzuen berri administrazioari ematea zela salaketaren ondorio bakarra, administrazioak jardun ikertzailea eta zigortzailea abian jartzeko.
Era berean, jakinarazi genion halako prozeduretan, oro har, salatzaileak ez dauka interesdun gisa parte hartzeko ahalmenik, hala xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 34.4 artikuluak; hau da, salaketak berak, besterik gabe, ez du bihurtzen salatzailea interesatu zigor-jardunbidean, horrek honako eskubide hauek baino ez baititu, oro har: organo eskudunak jardunbidea irekiko duen edo ez jakitea, eta, hala badagokio, jardunbide horri amaiera emango dion ebazpenaren berri jasotzea.
Hori dela eta, jasotako informazioa ikusita, Arartekoak ez zuen irregulartasunik antzeman, kexaren alderdi horri dagokionez.
Pertsona batek Arartekora jo zuen honako hau adierazteko: Eroski denda batean bere audiofonoa galdu ondoren, jakin zuen segurtasun-zaintzaile batek aurkitu zuela eta beste pertsona bati eman ziola, berea zela egiaztatzeko eskatu gabe. Horregatik, herritarrak Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Sailera jo zuen eta kontsumoko arbitrajea eskatu zuen, merkataritza-establezimenduak aparatuaren balioaren zenbatekoa ordaintzea lortzeko asmoz.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 3.1 artikuluak ezartzen du kontsumitzaile-erabiltzailearen definizioa:
“Lege honen ondorioetarako, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak honako hauek dira: edozein nazionalitate edo bizileku duten pertsona fisikoak edo juridikoak, ondasun higigarriak edo higiezinak, produktuak edo zerbitzuak azken hartzaile gisa eskuratzen, erabiltzen edo baliatzen dituztenak, baldin eta hornitzailea enpresa bat edo profesional bat bada, edota Administrazioa bera bada, zerbitzuak egitean edo produktuak hornitzean zuzenbide pribatuko erregimenean arituta”.Hau da, egintza juridiko baten bitartez, kostu bidez edo doan ondasun edo zerbitzuak amaierako hartzaile gisa erosten, gozatzen edo erabiltzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiak (gizonak, emakumeak, entitateak, erakundeak, enpresak) dira kontsumitzaileak.
Hori dela eta, kontsumo-harremana eta, gatazkak sortzen direnean, horiek ebazteko judizioz kanpoko prozedura –kontsumoko arbitrajea– ondasun, produktu edo zerbitzu horiek eskaintzen dituzten enpresen eta produktu edo zerbitzu horiek erosten edo erabiltzen dituzten kontsumitzaileen artean baino ezin da sortu. Horregatik, hain zuzen ere, kontsumorako eskubideak ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanen funtsezko alderdiak arautzen ditu:
• Osasuna babesteko, kalitate oneko bizitza izateko, segurtasunez bizitzeko eta ingurumen egoki batez gozatzeko eskubidea. Kontsumitzaileek erosten dituzten produktu edo zerbitzuak ezin dira arriskutsuak izan osasunaren, segurtasunaren eta ingurumenaren ikuspuntutik.
• Interes ekonomikoak eta gizartearen interesa babesteko eskubidea. Eskaintzek, sustapenek eta, batez ere, produktu eta zerbitzuen publizitateak egiarekin bat etorri behar dute, produktu eta zerbitzu horien izaerari, ezaugarriei, baldintzei eta helburuari dagokienez.
• Informazioa eskuratzeko eskubidea. Kontsumitzaile orok badu merkatuan dauden ondasun eta zerbitzuen ezaugarriei buruzko informazioa –egiazkoa eta osatua– jasotzeko eskubidea.
• Hezkuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako eskubidea. Guztiek, haurrek zein helduek, kontsumitzaileak izateak ematen dizkien eskubide eta betebeharrak ezagutu behar dituzte.
• Ordezkaritza-eskubidea. Eskubide hori kontsumitzaileen elkarteen bidez gauzatzen da. Elkarte horiek pertsonek (kontsumitzaileek) eratzen dituzte, araudiaren arabera, kolektiboa enpresen aurrean defendatzeko eta administrazioaren aurrean elkartekideen ordezkari jarduteko.
• Entzunaldirako eskubidea. Horretaz gain, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei entzun egiten zaie zuzenean eragiten zaizkien arauak egiteko prozeduran zehar.
Azaldutako testuinguruan, Kontsumobidek ez zuen onartu arbitrajearen eskaera, kexagilearen eta Eroskiren artean kontsumo-harremanik ez zegoela ulertuta. Arartekoak, bere aldetik, erabaki horren alde agertu zen, segurtasun-zaintzaileak audiofono bat horren jabea zela egiaztatu ez zuen pertsona bati entregatu izana kontsumo-harreman batetik kanpo gertatu zelako; bestela esanda, tartean ondasunak ekoizten edo zerbitzuak eskaintzen dituen pertsona baten eta ondasun edo zerbitzu horiek kontsumitzen edo erabiltzen dituen baten arteko harremanik ez zegoenez, kontua aztertzeko, ezin da kontsumo-arbitrajearen prozedura erabili.
2.3. Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak
Bankuen praktikei eta aseguru-etxeen erabakiei buruzko kexa eta kontsultak, herritarrek Arartekoaren erakundeari helarazi dizkiotenak, jaso dira epigrafe honetan.
Finantza-erakundeen edo aseguru-etxeen jardunaren kontrola ez dagokio Arartekoaren erakundeari. Hala eta guztiz ere, pertsona horiek orientatzen saiatzen gara, hau da, beren eskura dauden bideei (erreklamazioa egiteko eta arazoa bideratzeko) buruzko informazioa ematen diegu.
Banku-produktuak eta aseguruak kontratatu edo erabili dituzten herritarrek, jurisdikzio zibileko justizia-organoetan salaketa jartzeaz gain, beste aukera batzuk ere badituzte. Adibidez, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetara (KIUB) eta Kontsumobidera ere jo dezakete. Bertan, zerbitzu horien kontsumitzaile eta erabiltzaile izateagatik dagozkien eskubide eta beharrei buruzko informazioa jasoko dute.
Era berean, kontuan izan behar da banku-erakundeek zein aseguru-etxeek badutela barruko zerbitzu espezializatu bat, erreklamazioak egiteko. Banku-erakundeen kasuan, Espainiako Bankuaren Erreklamazio Zerbitzura iristen dira kexak. Horren ardura da neurrigabeko jarduerak saihestea eta bankuei buruzko indarreko araudia edozein unetan bete dadila zaintzea.
Era berean, aseguru eta pentsio-planei dagokienez, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioko Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Orokorra arduratzen da halako zerbitzuak kontratatzean sor daitezkeen gatazkak ebazteaz. Prestatutako prozedura doakoa eta judizioz kanpokoa da, hala ere, ez ditu ebazten jarduera ekonomiko horretan sor daitezkeen arazo guztiak.
Azkenik, aipatu behar da gure autonomia-erkidegoan borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak indartsu garatu direla, eta, ondorioz, euren funtzionamendua ere Arartekoaren iritzira jarri dela. Halaber, kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak esleituta dituela zenbait fiskalizatze-ahalmen, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei (BGAE) dagokienez. Arartekoak azter ditzake ebazpen horiek, EAEko administrazioaren organo batek emandakoak direlako.
2016an jasotako kexen artean, banku-produktuak kontratatu eta erabili dituztenek desadostasuna helarazi digute, bankuek libreta mantentzeagatik eta zorpekoa izateagatik komisioak kobratu dizkietelako. Era berean, gaitzespena adierazi dute bankuek irmotasunez erabiltzen dituzten praktika batzuekiko; hain zuzen ere, kexagilea ekonomia-egoera hobean zegoela emandako mailegu pertsonala –zenbateko nagusia eta interesak– itzultzeko eskatzen dute bankuek, banku-txartelak entregatzea atzeratzen dute edo kaudimen-txostena ordaintzeko eskatzen dute, eskatutako mailegu pertsonala eman ez den arren.
Hala ere, kexa gehien eragin dituen arazoa enpresako BGAE batzuetan metatutako eskubideak berreskuratzeko aukerarik eza izan da, iraupen luzeko langabeziaren kasuetan. Otsailaren 23ko 5/2012 Legeak, Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzkoak, hainbat kontingentziatan gaitzen du BGAEaren bitartez berreskuratzea, besteak beste, bazkidea iraupen luzeko langabezian dagoenean. Hala ere, legeak ez du ezartzen funts horiek berreskuratzeko beharrik, eta ez du horretarako biderik ematen, kontingentzia hura ez bada aurreikusi eragindako BGAE jakin bat arautzen duten estatutuetan. Hau da, iraupen luzeko langabeziaren kasuan fondoak berreskuratzeko aukera egoteko, BGAEaren Estatutuek berariaz aipatu behar dute kontingentzia horrek metatutako fondoak berreskuratzeko bidea ematen duela.
Era berean, estatutu batzuek mugatu diete beren onuradunei prestazioak jasotzeko modua, erakundean metatutako zenbatekoaren arabera. Irizpidea aldatzeak ere kexak eragin ditu.
Azkenik, eragindako pertsonek desadostasuna adierazi dute honako kontu hauekin: zirkulazio-istripu bat izan ondoren aseguru-etxeek eskaintzen duten osasun-estaldura, eta aseguratutako kalte-ordaina ordaintzeari uko egitea, ezintasun iraunkor osoa aitortzea eragiten duen gaixotasun baten kasuan.
Auzitegi Gorenak zoru-klausulen arloan duen jurisprudentziaren ondoriozko zoru-klausulen eraginkortasunik ezaren ondorioak mugatzeari dagokionez, hasieran, 2016ko uztailean jakitera eman ziren Paolo Mengozzi abokatu nagusiak aurkeztutako konklusioak; izan ere, Espainiako hipoteka-maileguetan jasotako zoru-klausulen eraginkortasunik ezak ondorioak izateko epea mugatzea Kontseiluak 1993ko apirilaren 5ean emandako 93/13/CEE Zuzentarauaren 6. artikuluko 1. idatz-zatiarekin bateragarria zela deklaratzeko eskatu zion abokatuak Justizia Auzitegiari.
Hala ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, azkenean, atzera bota du tesi hori eta honako hau defendatu du bere 2016ko abenduaren 21eko epaian: “el Derecho de la Unión se opone a una jurisprudencia nacional en virtud de la cual los efectos restitutorios vinculados a la nulidad de una cláusula abusiva se limitan a las cantidades indebidamente pagadas con posterioridad al pronunciamiento de la resolución judicial mediante la que se declare el carácter abusivo de la cláusula”.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak azpimarratu du klausula bat abusuzkoa dela deklaratzeak kontsumitzailea lehen egoeran, hau da, klausula hori egon ez balitz bezala, geratzea eragin beharko lukeela. Zehaztu duenez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegia, Batasuneko Zuzenbideko arau bat interpretatzen duenean, interpretazioari aplika dakizkiokeen erabakiak (denboran mugatzeari buruz) har ditzakeen organo bakarra da.
Eta, hain zuzen ere, honako hau aitortu du: “la limitación en el tiempo de los efectos jurídicos derivados de la declaración de nulidad de las cláusulas suelo, que el Tribunal Supremo acordó en la sentencia de 9 de mayo de 2013, equivale a privar con carácter general a todo consumidor que haya celebrado antes de aquella fecha un contrato de préstamo hipotecario que contenga una cláusula de ese tipo del derecho a obtener la restitución íntegra de las cantidades que haya abonado indebidamente a la entidad bancaria sobre la base de la cláusula suelo durante el período anterior al 9 de mayo de 2013”.
Auzitegi Gorenak hartutako erabakien ondorioz babesa mugatzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren hitzetan, ”resulta incompleta e insuficiente y no constituye un medio adecuado y eficaz, para que cese el uso de dicha cláusula”.
Era berean, eremu komunitarioan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (Lehenengo Sala) 2016ko apirilaren 14an emandako epaia aipatu behar da, honako hau deklaratzen duena: “el artículo 7 de la Directiva 93/13 debe interpretarse en el sentido de que se opone a una normativa nacional, como la de los litigios principales, que obliga al juez que conoce de una acción individual de un consumidor, dirigida a que se declare el carácter abusivo de una cláusula de un contrato que le une a un profesional, a suspender automáticamente la tramitación de esa acción en espera de que exista sentencia firme en relación con una acción colectiva que se encuentra pendiente, ejercitada por una asociación de consumidores de conformidad con el segundo apartado del citado artículo con el fin de que cese el uso, en contratos del mismo tipo, de cláusulas análogas a aquella contra la que se dirige dicha acción individual, sin que pueda tomarse en consideración si es pertinente esa suspensión desde la perspectiva de la protección del consumidor que presentó una demanda judicial individual ante el juez y sin que ese consumidor pueda decidir desvincularse de la acción colectiva”.
2.4. Energia
Energia-pobretasunari buruzko gomendio orokorra. XXI. mende betean, Euskadin jende askok eta askok zailtasun larriak ditu hilabete hotzetan etxean tenperatura egokia mantentzeko. Pertsona horien kopurua 235.526raino iritsi da 2014an, 2008an 90.000 baino gutxiago izan arren.Energia-pobretasuna izenez ezaguna den fenomenoa baliabide ekonomiko nahikorik ez izatearen ondorioz gertatzen da normalean, baina etxebizitzak baldintza objektibo txarrak izateagatik edo baliabide energetikoen prezioa gehiegizkoa delako ere gerta daiteke.
Euskadin pobretasun energetikoaren fenomenoa ezagutarazteko eta horri aurrea hartzeko, Arartekoak 1/2016 Gomendio Orokorra, Euskadiko energia-pobreziari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak aurkeztu du. Horren bidez, administrazio publikoei dagoeneko existitzen diren politika publikoak eta gizarte-ekimenak laguntzeko proposamen eta gomendioak eman nahi izan dizkio, negu honetan Euskadin 200.000 baino biztanle gehiagori eragingo dion fenomenoaren ondorioak murriztu eta arintzeko.
Fenomeno horren ezaugarri bereziak ikusita, kontuan izan behar da energia-baliabideen urritasuna ez bakarrik pertsonen egoera ekonomikoari dagoela lotuta. Energiaren premia etxeko baldintza objektiboei estu lotuta dago (etxebizitza mota, eraikitzeko erabili diren materialak, isolamendua edo energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak). Era berean, badu lotura zerbitzu energetikoen hornidura-merkatuko baldintzekin (zenbatekoak diren zerbitzuaren kostuak, energia-iturriak erabiltzeko sistema zentralizatua edo deszentralizatua izatea). Gauzak horrela, energia-pobretasunak ez die eragiten errenta txikia duten pertsonei bakarrik, baizik eta eraikinaren baldintza txarren edo energiaren prezio altuaren ondorioz gehiegizko gastu energetikoa jasan behar duten kolektiboei ere eragin diezaieke.
Herri agintariei energia-pobretasunari aurrea egiteko eta horren ondorioak arintzeko estrategia bat eskatzea Europar Batasunaren araudiak botere publikoei ezarritako eginkizuna da. Estrategia horrek kontuan hartu behar ditu printzipio batzuk, baita zerbitzu publikoaren betebehar batzuk ere. Printzipio eta betebehar horiek egun arte gai hori buruzko arauetatik sortzen dira. Gizarte-bazterketa mota horren kontra egiteko neurri publikoek edo hitzartutakoek zenbait esparru hartu behar dituzte aintzat.
1. Energia-sektorearen eta kontsumitzaile ahulenen arauketa-eremua.
1.1. Euskadiko energia-pobretasunaren aurka
borrokatzeko plana finkatzea.
1.2. Energia-pobretasuna jasateko zorian dagoen
kontsumitzaile ahula definitzea.
2. Energiaren kontsumitzaile ahulenak babesteko neurriak.
2.1. Kolektibo ahulenei energia-hornidura bermatzea.
2.2. Energiaren kontsumitzaile ahulenaren ikuspuntutik egokia den informazioa eskuratzeko eskubidea.
3. Energiaren pobretasunak eragindako etxebizitzetan eta eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko neurriak.
3.1. Energia-ikuskaritzak bezero ahulenentzat.
3.2. Babes ofizialeko etxebizitza-parkearen
energia-eraginkortasunaren azterketa.
3.3. Kolektibo ahulenei zuzendutako
energia-berrikuntzarako laguntzak.
4. Energia-pobretasunaren ondorioak arintzeko
gizarte-neurriak.
4.1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak,
energia-pobretasunak eragindako etxeen
eraginkortasuna hobetzeko.
4.2. Energia aurrezteko laguntzak lotzea.
Aipatu behar da Eusko Legebiltzarrak mozio bat eztabaidatzen zegoela eta pasa den urteko apirilaren 22an, legez besteko proposamena aurkeztu zuela, Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen zehatz dezan Euskadiko energia-pobretasunaren aurkako euskal estrategia bat.
Arartekoak azpimarratu du energia-pobretasunaren aurkako neurriak aplika daitezkeen Europako zuzentarauetan aurreikusi direla; bertan xedatutakoaren arabera, mekanismo nahikoak ezarri behar dira, aldi kritikoetan –nolanahi ere, neguko hilabeteetan (abendua, urtarrila, otsaila, martxoa)– energiaren hornidura bermatzeko.
Gaurdaino, egoera ekonomiko txarrean daudenei argindar eta gas hornidura bermatzeko neurri batzuk ikusi ditu Arartekoak. Udal batzuek, besteak beste, euskal hiru hiriburuetakoek (Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Donostia) baita Irungo Udalak ere, hitzarmen bat sinatu dute Iberdrola energia-enpresarekin, udalerri horietan energia-pobretasuna jasaten dutenak modu aktiboan babesteko. Hitzarmenak koordinazio-mekanismo batzuk jasotzen ditu, familia ahulenei energiaren hornidura (argindarra eta gasa) etetea saihesteko. Hitzarmenaren helburua udalaren eta enpresaren arteko koordinazio-mekanismoak ezartzea da, faktura ez ordaintzeagatik hornidura eteteko kasuak saihesteko. Neurri hori udalerri horietan erroldatuta dauden eta gizarte-larrialdietarako laguntza baten onuradunak izan daitezkeen pertsonentzat da, baldin eta legez ezarritako baldintzak betetzen badira eta kreditu egokia eta nahikoa baldin badago. Era berean, konpainiak energia-eraginkortasunaren arloko aholkuak eta informazioa emango dizkie laguntza horien hartzaileei.
Ekimen horiek energia-merkatua erregulatzen duten Europako arauek (2009/72/CEE Zuzentaraua eta 2009/73/CEE Zuzentaraua) ezarritako bideari jarraitzen diote. Arau horiekin bat, Euskadiko administrazioek energia-pobretasunaren aurka borrokatu behar dute, eragindako pertsonen kopurua gutxituz eta haiei lagunduz, energia-horniduran etenak jasan ez ditzaten, batez ere larrialdietan.
Laburbilduz, horiek denak jarduera solidarioaren eredu egokiak dira, eta Arartekoak jarduera hori hedatu nahi du euskal udalerri guztietara eta energia merkaturatzen duten enpresetara, energia berriztagarriaren kooperatibetara eta arlo horretan jarduera berritzaileak eta esperimentalak egiten dituzten sektoreko beste erakunde batzuetara.
Euskal Autonomia Erkidegoan eredu energetiko iraunkorra eta karbono gutxikoa ezartzeko prozesuari buruzko txosten berezia
2016an, Euskal Autonomia Erkidegoan eredu energetiko iraunkorra eta karbono gutxikoa ezartzeko prozesuari buruzko txosten berezia prestatzen hasi da Arartekoa. Txostenaren xedea hauxe da: Euskadin gaur egun dagoen eredu energetikoari buruzko hausnarketa egiteko oinarri batzuk proposatzea eta euskal eredu energetikoa iraunkorrago bihurtzeko aholkuak biltzea. Gaur egungo eredu energetikoak hiru hauek bermatu bete behar ditu: horniduraren segurtasuna, ekonomia-egonkortasuna eta ingurumen-iraunkortasuna. Xede horiek arazoak sortzen dituzte gaur egun. Gure sistema gune ezegonkorretan dauden herrialdeetatik datozen energia iturrien mende dago, sistema energetikoaren kostuetatik eratorritako prezio altua du, eta gainera, karbonoaren isuriak zorrozki eta hamarkada gutxitan murrizteko beharra dago. Ondorioz, karbonoaren igorpen txikiko eredu bat bilatu behar da nahitaez. Gaur egungo eredu energetikoaren oinarri horiei beste bat gehitu behar zaie: onargarritasun soziala. Gure gizarteak gobernantza-eredua aldatzeko eskatzen du, erabaki publikoak hartzeko modua hobetzeko, eta proposamen horietatik dator laugarren eskakizun hori.
Testuinguru horretan, energiaren inguruko politikaren barruan hartzen diren erabakiak energia alorreko eragileen, botere publikoen eta herritarren artean adostea eskatu beharko litzateke. Badago gizarte-mugimendu bat, ordezkaritza sozial eta politiko zabalekoa, energia-eredu iraunkor hori lortzeko proposamenak bultzatzen dituena. Eredu energetiko berri hori eraikitzeko, lau funtsezko oinarri hauek hartu behar dira kontuan: energiaren kostua eta prezioa; horniduraren segurtasuna; ingurumen- eta klima-inpaktua; eta gizarte-eragina eta onargarritasun publikoa. Gai horiek une berezian jartzen dira mahai gainean, hain zuzen, nazioarteko eta Europar Batasuneko eremuan hartutako konpromiso eta hitzarmenak berotegi-gasen isuriak murrizteko, aurrezpen eta eraginkortasun energetiko eta energia berriztagarriko iturrietatik datorren energiaren kontsumoaren kuotak ezartzeko zuzenduta daudenean.
Horretarako, Arartekoak energia-estrategia iraunkorraren oinarriei buruzko dokumentu bat hartuko du abiapuntu (energiaren kostua eta prezioa; horniduraren segurtasuna; ingurumen- eta klima-inpaktua; eta gizarte-eragina eta onargarritasun publikoa). Abiapuntua izango den dokumentua behin prestatuta, eztabaida-jardunaldi bat antolatuko da, gaian interesa duten euskal elkarte, organizazio eta erakundeekin batera. Eztabaida-jardunaldia lehen urratsa izango da Arartekoak gomendio eta ondorio batzuk emateko, Euskal Autonomia Erkidegoan energia-eredu berri bat ezartzeko prozesuari buruz.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Arauzko testuingurua
Finantza arloari dagokionez, 2016. urtearen hasieran, azaroaren 4ko ECC/2316/2015 Agindua, finantza-produktuen gaineko informazioa emateko betebeharrei eta produktu horiek sailkatzeari buruzkoa, jarri zen indarrean.
Arau horren xedea finantza-produktuak kontratatu dituen edo kontratatuko dituen bezeroari babes maila egokia bermatzea da, informazioa emateko eta produktu horiek sailkatzeko sistema normalizatu bat ezarrita; hain zuzen, inbertsioaren arrisku maila koloreen bidez adieraziko da, bezeroaren beharrei eta aurrezteko nahiari egokitutako produktuak aukeratzen laguntzeko. Horretarako, erakundeek bezeroei edo bezeroak izan daitezkeenei arrisku-adierazle bat eman beharko diete, baita, hala badagokio, likidezia eta konplexutasunari buruzko alertak ere. Horrela, bete egiten da Herriaren Defendatzaileak 2012an egindako proposamena.
Krisialdiaren ondorioak, bankuen sektoreak eskura dituen baliabide eta informazioaren eta herritarrek dituztenen artean alde handia dagoela herritarrek gero eta hobeto ulertzea, iragarritako errentagarritasun-itxaropena bete ez duten inbertsio-produktuak erosteagatik herritar batzuk jasaten ari diren ondorioak edo hipoteka-maileguen kontratuek barnean hartutako klausula batzuk behar den informaziorik gabe sinatzea, hori guztia dela eta, azken urteotan, ugaritu egin dira bankuen jardunaren inguruko auziak, baita finantza-sektoreak –aurrezteko eta inbertitzeko produktuen merkaturatzaile izanik– betetzen duen eginkizunari lotutako auziak ere.
2016an Espainiako zein Europako organo judizialek ebazpen ugari eman dituzte, bankuetako bezeroek –kontsumitzaile eta erabiltzaileek– salatutako praktika batzuen inguruan.
Ebazpenen zerrenda osoa emateko asmorik gabe, horietako batzuk nabarmendu nahi ditugu, krisialdiko azken urte horietan zehar euskal herritarrek aurkeztu dizkiguten gaiak lantzen dituzten heinean.
Adibidez, 2016ko otsailaren 3an, Auzitegi Gorenaren Zibileko Salak gaitzetsi egin zituen Bankiak Valentziako Probintzia Auzitegiaren 2015eko urtarrilaren 7ko epaiaren aurka jarritako aparteko errekurtsoak, arau-hauste prozesalean oinarritutakoa eta kasaziokoa; izan ere, epaiaren bidez, entitatea burtsara irtetea aztertu ondoren, akzioak harpidetzeko kontratuen deuseztasuna deklaratu zen, adostasunaren akatsa zela medio. Honela arrazoitzen du bere erabakia Auzitegiak: “Y si resulta que dicho documento (Bankia burtsara irteteari buruzko informazio-liburuxka) contenía información económica y financiera que poco tiempo después se revela gravemente inexacta por la propia reformulación de las cuentas por la entidad emisora y por su patente situación de falta de solvencia, es claro que la Audiencia anuda dicho déficit informativo a la prestación errónea del consentimiento, en los términos expuestos, sin necesidad de que utilicen expresamente los vocablos nexo causal u otros similares. Lo determinante es que los adquirentes de las acciones ofertadas por el banco (que provenía de la transformación de una caja de ahorros en la que tenían sus ahorros), se hacen una representación equivocada de la solvencia de la entidad y, consecuentemente, de la posible rentabilidad de su inversión, y se encuentran con que realmente han adquirido valores de una entidad al borde de la insolvencia, con unas pérdidas multimillonarias no confesadas (al contrario, se afirmaba la existencia de beneficios) y que tiene que recurrir a la inyección de una elevadísima cantidad de dinero público para su subsistencia de donde proviene su error en la suscripción de las acciones, que vició su consentimiento”.
Halaber, Auzitegi Gorenaren (Zibileko Sala) 2016ko abenduaren 1eko Epaia aipatu behar da; izan ere, epai horretan auzitegiak Kode Zibilaren 1301. artikuluaren interpretazioa sustatu du, aplikatu behar den garaiko errealitatearen arabera: adostasunaren akatsa dela medio deuseztatzea gauzatzeko 4 urteko epea ezin dela mendeko finantza-ekarpenak erosteko kontratua perfekzionatu zenetik zenbatzen hasi, epaitegiak ulertu zuen bezala, auzi-jartzaileak kontratua deuseztatzeko arrazoitzat aipatutako akatsari lotutako inguruabarraren berri jaso zuenetik baizik. Inguruabar hori 2013ko urtarrilaren 31ri dagozkion kupoien ordainketak etetea da, hain zuzen ere. Une hartan ezagutarazi zitzaizkion auzi-jartzaileari erositako finantza-produktuaren ezaugarriak eta bere gain hartu zituen arriskuak. Auzitegi Gorenak aitortu duenez, “en relaciones contractuales complejas como son con frecuencia las derivadas de contratos bancarios, financieros o de inversión, la consumación del contrato, a efectos de determinar el momento inicial del plazo de ejercicio de la acción de anulación del contrato por error o dolo, no puede quedar fijada antes de que el cliente haya podido tener conocimiento de la existencia de dicho error o dolo. El día inicial del plazo de ejercicio de la acción será, por tanto, el de suspensión de las liquidaciones de beneficios o de devengo de intereses, el de aplicación de medidas de gestión de instrumentos híbridos acordadas por el FROB, o, en general, otro evento similar que permita la comprensión real de las características y riesgos del producto complejo adquirido por medio de un consentimiento viciado por el error”.
Gardentasun-ezagatik zoru-klausulen deuseztasuna deklaratzearen ondorioei dagokienez, Auzitegi Goreneko Lehenengo Salak eutsi dio lehen esandakoari: kasaziopean jarritako aurkaratze-akzio indibidualei dagokienez, dagoeneko ordaindu diren zenbatekoak itzultzeko beharrak 2013ko maiatzaren 9tik aurrera izango ditu ondoreak.
Auzitegi Gorenak itzulketa mugatu duenez, estatuko auzitegi batzuek epaitu aurreko arazoak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian aurkeztu dituzte. Bertan, Kontseiluak 1993ko apirilaren 5ean emandako 93/13/CEE Zuzentarauaren 6.1 artikuluak xedatzen duen abusuzko klausulekin ez lotzearen printzipioarekiko bateragarritasunari buruzko iritzia eskatu da.
Energiaren arloan, 2016an, Euskadiko Energia Estrategia berrikusi da. Izan ere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Euskadiko 2030 Estrategia Energetikoa (3E2030) prestatu du 2016an, aurreko 3E2020 Estrategia zenbait arlotan izandako aldaketek (arauetan, teknologian, merkatuan) ezarritako eskakizun berrietara egokitzeko asmoz. Estrategiak Eusko Jaurlaritzaren 2016-2030 aldirako helburuak eta jarduteko norabideak zehazten ditu, politika energetikoaren arloan, eta, lehiakortasunaren eta horniduraren segurtasunaren aldetik, gero eta iraunkorragoa den eta karbonoa gero eta gutxiago erabiltzen duen sistema energetiko bat lortzeko proposamena egiten du.
3E2030 estrategiak planteatutako helburuetako batzuk, hurrengo 15 urteetarako, honako hauek dira:
• 2030ean %17ko aurrezpena lortzea, energia primarioari dagokionez.
• Energia berriztagarrien erabilera bultzatzea, 2030ean azken kontsumoan berriztagarrien kuota %21 izatea lortzeko (inportazio elektriko berriztagarria barne).
• Klima-aldaketa arintzen laguntzea urtean energiak sortzen dituen berotegi-efektuko gasen isuriak %35 murriztuz, 2005. urtearekin alderatuta.
• Euskal administrazio publikoaren konpromiso eredugarria sustatzea, haren instalazioetan energia-kontsumoa %25 murriztu ahal izateko 10 urteko epean; hartarako, haren eraikinen %25ean energia berriztagarrien aprobetxamenduko instalazioak ezarriko dira eta, gainera, zerbitzu publikoko ibilgailu alternatiboak gehituko dira.
• Errepideko garraioan ordezko energien %25eko kuota lortzea, pixkanaka petrolioa baztertzea eta ibilgailu jasangarriagoak erabiltzea nabarmenduta.
Planifikazio estrategikoaren tresna garrantzitsu horren ebaluazioa eta jarraipena egiteak eztabaidarako aukera ematen du, euskal eskumen-esparruko gai batzuk –eraginkortasuna, aurreztea, energia berriztagarriak eta atmosferara aireratzen diren karbonoaren emisioak murriztea kontuan hartzen dituen euskal energia-eredu iraunkorrari loturikoak– jorratzeko.
Era berean, kontuan izan behar da ingurumenaren eta klima-aldaketaren estrategia ebaluatzeko beharra. 2015eko ekainean, Eusko Jaurlaritzak 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko estrategia onetsi zuen. Estrategiak honako helburu hauek azaldu ditu: berotegi-gasen isuriak %80 murriztea 2050. urterako (2005ekoak erreferentziatzat hartuta) eta energia berriztagarrietatik sortutako azken kontsumitzaileak erabiltzen duen energiaren kantitatea %40 igotzea (inportatutako argindarraren kontsumoa barne).
Energia-adierazleak
Adierazle bi horiei dagokienez, esan behar dugu, gaurdaino argitaratu den azken berotegi-efektuko gasen emisioen inbentarioaren arabera, oinarritzat hartzen den 1990etik –Kyotoko hitzarmena sinatu zenean– 2014ra bitartean, Euskadiko isuriak %10 inguru jaitsi direla (%24,7, 2005. urtea oinarri hartuta), 19,3 milioi tona CO2-ren baliokidea izanik.
Bestalde, EEE Energiaren Euskal Erakundeak aurkeztutako energia datuen arabera, azken kontsumoan energia berriztagarrien kuota %7,2 zen 2015ean (%13,2, inportatutako elektrizitatearen jatorri berriztagarria kontuan hartzen bada). Energia berriztagarriaren aprobetxamendua 454 ktpb-ekoa izan da urte hartan (mila tona petrolio baliokide). Kopuru horretatik %68,4 biomasari dagokio, %15,1 bioerregaiei, %8,2 hidroelektrikoari eta %6,5 eolikoari.
Energia aurrezteari dagokionez, esan behar da azken energia kontsumoa %1 igo egin zela 2015ean eta 5.034 ktpb-ra iritsi zela, murriztu zuen sektore bakarra industria izanik. Energiaren kontsumoa garraioan, azken kontsumoaren %38,2, alegia, 1.925 ktbp-era iritsi zen, %3,4ko igoera izan ondoren (garraioan erabilitako energiaren %95,6 petroliotik eratorriei dagokie oraindik).
Energia-eraginkortasunari dagokionez, azken energia intentsitatea (azken energia-kontsumoa BPGd-ren unitateko) %2 hobetu da Euskadin (oinarri hartutako 2007. urtearekin alderatuta, %11 jaitsi da), BPGd-ren %2ko igoera dela medio kontsumoak gora egin duen arren.
Araudiaren arloan, gizarte-bonuaren eta energia elektrikoaren kontsumitzaile ahula babesteko beste neurri batzuen kostua finantzatzeko mekanismoa arautzeko 7/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa aipatu behar da.
Era berean, arau horrek energia elektrikoaren kontsumitzaile ahula babesteko neurri berriak onartu ditu eta beste urrats bat izan da 2009/72/CEE Zuzentarauak ezarritako betebeharren transposizio egokia lortzeko.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Energiaren arloan, egungo eredu energetikoaren aldaketarekin eta kontsumitzaile ahulenen babesarekin zerikusia duten zenbait jarduera burutu dira.
4.1. Gomendio orokorrak
Bigarren idatz zatian Arartekoaren 1/2016 Gomendio Orokorra aipatu da: Euskadiko energia-pobretasunari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak.
4.2. Iritzi artikuluak eta erakundeen adierazpenak
Arartekoak “Negua itzuli baino lehen” izenburuko artikulu bat argitaratu du, Euskadin energia-pobretasunaren inguruan piztu den eztabaidari buruz. Horren bidez, Arartekoaren erakundeak berriz azpimarratu du energia-pobretasunaren aurkako estrategia bat ezarri behar dela Euskadin.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Berez, hori ez da Arartekoaren erakundeari dagokion jarduera-eremua, finantza-erakundeen eta aseguru-etxeen jarduera kontrolatzea erakunde hau sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legeak esleitutako kontrol ahalmenetatik kanpo geratzen baita. Hala ere, saiatzen gara herritar horiei orientabideak ematen, haien erreklamazio eta kexak organo eskudunen aurrean aurkezteko aukera izan dezaten.
1. Oro har, azpimarratu behar da oso gutxi direla arlo honetan aztertu diren kexak. Hala ere, horien guztien artean nabarmendu behar ditugu funtsezkotzat jo ditzakegun zerbitzuen erabiltzaileek aurkeztutako kexak, hala nola, gas eta elektrizitate hornidurarekin edo telefoniarekin loturikoak. Zerbitzu horiek enpresa pribatuek ematen dituzte, baina interes orokorreko zerbitzuei dagokienez, herri administrazioak arduratzen dira aginduzko kontrolak egiteaz.
Honi dagokionez, mahai gainean jarritako kasu gehienetan, azaldutako kontuari loturiko lege-esparruaren berri eman diegu kexagileei, eta beraien eskubideak defendatzeko nora jo dezaketen jakinarazi diegu.
2. Maiz jasotzen ditugu Autonomia Erkidegoko herritarren kexak, erakunde ekonomiko eta finantza-erakundeekiko harremanetan sortzen zaizkien arazoei buruz. Hori horrela izanik ere, aurrerapen handiak egin dira, bai arau-mailan, baita nazioarteko zein Europako organo judizialek emandako ebazpenen bidez ere. Organo horiek beraien iritzia eman dute bankuetako bezeroak diren kontsumitzaile eta erabiltzaileek salatutako praktiken inguruan. Ildo horretan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia nabarmendu behar da; izan ere, auzitegiaren arabera, abusuzko klausula bat deuseztatzeko deklarazioaren ondorioak (dirua itzultzea) erabatekoak izango dira kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat, hortaz, estatu mailako auzitegiek ezin dituzte ondorio horiek murriztu, ebazpen judiziala eman ondoren bidegabe ordaindutako zenbatekoak bakarrik kontuan hartuz.
3. Arartekoak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan energia-pobretasunaren aurka borrokatzeko gizartean piztu den eztabaidarekin jarraitu behar dela, fenomenoaren ondorioak murriztu eta arintzeko. Horretarako, Euskadin orain arte eman diren urratsak egiturazko neurrien bidez indartu behar dira, gizarte-politiken, etxebizitzen edo energiaren kontsumitzaileen arloetan.
Azpimarratu behar da energia-pobretasunaren aurkako neurriak aplika daitezkeen Europako zuzentarauetan aurreikusi direla; bertan xedatutakoaren arabera, mekanismo nahikoak ezarri behar dira, aldi kritikoetan –nolanahi ere, neguko hilabeteetan (abendua, urtarrila, otsaila, martxoa)– energiaren hornidura bermatzeko.
Gaurdaino, egoera ekonomiko txarrean daudenei elektrizitate eta gas hornidura bermatzeko neurri batzuk ikusi ditu Arartekoak. Azpimarratu behar da udal batzuek, besteak beste, euskal hiru hiriburuetakoek (Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Donostia) baita Irungo Udalak ere, hitzarmen bat sinatu dute, udalerri horietan energia-pobretasuna jasaten dutenak modu aktiboan babesteko. Ekimen horiek, laburbilduz, jarduera solidarioaren eredu egokiak dira, eta Arartekoak jarduera hori hedatu nahi du euskal udalerri guztietara eta energia merkaturatzen duten enpresetara, energia berriztagarriaren kooperatibetara eta arlo horretan jarduera berritzaileak eta esperimentalak egiten dituzten sektoreko beste erakunde batzuetara.
1. Arloa kopurutan
2016an, Ararteko erakundeak 109 kexa-espediente jaso ditu herri-administrazioen zerbitzura lan egiten duten langileen arloan. Kopuru hori erakunde honen jarduera-arlo guztien %5,05 da.
Honako administrazio hauei eragin diete:
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 55
• Tokiko administrazioa 16
• Foru administrazioa 7
Edukiari erreparatuta, espediente horiek arlo hauekin izan dute zerikusia:
• Ordezkapenak 35
• Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuak 16
• Beste alderdi batzuk 15
• Administrazioaren funtzionamendua eta
administrazio prozedura 12
• Ordainsariak 9
• Oporrak, lizentziak eta baimenak 9
• Lanpostuak betetzea 3
• Laneko jazarpena 2
• Prestakuntza 2
• Lanpostuen zerrenda 2
• Bateraezintasunak 1
• Hizkuntz normalizazioa 1
• Barne sustapena 1
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta
administrazioaren erantzukizuna 1
Urte honetan zehar kudeatu diren kexa horien (jasotakoak zein ebazteke egoteagatik horiei gaineratutakoak) izapidetze prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Bitarteko funtzionarioak eta lizentziak
2016an, zentro ofizialetan azkenengo azterketetara joateko bitarteko funtzionarioek aurkeztutako lizentzia eskaerei Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak emandako tratamenduari lotutako kexa bat izapidetu zen Arartekoan. Aipatutako erakundeak eskaera horiei emandako tratamendua ikusteko, kexa aurkeztu zuen pertsonak kexa aurkeztu aurretik egindako administrazio jarduketen berri eman zion erakunde honi, bereziki langileen arloan aurkeztutako eskaera kontsultak jasotako erantzunari zegokionez; honako hau azaldu zuen: “La licencia por asistencia a exámenes finales en centros oficiales, está prevista en el artículo 32.2 o) del Decreto Foral 59/2007 del Consejo de Diputados de 24 de julio, por el que se aprueba el segundo Acuerdo regulador de las condiciones de trabajo del personal al servicios del Organismo Autónomo Instituto Foral de Bienestar Social, expresamente para los funcionarios de carrera, por lo que de conformidad con el artículo 3.1 de este mismo Decreto esta licencia no afecta a la totalidad del personal funcionario al servicio del Instituto Foral de Bienestar Social”.
Jakina denez, funtzio publikoa antolatzean karrerako funtzionarioen araubide orokorra bitarteko funtzionarioei ere hedatu zaie, kasuan kasuko izaerara moldatu bezain azkar. Halaber, eranskinean jasotako iraupen jakineko lanari buruzko esparru akordioa aplikatzea xede duen Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/CE Zuzentarauak, iraupen jakin bateko lanaren kalitatea hobetzeko helburu argia duenak, espresuki honako hau ohartarazi zuen, bazterketarik gabeko printzipioa aplikatzea bermatuz: “por lo que respecta a las condiciones de trabajo, no podrá tratarse a los trabajadores con un contrato de duración determinada de una manera menos favorable que a los trabajadores fijos comparables por el mero hecho de tener un contrato de duración determinada, a menos que se justifique un trato diferentes por razones objetivas” (Esparru akordioaren 4. klausula, 1. atala).
Klausula horri aitortu beharreko irismena edo birtualtasuna Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) hainbat adierazpenetan aipatu da, eta, horrenbestez, horri eman beharreko interpretazioari buruzko jurisprudentzia finkatua ezarri da. Horren haritik, EBJAk zehaztu du iraupen jakin bateko kontratua duten langileen eta langile finkoen arteko tratamendua desberdina izatea ezin dela justifikatu estatu mailako arau orokor eta abstraktu batean (esaterako lege edo hitzarmen kolektibo batean) aurreikusita egoteagatik. Nabarmendu duenez, “arrazoi objektiboen” kontzeptuak eskatzen du tratamendu desberdina justifikatzeko elementu zehatzak izatea, kasuan kasuko lan baldintzei dagozkienak, testuinguru zehatz batean eta irizpide garden eta objektiboekin bat etorriz, egiaztatzeko, batetik, desberdintasun hori benetako beharrizan bati dagokiola, bestetik, lortu nahi duen helburua lortzea ahalbidetzen duela, eta, azkenik, horretarako ezinbestekoa dela. Horrez gain, zehaztu zenez, elementu horien sorburua betebeharren izaera berezia (betebehar horiek betetzeko iraupen jakin bateko kontratuak egiten badira) eta horien berezko ezaugarriak izan daitezke, edo, bestela, gizarte politikaren helburu legitimo bat lortu nahi izatea.
Hizpide dugun kexaren kasuan, erakundeak ulertu duenez, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakunderako lan egiten duten bitarteko funtzionarioen eta karrerako funtzionarioen egoera argi eta garbi konparagarria da, eta elkarren arteko desberdintasun bakarra zerbitzuari dagokion denborazkotasuna da. Hortaz, EBJAren jurisprudentziarekin bat etorriz, kexa eragin duen tratamendu desberdina justifikatuko lukeen balizko arrazoi objektibo bat existitzen ote den egiaztatzea beharrezkotzat jo da; hala, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen erakunde autonomoaren zerbitzura lan egiten duten langileen enplegu baldintzak arautzeko akordioan tratamendu desberdin hori jasota egotea ez da nahikotzat jotzen.
Hala, kexa izapidetu denez, Arabako Foru Aldundiak azaldutako egoeren artean bat ere ez da nahikotzat jo kexa eragin duen tratamendu desberdina justifikatzeko arrazoi objektibo gisa onartzeko. Horren ondorioz, Arartekoaren 2016ko abenduaren 21eko Ebazpena eman zen; horren bitartez, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailari gomendatu zitzaion Arabako Gizarte Ongizateko Foru Erakundeak bitarteko funtzionarioek zentro ofizialetan azkenengo azterketara joateko egindako lizentzia eskaerei emandako tratamendua berrikusteko.
2.2. Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroetan (Berritzeguneak) aholkulari gisa lan egiten duten irakasleen kidegoko irakasle funtzionarioak. Soldatak parekatzeko eskaera
Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroetan (Berritzeguneak) aholkulari gisa lan egiten duten irakasleen kidegoko irakasle funtzionarioen talde batek kexa aurkeztu du erakunde honetan, beste aholkulari batzuekin erkatuta soldata desberdina jasotzearekin ados ez daudela azaltzeko; izan ere, zerbitzu berdinak eskainiz, beste aholkulariek soldata altuagoa jasotzen dute, soilik beste irakasle kidego batzuetakoak direlako.
Kexa aurkezteko unean, interesdunek 2015eko urtarriletik maiatzera hezkuntza administrazioaren aurrean modu indibidualean aurkeztutako zenbait ekimenen berri eman zioten erakunde honi, baita Langileak Kudeatzeko zuzendariak ekimen horiei emandako aurkako ebazpenen berri ere.
Funtzionario talde honen helburuetako bat, azaldu dutenez, lehenengo eskaerei zegokienez lortutako isiltasun onargarria ziurtatzea zen, hau da, hezkuntza administrazioak beharrezko urratsak emateari ekiteari zegokiona, hain zuzen ere, otsailaren 17ko 41/2009 Dekretuko xedapen gehigarria aldatzeko; dekretu horren bitartez, Berritzeguneetako lanpostuen zerrenda onartu zen, eta, parekatzea dela bide, A azpitaldeari esleitutako jatorri osagarria jasotzea aurreikusi zen, aldi baterako osagarri pertsonal baten bitartez.
Erakunde honen aburuz, hezkuntza administrazioak ulertu du, baita ondo ulertu ere, interesdunek aurkeztutako eskabideak Konstituzioaren 29. artikuluan aitortutako eskaera eskubidea baliatzeari zegozkiola, eta, horrenbestez, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 43.2. artikuluan jasotakoari jarraituz, testu horretan bertan aurreikusitako arauaren salbuespen kasuetako bat zela; hortaz, ez zen posible interesdunek eskabideak onartutzat jotzea, administrazio isiltasuna zela eta.
Horrez gain, erakunde honen iritziz, hezkuntza administrazioak ongi ulertu du interesdunen eskabideei erantzunak ematean soilik Eskariak egiteko eskubidea arautzen duen azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoaren 11.3. artikuluan jasotakoa bete behar dela. Horrenbestez, otsailaren 17ko 41/2009 Dekretua aldatzea sustatzeko aurkeztutako eskaerak ez dira onartu behar. Horren haritik, erabaki erabat diskrezionala zela ulertuta, soilik aurkeztutako eskabideak ez onartzeko arrazoiak azaltzeko betebeharra zeukatela ulertu dute, eta, hain zuzen ere, erakunde honen esku hartzean argudiatze eskakizun hori landu da. Lan horretan interesdunek egindako planteamendua berritzailea dela nabarmendu nahi izan dugu.
Hain zuzen ere, interesdunek Bigarren Hezkuntzako institutuetako lanpostuak dituzten irakasleen egoerarekin konparatu zuten bizi duten egoera, lehenik eta behin; institutuko irakasle horiei Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasle kidegoetako (maisu-maistren kidegoetako izan ezik) lan legepeko eta funtzionario diren irakasleentzat gordetako lanpostuen zerrenda onartzen duen urriaren 28ko 210/2014 Dekretuko seigarren xedapen gehigarria aplikatuz, ordainsari gehigarri bat aitortu zitzaien, lanpostu mailako osagarria Bigarren Hezkuntzako irakasleek aitortuta dutenarekin parekatzea lortze aldera.
Hala ere, hezkuntza arloko arduradunek azaldu dute egoerak ez direla parekagarriak. Horri dagokionez, azaldu dutenez, lehenengoen kasuan (Berritzeguneetako lanpostuak), lanpostu horiek dituzte titulazio talde desberdinetako funtzionarioentzako atxikipen bereizigabe gisa konfiguratutako lanpostuak izateak eskaintzen dituen promozio edo mugikortasun aukerak direla-eta; bigarrenen kasuen, berriz (ikastetxeetako lanpostuak), Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailetako lanpostuak har ditzakete LOGSEk ekarritako hezkuntza erreforma garrantzitsuaren ondoren hartutako xedapen iragankorrengatik (urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoa, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoa); jakina denez, legeak ordura arte indarrean zeuden hezkuntza etapen egitura aldatu zuen. Langileak Kudeatzeko zuzendariak, halaber, ohartarazi nahi izan du, aurrekoa gorabehera, irakasleen komunitatearen negoziazioaren bilakaeran akordioak lor daitezkeela, eta kasuan kasuko araudian jaso ondoren, interesdunek dituzten asmoak erantzun eta bideratzeko aukera sor daitekeela.
Hala, hezkuntza administrazioak, erantzuna ematen gehiegi atzeratu bada ere, azkenean funtzionario talde horien eskaeren erantzuna emantzat jo du.
2.3. Ertzaintzan sartzeko adin eskakizunak
Aurten ere, Ertzaintzan sartu nahi izan duen pertsona batek horretarako ezarritako adin eskakizunak zalantzan jarri ditu erakunde honen aurrean.
Arartekoak kexa ez onartu beste aukerarik ez du izan, erakundea eratzeko legearen 13. artikuluan agindutakoa aplikatuz; izan ere, artikulu horren arabera, ebazpen judizialenen zain dauden kexak ezin ditu aztertu.
Nolanahi ere, erabaki hori hartu arren, erakunde honek interesdunari azaldu zion Polizia eta Larrialdietako Akademiaren 2014ko apirilaren 1eko Ebazpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoa tarteko, 2014-04-01eko 63. EHAAn argitaratu zena eta Ertzaintzako oinarrizko eskalan agente kategorian sartzeko hautapen prozeduraren deialdia egin zuena (362/2014 errekurtsoa), Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (Administrazioarekiko Auzi Aretoak) erabaki zuela gaia Europar Batasuneko Justizia Auzitegi (EBJA) aurrean aurkeztea; hain zuzen ere, euskal polizia autonomoko agente plazara sarbidea izateko deialdian parte hartzeko gehienez 35 urteko adin muga finkatzea Okupazioan eta lanean tratu berdintasuna lortzeko esparru orokor bat ezartzeari buruzko 2000ko azaroaren 27ko Kontseiluaren 2000/78/CE Zuzentarauko 2. artikuluko 2. atalaren, 4. artikuluko 1. atalaren eta 6. artikuluko 1. atalaren interpretaziora egokitzen ote den galdetu zitzaion.
EBJAk 2016ko azaroaren 15ean emandako epaiarekin erantzun dio gai horri, eta adin muga horrekin ados agertu da, nahiz eta 2014ko azaroaren 13ko epaiak aurrekaria ezarri zuen, Oviedoko Udaleko Udaltzaingoko agenteak aukeratzeko aurreikusitako adin muga (30 urte) neurrigabea zela ulertuta.
Erabakia justifikatzeko EBJAk jarraian jaso ditugun argudioak erabili zituen:
• Autonomia Erkidegoetako Polizia Kidegoek betetako funtzioak ez dira Udaltzaingoei emandakoen berdinak. Ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteek funtzio erabat operatibo edo exekutiboak betetzen dituzte; horrek indar fisikoa eta funtzioak egoera zailetan bete behar izatea eska dezake, baita muturreko egoeretan ere.
• 40 urtetik aurrera, Ertzaintzako agenteek degradazio funtzionala pairatzen dute; horrek esan nahi du esfortzu luze baten ondoren berreskuratzeko gaitasuna murriztu egiten dela, eta denbora aldi zehatz batean exijentzia maila bera eskatzen duen beste edozein funtzio egiteko gaitasuna galdu egiten dela. Horrez gain, ezin da esan 55 urtetik gorako agente batek bere lana ongi eta bera eta hirugarrenak arriskuan jarri gabe egiteko beharrezko gaitasun guztiak dituenik.
• Hau da, 2009an, auzi nagusian aipatutako adin mugari buruzko uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua indarrean sartu aurretik, Ertzaintzak 8.000 agente zituen. Une hartan, 59 agentek 60 eta 65 urte artean zituzten, eta 50 eta 59 urte arteko 1399 agente zeuden. 2009an egindako aurreikuspenen arabera, 2018an 60 eta 65 urte arteko 1135 agente egongo dira, eta 50 eta 59 urte arteko 4.460 agente, alegia, erdia baino gehiago. 2025ean 55 eta 65 urte artean izango dituzte agenteen % 50 baino gehiagok. Hala, datu horiei esker aurreikusi daiteke agenteen artean zahartze masiboa gertatuko dela. Horrenbestez, agenteen lantaldea pixkanaka ordeztea aurreikusi behar da, eta horretarako adinez nagusiagoak diren agenteen ordez pertsona gazteagoak aukeratzeko prozesuak egin behar dira, ikuspuntu fisikotik funtzio zorrotzenak betetzeko gai izango direnak.
• Aukeraketa unean agenteak duen adinak zehazten du, hain zuzen ere, Ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteen funtzioen berezko lanak zenbat denboraz egin ahalko dituen. Agente bat 34 urte dituenean aukeratuz gero, bi urteko prestakuntza egin behar izateaz gain, aipatutako lan horietan gehienez 19 urtez egon ahalko da, hain zuzen ere 55 urtera iritsi arte («bigarren jarduera»). Egoera horretan, agentea zaharragoa denean aukeratuz gero, ikuspuntu fisikotik betebehar gogorrenetara agente kopuru nahikoa bideratzeko aukeran eragin negatiboa izango luke. Bidenabar, aukera horrek eragotzi egingo luke horrela hautatutako agenteek aipatutako lanetan denbora nahikoa ematea. Azkenik, Ertzaintzako kidegoaren antolaketa zentzuzkoa izan dadin, ikuspuntu fisikotik zorrotzak diren lanpostu kopuruaren (adinez nagusiagoak diren agenteei egokituta ez daudenak) eta ikuspuntu fisikotik horren zorrotzak ez diren lanpostu kopuruaren (agente nagusi horiek bete dezaketenak) artean oreka egotea bermatu behar da.
• Ertzaintzako zerbitzuaren funtzionamendu ona eta izaera operatiboa mantentzea da helburua; hala, adin piramide egokia berrezartze aldera, gaitasun fisiko zehatzak izatea ez da modu estatikoan ulertu behar, soilik hautapen prozesuko probei dagokienez; aitzitik, modu dinamikoan ulertu behar da, agentea aukeratu eta gero zerbitzuan emango dituen urteak aintzat hartuta.
2.4. Irakaskuntzarako desgaitzea
Interesdun batek kexa aurkeztu du erakunde honetan. Horri lotuta, hezkuntza administrazioak adierazi zuen interesdun horrek Irakasleen Kidegoko funtzionario izaera galdu zuela. Interesdunak azaldu zuenez, zigor prozedura batean sartua zegoen, eta, horren ondorioz, epai zigortzailea jaso zuen; zigor horretan, besteak beste, desgaitasun berezia aplikatu zioten, hamabost urtez adingabeen aurrean irakasle lana gara ez zezan. Aurkeztutako kexan, interesdunak ez zuen adingabeen aurrean irakasle gisa aritzeko desgaitasuna zalantzan jartzen, baina, bere hitzetan, lanbidea beste esparru batzuetan garatzea eragozten zion desgaitasun osoaren aurka ageri zen. Horri dagokionez argudiatu zuenez, maisu-maistren kidegoko funtzionario bat kasu gehienetan adingabeen irakaskuntzan aritzen dela egia bada ere, egia da, baita ere, irakasle bat adingabeekin zerikusirik ez duten beste lanpostu batzuetan aritu daitekeela, hala nola, helduen hezkuntzan.
Zigor Kodean ezarritako enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia dakarren zigor nagusi edo osagarriak, epaia irmo bihurtzen denean, enplegatu publikoaren zerbitzu-harremanaren eremuan, karrerako funtzionarioaren izaera galtzea dakar, epaian zehaztutako enplegu edo karguei dagokienez. Hala jaso zen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 66. artikuluan.
Jurisprudentziak funtzionario izaera galtze horren automatismoa berretsi du; azaldu denez, funtzio publikoko kide izateko beharrezko baldintza bat-batean ez betetzearen ondoriozko zigor epaiaren zuzeneko ondorioa zen galera hori; izan ere, kontuan hartu behar da sartzeko betekizunen artean ez dagoela desgaitasun absolutuan edo ebazpen judiziala tarteko kargu edo lanpostu publikoetarako desgaitasun berezi edo absolutuan egotea.
Horrez gain, desgaitasun bereziaren ondorioak maila estatutarioan murriztea nahi zuten funtzionario salatzaileen argudioak ukatu dituzten beste adierazpen batzuek ere izan dira; desgaitasun bereziaren ordez, maila estatutarioan destinoa edo lanpostua galaraztea jasotzea nahi zuten, epaiak iraun bitartean maila berekoak okupatzeko mugarekin; horrela, zigorraren helburua, alegia, funtzionario izateko eskatutako eskakizunak bat-batean galdu izana desbirtuatu egingo litzateke. Horren haritik, Auzitegi Nazionaleko epaia dago, Administrazioarekiko Auzietarako Aretoa, 5. sekzioa, 2012ko urtarrilaren 25ekoa (RJCA 201280).
Horrenbestez, erakunde honen aburuz, interesdunak Irakasleen Kidegoko funtzionario izaera galdu izana berraztertzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako ezezkoa argudiatuta dago.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Iazko urteko txostenean (2015), Euskal Enplegu Publikoaren Lege proiektua izapidetzen ari zela azaldu genuen. Orduan adierazi genuenez, Gobernu Kontseiluak onartutako proiektuak aurrera egiten jarraitu behar zuen, Legebiltzarrean izapidetzen; X. legegintzaldia bukatu egin denez, ostera, izapidetze fasea eten egin da. Nolanahi ere, gobernu berria osatzen dutenen artean sinatutako gobernu akordioan, lortutako konpromisoen artean, Euskal Enplegu Publikoaren Legea onartzea ere ageri dira; diotenez, euskal administrazio guztietako langile publikoentzako eredu komun bat ezarriko du. Akordioaren arabera, araudi berriak enplegu publikoaren erakundeen kalitatea hobea izatea du helburu, sindikatuen eta langile publikoen parte hartzea, profesionalizazioa, lanpostuak betetzeko mekanismoak eguneratzea, bitartekotasuna gutxitzea eta enplegu publikoa finkatzea sustatzeko elementuak txertatuz.
Aurretik esandakoaz gain, 2016an EBJAk plazaratutako adierazpenak ere nahitaez aipatu behar dira, Iraupen zehatzeko lanari buruzko 1999/70/CE Zuzentarauaren eranskinean jasotako akordio markoaren interpretazioari buruz auzitegiaren iritzia jasotzeko plazaratutako hainbat gai direla medio. 2016ko irailaren 14an emandako zenbait epai dira.
Epai horietako batean egindako adierazpena jurisprudentzia finkatura ere hedatu da, gizarte ordena jurisdikzionalean, enplegatu publikoen aldi baterako kontratazioak gehiegi erabiltzeari zegokionez, hau da, iraungitzea bertan behera uztea eta harremana mugagabe ez finko gisa hartzea, baita iruzurrezko kontratazioa administrazio zuzenbideko erregimenean izendatuz egin denean ere. Horren adibide dira 608/2016 eta 618/2016 Epai berriak, biak abenduaren 12an emandakoak, EAEANko Administrazioarekiko Auzietarako Aretoak emandakoak.
Beste epai batean, EBJAk argitu zuen esparru akordioko laugarren klausula bitartekotasun kontratua duten langileen kontratua bukatzeagatik kalte-ordaina ukatzen duten estatu mailako araudien aurkakoa zela; langile finkoen kasuan, ordea, bai ematen die. Gai hori argituta, EAE mailan, aldi baterako langileen eta langile finkoen kaleratzeak parekatu dituen eta aldi baterako kontratu baten kalte-ordaina areagotu duen lehenengo epaia 2016ko urriaren 18ko 1962. Epaia izan zen, EAEANko Lan Arloko Salarena. Horrek sindikatu erakunde gehienak ildo horretako errekurtso eta erreklamazio kopuru esanguratsua aurkeztera bultzatu ditu.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Iraupen zehatz bateko lanei buruzko esparru akordioaren inguruan EBJAren azken adierazpenek euskal administrazio publikoetan lanean dauden aldi baterako langileen egoera modu serioan lantzera bultzatu beharko lukete, betiere etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeari lotuta lortutako konpromisoekin bat etorriz, besteak beste, bitartekaritza murriztu eta enplegu publikoa finkatzera bideratutakoak.
Egia esan, gaia ez da berria. Lehenago ere egoera horri buruz ohartarazi da. Esaterako, 2015eko abenduaren 1eko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Enplegu Planaren kasua da; gobernu berriaren gobernu akordioan ere jaso da, eta bitarteko langileen enplegua finkatzea lortu nahi zen, EAEko Administrazio Orokorreko bitartekotasun tasa altua bukaraziz; izan ere, kasu batzuetan % 40tik gorakoa zen. Baina, hala ere, gure ustez, oso egoera konplexua da, eta modu tinkoan jorratu behar da; Euskal Enplegu Publikoaren Lege berriak beharrezko estaldura eman beharko lioke.
Nolanahi ere, adierazi behar da erakundean aldi baterako kontratazio poltsen kudeaketa zalantzan jartzen duten kexak jasotzen ari garela, esaterako Osakidetza-SVS bezalako sektoreetan.
Europa mailako araudi horrek debekatu egiten du iraupen zehatz bateko lan kontratua duten langileak modu baztertzailean tratatzea, ez bada arrazoi objektiboak daudelako; hortaz, kexak eragin dituen administrazio batzuen zenbait jardun berrikusi behar izatea ere planteatu dugu. Kexak aukeratzeko atalean bitarteko funtzionarioek zentro ofizialetan azkenengo azterketara joateko egindako lizentzia eskaerei Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak emandako tratamenduari dagokionez izapidetutako kexa aipatu da.
Une honetan izapidetze fasean dagoen arren, telelana egiteko aukera aldi baterako langileei ere ematea aztertzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egindakoa ere interesgarria eta aipagarria da.
Beste gai batzuei helduz, 2016ko ekitaldi honi dagokionez, familia eta lan arloko ardurak hobeto uztartzen saiatzeko premia dela-eta sustatutako kexa kopurua handia izan dela nahitaez agerrarazi behar dela uste dugu. Horietako batzuk Ertzaintzako langileei lotuta egon dira. Segurtasun Saileko arduradunek ulertu dute, eta ondo ulertu ere, gure ustez, kontziliazio aukerak lan arloko baldintzen negoziazioaren emaitzetatik eratorri behar direla, interesdunen artean tratamendu desberdinak izatea eragozteko. Nolanahi ere, gure iritziz, horrek ez du oztopatzen helburu hori lortzeko lagungarria izan daitekeen neurri oro lantzea komenigarria dela iradokitzea. Horiez gain, beste kexa batzuen behin betiko ebazpenak emateke daude, eta horien artean gaixotasun larriak dituzten seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizteko aukerari buruzko kexa bat nabarmendu nahi dugu.
Beste alde batetik, ohikoa den moduan, erakundeak laguntza eskaini die enplegu publikoak lortzeko sarbidean horrelako prozesuak gidatu behar dituzten berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipio argiak zuzen betetzeari buruzko zalantzak izan dituzten herritarrei. Horren adibide gisa, Arartekoaren 2016ko uztailaren 19ko Ebazpena aipatu behar da; ebazpen horretan, Euskotren elkarte publikoari gomendatzen zaio aldi baterako lan poltsa bat eratzeko prozesuan egindako nortasun probetan eta elkarrizketa pertsonalean aplikatu ziren irizpideak eta horiek nola aplikatu ziren jakinaraz diezaiela kexagileei.
Nolanahi ere, aitortu behar da aurreko ekitaldien joerei jarraiki, sektore garrantzitsuetako enplegu eskaintza publikoek (esaterako irakaskuntza eta polizia sektoreetakoak) ez dutela kexa kopuru nabarmenik eragin, beharbada, aurreko txostenean esan bezala, horrelako prozesuak kudeatzen tradizio luzea duten sektoreak direlako.
Aurreko uste horren salbuespena UPV/EHU esparruan irakasle elkartuen kontratuak esleitzeko lehiaketa publikoen gainean oraindik ere jasotako kexak dira. Horrenbestez, gure ondorioak berretsi behar ditugu, hain zuzen ere, horrelako lehiaketen kudeaketa ez dela nabarmendu horrelako prozeduretan zaindu beharreko betekizunak betetzeagatik, eta, halaber, administrazio onaren eskubidetik eratorritako betekizunak arriskuan eta konpromisoan jartzen dituela gogoan izan behar dela.
1. Arloa kopurutan
2016an 9 kexa jaso dira animalien babesaren arloan, alegia, erakundeak urte osoan zehar erregistratu dituen kexen %0,42.
2. Kexarik aipagarrienak
Ekitaldi honetan, jasotako kexen kopurua oso altua izan ez bada ere, adierazi behar dugu eremu ezberdinetan pertsonen eta animalien arteko bizikidetzan sortutako gatazkei buruzko erreklamazioak gailendu direla adierazi behar dugu.
Herritarrek aurten ere erakunde honetara jotzen jarraitu dute administrazioek zenbait animaliek espazio publiko jakin batzuetan jasan dituzten gertakarien aurrean erantzun ez dutela salatzeko.
Horregatik zuzendu gara dagozkien toki erakundeengana, pertsonei kalterik ez egiteko animaliak izateko araudia betetzen dela bermatu behar dutelako. Hartara, hiriko bide eta espazio publikoetan txakurrek kontrolaturik eta loturik egon behar dute eta, horretarako, kateak edo uhalak erabili behar dira. Halaber, animalia horiek mikrotxiparekin identifikaturik, erroldaturik eta kasuan kasuko udalerriko erregistroan erregistraturik egon behar dute. Horretarako, garrantzitsua da toki-erakundeek animaliak identifikatzeko kanpainak egitea, txakurrak abandonatzeak, erasoek, kexek, etab. eragin ditzaketen ondorio negatiboak ekiditeko.
3. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Hala ere, gaur egun argi dago gero eta etxeko animalia gehiago daudela espazio publikoetan. Horrenbestez, udalerriek kontrol politikak ezartzea ezinbestekoa den arren, agian, komenigarria izango litzateke etxeko animaliak dauzkaten pertsonen eta gainerako herritarren arteko bizikidetza orekatua lortzeko bestelako irtenbideak hartzea.
Horrela, animalientzako aisialdirako eremu zehatzak prestatu daitezke ordutegi zehatzetan, era berean, beharrezkoa da animalien jabeei txakurren kakak jasotzeko aukera emateko udal baliabide egokiak eskuragarri jartzea eta informazio kanpainak egitea animalien jabeak animaliak edukitzearekin lotutako alderdietan hezi eta kontzientziatzeko, dauzkaten betebeharrak zein diren eta betebehar horiek ez betetzearen ondorioak zein diren jakin dezaten.
1. Arloa kopurutan
Aurten 122 espediente kudeatu dira sail honetan eta honakoa izan da eragindako administrazioen araberako banaketa:
• Tokiko administrazioa 103
• Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 4
• Foru administrazioa 1
Azpiarloen araberako banaketari erreparatuz gero, honela sailkatuko litzateke:
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio-prozedura 41
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio-erantzukizuna 37
• Tokiko zerbitzu publikoak 25
• Udal-erroldaren kudeaketa 7
• Informazioa eta herritarren parte-hartzea 7
• Herritarren eskubideak 3
• Beste alderdi batzuk 2
Aurten hainbat kexa bideratu ditugu, ekitaldi honetan jasotakoak eta aurreko ekitaldietan ebatzi geratu zirenak, batez ere azken hiruhilekoari dagozkionak. Kexa horien biderapenari buruzko xehetasunak direla eta, nabarmendu behar da ondorengo egoeran daudela txosten hau idatzi den unean:
Arlo honetan, lantzen den esparrua orokorra denez, gai gehienak toki administrazioetara bideratutako kexen gainekoak dira. Arartekoaren aurrean herritarrek planteatutako alderdi nabarmenenak, neurri handi batean, toki administrazioen funtzionamendu orokorrari buruzkoak dira; izapidetzen diren eskaeren erantzun faltaren arazoa ( isiltasuna) eta aurkeztutako salaketen ebazpena gehiegi luzatzea bereziki nabarmentzen dira. Bidenabar, administrazio prozeduraren oinarrizko zenbait izapide ez betetzeak ere kexa ugari eragiten ditu oraindik (alegazioetarako entzunaldiak, etab.), baita administrazio egintzetan arrazoi gutxiegi edo arrazoirik ez ematea ere; egoera horien guztien ondorioz, kaltetutako pertsonek ezin diote administrazioaren jardunari eraginkortasunez eta beharrezko berme guztiekin aurre egin.
Halaber, informazio publikoa izateko sarbide eskubideari lotutako alderdiak ezin dira aipatu gabe utzi, Administrazio Publiko guztietarako Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea indarrean sartu zenetik; izan ere, eskaera egin beharrik gabe, eskubidea balia dezaketen pertsona guztien titulartasuneko eskubide bihurtu zen. Eskubidea herritarren kontrol demokratikorako eta administrazio jarduna aztertzeko oinarrizko tresna gisa ikusi behar da, hala gizarte gaietan parte hartzea handiagoa izan dadin. Hori dena eraginkorra izan dadin, administrazio publikoek eskubidea betetzea bermatzeko protokoloak kasuan kasuko antolaketa guztian eta zeharkakotasunez bultzatu behar dituzte.
Arloan nabarmendu beharreko beste gai bat udal jabetza publikoari eta horren kudeaketari buruzkoa da. Ildo horretan, alde batetik, terrazak eta mahaiak jarriz espazio publikoa okupatzeko udalek ematen dituzten baimenen betekizunak ez betetzeari eta udal ordenantzak ez betetzeari buruzko zenbait kexa izapidetu dira . Beste alde batetik, ezohiko jaiak direla eta, espazio publikoa txosnak eta bestelako instalazioak jartzeko erabiltzeari buruzko hainbat kexa ere jaso dira, besteak beste, esleipen irizpideak zehatzak eta gardenak ez direlako edota marko legala betetzen ez delako.
Zertzelada labur hauekin bukatzeko, udal mailako funtsezko zerbitzuetan (bideak, urak, argiak, etab.) hobekuntzak egitea edota zerbitzu publikoak jartzea oraindik ere eskatu egiten da.
Jasotako kexen izapidetze faseen betetze mailari dagokionez, jardun okerren bat antzeman den espedienteen kopuru handi batean administrazio eskudunek Arartekoaren oharrak onartu dituzten arren, Arartekoak gomendio zehatzen bat plazaratu duen ebazpenen kasuan gehienak ez dira onartu, hurrengo atalean azaldu den moduan.
2. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan erakunde honek arlo honetan izapidetutako kexa esanguratsuenak laburbildu ditugu, lantzen den gaia dela-eta edo kexan aipatutako gaia berria delako; gomendioren bat jaso dutenak bereziki azpimarratu dira, azpiarlo materialen arabera multzokatuta, jarraian azaldutako epigrafeen arabera.
2.1. Administrazio prozedura eta Administrazioaren funtzionamendua
Administraziora jotzen dutenean, herritarrek izapidetzen dituzten eskaerei garaiz eta zuzen erantzuteko administrazioaren jardun eraginkorra eskatzeko eskubidea daukate. Arartekoak zenbait kexatan izandako esku hartzea bukatu egin da administrazioen aurrean erreklamatutako administrazio espedienteak etenda edo izapidetu gabe zeudelako. Hortaz, Arartekoaren 2016ko otsailaren 29ko Ebazpenaren bitartez, gomendioa igorri zitzaion Gasteizko Udalari desjabetutako lonja baten balio justuari buruzko espedientea behar bezala izapidetu zezan (gomendio hori ez da onartu). Jarduketa horretan, gainera, aipatutako auzia ebazteko entitate edo erakunde arduradunak zehaztasun falta zuelako ere kexu agertu zen kexagilea. Administraziora jotzen duten pertsonek nora jo behar duten jakiteko eta aurkeztutako eskaera ebazteko eskumena zein erakunde edo organok duen jakiteko eskubidea daukate.
Udal egituren eta erakunde horien barne antolaketaren konplexutasunak ezin du, inolaz ere ez, herritarren babesgabetasun egoera sorrarazi, eta entitateak berak horrelako gaiak ebazteko barne prozedurak izan behar ditu, kasuan kasuko prozedura edo protokoloen bitartez. Toki araubidearen oinarriak arautu zituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak toki administrazio berberaren mendeko entitate eta organoen artean sor daitezkeen eskumen gatazkak argitzeko prozedura xedatu zuen.
Nolanahi ere, 19/2013 Legea indarrean sartu zenetik, administrazio publikoek eta merkataritza sozietateek (kapitalaren % 100 udalarena baldin bada) egoitza elektronikoetan edo webguneetan erakundearen, antolaketaren eta plangintzaren gaineko informazioa emateko betebeharra daukate (6. artikulua). Horrenbestez, garatzen dituzten funtzioak, aplikagarria zaien araudia eta baliatzen duten antolaketa egitura zehatz-mehatz azaldu eta horren gaineko informazioa argitaratu beharko dute, erakundera jotzen duten herritarrek arazoak konpontzeko zein atalera jo behar duten jakin dezaten.
Urtez urte Arartekoak errepikatu duen moduan, administrazio publikoek ahalegin handiagoa egin behar dute egiten duten lana eta horren arrazoiak herritarren aurrean azaltzeko, baita erabakitzeko ahalmenaren barruan hartutako erabakiei dagokienez ere, erabaki horiek justifikatzen dituzten arrazoi zehatzak eta horiekin zehazki lortu nahi dena jakin ahal izateko. Hartutako erabakiak justifikatzeko helburuak hartutako erabakia aproposena dela ebazteko balio behar du, administrazio jardunaren arbitrariotasuna baztertu ahal izatekoa.
Aurkeztutako eskaeren izapidetze eta erantzun faltaren gaineko arazoarekin jarraituz, Arartekoaren 2016ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bitartez, Guardiako Udalari gomendatu zitzaion bere garaian formalizatutako salerosketa kontratua eskritura publikora igo ahal izateko beharrezko izapideei buruzko eskaerari erantzun ziezaion (gomendioa ez da onartu). Horren haritik, Zaldibiako Udalari gomendatu zitzaion espazio publikoa terrazekin okupatzeko baimena izapidetzeko eta zegokion tasa igor zezan irabazizko aprobetxamenduagatik, kexa aurkeztu zuen pertsonak salatu bezala (Arartekoaren 2016ko maiatzaren 19ko Ebazpena; onartu egin zen).
Azken gomendio hori eta izapidetutako beste kexa batzuk direla medio, legezkotasunaren printzipioa betetzeko eskaera azpimarratu behar da, arlo bakoitzean aplikatu beharreko lege arauari dagokionez zein araudia bera betetzeari dagokionez, eta udal mailan ordenantza eta araudiei dagokie. Hainbat kexatan jaso den moduan, udal eskumeneko zerbitzuen prestazio eta kudeaketan, hainbat arrazoirengatik, udal araudia bera ez da aplikatzen edo ez da zuzen interpretatzen.
2.2. Udal erroldaren kudeaketa
Arlo honetan jasotako kexak gutxitu egin dira, baina udal erroldan izena ematea oinarrizko gizarte prestazioak jasotzeko beharrezko sarbide atea denez, gai hau nabarmentzen jarraitu behar dugu, legezkotasuna zorrotz betetzea eskatzeko. Udal errolda kudeatzeko udaletarako jarraibide teknikoetan erroldatzeko eta erroldaren kudeaketan sortzen diren zenbait egoera argitzeko prozedura zehazten da (2015eko martxoaren 16ko Ebazpena, 2015eko martxoaren 24ko BOEa).
Ebatzitako kexen artean nabarmendu behar da errolda eskaera bat aurkezten denetik udalak hiru hileko epean ebatzi ez badu, orduan isiltasun positiboa (ebazpenaren 1.13 atala) gailentzen dela; hala, errolda eskatu duen pertsona eskatu duen datatik erroldatzea beste aukerarik ez dago. Hala ere, alta eman nahi den egoitzan benetan bizitzearen gaineko zentzuzko zalantzak baldin badaude, orduan udalak ofiziozko baja izapidetzeari ekin diezaioke, interesdunari entzunaldia eskainiz kontraesana espedientea abiatuz eta kasuan kasuko lurralde esparruko errolda kontseiluari nahitaezko txostena igorriz.
Aurreko kasuez gain, oraindik ere erroldatzea berez ukatu egiten da (hau da, ebazpen formalik gabe) egoitza lekua ez denean legeztatutako etxebizitza bat. Eskatutako erroldatze lekuan erroldatzeko betebeharra du Udalak, betiere benetako helbidea denean eta hartzaileak komunikazioak jaso ahal baditu; “fikziozko helbide batean” erroldatzea ez da zuzena, esaterako udal gizarte zerbitzuen egoitzan; egoera hori bakarrik aplika daiteke udalerri batean bizi den pertsona batek etxerik ez badu. Horren haritik, erakunde honek Arratzua-Ubarrundiko Udalari igorri zion Arartekoaren 2016ko abuztuaren 11ko Ebazpena, baina udalak ez du gomendio hori onartu.
2.3. Informazioa eta herritarren parte-hartzea
Herritarrek gero eta gehiago eskatzen duten gai bat da gardentasuna, eta horixe azpimarratzen dute administrazioan dagoen informaziora sarbidea izateko eskubidea erreklamatuz erakunde honetan kexak aurkezten dituzten pertsonek, informazioa edozein euskarritan egonda ere; informazio hori legez ezarritako epeetan eman behar da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 20. artikuluarekin bat etorriz. Ildo beretik nabarmendu behar denez, arloaren araudi berriarekin ez da beharrezkoa informaziora sarbidea izateko eskaera arrazoitzea, ezta interesduna izatea ere. Bidenabar, eskaera bat ezin da baztertu ziorik ez dagoelako, eta sarbidea ukatzeko zio indartua beharrezkoa da, legez aurreikusitako mugak aplikatzearen ondorioz.
Betebeharrei aurre egiteko erakunde guztia modu aktiboan kudeatu behar da, herritarren eskaerak arrakastaz konpontzea posible egiten duten beharrezko aldaketak eginez. Horren ildotik, zenbait gomendio igorri zaizkio Sopuertako Udalari, zenbait udal ondasun komunali buruzko eta azken bi urteetan lur zati publiko zein pribatuetatik zura atera duten enpresei buruzko informazioa emateko eskaerei erantzuteko (Arartekoaren 2016ko urriaren 25eko Ebazpena, eta Arartekoaren 2016ko urriaren 25eko Ebazpena, hurrenez hurren). Gomendioak onartu dira.
Gizarte zibilaren eta herritarren parte hartzeari dagokion maila zehatzean, helburua elkarteen eta beste interes talde batzuen bitartez gai publikoetan parte hartze aktiboagoa izatea da, besteak beste, udal erabakien organo gorenetan landu nahi diren ekimenak aurkeztuz. Hala ere, osoko bilkuran proposamenak jasotzea udal bakoitzean osoko bilkuraren araudi organikoan aurreikusitako araudi propioaren araberakoa da, eta horrelakorik ez badago, Toki araubidearen oinarriak arautu zituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta berriki onartutako Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean; azken lege hori berria da, eta hirugarren atalean hizpide izango dugu. Oro har, salbu eta osoko bilkuran eztabaidatze aldera udal taldeek herri ekimen bat aurkeztea bereganatzen badute, araudi, ordenantza edo araudi proiektu bat aurkezteko prozedura eskakizun tasatu batzuen mende dago, tartean, bertan bizi diren herritarren ehuneko zehatz batek ekimena babestea; horrek zaildu egiten du horrelako ekimenek aurrera egiteko aukera izatea.
2.4. Herri-administrazioen ondarea
Aurreko ekitaldian bezala, udal jabari publikoa okupatzen duten terrazak eta mahaiak instalatu eta kaltetutako pertsonek aurkeztutako salaketen aurrean jardunik ezak ekarritako arazoei buruzko kexak oraindik ere badira, baimenetako baldintzak ez betetzeagatik zein udal araudia bera ez aplikatzeagatik.
Hala, Gernika-Lumoko Udalera igorritako gomendioan (Arartekoaren 2016ko abuztuaren 16ko Ebazpena) indarrean dagoen ordenantzaren arabera, espazio publikoa terrazekin okupatzeko baldintzak betearazteko eskatu zitzaion (gomendioa ez zen onartu). Ildo beretik, Ondarroako Udalak ere ez du onartu Arartekoaren 2016ko abuztuaren 1eko Ebazpena; horren bitartez, mahaiak eta aulkiak instalatzeko baimen bat indargabetzeko aholkatu zitzaion, jabari publikoaren okupazioa erregulatzen duen udal ordenantzaren aurkakoa izateagatik.
Beste alde batetik, kaleko salmenta egiteak edo udalek antolatutako aldizkako azoketan parte hartzeak ere hainbat jardun eragin ditu; horietan, horretarako eskuragarri dagoen espazio publikoa banatzeko interesdunen artean lizitazio publikoaren bitartez lehia sustatzeko premia adierazi da. Deialdien oinarriak onartzean, horrelakoetan espazio publikoa esleitzeko aintzat hartu beharreko alderdietako bat, hain zuzen ere, irizpideak Zerbitzu jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen II. kapituluan aurreikusitako mugekin bat etortzea da. Zehazki esateko, espazio publikoa aukeratu eta esleitzeko irizpideak finkatzean debekatutako betekizunak aintzat hartu behar dira, Legearen 10. artikuluaren arabera, besteak beste, emailearen bizilekua edo jarduera lehenago aldi zehatz batean lurralde horretan garatu izana irizpide baztertzaile gisa jotzen dira. Horren haritik, Bermeoko Udalarekin izandako esku hartze bat ere bukatutzat eman da; erakunde horretara Arartekoaren 2016ko martxoaren 7ko Ebazpena igorri zen, aldian behingo azoketan espazio publikoa legeria errespetatuz adjudikatzeko gomendatuz. Udalak gomendioa onartu zuen. Halaber, Erandioko Udalari ere gomendio bat igorri diogu, kaleko salmenta erregulartzeko udal araudiari dagokionez, arlo honetako hirugarren atalean jaso den moduan.
2.5. Ondare-erantzukizuna
Txosten hau egitean egiaztatu denez, beste behin ere, administrazio publikoen ondare erantzukizunari lotutako gaiak planteatzeko herritarrek erakunde honetara jotzeko konstantzia dute. Kexa horien sorburua, jakina denez, kalte materialak edota pertsonalak eragin dituen gertaera bat administrazio arduradunaren aurrean kaltetuek aurkeztutako erreklamazioak dira, kaltetuen arabera ez badute horrelakorik jasan behar eta, horrenbestez, kalte ordainak jaso behar dituzte.
Aurreko txostenetan adierazi den moduan, ohikoa da kexa zehatzak erreklamazioak baztertzeko edo epe barruan eman gabeko ebazpenen berariazko adierazpenekin bat ez etortzea. Txosten honetan 2014. urteko txostenean nabarmendu zen gai batera joko dugu berriz ere.
Partikular bat eta administrazio publiko bat egoteaz gain, kontratista edo emakidadun gisa ageri den hirugarren alderdi inplikatu bat ere badaukaten administrazio espedienteei lotutako kexei buruz ari gara; egoerak horrelakoak izan arren, administrazioek ezin dute beste alde batera begiratu. Orduan esaten zenez, kexagileek eztabaiden muinari buruzko erabakiak izateko administrazioaren praxi ona antzematen zen. Hau da, interesdunak administraziora edo hirugarren batengana jotzeko gaitasuna dauka, eta lehena aukeratzen du; administrazioak kasuan kasuko espedientea izapidetzeko betebeharra dauka, erantzukizuna dagoen ala ez eta, hala badagokio, kalte-ordaina nork ordaindu behar duen zehaztuz.
Jardun horretan, eta aipatutako ildoan, aldeko jarrera hori modu argian agertu duten zenbait gai aipatu behar dira. Kexak izapidetzean kexagileen eskaeren aldeko ebazpenak eman ziren, eta azalpen atalean honako esamoldeak jaso ziren: “agintzea…“ eta “-ri eskatzea…”; eragindako kalteen erantzuletzat jotako hirugarrenei zuzenduta zeuden.
Atala osatzeko zenbait araudi argitaratu eta indarrean sartzeak eragindako berrikuntzak aipatu behar dira, hain zuzen ere urriaren 1eko 39/2015 Legea, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta urriaren 2ko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
Lehenengoak ondare erantzukizuneko erreklamazio espedienteetan jarraitu beharreko prozedura arauak jaso ditu; bigarrenak, berriz, printzipio orokor arautzaileak ditu hizpide. Horrenbestez, orain arte arlo honetako diziplina ezartzen zuten Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea eta martxoaren 26ko 492/1993 Errege Dekretua indargabetu dituzte, ondare erantzukizunaren arloan administrazio publikoen prozeduretarako arautegia onartu zuena.
2.6. Tokiko zerbitzu publikoak
Aurten udalerri guztietan nahitaez eman beharreko zerbitzu publikoei buruzko hainbat kexa jaso dira, esaterako argi publikoak, saneamendua, hilerriak, ur hornidura eta hiri hondakin solidoak jasotzeko zerbitzua. Herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak oro har hobetzea eskatzen du, edo horiek jasotzeko eskubidea badaukate zerbitzuok finkatzeko eskatzen dute, ematen ez bazaizkie, bereziki landa eremuan.
Emandako zerbitzu publiko desegokiaren adibide gisa, hiri hondakin solidoak jasotzeko edukiontziek kokapen desegokia izateari buruzko kexak izapidetu ditugu. Hala, Añanako Kuadrillari, Osmako Administrazio Batzarrari eta Arabako Foru Aldundiari gomendio bat igorri diegu (Arartekoaren 2016ko azaroaren 9ko Ebazpena), Osma herrian dauden hiri hondakinak biltzeko edukiontziak beste leku batean jar ditzatela eskatuz; izan ere, une horretan kokapen desegoki batean zeuden, bai beste baten jabetzan kalteak eragiten zituztelako, bai errepideko erabiltzaileen bide segurtasunerako kaltegarriak izan zitezkeelako.
3. Lege-arloko berritasunak
Azkenean, autonomia erkidegoak badu udal lege bat: Apirilaren 7ko 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa. Legearen zioen azalpenean jaso zenez, EAEko egitura juridiko eta instituzionalaren zutabeetako bat izan beharko zukeen arren, hogeita hamar urte baino gehiago behar izan dira testua onartzeko.
Horrelako arauetan ohikoa den bezala, alderdi berritzaileenetako batzuk aplikatzea atzeratu egiten da, epe nahiko luzeetan, esaterako gardentasunaren gaineko betebeharrak, gardentasun ataria edota zerbitzu gutunari dagozkionak (bosgarren eta seigarren xedapen iragankorrak). Halaber, lehenengo xedapen iragankorra ere aipatu behar da, udalerrien eskumen propioei buruzkoa, Legearen 17.1. artikuluan aurreikusitako esparru materialetan behin-behineko zuzeneko esleipenen bitartez.
4. Ofiziozko espedienteak
Aurreko ekitaldian abiarazitako ofiziozko espedienteen jarraipen gisa, erakundeak Erandio udalerrian kaleko salmentari buruzko ofiziozko espediente baten esku hartzea bukatu du, kaleko salmenta arautzeko ordenantza ez zegoelako egokituta martxoaren 1eko 1/2010 Legera, aldatu zuena Txikizkako merkataritza antolatzeko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legea eta kalez kaleko salmentan edo salmenta ibiltarian aritzeko jarduera arautzen duen otsailaren 26ko 199/2010 Errege Dekretua . Ordenantzak araudi berrietara egokitzean kaleko salmentaren jardun libreari ezin zaizkio mugak ezarri, salbu eta horrela jokatzea interes orokorreko arrazoietan oinarrituta dagoela justifikatuta baldin badago; arrazoi horien artean ezin dira egon izaera ekonomikoko betekizunak, tokiko produktuetarako erreserbak edo merkatuan existitzen den eskaria.
Ofiziozko beste espediente bat ere abiarazi da, hirietako eta hiriarteko errepideetan abiadura murrizteko gailuak instalatzeak eragindako arazoei dagokienez. Espedientea Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren mendeko Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzorde aurrean bideratu da, kontsulta erakunde gisa; izan ere, batzordearen betebeharra bide segurtasunean eragina daukaten eskumenak dituzten administrazio publikoen koordinazioa erraztea eta arloa hobetzea bultzatzea da, bide segurtasun eta zirkulazioari lotutako entitate publiko eta pribatuen parte hartze eta topaketaren bitartez.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Administrazioak ez jarduteak administrazioaren jarduna gidatu behar duten printzipio nagusien haustura dakar, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 2ko 40/2015 Lege berriko hirugarren artikuluarekin bat etorriz. Zehazki esateko, herritarrentzako zerbitzu eraginkorraren printzipioei buruz ari gara, baina baita parte hartze, objektibotasun eta gardentasun printzipioei buruz ere. Aurkezten dizkioten eskaerak izapidetzen ez dituen edo behar bezala izapidetzen ez dituen administrazioak (egokitzen diren izapideak eta legezko betekizunak aurretik bete badira) nekez adierazi ahal izango du zerbitzatu behar dituen herritarren zerbitzura dagoenik bere jarduera. Publikoa denak gure eguneroko bizitzako eremu guztiei eragiten die, nabarmen, eta, ondorioz, euren jarduera eraginkorra izan dadila eska dakieke herri-administrazioei.
Beste ikuspuntu batetik erreparatuta, eta aipatutako legearen hirugarren artikuluan jasotako printzipio orokorren plano berean, herritarren eskubidea da administrazio publikoek jardun administratiboa garatzean legea eta zuzenbidea errespetatuz jokatzea itxarotea, asmo onez eta bidezko konfiantzaz printzipioak erabat errespetatuz. Legezkotasunaren printzipioari dagokio administrazio jardun oro, eta alderdi zehatz bat dauka, garrantzia duelako udalerri bateko herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuetan eta udalen auto antolaketarako ahalmenean; araudi eta ordenantzen bitartez tokiko bizitzaren maila guztiei eragiten dien jardun eta zerbitzuen edukia zehazten dute, eta horiek betetzea bereziki zaindu behar da.
Argi dago ahalegin handia egin behar dela legea betetzeko eta administrazioaren antolakuntza administrazio publikoaren eskumenen barruko esparru material guztietan etengabe ageri diren eskaera berrietara egokitzeko. Ondorio guztietarako, herritarren zerbitzuetara bideratutako jardunen zerbitzu publikoen prestazioa funtsezkoa da, eta administrazioaren betebehar oro inspiratu behar du; herritarren eskaerak ez dira administrazioaren jardunerako karga gisa hartu behar. Horren haritik, administrazioaren engranajea etengabe egokitu behar da; izan ere, batzuetan ez dago informazio nahikorik, administrazio erakundeek garatzen dituzten funtzioak ez daude argi, giza baliabide eta baliabide materialak eskasak dira eta emandako eskumenen edukia ez da argia, eta horren ondorioz herritarren eskubideak baliatzea ezinezkoa izaten da.
Testuinguru horretan, herritarrek egindako gardentasun eskaerak aipatu behar dira, eta administrazio publikoek aitzakiarik gabe onartu behar dituzte, ez soilik legeak hala agintzen duelako, baita demokrazia gobernu forma gisa izateko gardentasuna ezinbesteko ardatza delako. Herritarrek informaziorako daukaten eskubidea gizarteak geroz eta gehiago eskatutako gai bat da, eta, aldi berean, gobernu arduratsuen betebehar bat ere bada; hala, diseinatutako politiketan baliabide erraztaileak ezarri behar dituzte, benetan ezartzeari erabateko lehentasuna emateko. Lidergoa hartu eta adibidea emateko norabide politikoa beharrezkoa da, eta informazio publikora sarbide erraza eta gardentasuna izateko politika publikoek antolaketa osoa modu koordinatuan eta zeharkakotasunez inplikatu behar dute, benetan eraginkorra izan dadin; hala, giza baliabideak eta baliabide materialen multzoa behar bezala eta benetan planifikatuta ez badago, ez da benetan eraginkorra izango.
Aurreko ekitaldiko memorian azaldu genuen moduan, Gardentasun Legea benetan eraginkortasunez aplikatzeko era askotako neurriak hartu behar dira, antolakuntza, edukiak sortzeari dagozkionak eta euskarrietara egokitzea, etab. Hala ere, iaz jaso bezala, webguneei azkar erreparatu eta azaleko azterketa bat egin ondoren, begiratu bakarrean, oso kezkagarria iruditu zaigu, oro har, udaletan antzematen diren gabeziak, tamaina askotako administrazioak eta administrazio ugari diren aldetik. Gai horietan guztietan tematzen jarraitu behar dugu, oraindik erabiltzen diren inertziek ez dutelako indarrean dagoen araudiaren espiritua eta betebeharrak integratzea ekarri.
Hala, herritarrek gai publikoetan parte hartzeko oinarri gisa informazio publikora sarbidea izatea zailtzen duten jardun horien adibide bat jartze aldera, udal araudiak eta ordenantzak publikoki ikusgai jartzea aipatu behar da. Udal askok araudi eta ordenantzen hasierako onarpenari dagokion iragarkia jartzen dute webgunean, baina, hain zuzen ere, interesatuek alegazioak edo iradokizunak aurkezteko epea zabaltzea xedetzat duen proiektuaren testua ez da plazaratzen. Jokatzeko modu hori 19/2013 Legearen 7 e) artikuluaren aurkakoa da, artikulu horrek sektore legediaren arabera jendaurrean aldi batez jarri beharreko dokumentu guztiak argitaratu beharra eskatzen baitu. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean, araudi eta ordenantzak argitaratzeko betebeharra indarrean sartzea atzeratu egin da, bosgarren xedapen iragankorrean jaso bezala, baina aipatutako oinarrizko gardentasun legedian jasotako gutxieneko betebeharrak aplikatu behar dira.
Bestalde, toki administrazioaren esparruan (jasotako irizpide orokorrak beste administrazio maila bati ere aplikatu ahal zaizkion arren), apirilaren 7ko 2/2016 Lege berrian (Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa) informazio publikora sarbidea izatea arautzeko printzipioak aipatu ziren, eta honako hau nabarmendu zen: “informazio publikoa eskuratzeko eskubidea –toki-botere publikoen eta erakunde horien arduradun publikoen kontu-ematearen kontrol demokratikorako beharrezko den aldetik“ (62.3. artikulua). Hola, jokatzeko jarraibide eta irizpide hauek finkatzen dira:
• Legeriak ezartzen dituen mugak era murriztailean interpretatuko dira.
• Informazioa ukatzen denean, ebaluatu beharko dira, alde batetik, aipatzen diren interes publiko eta pribatuari eragindako ustezko kalteak, eta, bestetik, eskatutako informazioa zenbateraino den garrantzitsua edo adierazgarria, eta zenbateraino den beharrezkoa, objetiboki, gobernuaren ekintzaren kontrol demokratikoa egiteko.
• Prozedurak antiformalismoan eta garapen-samurtasunean oinarrituko dira.
• Eskubide hori berariaz ukatzen denean –gardentasunaren oinarrizko legerian aurreikusitako mugak aplikatzearen ondorioz– arrazoibideak oinarri sendoagoak izan beharko ditu.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen aplikazioarekin jarraituz, indarrean sartu zenetik igarotako denbora laburrean, igorritako kexen edukira praktikoki aplikatuz printzipio orokorren definizioan udal eskumenak zehazteko legean antzemandako ahalegina eta eskumen propioen zerrendaren xehetasun maila aintzat hartu behar dira; horrez gain, nahitaez eskaini beharreko zerbitzuei dagokienez, toki mailako oinarrizko legedian aurreikusitakora jo behar da (97. artikulua). Bestalde, berrikuntza gisa interesgarria da, printzipioak diren aldetik, tokiko araugintza ahala eta politika publikoak informatu behar dituzten udalerri bateko herritarren eskubide, betebehar eta arduren gainean legeak egindako aipamena. Askotan, planteatutako kasuen kasuistikak logika eta arrazoia erabiltzea eskatzen du; horretarako, araudi hau erabilgarria izango da, printzipio orokorrak eta herritarren eskubideak eta betebehar korrelatiboak testuinguruan kokatzeko orduan.
Udalek tokiko interes publikoko gaiak antolatzeko eta kudeatzeko erabateko autonomia daukate, ordenamendu juridikoaren barruan (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 9.1. artikulua). Besteak beste, espazio publikoetako elkarbizitza harremanen ordenaziorako eta kudeaketarako eskumenak xedatzen ditu (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 17.1.2. artikulua). Bada, gai hori udalak komenigarritzat jo bezala arautu ondoren, kasuan kasuko ordenantzaren bitartez, udal administrazioak zein eraginpeko pertsonek edo onuradunek araua errespetatu eta betearazi egin behar dute, lehenago maila orokorrean aipatu bezala. Aipatutako betebehar eta erantzukizunekin batera, herri horretako herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eta udal araubidea bete dadin eskatzeko eskubidea dute, legeetan eta ordenantza edo araubideetan ezartzen denaren arabera (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 43. eta 44. artikuluak).
Horren haritik, espazio publikoan terraza eta mahaiak edo ezohiko azoketan instalazio desmuntagarriak jartzea kexa ugari sorrarazten ari da ez soilik jabari publikoa okupatzeko emandako baimenetako baldintzak betetzen ez direlako, baita emandako baldintzak benetan betearaztean eskumena daukaten agintariek beste alde batera begiratzen dutelako, edo udal araudia bera aplikatzeari uzten diotelako, edo ordenantza legearekin bat etorri gabe interpretatzen dutelako. Azokei dagokienez, “tradizioaren” indarraz eta “beti egin izan da horrela” dioen esaldia aitzakia gisa erabilita, irizpide baztertzaileak erabiliz (esaterako udalerrian bizitzea edo antzinatasuna) eta zuzenean esleitzea debekatzen duen araudi berria ez da betetzen ari.
Beste alde batetik, udalerri bateko herritarren betebehar eta erantzukizunen artean jabari publikoaren gaian jaso da “udal ondarea, azpiegiturak eta udal zerbitzuak zentzuz eta egoki erabiltzea, eta haiek kontserbatzen eta berreskuratzen laguntzea. Era berean, udal ekipamenduak eta zerbitzu publikoak –bide-seinaleak eta hiri-altzariak barne hartuta– errespetatu beharko dituzte, baita haiek berreskuratzen eta kontserbatzen lagundu ere” (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 44.1.d) artikulua). Horrez gain, udalek udal ondasunak zaintzeko betebeharra eta erantzukizuna daukate, kontserbazio eta hobetzeko neurri guztiak hartuz, eta helburuarekin bat ez datozen erabilerak debekatzeko oztopoak kenduz.
Azkenik, zerbitzu publikoen prestazioen gaineko erreferentzia labur bat . Herritarrek zerbitzuen prestazioan kalitate eta exijentzia maila gero eta altuagoak eskatzen dituzte, funtsezkotzat jotzen ez diren zerbitzuetan ere. Udalek zerbitzu publiko horien kalitate maila zehazteko eskumena daukate, baina komenigarria da oinarrizko edo gutxieneko estandar batzuk finkatzea, modu objektiboan har daitezkeen parametro eta beharrizan finkatuen arabera, bai zerbitzuak antolatu eta planifikatzeko, bai herritarrek ezagutzeko.
1. Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan 91 kexa jaso dira guztira. Kexa horiek zenbait azpiarlotan sailkatu dira:
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 37
• Erabiltzaileen eskubideak 25
• Osasun laguntza 13
• Herritarren eskubideak 7
• Itxaron zerrendak 4
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 2
• Beste alderdi batzuk 2
• Osasun publikoa 1
Hauxe da arloan izapidetu diren kexen estatistika-informazioa abenduaren 31n.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hautapena
Arartekoak atzerritarrek osasun-laguntza jasotzeko dituzten zailtasunen berri ematen duten kexak jaso ditu berriz ere. Bai arazorik premiazkoena den larrialdietan laguntza jasotzeko eskubidearen interpretazioak, bai laguntzaren eskubidea aitortzeko eskaerak onartzeko objekzioek agerian uzten dute egungo erregulazioaren ondorioz pertsona horiek daukaten administrazio-egoera korapilatsua.
Osasun-sistema publikoaren aseguramendua izateko eskubidea daukaten pertsonak izan arren, atzerritarrek arazoak izan dituzte, dirudienez, atzerritarrak izateagatik. Horren erakusgarri da 20 urteko seme batek bere amaren aseguramenduaren onuradun gisa aitortua izateko izan zuen zailtasuna. Jaioberriak diren adingabe atzerritarrek ere zailtasunak dituzte osasun-laguntza jasotzeko duten eskubidea nazionalen baldintza beretan gauzatu dadin.
Laguntza jasotzeko eskubidearen aitortzako eskaerei dagokienez, guztiak onartu behar dira formalki, indarrean dagoen askotariko araudia aintzat hartuz, zehaztasunez azter daitezen. Bidezkotasuna aurrez epaitzea eta eskaera ez onartzea ez da zuzena. Ohar hori egin da kexa batzuek eskaeraren ez-bidezkotasuna ahoz jakinarazi izan den egoeren berri eman dutelako, eta horrek dagokion ondorengo azterketa egitea zaila edo ezinezkoa izatea dakar. Laguntzaren araudiaren konplexutasunak izapidetzerako onartzea aholkatzen du.
Osasun Sailak eta Osakidetzak Arartekoari jakinarazi diote osasun-zentroetako onarpenen, fakturazioko eta bezeroen arretarako zerbitzuen arloetan horri buruzko prestakuntza ematen ari direla etengabe. Jasotako kexek erakusten dute aplikatu beharreko arauek aplikazioaren arduradunei helarazten ari zaizkien irizpideekin bat ez datozen interpretazioak sortzen dituztela.
Atzerritarrei arreta emateari dagokionez, jaioberriak diren adingabe atzerritarren arazoa aipatu beharra dago; izan ere, zailtasunak dituzte prestazio osagarriak eskuratzeko, esaterako farmazia-prestazioa, haien eskubidea oraindik eztabaidatu ez bada ere. Hori dela eta, erakunde honek ofiziozko espedienteen idatz zatian jasotako jarduketa hasi zuen.
2.2. Erabiltzaileen eskubideak
Bigarren iritzia jasotzeko eta etxe-medikua, ospitalea nahiz mediku espezialistak aldatzeko aukerak hainbat kexa eragin dituzten gaiak dira. Horrelako beste kasu bat paziente bati egiten zebilen errehabilitazioa beste errehabilitazio-zentro batean jarraitzea ukatu izanari buruzkoa da.
Ama batek bere semeari esleitutako adimen-osasuneko zentroa aldatzeko eskatu zuen, eta ondoren kexa bat egin zuen hori ukatu ziotelako. Bere eskaera hurbiltasun-arrazoiengatik egin zen (beste osasun-zentroa bere bizilekuaren aurrean zegoen), eta Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuan jasotako medikua hautatzeko eskubidean oinarrituta zegoen. Osasun-sistema publikoak erabiltzaileei eskaintzen dien aukera da, hasiera batean esleitu zaizkien bitartekoetan aldaketak eskatu ahal izateko.
Eskaeraren funtsezko arrazoia hurbiltasunari lotua zegoen, bizilekuaren aurrean baitago beste zentroa. Ukapena honetan oinarritu zen: plangintzak ez du aztertu aldaketa eskatu deneko adimen-osasuneko zentroan haren semeari arreta ematea.
Arartekoak egindako informazio-eskaerari emandako erantzunak azaldu zuen haur eta gazteen adimen-osasuneko zentro espezializatuetan posible den arretarik onena emateko irizpideak zonakatzean ezarritakoak direla, tresna horrek artatutako pazienteen kupoak parekatzen baititu.
Arartekoaren ustez, eskatutako aldaketa ukatzeak ez zituen apartekoak ez izan arren bereizirik azter daitezkeen bi esparru desberdindu. Lehenengoa plangintza-irizpideei buruzkoa da eta, beraz, osasun-administrazioak osasun-laguntzari esleitutako bitartekoak antolatzeko eskumenekin dauka zerikusia. Bigarrena hautatzeko eskubideari dagokio eta, eskubidea absolutua izan ez arren, izaera propioa dauka.
Bi esparru horiek bereizten ez badira, hautatzeko eskubidearen edukia husteko arriskua dago.
Administrazioak baliabideen plangintzarako duen eskumena justifikatzen duten arrazoiak eskuragarri dauden baliabideak antolatzeko bere ahalmeneko gaitasunaren esparruan kokatu behar dira. Baina justifikazio hori imitazioz eramaten bada geroko edozein eskaerara, erabiltzaileak hautatzeko duen eskubidearen isla izanik eskaera hori, aurretiko plangintzan oinarrituta, eskatu den banakako edozein aldaketa ukatzeko xedez, eskubide horren edukia husteko arriskua sortzen da. Horrenbestez, antolakuntza aldatzen duteneko modua justifikatzen ez bada, plangintza-irizpideen alegazio soilak ezin ditzake zentro-aldaketaren eskaerak ukatu.
Eskatu den eskaera onartzearekin egungo antolakuntza kaltetuko dela egiaztatuko balitz, hautatzeko eskubidearen mugaketa justifikatua egongo litzateke. Eskubide hori baldintzatuta egongo litzateke ere, hizpide dugun kasuan bezala, ez balitz bermatuko eskatutako adimen-osasuneko zentroan beharrezkoa den haur eta gazteen berariazko arreta egun artatzen duten zentroan dauden baliabide antzekoekin gauzatuko dutenik.
Erakunde honen iritziz, ezin zaio aterik itxi hautatzeko eskubideari geroko balizko eskaeretan oinarrituta, aurkeztuko zireneko zantzurik ez bazegoen (Osakidetzak emandako erantzunean adierazi zen eskaera horri arreta ematea aurrekaria izango litzatekeela, eta hori onartzeak ezarritako antolakuntzan bat ez etortzeak ekarriko lituzkeela). Ukatzeko arrazoi hori onartzen bada, eskatutako banakako aldaketak antolakuntza oinarritzen duten plangintzen ostekoak direnez beti, ordenamenduak erabiltzaileei ondoren hautatzeko ematen dien banakako eskubidearen edukia hustuko litzateke.
Zerbitzu espezializatua eta ospitalea hautatzeko eskubideari dagokionez, Arartekoak ikusi du batzuetan eskubide hori bigarren iritzitzat jotzen dela. Eskubide horren helburua hasiera batean sistema publikoan proposatutako diagnostikoa edo proposamen terapeutikoa egiaztatzea da. Alabaina, ez da harritzekoa beste espezialista baten aukeraketa bigarren iritzia jasotzeko eskaera gisa izapidetzea.
Horrek argi erakusten du bigarren iritziak horrekin zerikusia ez duten beste eskaera batzuk erakartzen dituela. Hori izan zen, hain zuzen ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ebakuntza egin zioten paziente baten kasua, hiru urte igarotakoan Basurtoko Unibertsitate Ospitalean proba diagnostiko bat eskatu baitzuen. Bere eskaera bigarren iritzi gisa izapidetu zen, baina erabiltzaileak benetan nahi zuena azken ospitale horrek zentro pribatu batean gomendatutako proba diagnostiko bat egitea zen.
Hori informazio egokia izango litzateke interesdunak Basurtoko Ospitalean lehen eskaera aurkeztu zuenerako; izan ere, orain, hilabete batzuk geroago, bideratu duten prozedura hastea ahalbidetu izango lioke (beste hitzordu bat Gurutzeta Ospitalean bere espezialistarekin, ondoren, hala badagokio, bigarren iritzia eskatzeko bere gaitzaren proposamen terapeutikoaren inguruan).
Bigarren iritziaren interpretazio zuzena eginez, Osasun Sailak Euskadiko osasun-sistematik kanpo gauzatzeko eskaera ukatu zuen. Irailaren 18ko 149/2007 Dekretuak, Euskadiko Osasun Sisteman bigarren iritzi medikoa eskatzeko eskubideaz baliatzea arautzen duenak, ez du aukera hori ukatzen. Alabaina, interesdunak ez zuen inolako justifikaziorik aurkeztu dekretu horren 4.3 artikuluak aipatutako inguruabar berezien inguruan (“Teknika diagnostiko eta/edo terapeutiko baten egoera bereziagatik beharrezkoa gertatzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste osasun sistema publiko batekoak diren zentro itunduetan edo osasun-zentroetan lortu ahal izango da bigarren iritzi medikoa, betiere, Osasun Sailaren baimenarekin”).
Aztertutako beste kasu bat pazientea joaten zen errehabilitazio-zentroa beste errehabilitazio-zentro bategatik aldatzeko eskaeraren ukapenari buruzkoa da.
Hasiera batean, Euskadiko osasun-sisteman hautatzeko eskubidea honen ingurukoa da: etxe-medikua eta pediatra, lehen mailako arreta-zentroa nahiz, hala badagokio, ospitalearen aukeraketa. Kasu horietatik kanpo, mediku espezialisten edo fisioterapeuten aldaketak, printzipioz, zerbitzu beraren erabilgarritasunen barruan egon beharko luke; kasu honetan, Gorliz Ospitalearen errehabilitazio-zerbitzuan.
Arartekoak interesdunari jakinarazi zion bere nahia bideratu ahal izateko baliagarria izango litzatekeela errehabilitazioa agindu zion mediku espezialistarekin hitzordu bat eskatzea, bere prozesua kontrastatze aldera. Osterantzean, bere eskaera ospitale-aldaketa ez bazen ere, arauak ezartzen dituen baldintzetan (149/2007 Dekretua ospitalea hautatzeko eskubidea arautzean erreferentzia-ospitale gisa ezagutzen denaz ari da), horretarako ezarritako prozedurara jo beharko litzateke.
Hurrengo kexak prestazio bat jasotzeko eskubidea daukan pertsona baten egoera deskribatzen du, ez da eztabaidatzen eskubide hori duenik, baina prestazioaren kostua bere gain hartu behar du. 1972an lan-istripu bat izan zuen pertsona bat da; beharrezkoa duen protesi bat berritzeko daukan zailtasuna azaldu du.
Ez da eztabaidatzen beharrezkoa duen prestazioaren azken erantzukizuna nori dagokion (kasu honetan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari, GSIN) baizik eta zuzeneko edo berehalako erantzukizuna nork hartu behar duen (GSINk edo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak). Aurreko berritzeen zenbatekoa GSINk itzuli zion.
GSINk uste du abuztuaren 3ko 1192/2012 Errege Dekretua, funts publikoen kargura eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez Espainian osasun-laguntza jasotzeko asegurudun eta onuradun izaera arautzen duena, onetsi zenean, azaroaren 16ko 2766/1967 Dekretuaren 11. artikulua indargabetu zela. Horrek esan nahi du osasun-laguntzaren irismena ez dela desberdintzen kontingentzia arrunt edo profesionalagatik. Hori dela eta, GSINk uste du ez dela bidezkoa ordaindutako fakturen gastua itzultzea eta bere erantzukizuna erkidegoko osasun-zerbitzuei ordaintzea dela, dagokion likidazio-sistemaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, finantzaketa-sistema bereziaren bitartez.
Bestalde, azaroaren 12ko 1506/2012 Errege Dekretuak xedatzen du lan-istripuen ondorioz behar diren tratamenduak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak finantzatu behar dituela, baina ez du zehazten nor den prestazio hori gauzatzeko betebeharra duena (9. art.). Hau da, administrazio batek finantzatzeko betebeharra izatea ez dago kontraesanean beste erakunde batek prestazioa ematearekin.
Horrenbestez, tartean diren administrazio bietako batek ere ez du interesdunak gastuaren itzulketa jasotzeko duen eskubidea eztabaidatzen, eta eztabaida honetan ardazten da: eragin duen gastua nork ordaindu behar dion lehenengo.
2.3. Osasun laguntza
Odontologia-tratamendu bat behar zuen eta, autismo izateagatik, ebakuntza-gelan anestesia behar zuen adingabe bati emandako arretak sorturiko inguruabarrek azterketa xehatua eragin zuten.
Osakidetzaren plangintzarekin bat etorriz adingabeari esleitu zizkioten osasun-zerbitzuak bere osasun-arloari zegozkionak ziren, Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, odontologia-tratamendua Haurren Hortzak Zaintzeko Programan (PADI) dago, Osasun Sailak itundutakoa; hortaz, Osakidetzaren osasun-arloarekin bat ez datorren plangintza dauka. PADIren plangintza horren arabera, autismoagatik jaso behar zuen arreta berezia Bizkaian gauzatu behar zen, Sestaoko anbulatorioan lehenik eta, ebakuntza-gelara joan behar izanez gero, San Juan de Dios Ospitalean, Santurtzin.
Hasiera batean, Sestaoko medikuak erabaki zuen adingabeak behar zuen esku-hartzeak ez zuela ebakuntza-gelaren beharrik, eta lasaigarri batekin egitea proposatu zuen. Hori ez zen posible izan, eta hiru hilerik behin bere PADIko odontologoarekin koordinatutako mediku-azterketak egitea adostu zuten, hortzaren eboluzioa ikuste aldera. Ondoren, odontologo horrek esku-hartzea sedazioarekin (ebakuntza-gelarik gabe) egiteko aukeraren inguruko informazioa biltzeko gomendatu zien. Izan ere, txantxarraren neurria ikusita, ezin zen gehiago itxaron.
Gurasoek, aukerez informatu ostean, hitzordua eskatu zuten Donostiako Quirón Ospitalean (Osasun Sailarekin itundutako zentroa, esku-hartze horiek behar dituzten Gipuzkoako pazienteentzako dena). Gurasoek horren berri eman zioten Sestaoko zentroari, eta zentro horretan aurreikusita zeukaten hitzordua ezeztatu zuten. Quirónen esan zioten ezinezkoa zela sedazio bidezko esku-hartzea egitea, esku-hartzea luzea izango zelako eta, ondorioz, anestesia orokorra (ebakuntza-gela) beharko litzatekeelako.
Aurrekari horiekin, gurasoek baimena eskatu zuten Quirónen bere semeari esku-hartzea burutzeko. Osasun-administrazioak Gipuzkoako zentro horretan esku-hartzea egiteko baimena ukatu zuen, haiei zegokiena ez izateagatik. Hori dela eta, hitzordua eskatu zuten Sestaon; bertan adierazi zieten esku-hartzea gauzatzeko ebakuntza-gela behar izanez gero erreferentziazko zentroa Santurtziko San Juan de Dios Ospitalea zela.
Administrazio-ikuspuntutik, Osasun Sailak emandako erantzuna zuzena izan zen. Alabaina, laguntza-prozesuaren eboluzioak izandako aldaketen arabera, ukatu zieten Quirónera joateko baimen-eskaera egin zuten unean adingabeak bi proposamen terapeutiko desberdin zeuzkan: bere Bizkaiko erreferentziazko zentroan (laguntza hori emateko itundutakoan) ukitutako hagina ateratzea proposatu zioten, baina Quirón zentroan (Gipuzkoako pazienteentzat itundutakoan) proposatu zioten tratamendua endodontzia bat zen.
Osasun Sailaren aurrean egoera baldintza horietan aurkeztu zenean, osasun-administrazioak aurrekari guztiak aztertu zituen, bereziki desberdina den proposamen terapeutikoa, eta azkenik gurasoen nahia bideratu zuen, proposamen desberdinen espezifikotasuna aintzat hartuz.
Osasun-laguntzari buruzko idatz zati honetan, osasun-garraio lagundua ukatzeagatiko kexa jaso da. Beste autonomia-erkidego batean premiaz artatu behar izan zen paziente batek jarri zuen, beharrezkoa zuen ebakuntza kirurgikorako bere Osakidetzako erreferentziazko zentrora eraman zezatela eskatu baitzuen. Arazoa, premiaz ospitaleratu behar izan zuten autonomia-erkidegoan esku-hartzea gauzatu izan balitz, esku-hartzearen ondoren izango lukeen laguntza-faltari buruzkoa zen. Burututako jarduketak Arartekoaren 2016ko abenduaren 19ko Ebazpenean jaso dira. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala pertsona bat Figuereseko Ospitaletik Donostiako Unibertsitate Ospitalera osasun-garraio lagunduan eramateko baimen-eskaera ukatzeko erabakia.
Halaber, aipatutako ebazpenean jorratu ez den ikuspegi batetik, ospitaleratzean familiaren laguntza izatearen baliagarritasuna eta hori izateko zailtasuna azaldu dira. Aiarako Udalean bizi den pertsona batek sortu zuen kasua; bere erreferentziazko ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea da, baina familia-inguruabarrengatik Basurtora eraman eta bertan artatu zezatela eskatu zuen. Hori dela eta, bere egungo lehen mailako arreta-zentroa mantenduz, arreta espezializatua Bilboko ospitale horretan esleitu ziezaiotela eskatu zuen.
Eskaera ukatu zioten arreta erroldatuta zauden tokiari lotuta dagoelako eta, osasunaren antolakuntzaren ikuspuntutik, esan zioten ez dagoela beste aukerarik.
Arartekoa ez dago antolakuntza egokiak laguntza-baliabideen plangintzan daukan pisuaren kanpo. Hori guztia aintzat hartuz, aldaketa-aukerak ez lirateke guztiz baztertu beharko eskaera horiek oinarritzen duten berariazko inguruabarrak aztertu barik.
2.4. Itxarote-zerrendak
Ebakuntza kirurgikoentzako itxarote-denborari buruzko idatz zati honetan, adierazi beharra dago aurreko txostenetan egindako ohar bera egin beharra dagoela 180 egun baino gehiago igaro diren kasuetan.
Kexa horiek izapidetzeko bideratu baziren ere, Arartekoak uste izan du bidezkoa dela Osakidetzari ohar bat helaraztea honako hau adieraziz: egoera horietan (180 egun baino gehiagoko itxaronaldiak) jakinarazi beharko litzateke itxarote-zerrendek larritasun medikoen lehentasunak islatu behar dituztela nahiz berdintasun-irizpideen arabera kudeatu behar direla, baita Euskadiko Osasun Sistemaren konturako prozedura kirurgiko programatuetara eta urgenteak ez direnetara iristeko gehienezko epeak ezartzeko den martxoaren 21eko 65/2006 Dekretuan ezarritako bidearen berri eman ere, itxaronaldiak epe hori gainditzean.
Garrantzi bera dauka kexetan jorratutako beste alderdi bat, aurreikusitako denborari buruzko informazioaren ingurukoa da, hain zuzen ere. Osasun-karpetara sarbidea izanez gero, itxarote-zerrendaren hurrenkera jakite hutsak ez dauka inolako baliorik baldin eta esku-hartzea burutzeko aurreikusitako data zehazten ez bada, data orientagarria izan arren.
Ernalezintasun arazoaren tratamendua jasotzeari buruz 2016ko azaroan egindako kexa batek bi alderdi azaldu zituen, batetik Araban prestazio hori jasotzeko dagoen eskaintza gabezia eta horrek eragiten dion lekualdatzeko beharra, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera joan behar izango baitu; eta bestetik, itxaron beharreko denbora, aipatutako ospitalean hurrengo hitzordua 2017ko irailean izango baitu.
Horregatik, Arabako Unibertsitate Ospitalean prestazio hori martxan jartzeari dagokionez, osasun-administrazioak adierazi zuen zentro horretan aipatutako eskaintza ematea ez zela lehentasunezkoa, une horretan.
Ez dagokio erakunde honi osasun-administrazioaren lekua hartzea hark dituen baliabideak erabiltzaileen beharrei erantzuteko nola planifikatu behar dituen esateko. Hori hala izanik ere, kexagile horren bezalako nahiei ez litzaieke zilegitasunik kendu beharko; izan ere, eskaerak ez dira soilik zerbitzu bat gertuago jasotzeko nahian oinarritzen, baizik eta, funtsean, kexagileak aipatu du prestazioa denbora-tarte laburragoan jaso nahiko lukeela. Itxaronaldiari lotutako alderdi horrek garrantzi gehiago dauka emakumeak amatasunaren aukerak murrizten hasten diren adinaren mugara hurbiltzen direnean.
Ezin daiteke ahaztu ernalezintasuna osasun-arazo bat dela eta, zuzenbidearen ikuspuntutik, ordenamenduak prestazio gisa aitortzen duela. Hori guztia dela eta, zilegi da, aipatutako kasuan bezala, ernalezintasun arazo bat duten eta gehiegizko itxaronaldiak dituzten pertsonek arazo hori konpondu nahi izatea. Izan ere, lehentasunak ezartzeko beharra onartu bada ere, ez litzaieke itxaronaldiei garrantzia kendu beharko.
2.5. Funtzionamendua
Ospitaleko alta izan ostean pertsona batzuek batzuetan, osasun-garraioa erabiliz, beren bizilekura eraman ditzaten itxaron behar duten gehiegizko denborak kexa eragin du berriz ere. Aztertutako kasu batean, ospitaleak garraio hori 14:30ean eskatu zuen, eta anbulantzia 18:45ean iritsi zen, ospitaletik hainbat dei jaso ondoren.
Hitzarmen bidez gauzatzen den sistema publikoaren osasun-prestazio bat denez, erakunde horrek atzerapen horri buruzko informazioa eskatu zion Osasun Sailari. Era berean, sail horrek garrantzitsutzat jotzen zuen ohar hau helarazi zion Arartekoari: pazientea ospitaleratuta zegoen (eta, hortaz, behar bezala artatzen zuen) zentroaren alta medikoa zenez, zerbitzu-erakundeak itxaronaldien inguruan egindako balorazioa ez da premiazko lekualdatze baterako edo osasun-prestazio bat egiteko anbulantzia bat eskatzen denaren bera.
Txostenak azaldu zuen arratsaldeko ordu-tartean premiazko eskaerek gora egin ohi dutela, eta lehentasuna eman behar zaiela horiei. Horregatik, hain zuzen ere, kasua ezin zenez isolatutako kasutzat hartu, Arartekoari jakinarazi zitzaion Bizkaiko Osasun Lurralde Ordezkaritzak zenbait ordu-tarte ibilgailu gehiagorekin indartu dituela, eta beren jarraipena monitorizatzen duela atzerapenak ahal den neurrian murrizte aldera.
Itxaronaldia saihestezina dela onartuz, kaltea arintzen saiatu ahal da pazienteari edo familiari garraioak daukan atzerapena edo hori eragin duen arrazoia jakinaraziz. Bestalde, erakundearen ikuspuntutik, atzerapen horrek ondorioak eragin ditzake ospitalean. Gauzak horrela, gerta liteke paziente batek ospitaleko larrialdietako zerbitzuan behar baino denbora gehiago itxaron behar izatea solairuko ospitaleratzea egin diezaioten, hain zuzen ere ospitaleko solairuko ohe hori dagoeneko ospitale-alta jaso duen pertsona batek okupatzeagatik, gelan jarraitzen duelako anbulantziaren zain.
Atzerapenaren luzapenarekin batera, kexa honetan beste gai bat aztertu zen, kexagileari (pazientearen senide laguntzaileari) informazioa ez emateko arrazoiei buruzkoa. Arreta-zerbitzuak honako hau adierazi zion: “Lamentamos no poder dar contestación a dicha contestación por no acreditar la relación familiar con la paciente, en base a la Ley de Protección de Datos.”
Arartekoak uste du familia-lotura egiaztatzeko eskakizuna eta kexa honi erantzuteko ondoriozko erabakia ez liratekeela pazientearen osasunaren gaineko datu pertsonalak babesten dituen araudiarekin batera joan beharko, batik bat osasun-garraioaren enpresa adjudikaziodunari helarazitako kexaren idazkian kexa aurkeztu ez zuen pazientearen datuak nahiz kexagilearenak jaso zirela egiaztatu denean.
Kexagile salatzaileari objekzioren bat jar diezaiokeela onartuta, lehenik aztertu beharko litzateke kexagileak interesdun gisa jarduten zuen. Horrenbestez, bere salaketa onartu behar zen, horrek kexan adierazitako egitateak ikertzeko ireki ahalko litzatekeen prozeduran interesdunaren kategoria ematea eragin barik.
Egia da osasunaren gaineko datu pertsonalen babesa arautzen duten arauak aintzat hartu behar direla, baina egia da ere osasun-laguntzak normaltasunez burutzean, adibide ugari egoten direla non agerian geratzen den laguntza-errealitate horretatik kanpo egindako arau horien aplikazioak funtzionamenduan zailtasuna eragin dezakeela. Hain zuzen ere, egoera horietako bat ospitaleratuta dauden adinekoena da; izan ere, zaila izango litzateke haiek behar duten arreta, osasun-eremuari hertsiki dagokion arretaren laguntza-alderdi osagarri ugarietan, beren laguntzaileak gabe (normalean, beren senideak) ematea lortzea.
Laguntza-errealitateari buruzko gogoeta horien helburua ez da osasunaren gaineko datuek behar duten babes juridikoa alboratzea; dirudienez, kasu honetan, babes juridiko hori ez litzateke arriskuan jarriko.
Era berean, zerbitzuen funtzionamenduari buruzko idatz zati honetan, larrialdietako ospitaleratzea egin behar izan zioten pertsona baten gurasoek informazio-faltagatik jarritako kexa jaso dugu. Zehazki, adierazi zuten ez zietela ospitaleratzearen berri eman eta, azkenean, alaba ospitale horretan lokalizatzea lortu zutenean, azaldu zuten zenbait aldiz galdetu arren bi ordu eta erdi egon behar izan zutela informazioa jasotzeko zain.
Larrialdietan mota horretako itxaronaldiak egin behar direnean, informazioa izateak arreta jasotzeko orduan dagoen atzerapena lasaitasun handiagoz jasatea dakar; beraz, ez da elementu mespretxagarria inguruabar horietan. Onartu beharra dago horrek ez duela eraginik larrialdietara joatera bultzatu duen gaitzaren tratamenduan, baina ezin dugu alde batera utzi, luze itxaron behar den unetan, familia informatzea bezalako alderdiek duten garrantzia.
2.6. Osasun publikoa
Kexa batek enpresa batean jazotako osasunari buruzko gorabeheraren berri eman zuen. Bertan, interesdunak adierazitakoaren arabera, zenbait pertsonek gastroenteritis pairatu zuten. Osasun-ikuskapena egin ostean, Gipuzkoako Osasun Lurralde Ordezkaritzak agerraldi horren jatorria hauteman zuen: edateko uraren sareak eragin zuen, sukalde-jangelatik gertu dagoen zona batean enpresak askotariko prozesuentzako erabilitako “industria-uraren” sarearekin dagoen konexio batengatik kutsatutakoa. Kutsadura-puntu hori hauteman ostean, hainbat neurri zuzentzaile hartu ziren sarea deskonektatzeko eta edateko uraren sare guztia garbitu nahiz desinfektatzeko. Irailaren 30ean, elikagaien manipulazioaren zein uraren erabileraren gaineko kautelazko debekua kendu zen. Gorabeherari buruzko txostenaren ondorioa honako hau izan zen: 200 pertsonek baino gehiagok norobirusak nahiz rotabirusak eragindako gastroenteritis akutua izan zuten hainbat astez, eta beherakoak, gorakoak nahiz goragaleak izan zituzten horren ondorioz.
Osasun Sailak gorabehera horri buruzko informazio-eskaerei erantzun zien, baina interesdunak uste izan zuen informazio hori gorabeheraren arduradunei ezarritako aldi baterako administrazio-neurrien gainekoarekin osatu behar zela. Txosten honetako ingurumen-arloan jasotako kexa horren inguruan burututako jarduketak egitateak arau-hauste gisa kalifikatzen dituen azken alderdi horretan ardaztu dira.
3. Araudi- eta gizarte- testuingurua
Hasieran, atzerritarrek jarritako kexa askok zailtasun batzuk adierazten dituztela aipatu da. Horren arrazoietako bat eskatutako osasun-laguntza jasotzea arautzen duen eduki arauemailearen konplexutasuna izan daiteke. Aurreko txostenetan, Arartekoak jakinarazi du ez dela Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua egokitzeko bidea utzi behar; gauzak horrela, kolektibo horrek osasun-laguntza jasotzeko duen eskubidea aitortzeko trabak gaindituko dira, lurralde horretan benetan bizi dela egiaztatu ostean.
Aurten, Euskadiko osasun-zentro eta -zerbitzuetan osasun-laguntza jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzko maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretua onetsi da. Arau horretan ezarritako tresnak —segurtasun plan bat eta segurtasun-gertaeren berri emateko sistema— betetzeak laguntza-jarduerari lotutako gertakizun kaltegarrien esperientzia aprobetxatzen lagunduko du.
Osasun-alorrean daukan garrantziagatik, bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzko uztailaren 8ko 11/2016 Legea onetsi beharra dago. Zioen azalpenak adierazten duen bezala, nahitaezko helburuetako bat ordezkariaren funtzioak behar bezala mugatzea da, bereziki aurretiazko borondateen adierazpenean egoera klinikoak aurreikusi ez direnean. Halaber, bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen erabateko duintasuna benetan ziurtatzearren, prozesu horretan gaixoak artatzen dituzten laguntza- eta osasun-langileen betebeharrak ere zehazten ditu, eta hainbat betekizun ezartzen dizkie erakunde sozial eta sanitario publiko eta pribatuei gaixoaren eskubideak bermatzearren.
Era berean, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen bitartez, arreta integrala lortu nahi duen araudi berria onetsi da.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak. Ofiziozko jarduerak
Arartekoak jaioberriak diren adingabe atzerritarrek eskubidez jaso dezaketen osasun-laguntza jasotzeko dauzkaten zailtasunen berri izan du. Arazoa ez da osasun-arreta jasotzeko unean sortu, medikuak agindutako prestazio osagarriak eskuratzerakoan baizik, esaterako farmazia-prestazioa.
Hori gertatzen da umea jaiotzen denetik haurren gurasoek jatorrizko herrialdetik administrazio eskudunak (GSINk edo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, kasuaren arabera) laguntza jasotzeko eskubidearen aintzatespena izapidetzeko eskatu dien dokumentazioa lortzen duten arte igarotako denboragatik.
Egoera horrek eragina dauka bai adingabearengan, bai horren gurasoengan, apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak, osasun-sistema nazionalari eusteko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko urgentziazko neurriei buruzkoak, osasun-laguntza jasotzeko onuradun izaera aitortzen baitie. Era berean, arau horrek berak, egoera berezietan osasun-laguntza jasotzeko kasuetan, atzerritarrak ez diren adingabeen baldintza berdintsuetan beti jasotzeko eskubidea aitortzen die.
Horrenbestez, osasun-laguntza (prestazio guztiak barne) jasotzeko eskubidea zalantzan jarri ez den egoera baten aurrean gaude, baina eskatutako dokumentazioa aurkeztu arte igaro daitekeen denborak horren eraginkortasuna baldintzatzen du luzaroan. Ondorioz, epe horretan zehar osasun-arretaren prestazio osagarriak bere osotasunean ordaindu behar dituzte.
Osasun Sailak laguntza-zentro guztiei emandako erantzuna helarazi dio Arartekoari, honako hau dioena: “Halako kasuetan ezin da erabili “Presbide” aplikazio informatikoa, pediatrek egiten duten preskripzioa errezeta elektronikoaren bidez izapidetzeko. Horren ordez Osakidetzaren errezeta ofiziala emango da paperean, eskuz idatzita, eta jaioberriaren gurasoetako edozeinen OTI zenbakia jarriko da bertan. Farmazia-bulegoan, besterik adierazi ezean, %40ko ekarpena aplikatuko diote, beste autonomia-erkidego batzuetako gaixoen errezetei aplikatzen dieten bezala, 65 urtetik beherako gaixoak izanez gero (zaharragoei % 10eko ekarpena aplikatzen zaie)”.
Kontsultatu diren iturri batzuek iradoki zuten adingabe horien arretaz arduratzen diren osasun-profesional guztiek ez dutela ezagutzen paperean errezeta ematea barne hartzen duen jarduteko moduari buruzko informazio hori. Hori dela eta,Arartekoak informazio osagarria eskatu zuen, oraingo honetan Osakidetzari. Eskaera horretan bertan, preskripzioak paperean egiteak adingabeen kolektibo horren historia klinikoan preskripzio horiek jasotzeko unean arazoa sortzen duen argitzeko eskatu da.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Aurten, berriz ere, gogorarazi beharra dago osasun-laguntzari buruzko eskaerei nahiz hori jasotzeko eskubidea aitortzeko eskaerei emandako erantzuna osasun-erreformagatik gehien ukitutako pertsonen arazo-iturri izan dela; horietako gehienak adierazitako eskubidea aitortzen ez zaien atzerritarrak dira.
1. Arloa kopurutan
2016an idatzizko 95 kexa aurkeztu dira segurtasun arloan, eta Arartekoak aldi horretan erregistratu dituen kexa guztien %4,40 da hori. Eragindako herri-administrazioak eta azpiarloak kontuan hartuta, honakoa izan da kexen banaketa:
Administrazioka:
• Tokiko Administrazioa 45
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 40
Azpiarloka:
• Trafikoa 64
• Administrazioaren funtzionamendua eta
administrazio prozedura 17
• Herritarren eskubideak 7
• Herritarren segurtasuna 3
• Jokoak eta ikuskizunak 2
• Beste alderdi batzuk 2
Txostena itxi zen egunean, hurrengo egoeran zeuden urte horretan izapidetutako kexak:
Bestalde, honako azpi-arloetan 4 espediente izapidetu ditugu ofizioz:
• Atxiloketa zentroak 3
• Herritarren eskubideak 1
Aurreko urteetan bezala, 2016an kexa gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Bilboko Udala izan dira. Kexek Donostiako Udalari eta Gasteizko Udalari ere eragin diete, eta neurri txikiagoan beste udal batzuei.
Aurreko urteetan bezala, atal honetan emandako kopuruek ez dituzte jaso, bai legeak ezarritako baztertzeko kasuetako bat izateagatik, bai Espainiako Herriaren Defendatzailearen edo beste defendatzaile batzuen eskumenen eremuan egoteagatik, Arartekoak jorratu ezin izan dituen kexak.
Administrazioek euren jarduera zuzendu dute Arartekoak aurten aztertu dituen kexa batzuetan, izapidetzean jokaera ezegokiren bat hauteman ondoren.
Oro har, administrazioek modu onargarrian bete dute Arartekoarekin elkarlanean aritzeko betebeharra. Hala ere, erakunde honek bere lana egiteko zailtasunak izaten ditu oraindik. Arartekoak egindako galderei ez erantzuteak eta eskatutako informazioa emateko orduan egoten den atzerapenak jarraitzen dute izaten arazorik ugarienak. Horrelako egoera bat trafiko-araudia hausteagatik ezarritako zigorrari buruzko kexa batekin gertatu da. Izan ere, Guardiako Udalak ia-ia hiru urte behar izan ditu Arartekoaren eskaerari erantzuteko, eta gainera, bidali diguten informazioak ez die erantzuten erakunde honek egindako galdera guztiei. Beste kasu batzuetan, administrazioak ez ditu helarazten eskatutako dokumentuak; hori egin beharrean, Arartekoa bere bulegoetara gonbidatzen du, erakunde honek egokitzat jotzen dituen egiaztapenak bertan egin ditzan. Ez du azaltzen zergatik ezin dion erantzun eskaerari, erakunde honek adierazitako moduan. Arartekoaren iritziz, bere eginkizunak burutzeko behar duen informazioa eskuratzeko ordenamendu juridikoak hainbat bide aurreikusten dituen arren, horietako bat edo bestea hautatzea erakunde honi ez beste inori dagokio. Horrek ez du eragozten, hala dagokionean, beste bide batzuk erabiltzeko aukera aztertzea, administrazioak horretarako arrazoiak azaltzen dituenean. Arartekoak berriro esan behar du bere eskaeretan azaltzen diren kontuei erantzunik ez ematea edo erantzun eskasak ematea oztopo handia direla legez esleitutako eginkizunak behar bezala betetzeko; gainera, horrek modu larrian kaltetzen ditu ordenamendu juridikoak beren interesak defendatzeko eskura jartzen dizkien tresnetako bat erabiliz erakunde honetara jotzen dutenen eskubideak. Aipatutako arazoetako batzuk Arartekoaren 2016ko abenduaren 20ko Ebazpenean azaldu dira.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Herritarren eskubideak
2016an izapidetu ditugun kexak, funtsean, polizia-funtzioaren erabilerari buruzkoak izan dira. Horren inguruan, beste urte batzuetan azaldutakoen antzeko kontuak planteatzen dira oraindik ere, hala nola kexen barne ikerketa, indarraren erabileraren kontrola eta atestatuen eta administrazio salaketen edukiaren kontrola, horiek arrazoitzen dituzten egitateei dagokienez. Horretaz gain, aurten, atxiloketek eta bide publikoan identifikazioek eragin dituzte kexa batzuk.
Aurreko epigrafean aipatu dugun Arartekoaren 2016ko abenduaren 20ko Ebazpenak kontu horietako zenbait jaso dituen kexa bat aztertu du. Kexa horretan ertzain batzuen jarduera salatu zen. Izan ere, ertzainek adingabe bat atxilotu zuten, frogarik gabe, eman ez zituen tratu txarren ustezko delituagatik. Adierazi zenez, gogoeta hori oinarri hartuta, Adingabeen Fiskaltzak atxiloketaren ondorioz bideratutako atariko eginbideak behin-behinean largestea erabaki zuen, adingabea salatutako ekintzen egilea izan zela esateko daturik ez zegoela ulertuta. Era berean, kexak salatzen zuen ertzainek indarra erabili zutela adingabea atxilotzeko, bere gauzak arakatu zituztela, eskuburdinak jarri zizkiotela eta gertatutakoarekin bat ez zetorren gertakarien bertsioa eman zutela. Halaber, kexaren arabera, ez ziren errespetatu behar besteko bermeak, ez atxiloketan, ezta adingabea Ertzaintzaren bulegoetara eramateko orduan ere.
Era berean, musikari profesional batek aurten aurkeztutako kexa azpimarratu behar da. Hain zuzen ere, Donostian, bide publikoan gitarra jotzen ari zenean, udaltzainek atxilotu egin zuten, desordena publikoen ustezko delituagatik. Kexan azaldu zenaren arabera, atxiloketa arrazoirik gabekoa zen. Izan ere, atxiloketaren ondorioz bideratutako atestatutik eratorritako eginbideak izapidetzeaz arduratu zen instrukzio-epaitegiaren erabakian agerian utzi zuten ez zegoela nahikoa frogarik kexagileak delitua egin zuela esateko. Udaltzainek, beren aldetik, euren jarduera justifikatu zuten. Azaldu zutenez, musikariak baimenik gabeko jarduera bat egiten ari zen; ez zion kasurik egin udaltzainek agindutakoari, jotzeari uzteko esan ziotenean; ez zuen identifikaziorik erakutsi nahi izan; modu aktiboan aurka egin zien eta hitzez adoretu zituen bertan bildutakoak udaltzainen kontra. Halaber, adierazi zuen, egitateak desordena publikoen delitua zirela onartu ezin izan arren, bere iritziz, desobeditze-delituaren eta udaltzainei aurre egitearen zantzuak egon bazeudela.
Aurten ere, zalantzan jarri da poliziaren esku-hartzea, gaixotasun mentala duen herritar bati dagokionez. Esku-hartzea osasun-sistema publikotik jasotako eskaera bati erantzunez burutu zen, hain zuzen, pertsona bat bere borondatearen aurka ospitalizazio psikiatrikoko unitate batean sartzen laguntzeko eskatu zuten. Kexaren arabera, poliziaren jarduera, herritarraren erresistentziari erantzuteko, eta pertsona horri emandako tratua giza duintasunaren aurka zegoen, ez baitzuen kontuan hartzen horrelako gaixotasunak dituztenen berariazko egoera. Izan ere, pertsona horiek ez dute kontrolik, emozio-egoera eta burua orekan mantentzeko behar duten medikazioa utzi dutelako, kasu horretan gertatu zen bezala. Azaldu zenez, udaltzainek indarra erabili zuten eta herritarra hiru orduz lurrean etzanda zegoen, bilurtuta, uniformez jantzitako udaltzain batzuk bere gainean eserita eta beste batzuk zutik, uniformerik gabe, anbulantzia iritsi eta ospitale zentrora eraman zuten arte.
Aurten, herritar batek aholku eske jo du Arartekora, zer egin behar duen jasandako kalteengatik ordaina jasotzeko galdetuz. Azaldu duenez, Mexikoko agintariek, Estatu Batuen errekerimenduari kasu eginez, ez zioten utzi Mexikon sartzen, opor egun batzuk pasatzeko. Kexagilearen arabera, dirudienez, ez zituzten ezabatu egitate batzuengatik atxilotu ondoren jasotako datu polizialak, 2012an Auzitegi Gorenak kexagilea errugabetu zuen arren. Erakunde honek jaso zuen informaziotik ondorioztatu zenez, datu horiek INTERPOL erakundeari eman zitzaizkion eta Estatu Batuek hortik atera zituzten. Ondorioz, herritar horri ez zitzaion baimenik eman Mexikon sartzeko. Gardentasunari, parte-hartzeari, gobernu onari eta datuak babesteari buruzko atalean kexari buruzko informazio zehatzagoa eskaini da.
2016an izapidetu ditugun kexek erakutsi dute bete gabe jarraitzen dutela erakunde honek aparteko mugaketak saihesteko eta, horiek gertatuz gero, hauteman ahal izateko proposatu dituen prebentzio eta kontrol mekanismoetako askok. Urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean jaso dira nagusiki. Ondorengo 4.3. idatz zatian, gabezia horietako batzuk azalduko dira.
2.2. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Azpimarratu behar da erakunde honek Bilboko Udalari egin dion iradokizuna, poliziak egiten dituen bizikidetza txostenei buruz (Arartekoaren 2016ko apirilaren 12ko Ebazpena). Gizarteratzeari buruzko atalean horri buruzko informazio zabalagoa eskaini da.
2.3. Herritarren segurtasuna
Aurtengo kexek, berriz ere, segurtasun gabeziari egin diote erreferentzia. Aipatu nahi dugu jabeen erkidego batzuek aurkeztutako kexa, Bilboko Juan de la Cosa kalean, eta, oro har, Santutxu auzo osoan, herritarren segurtasunik eza eta bizikidetza-arazoak direla eta. Herritarren arabera, auzoan ugaritu ziren delitu-ekintzak eta gizalegearen aurkako jokabideak espazio publikoan, eta horrekin erlazionatu zuten segurtasun gabezia. Kexa jarri zuten komunitateek onartu zuten Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak erantzun egokia eman zietela gertaera zehatzen aurrean bizilagunek egindako errekerimenduei. Dena den, uste zuten poliziaren ikerketa puntualak ez zirela nahiko gorabehera horiek adierazten zuten arazo orokorra konpontzeko. Adierazi zuten bezala, legez kanpoko jardunak berriz ere errepikatzen ziren polizia bertatik aldentzen zenean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Bilboko Udalak jakinarazi zuten kexa jaso ondoren Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak jarduera osagarri batzuk burutu zituztela eta prebentzio neurriak hartu zituztela. Jasotako informazioarekin bat, nabarmen hobetu zen salatutako egoera. Arartekoak arazoa bideratu egin zela ikusi arren, aldi berean, adierazi zuen polizia-zerbitzu biek batera kasuaren jarraipena egin behar zutela, modu koordinatuan, hartutako neurrien egokitasuna ebaluatzeko, ordenamendu juridikoak eskubideen erabilera askea babesteko, herritarren segurtasuna bermatzeko eta arau-hauste penalak egitea prebenitzeko esleitzen dizkien eskumenen babespean. Halaber, segurtasun publikoaren arloan agintzen duten koordinazio-printzipioak eta emaitzak ebaluatzeko irizpideak erabili behar zituzten, horrelakoak berriz gertatzea saihesteko [Espainiako Konstituzioaren 104.artikulua, martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 11. artikulua, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 3. eta 27. artikuluak, eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3.1.e), 3.3, 5.c) eta 6. artikuluak].
Zigortzeko araubideari buruzko kexak aurten ere jaso dira, batez ere, prozedura izapidetzearekin zerikusia duten kontuak salatu dituztenak.
2.4. Trafikoa
Iaz bezala, Bilboko TAO eremuko egoiliarren araubidetik zenbait ibilgailu baztertu dira, eta bazterketa hori salatu duten kexak jaso ditugu. Izan ere, Trafikoa eta Aparkalekua arautzen dituen Ordenantzak (TAO/OTA) aipatu araubidean sartu dituen kategorien antzeko ezaugarri teknikoak dituzte araubidetik baztertzen diren egoiliarren ibilgailu horiek, eta erabilera irizpide berberei erantzuten diete, erabilera partikularrerako ibilgailu gisa. Horixe gertatzen da furgoneta jakin batzuekin. Kontua da, trafikoko araudiaren arabera, ordenantzan onuradun gisa jaso ez diren kategorietan daudela sailkatuta ibilgailu horiek, eta horretan oinarritzen da bazterketa. Bilboko Udala emandako arrazoiak ikusita, Arartekoaren iritziz, ibilgailu horiek baztertzea ez dago justifikatuta. Hori dela eta, Arartekoak gomendioa eman dio udalari berriz azter dezala bere ordenantza eta aipatutako araubidea zabal dezala, irizpide orokor batzuk (zerbitzuaren onuradunak diren ibilgailuen zehaztapenaren oinarri direnak), baita araubide horren xedea ere, betetzen dituzten ibilgailu guztiak barnean hartzeko (Arartekoaren 2016ko martxoaren 8ko Ebazpena).
Antzeko gomendioa egin dio Arartekoak Bilboko Udalari: ordenantza bera azter dezala, enpresako ibilgailua esleituta duten eta aldi berean ibilgailu partikularra duten egoiliarrei araubideen artean bata ala bestea hautatzeko aukera emateko, horrela, egoiliarren araubideari onura atera diezaioten (Arartekoaren 2016ko maiatzaren 17ko Ebazpena). Kexa egoiliar batek jarri zuen, udalak, ibilgailu partikularra izateagatik, ukatu baitzion egoiliar txartela esleituta zuen enpresako ibilgailurako. Kexagileak adierazi zuenez, ez zuen eskatu egoiliar txartela ibilgailu partikularrean jartzeko, horretarako eskubidea izan arren, behar ez zuelako; izan ere, ibilgailua garajean aparkatzen eta gordetzen zuen. Hala ere, enpresako ibilgailua bide publikoan utzi behar izaten zuenez, egoiliar txartela eskuratu nahi izan zuen.
2016an, berriz ere, zalantzan jarri da aipatutako ordenantzak ezartzen dituen baldintza: pertsona desgaituak ibilgailua gidatu behar izatea, desgaitasunen bat duten pertsonen ibilgailuak salbuespenezko araubidera bildu ahal izateko (36. eta 37.1. artikuluak). Erakunde honek bi aldiz eman zuen bere iritzia gai horren inguruan, hain zuzen, Bilboko Udalari egindako gomendioetan, aipatutako araubidea hedatzeko eta ezinduentzako aparkaleku txartel bakarraren titularrak barnean hartzeko (Arartekoaren 2014ko urriaren 30eko Ebazpena eta urriaren 29ko 24/2004 Gomendioa). Gomendioak ez ziren onartu. Hala ere, aurten gaiarekin zerikusia duen kexa bat jaso dugunez, egokia iruditu zaigu kontua berriro planteatzea, udalak horren inguruan berriz hausnar dezan. Arartekoaren iritziz, aurten onetsi den martxoaren 22ko 50/2016 Dekretuak, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela arautzen duenak, sendotu egiten ditu gomendioen oinarri gisa erabilitako argudioak. Udalak, hala ere, oraindik ez du onartu erakunde honen irizpidea.
Era berean, aurten jasotako kexen artean, trafiko-istripu bati buruzko polizia txostenaren edukia zalantzan jarri zuen kexa nabarmendu behar da. Kexa horretan adierazitakoaren arabera, instruktore taldeak istripuaren balizko kausari buruzko hipotesi bat egiteko oinarri hartu zituen egitateak ez zetozen bat benetan gertatu zenarekin, eta gainera, ibilgailuek jasandako kalteak eta istripuaren balizko bilakaera, txostenean grafikoaren bidez adierazi zena, ez ziren bateragarriak hipotesi horrekin. Arartekoak askotan azpimarratu du poliziaren dokumentuak eta erregistroak ahalik eta arreta handienarekin bete behar direla, eta ahalik eta fideltasun eta zehaztasun handienaz islatu behar dituztela jardueraren inguruko xehetasunak. Erakunde honek adierazi du, era berean, polizia-txostena egin duten udaltzainek trafiko-istripua ikusi ez badute, idatziz jaso behar dela udaltzainek ez dutela istripua ikusi, istripua gertatzeko arrazoiaren gainean ezarritako hipotesia behar beste justifikatu behar dela, hipotesi bat dela adierazi behar dela, udaltzainek hipotesia egiteko kontuan hartu dituzten elementuak zehaztu behar direla eta elementu horietatik egin den baloraziora iristeko arrazoiak azaldu behar direla. Arartekoaren iritziz, funtsezkoa da txostenek goian adierazitako zehaztapenak jasotzea, bai eragindakoek, bai txostenaren hartzaile izan daitezkeen beste pertsona batzuek zehatz jakin dezaten zer gertatu den. Era berean, funtsezkoa da istripuaren ikerketatik abiatuta udaltzainek egin duten hipotesiaren arrazoiak ere azaltzea txostenetan. Administrazioak kontuan hartu behar du eginkizun horretan ibilgailuen aseguru-etxeek eta organo judizialek beraiek dokumentu horiei ematen dieten garrantzia, balizko erantzukizunen froga gisa erabiltzen dituztelako. Horren ildoan, Arartekoak gomendio bat egin dio aurten Gasteizko Udaltzaingoari, trafiko-istripu bati buruzko txostena berrikus dezala, txostenaren zuzentasunari buruz planteatutako zalantza guztiak argitu ditzala eta, hala badagokio, agiri horren edukia berrikuspenaren emaitzari egokitu diezaiola (Arartekoaren 2016ko ekainaren 17ko Ebazpena). Gasteizko Udalak gomendioaren zati bat baino ez du bete. Izan ere, berrikusi egin du txostena, baina ez du edukia egokitu berrikuspenaren ondorioen arabera eta gomendioan emandako jarraibideen arabera.
Gainerakoan, 2016an izapidetu ditugun hainbat kexa, aurreko urteetan bezala, zigortzeko araubideari buruzkoak izan dira, eta prozedurarekin zerikusia duten arazoak aipatu dituzte gehienbat. Kontu horren inguruan gai errepikatuak agertu dira, hala nola jakinarazpenak egiteko modua eta arau-hausteen froga, baita beste gai batzuk ere, adibidez, zehapena eragin duten egitateak eta bete ez den agindua, zigorra ezartzeko erabilitakoa, bat ez etortzea. Azken hori eta benetan zigortu zen arau-haustearen frogari buruzko kontua Bilboko Udalari egindako gomendioan aztertu dira, zigor bat efekturik gabe utz dezan (Arartekoaren 2016ko uztailaren 7ko Ebazpena).
Eragindako administrazioek euren jarduera zuzendu dute aurten izapidetu ditugun eta jokaera ezegokiren bat jaso duten kexa batzuetan. Adibidez, Erandioko Udalak onartu du Arartekoaren gomendioa, neurri egokiak har ditzala kale batean ezarritako oinezkoentzako araubidea, oinezkoentzako kale horrekin elkartzen den beste kale bateko espaloian aparkatzeko eta salgaien deskarga egiteko debekua, eta gune bietako bide-segurtasuna bermatzeko (Arartekoaren 2016ko otsailaren 22ko Ebazpena).
3. Arauzko testuingurua
2016an, honako hauek jarri dira indarrean: Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu dena; eta uztailaren 9ko 17/2015 Legea, Babes Zibilaren Sistema Nazionalarena.
Era berean, abenduaren 23ko 10/2015 Legea, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jarduerena, atera da aurten.
Beste arau batzuk ere onartu dira 2016an. Horien artean, aipatzekoak dira apirilaren 21eko 5/2016 Legea, Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatzekoa onartu duena; uztailaren 27ko 120/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokora onesten duena; eta martxoaren 22ko 50/2016 Dekretua, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela arautzen duena.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko espedienteak
2016an izapidetu ditugun ofiziozko jardunbideak atxiloketa zentroen egoera aztertzeari zuzenduta egon dira. Horretaz gain, atxiloketari buruz eta poliziaren jardueretako berme sistemari buruz Arartekoak egindako gomendioak betetzen ote diren aztertu dugu. Hurrengo 4.4. idatz zatian, aipatu jardunbideen laburpena egingo dugu.
Halaber, aipatu behar da ofiziozko jarduera bat, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ertzain-etxe batean gertatutakoa –atxilotu baten heriotza– argitzeko abian jarri zuen barne ikerketaren jarraipena egitea xede duena.
4.2. Txosten berezien segimendua
Atxiloketa zentroetara egindako bisitaldiek eta kexak izapidetu bitartean bildutako informazioak eremu horri lotutako Kalabozoak, Ertzaintzaren eta Udalen atxiloketa egoitzak (1991) txosten bereziaren jarraipena egitea ahalbidetu digute.
Erakunde honen irizpena, txostenean jasotakoa betetzeari buruz, 4.4. atalean ageri da laburtuta.
4.3. Gomendio orokorren segimendua
Aurten Arartekoak izapidetu dituen kexek, ofiziozko jarduerek eta atxiloketa zentroetara egindako ikuskapen-bisitaldiek urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren jarraipena egitea ahalbidetu digute. Gomendio horretan, Arartekoak bere ibilbidearen hasieratik segurtasun arloan formulatu dituen gomendio gehienak bildu dira.
Polizia jardueren barne ikerketetan gabezia handiak antzematen jarraitzen dugu (II.1.1. idatz-zatia). Ikerketaren urritasuna eta ikerketa eza dira oraindik ere irauten duten arazoetako batzuk. Gainera, eremu horretan jarduera protokolo argiak eta zehatzak ezarri gabe jarraitzen dutela egiaztatu da.
Oraindik ez da behar bezala betetzen polizia kideen identifikazioari buruz formulatu dugun gomendioa: polizia funtzionarioek polizia uniformean identifikatuko dituen zenbakia edo erreferentzia erakuts dezaten (V. atala). Kasu batzuetan gomendioa ez da betetzen uniformeak identifikaziorik ez duelako, horixe da, adibidez, Arartekoak aurten bisitatu dituen Zornotzako eta Portugaleteko udaltzainen kasua. Besteetan, aldiz, eramaten den identifikazioa ez da nahikoa, Ertzaintzan, oro har, gertatzen den bezala. Arartekoak errepikatzen jarraitu behar du zenbakia inolako zalantzarik eragin gabe egon behar dela ikusgai, herritarrek polizia-agenteekin harremanak normalean izaten dituzten distantziatik.
Halaber, berriz atzeman ditugu gomendioak betetzen ez dituzten egoerak, prebentzio eta kontrol mekanismoak jartzeari dagokionez. Aurreko urteetan bezala, aurten, honako egoera hauetan antzeman ditugu gomendioak betetzeko arazoak: barne ikerketak; indarra erabiltzea eta horren barne kontrola; argiketen eta administrazio-salaketen edukia, eragin dituzten egitateak islatzeko moduari dagokionez; eta atxiloketen kontrola (II.1.1, II.2.1 eta II.2.3 atalak, baita II.2.2 atala ere, erakunde honen iritziz, atxiloketa gertatzen den guztietan aplika daitekeena).
Atxiloketa zentroetara egindako bisitaldiek, modu berean, aipatu gomendio orokorraren III. atalean eta “ Miaketa pertsonalaren dilijentzia poliziaren bulegoetan” Gomendio Orokorrean (2001eko ohiko txostena) formulatu genituen irizpideen jarraipena egitea ahalbidetu digute. 4.4. idatz zatian laburtuta jaso dugu segimendu horren emaitza.
Trafikoari dagokion azpiarloan jarraitu dugu egiaztatzen zigortzeko prozeduretan jasotzen den arrazoiketak ez dituela beti betetzen “Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide segurtasuna: aurrez taxututako ereduen erabilera zehapen prozedurak tramitatzean. Zenbait arazo defentsarako eskubidearen inguruan” gomendioan (2003ko ohiko txostena) adierazi genituen eskakizunak.
4.4. Ikuskapen bisitak
2016an Ertzaintzaren Getxoko eta Udaltzaingoaren Portugaleteko atxiloketa-zentroak bisitatu ditugu, baita Zornotzako Udaltzaingoaren polizia-etxea ere. Azken zentro horrek ziegarik ez duenez, bertako udaltzainek gauzatzen dituzten atxiloketak Ertzaintzak bideratzen ditu, eta berak zaintzen ditu atxilotuak Ertzaintzako bulegoetan.
Ertzaintzaren eta Portugaleteko Udaltzaingoaren atxiloketa-zentroetako instalazioak, oro har, egokiak dira esleituta duten eginkizuna betetzeko. Bisitaldiaren egunean, bi zentroetako garbitasun eta mantentze egoera onargarriak ziren. Hala ere, ez batak ez besteak ez dute adin txikikoen zaintzarako berariazko gelarik, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak (17.3 artikuluan) eskatu bezala. Erakunde honek bisitatu dituen Ertzaintzaren atxiloketa zentro guztietan gertatzen da.
Ertzaintzaren zentroak atxiloketaren bideo-grabaketa sistema bat du, funtsean, 2006ko ohiko txostenean (I. atala, 7.1. idatz zatia) aztertu genuen ereduari dagokiona. Gure ikuspuntuaren arabera, aztertutako sistemak ez ditu betetzen mekanismo horrek eraginkorra izateko eduki beharko lituzkeen baldintza guztiak, urriaren 6ko 81/1999 Gomendioan adierazi genuen moduan (1999ko ohiko txostena, II. atala, 7.2. idatz zatia). Hala ere, beste zentro batzuekin alderatuta, kamerek grabatzen duten eremutik kanpo geratzen da polizia-ibilgailuak polizia-etxearen barrutian egiten duen ibilbidearen tarte bat. Gainera, erreserbatutako elkarrizketaren grabaketa jasotzen du irudietan. Horrek ez ditu bermatzen jarduera horren berezko ezaugarriak diren pribatutasuna eta isilpekotasuna. Zentroak ez ditu txertatu, oro har, atxiloketen bideo-grabaketari buruzko proposamen berriak, “Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak” ikerketan (2010eko ohiko txostena) eta urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean (III.8. idatz zatia) jaso ditugunak. Era berean, ez du bermatzen grabatutako jardueretatik erator litezkeen balizko administrazio eta zigor erantzukizunen preskripziorako gehienezko denbora-mugan zehar gordetzea grabatutako materiala, eta, xede horietarako, ez dituzte kontuan hartzen giza eskubideak bermatzeko erakundeek (Arartekoa bezalakoek) esku hartzeko duten epea. Babesten ditugun irizpideetatik urruntzen da hori, eta mekanismo honen izaera bermatzailea mugatzen du.
Portugaleteko Udaltzaingoaren zentroko ziegak dauden gunean, aldiz, ez dago bideo-grabaketa sistemarik.
Portugaleteko Udaltzaingoaren atxiloketaren liburu biak (adingabeena zein adinez nagusiena) eskuz betetzen dira. Orri bakoitza atxiloketa bati egokitu arren, liburuak urtekoak ez direnez, ezin da edozein unetan kontsulta bakar baten bidez urtean zehar egindako atxiloketen kopurua ezagutu, erakunde honek gomendatzen duen bezala. Era berean, ez dira atxiloketaren jarduera nagusiak erregistratzen, nahiz eta erregistratuta ez daudenetako batzuk atxiloketarekin lotutako beste erregistro eta dokumentu batzuetan ageri diren.
Zornotzako Udaltzaingoak, aldiz, ez du berariazko libururik atxiloketak erregistratzeko, atxiloketetan burutzen diren jardueretako batzuk beste erregistro batzuetan jasota geratzen diren arren. Polizia-kidego horrek ez du adingabeen atxiloketei buruzko libururik, uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak, adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa onartzen duenak, hala eskatu arren (3.5 artikulua).
Erakunde honek bisitatu zituen Ertzaintzaren zentroan eta Portugaleteko Udaltzaingoaren zentroan burututako atxiloketak, oro har, behar bezala zeuden bideratuta, horien erregistroak behar bezala beteta eta dilijentziak arrazoizko denboran eginda. Hala ere, zenbait disfuntzio hauteman genituen. Ondorioz, gogorarazi beharra daukagu ahalik eta zehaztasun eta xehetasun handienaz islatu behar dela nola gertatu den atxiloketa, bat ez etortzeak saihestu behar direla eta eremu horretan gerta daitezkeen balizko hutsegiteak ezagutzea eta zuzentzea ahalbidetuko duten neurriak hartu behar direla (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.6. idatz zatia).
Ertzaintzaren zentroan begiratu genituen eskubideei buruzko informazio aktek, oro har, ez zituzten betetzen Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluko eskakizunak, izan ere, kasu batean izan ezik, atxiloketa arrazoitzeko egitateen kalifikazio juridikoaz eta ez egitateez informatzen zuten. Erakunde honek urtero ohartarazten du Ertzaintzaren zentroetan errepikatzen den praktika horren inguruan, hala ere, zuzendu gabe jarraitzen dute. Aktak egiteko Ertzaintzak erabiltzen duen ereduan oraindik ez dira aplikatu urriaren 5eko 13/2015 Lege Organikoan jasotako eskakizunak, doako laguntza juridikoa eskatzeko prozedurari eta berau eskuratzeko baldintzei buruz daukan informazioari dagokionez, eta, egokia den kasuetan, lege-laguntzarako eskubideari uko egiteari dagokionez. Ertzaintzaren zentroan, atxilotuari ez zaio uzten akta eskura izaten atxiloketak iraun bitartean, aipatu lege organikoak eskatzen duen bezala; izan ere, dokumentua kentzen zaio behin eskubideen berri ematen zaionean, eta ez zaio berriro ematen atxiloketa amaitzen den arte. Portugaleteko Udaltzaingoaren zentroan, berriz, aktak atxilotuaren eskuetan egon daitezke.
Bisitatutako hiru zentroetako batean ere ez zaio atxilotuari ematen, atxiloketaren unean bertan, momentu horretan bere eskubideei buruz ahoz ematen zaion informazioa jasotzen duen dokumenturik. Era berean, Ertzaintzaren zentroan eta Portugaleteko Udaltzaingoaren zentroan, atxilotuari ez zaio lege-laguntza ematen atxiloketaren lehen unetik, Arartekoak urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean adierazitako moduan (III.1. eta III.2. idatz zatiak).
Ertzaintzaren zentroan, egin den gorputz-miaketa mota baino ez da idatziz jasotzen, modu orokorrean, zehazki zer izan den zehaztu gabe eta modu horretara egiteko arrazoiak azaldu gabe, miaketa biluzik egiten denean salbu. Portugaleteko Udaltzaingoaren kasuan, ez da jasota geratzen miaketa mota, ez nola egin den, ezta modu batera edo bestera egiteko arrazoia ere. Zornotzako Udaltzaingoak ere ez du jasota uzten atxilotzeko unean egiten den gorputz-miaketari buruzko informaziorik. Hiru zentroetako jokatzeko moduak urruntzen dira gure gomendioetatik (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.5. idatz zatia eta “Miaketa pertsonalaren dilijentzia poliziaren bulegoetan” izenburuko dokumentua).
Bisitaldietan, era berean, martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa, herritarren segurtasuna babestekoa, aplikatzeko moduaren jarraipena egin dugu, poliziaren bulegoetatik kanpo egindako identifikazioei eta gorputz-miaketei dagokienean (16. eta 20. artikuluak). Hiru zentroetan aztertu ziren identifikazioei dagokienez, burututako jarduerak ez ziren erregistro-liburuan jasota geratu, aipatu lege organikoak hala eskatzen duen arren. Zentroetako batzuetan, ez ziren jasota uzten jardueren arrazoiak, inguruabarrak eta iraupena, legeak hala agindu arren. Portugaleteko Udaltzaingoaren kasuan, aipatutako erregistroetan ez zeuden jasota udaltzaingoaren bulegoetatik kanpo egindako identifikazioaren ordua eta tokia, aipatutako pertsonak izapidea egiteko udaltzaingoaren bulegoetara eramateko zein identifikazioa egiteko arrazoiak, ezta esku hartu zuten agenteak ere. Erakunde honen iritziz, datu horiek guztiak jaso beharko lirateke, beste erregistro batzuetan baldin badaude ere. Horretaz gain, Udaltzaingoaren zentro bietan, ez ziren betetzen martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoak ezarritako betebeharra: hilean behin, egindako identifikazioen laburpen bat Fiskaltzara bidaltzea, bakoitzean erabilitako denbora adierazita. Emandako informazioarekin bat, Zornotzako Udaltzaingoak uko egiten dio identifikatutako pertsonari identifikazioaren egiaztagiria emateko beharrari, eta ez du aparteko erregistrorik adingabeen identifikazioak jasotzeko.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. 2016an kexa gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Bilboko Udala izan dira, eta Donostiako eta Gasteizko Udalak daude horien atzetik. Administrazioek euren jarduera zuzendu dute jokaera ezegokiren bat egon den zenbait kexatan. Oro har, Arartekoarekin elkarlanean aritzeko duten betebeharra modu onargarrian bete dute. Hala ere, erakunde honek jarraitzen du zereginak egoki betetzeko oztopoak izaten, eta horrek kaltetzen ditu ordenamendu juridikoak euren eskubideak babesteko eskura jarri dizkien mekanismoak erabiliz Arartekora jotzen duten pertsonen eskubideak. Arartekoak egindako galderei ez erantzutea, informazioaren bidalketa atzeratzea eta eskatutako agiriak ez bidaltzea arazo ugarienak izaten dira, aurreko urteetan bezala.
5.2. Aurten izapidetu ditugun kexek polizia-funtzioaren erabilerari buruzko kontu errepikatuak azaldu dituzte berriz ere; hala nola, ustez ezegokiak diren jardueren barne ikerketa, indarraren erabilera eta horren barne kontrola, atestatuen eta administrazio salaketen kontrola, horiek arrazoitzen dituzten egitateei dagokienez. Horretaz gain, atxiloketekin, bide publikoan identifikazioekin eta gaixotasun mentala duten pertsonekin burututako jarduerekin zerikusia izan dute aurten jasotako kexa batzuek. Arartekoaren 2016ko abenduaren 20ko Ebazpenean kontu horietako batzuk aztertu dira.
5.3. Oro har, atxiloketei dagokienez, ez dira ezarri prebentzio eta ondorengo kontrol mekanismoak, erakunde honek gomendatu dituenak, lege urraketa txiki batengatik askatasunerako funtsezko eskubidea arrazoirik gabe mugatzea, baita askatasuna kentzea bezalako zigor larria neurriz gain jartzea ere saihesteko, zigor-arloko jurisdikzioak atxilotzea eragiten duten delitutzat jotzen ez dituen egitateen kasuetan, atxilotuaren erantzukizuna frogatu ezin denean, eta agenteek baloratu balituzte, atxiloketa burutuko ez zuketenean (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorra, II.2.2. idatz zatia, atxiloketa gertatzen den guztietan aplika daitekeena).
5.4. Oraindik ez dira ezarri indarraren erabilera eta atestatuen eta administrazio salaketen edukia gainbegiratzeko Arartekoak gomendatu dituen mekanismoak. Oro har, erakunde honek poliziaren praktikak gainbegiratzeko gomendatu dituen tresna gehienek ere (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren II. atala) ezarri gabe jarraitzen dute. Ikerketaren kasu zehatzean, aurreko urteetan hauteman ditugun gabeziek hor jarraitzen dute. Ikerketaren urritasuna eta ikerketarik eza dira oraindik ere antzeman diren arazoetako batzuk. Gainera, eremu horretan jarduera protokolo argiak eta zehatzak ezarri gabe jarraitzen dutela egiaztatu da.
5.5. Arartekoak egiaztatu du oraindik ez dela betetzen formulatu dugun gomendioa, polizia funtzionarioek polizia uniformean identifikazio-zenbakia edo erreferentzia eraman dezatela (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren V. atala). Berriro esan behar dugu zenbakia inolako zalantzarik sortu gabe ikusi behar dela, herritarrek agenteekin harremanak normalean izaten dituzten distantziatik.
5.6. Ertzaintzaren Getxoko atxiloketa zentroa eta Portugaleteko Udaltzaingoaren zentroa, erakunde honek 2016an bisitatu dituena, oro har egokiak dira bere eginkizunerako, nahiz eta ez dituen adin txikikoentzako berariazko gelarik.
Arartekoak aurten bisitatu duen Zornotzako Udaltzaingoaren bulegoari dagokionez, udaltzainek gauzatzen dituzten atxiloketak Ertzaintzak bideratzen ditu, eta lehenengoak ziegarik ez duenez, Ertzaintzak zaintzen ditu atxilotuak Ertzaintzako bulegoetan.
Ertzaintzaren zentroak atxiloketen bideo-grabaketa sistema du, eraginkor izateko eduki behar dituen baldintza guztiak betetzen ez dituen arren. Ondorioz, sistemaren izaera bermatzailea mugatzen du horrek. Portugaleteko Udaltzaingoak, aldiz, ez du halako sistemarik ziegak dauden tokian.
Zornotzako Udaltzaingoak ez du aparteko libururik atxilotutako adingabeak erregistratzeko.
Bisitaldietan kontsultatu genituen atxiloketak, oro har, behar bezala zeuden bideratuta, horien erregistroak behar bezala beteta eta jarduerak arrazoizko denboran eginda, disfuntzio batzuk antzeman diren arren. Ertzaintzaren zentroan, ez zaio atxilotuari aktak edukitzen uzten atxiloketan zehar, urriaren 5eko 13/2015 Lege Organikoak hala ezarri duen arren. Gainera, gorputz-miaketa egiteko eta jasota uzteko modua, zentro bietan, zein Zornotzako Udaltzaingoaren zentroan, ez dator bat erakunde honen gomendioekin. Bisitatutako hiru zentroetako batean ere ez zaio atxilotuari ematen, atxiloketaren unean bertan, momentu horretan bere eskubideei buruz ahoz ematen zaion informazioa jasotzen duen dokumenturik, Arartekoak urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean adierazitako moduan (III.2. atala). Atxiloketa zentro bietan lege-laguntza ez da hasieratik ematen, gomendioan aipatutako moduan (III.1. atala).
Hiru zentroetan aztertu ziren identifikazioei dagokienez, burututako jarduerak ez ziren erregistro-liburuan jasota geratu, martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoak, Herritarren Segurtasuna Babestekoak, hala eskatzen duen arren. Zentroetako batzuetan, ez ziren jasota uzten jardueren arrazoiak, inguruabarrak eta iraupena, legeak hala agindu arren. Udaltzaingoaren zentro bietan, ez ziren betetzen aipatutako legeak ezarritako betebeharra: hilean behin, Udaltzaingoaren bulegoetan egindako identifikazioen laburpen bat Fiskaltzara bidaltzea, bakoitzean erabilitako denbora adierazita.
5.7. Trafikoa eta Aparkalekua arautzen dituen Ordenantzak (TAO/OTA) ezarritako Bilboko TAO eremuko egoiliarren araubidetik zenbait ibilgailu baztertu dira, eta hori, iaz bezala, kexa jartzeko arrazoietako bat izan da 2016an.Arartekoak gomendioa eman dio udalari araubidean sar ditzala irizpide orokor batzuk (zerbitzuaren onuradunak diren ibilgailuen zehaztapenaren oinarri direnak) betetzen dituzten eta, erabilera partikularrerako ibilgailuak direnez, erabilera irizpide berberei erantzuten dieten ibilgailu guztiak, besteak beste, furgoneta jakin batzuk (Arartekoaren 2016ko martxoaren 8ko Ebazpena). Antzeko gomendioa egin dio Arartekoak Bilboko Udalari: aipatutako ordenantza azter dezala, enpresako ibilgailua esleituta duten eta aldi berean ibilgailu partikularra duten egoiliarrei araubideen artean bata ala bestea hautatzeko aukera emateko, horrela, egoiliarren araubideari onura atera diezaioten (Arartekoaren 2016ko maiatzaren 17ko Ebazpena). Gomendio horiek ez dira onartu.
2016an, berriz ere, zalantzan jarri da aipatutako ordenantzak ezartzen dituen baldintza: pertsona desgaituak ibilgailua gidatu behar izatea, desgaitasunen bat duten pertsonen ibilgailuak salbuespenezko araubidera bildu ahal izateko. Arartekoak bi gomendio eman zituen gai horren inguruan, hain zuzen, aipatutako araubidea hedatzeko eta ezinduentzako aparkaleku txartel bakarraren titularrak barnean hartzeko gomendatu zuen (Arartekoaren 2014ko urriaren 30eko Ebazpena eta urriaren 29ko 24/2004 Gomendioa). Bilboko Udalak ez zituen gomendio horiek onartu. Udalak ez du berriz pentsatu bere erabakia, erakunde honek hala eskatu arren. Izan ere, aurten gaiarekin loturiko kexa bat jaso dugu eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela arautzen duen martxoaren 22ko 50/2016 Dekretua onartu da, eta horiek hartu ditugu oinarri, eskaera egiteko.
5.8. Trafiko-istripuei buruzko polizia-txostenetan idatziz jaso behar da polizia-agenteek istripua ikusi duten ala ez. Era berean, istripua gertatzeko arrazoiaren gainean ezarritako hipotesia behar beste justifikatu behar da, hipotesi bat dela adierazita, agenteek hipotesia egiteko orduan kontuan hartu dituzten elementuak zehaztu behar dira, eta elementu horietatik egin den baloraziora iristeko arrazoiak azaldu, bai eragindakoek, bai txostenaren hartzaile izan daitezkeen beste pertsona batzuek zehatz jakin dezaten zer gertatu den. Era berean, funtsezkoa da istripuaren ikerketatik abiatuta udaltzainek egin duten hipotesiaren arrazoiak ere azaltzea. Erakunde honek aurten gainbegiratu dituen txostenek ez dituzte eskakizun horiek betetzen.
5.9. Erandioko Udalak onartu du Arartekoaren gomendioa, neurri egokiak har ditzala kale batean ezarritako oinezkoentzako araubidea, oinezkoentzako kale horrekin elkartzen den beste kale bateko espaloian aparkatzeko eta salgaien deskarga egiteko debekua, eta gune bietako bide-segurtasuna bermatzeko (Arartekoaren 2016ko otsailaren 22ko Ebazpena).
5.10. Aurreko urteetan bezala, trafikoaren arloan, zigortzeko araubidearekin zerikusia duten kexa batzuk jaso dira 2016an, honako gai hauek salatzeko: berriro ere, jakinarazpenak egiteko modua eta arau-hausteen froga, baita beste gai batzuk ere, adibidez, zehapena eragin duten egitateak eta bete ez den agindua –zigorra ezartzeko erabilitakoa– bat ez etortzea, edo formula estandarizatuak erabiltzea.
Aurrekariak
Arloko jardueraren balantzea egin aurretik, arloaren eraketan eta izendapenean aldaketa nabarmen bat egin dela jakinarazi behar da; izan ere, 2016ko urtarrilean, Arartekoak erabaki zuen bere arreta-xedea zabaltzea, beren-beregi kudeatzeko jasotzen ari ziren kexa batzuen orientazioa eta Arartekoaren jarduketak garatzeko, informazioaren eta ezagutzaren teknologien eta datuen babesaren aurreko arloaren izendapenaz harago doazenak.
Erabaki hori hartu zen kontuan hartuta, 2015eko abenduaren 9an, autonomia erkidegoan indarrean zegoela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea, bere bi alderdietan: publizitate aktiboa eta pasiboa herri-administrazioek duten informazioa eskuratuz. Hala, gai hori jorratzen dugu zehaztasun handiagoz kapitulu honetako 3. atalean.
Era berean, arloaren birkonfigurazio hau legeriari, doktrinari eta gizarteari dagokienez finkatzen ari diren joeren ildotik doa. Joera horien arabera, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea kalitatezko gobernantzaren funtsezko parte bat dira, demokrazia aurreratuko eta gobernu irekiko printzipioetan oinarrituz eta espazio publikoaren eraikuntzara bideratuz.
Halaber, lan-esparru honen helburu bat da, besteak beste, herritarrek datuen babesarekin eta administrazio elektronikotik eratorritako eskubideekin lotuta dauzkaten eskubideen garrantzia azpimarratzea. Era berean, eskubide horiek zabaltzean eginkizun proaktiboa eduki nahi du, horien erabilerak eta babesak berrikuntza-potentzial handiagoa duten herritarrak sustatzen laguntzen dutelako uste osoa du eta.
1. Arloa kopurutan
2016an, arlo honetan 7 kexa jaso ziren eta horiek ekitaldi honetan erakundeak jasotako kexa guztien % 0,32 dira.
Kexa horiek honako administrazio hauei dagozkie:
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 5
• Tokiko administrazioa 1
Datuen babesari dagokionez, Euskal administrazioek datuak babesteko araudia betetzen dutela kontrolatzeko erakunde espezifiko bat dago, hau da, –la Datuen Babeserako Euskal Agentzia–. Hori dela-eta, gai horren inguruko kexa gehienak aurkezten dira erakunde horren aurrean. Hala ere, geroago aztertuko den bezala, herritarrak etengabe kezkatzen dira bere datu pertsonalak Interneten mantentzeagatik eta kezka hori areagotzen ari da. Horren ondorioz, zenbait herritarrek Arartekoarengana jo dute, egoera horri aurre egiteko neurriak ezar daitezen eskatzeko.
Informazioaren eta ezagutzaren teknologiekin lotutako eskubideak gauzatzeari dagokionez, pixkanaka, ikusten ari da herritarrek gehiago dakitela administrazio elektronikoari dagokionez titular diren eskubideen inguruan, baita eskubideak gauzatzeko jo beharreko organoen inguruan ere. Hori dela-eta, joan den urtean, zenbait erreklamazio aurkeztu ziren Arartekoaren aurrean, funtsean, administrazio elektronikora iristeko eskubideei buruzkoak.
Nolanahi ere, oraindik distantzia handia dago baliabide teknologikoen erabileraren eta horri atxikitako eskubideen erreklamazioaren artean. Beraz, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanetan IKT erabiltzea sustatzen duten ekimenak zabaltzeak funtsezkoa izaten jarraitzen du, baita eremu espezifiko horretan dituzten eskubideen kontzientzia eta hedapena bultzatzen dituztenak ere. Are funtsezkoagoa da 2015ean Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publiko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea onetsi ostean; izan ere, lege horiek izapide elektronikoen aldeko apustu irmoa egin dute.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariko iragarki batean datu pertsonalak ezeztatzea
Pertsona batek Arartekora jo zuen, Lanbideko zuzendari nagusiak EHAAn argitaratutako iragarki batean bere datu pertsonalak agertzen zirelako, eta, bere ustez, argitalpen horrek bere eskubideei kalte egiten zielako. Izan ere, Interneteko bilatzaileetan bere izen-abizenak edo NAN zenbakia sartzean, informazio hori agertzen zen emaitzatzat. Gainera, kexu zen argitalpen horrek irauten zuen denboragatik, berari ondorio kaltegarriak sor liezazkiokeelako, bada, informazio horretatik, egoera ekonomiko jakin bat zuela ondoriozta zitekeen.
Espedientean bildu eta aztertutako informazioa abiapuntu hartuta, Arartekoak ondorio hau atera du: ezarri beharreko araudiaren arabera, ez dela legez kanpoko ezer ikusten Lanbidek edo Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariak erabili duten prozeduran kexagileari administrazio-ekintza bat iragarki publiko baten bidez jakinarazteko, burutzerik izan ez zen jakinarazpen pertsonala egin beharrean. Hala ere, Arartekoak zenbait jarduera iradoki ditu, informazio hori Interneten mantentzeak ekar litzakeen kalte pertsonalak saihesteko.
Horretarako, Arartekoak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari iradoki die iragarki horretan agertzen diren datu pertsonalak ezeztatzeaz gain, beren web orrietan adieraz dezatela edonork zer eskubide dituen bere datu pertsonalak ezeztatzeko, eta balizko neurri teknikoak aztertu eta ezar ditzatela, aldizkari digitaletan argitaratutako datu pertsonaletarako sarbidea mugatzeko, bai denborari dagokionez, bai Interneteko bilatzaileei dagokienez.
2.2. Baimenik gabe ematea datu pertsonalak Alokabideren espediente batean
Pertsona batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen, uste zuelako Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, zehazki, Etxebizitzako Sailburuordetzak administrazio horrekin zer ikusia ez zuen hirugarren pertsona bati eman zizkiola bere nebaren datu pertsonalak baimenik gabe. Datu horiek Alokabidek kudeatutako etxebizitza baten balizko kokapen berriari buruzkoak ziren.
Prozedura burutzen zen bitartean, informazio hori nahi gabe eman zela egiaztatu zen eta sailak adierazi zuen zegozkion neurri zuzentzaileak hartu zituela. Horren ondorioz, ez zen aldatu administrazioaren jarduketaren kalifikazioa, hau da, okerra zela mantendu zen, baina espediente hau irekitzea eragin zuen kausa indargabetu zen. Beraz, Arartekoak espedientea itxi zuen. Hala ere, espedientea itxi baino lehen, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gogorarazi zion ukitu ahal izan ziren eskubide horiek oso garrantzitsuak direla. Halaber, sailaren kargura lan egiten duten pertsonei zuzendutako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak garatzeko gomendatu zion, honelako egoerak berriz ere gerta ez daitezen.
2.3. Durango Kirolak organismoak kirol-jardueraren ordainagiriak kobratzea
Kexagileak zalantzan jarri zuen Durango Kirolak organismoak burututako jarduketa; izan ere, organismo horrek 2016ko otsaileko eta martxoko kuotak ordaintzeko eskatu zion. Hala ere, bere ustez, ez zuen alta eman jarduera horretan eta, gainera, alta hartutako datan, ezinezkoa zen otsaileko jarduerak egitea.
Arartekoak, 2017ko hasieran argitaratutako ebazpenean gomendatu dio Durangoko Udalari 2016ko otsaileko ordainagiria ofizioz baliogabetzeko. Izan ere, ordaindu behar duen pertsonari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, kirol-jarduera hori ezin zitzaion interesdunari eskaini aipatutako hilabetean.
Halaber, udalari gomendatu dio Durango Kirolak organismoko kirol-jardueretan alta emateko diseinatutako izapidetze-prozedura berrikusteko, baita ordainagiriak ordaintzeko prozedura ere, hobekuntzak egite aldera eta, horrela, zalantzarik gabe, erabiltzaileek egindako izapideak jasotzen direla bermatzeko.
2.4. Euskal administrazioen egoitza elektroniko, webgune edo erregistroetara sartzeko arazoekin lotutako kexak
Erakunde honek zenbait kexa jaso ditu erakunde-webguneetako espazio horietara sartzeko arazo zehatzen inguruan ohartaraziz.
Zaila da arazo horien irismena eta kausak zeintzuk diren jakitea; izan ere, horietako batzuk ez ziren begi bistakoak kexa Arartekoarengana heldu zenean. Horrez gain, kontuan hartu behar da arazo horien kausak aldi baterako intzidentziak izan ahal zirela edo, besteak beste, nabigatzaileekin edo antibirusekin izandako arazoak. Hori guztia dela-eta, kasu horietan, kexa-espedienteak izapidetu baino lehen, egin ahal izan ditugun egiaztapen tekniko guztiak egin ditugu eta herritarrei informazioa eta aholkularitza eman zaizkie.
2.5. Beste arlo batzuetan kudeatutako kexak eta kontsultak bideratu bitartean, IKTen eta informazio publikoa eskuratzearen inguruko kontuak agertu dira, eta duten interesarengatik aipatuko ditugu:
Informazio publikoa eskuratzeari dagokionez:
Sopuertako Udala
Joan den urtean, Sopuertako Udalaren aurkako bi kexa jaso genituen. Bi espediente horietan azaltzen ziren udal horrek ukatutako informazioa eta dokumentazioa eskuratzeko eskaerak. Eskaera batean, zenbait ondasun komunalen inguruko informazioa eskatzen zen eta, bestean, baso-aprobetxamenduen egikaritzeko kontratazio-espedienteen ingurukoa.
Arartekoak emandako ebazpenetan, azpimarratzen da udalak eskatzaileek eskatutako informazioa ematea ukatzeko emandako motibazioa ez dela nahikoa Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen parametroen arabera. Izan ere, eskatzaileek ez dute eskaera arrazoitu behar eta ez dira administrazio-espediente bateko interesdunak izan behar eskatutako informazioaren merezidunak izateko. Hala, tokiko erakundeek horretarako emandako arrazoiak ez dira Gardentasunaren Legearen 14. eta 15. artikuluetan ezarritako mugen barruan sartzen. Era berean, Euskadiko Tokiko Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legeak informazio publikoa eskuratzeko kontuan hartu behar diren printzipioak jasotzen ditu eta hauxe azpimarratzen du: “Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea ‑toki-botere publikoen eta erakunde horien arduradun publikoen kontu-ematearen kontrol demokratikorako beharrezko den aldetik‑”.
Hortaz, legezkotasuna betetzeko eta udal antolakuntza araudiaren eskakizun berri hauetara egokitzeko egin beharreko esfortzua ulertzen dugun arren, funtsezkoa da administrazioak erantzun egoki bat ematea. Hala, erantzun hori administrazio-jarduketaren beharrezko azterketaren barruan sartzen da. Hori dela-eta, Arartekoak Sopuertako Udalari gomendatu zion interesdunek ondasun komunalen inguruko informazioa eskuratzeko eta zura atera duten enpresen inguruko informazioa eskuratzeko espedienteetan eskatutako informazioa emateko. Bi gomendioak onartu dira.
Laudioko Udala
Pertsona batek Arartekoari jakinarazi zion Laudioko Udalean dauden hirigintza-kudeaketarekin lotutako dokumentu batzuk eskuratzea ukatu diotela; izan ere, soilik eskatutako dokumentuetako bat eman diote eta gainerakoak ematea ukatu diote, tokiko erakunde horrek uste duelako dokumentu horien emakida ez dela sartzen dokumentu publikoak eskuratzeko eskubidearen barruan.
Udalak azaldutako arrazoiak desberdinak ziren: dokumentuak eskuragarri ez egotea administrazio-espediente batean; espediente bat egin behar izatea; eskaera orokor bat izatea edo zerga-garrantzia duten datuen isilpeko izaera. Kasu batean, informazio horren ukapena argudiatzen zen esanez espedienteetan datu pertsonalak egon litezkeela. Kontu zehatz horri dagokionez, Arartekoak gogorarazi zuen 19/2013 Legean aurreikusitako dokumentazio publikoa eskuratzeko mugaketak modu murriztailean hartu behar direla kontuan (bereziki babestutako datuak izan ezik) eta behar bezala arrazoitu behar direla. Hala, administrazioari dagokio “behar beste arrazoitutako haztapen” bat egitea informazioa hedatzeko interes publikoaren eta datuek ukitutako pertsonen eskubideen artean.
Arartekoak, 2016ko azaroaren 15eko ebazpenean, Laudioko Udalari gomendatu zion informazio publiko hori eskuratzeko ukapena berrikusteko; hala, ebazpen horretan jaso zuen prozeduraren deskribapen xehea, baita eskatzaileari eman ez zitzaion dokumentu bakoitzari dagozkion ondorioen legezko oinarria ere. Udalak gomendio hori onartu du.
Informazioaren eta Ezagutzaren Teknologiei dagokienez
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga Arabako Lurralde Historikoan ordaintzen zuen zergadun batek adierazi zuen ez zegoela ados Arabako Foru Ogasunak burututako jarduketarekin; izan ere, errentaren autoaitorpena telematikoki aurkezteko aplikazio informatikoan Microsoft teknologia baino ez zen ezarri (Windows eta Explorer). Ukitutako pertsona horrek adierazi zuen aplikazioa horrela eratuta zegoenean ez zela bateragarria zergadunek erabilitako beste teknologia batzuekin, horiek doakoak edo ordainpekoak izan. Arartekoaren ustez, herritarrek baliabide telematikoen bidez herri-administrazioekin harremanetan jartzeko duten eskubideak betebehar korrelatibo bat dakar horientzat; betebehar horren arabera, neutraltasun teknologikoko printzipioa eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien aurrerapenera egokitzeko printzipioa guztiz gauzatu ahal izatea eragozten edo zailtzen duten oztopo guztiak baztertu behar dira.
Hortaz, erakunde honek, herritarrak elektronikoki zerbitzu publikoetara iristeko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 4. artikuluan jasotako (kexa aurkeztu zenean indarrean zegoena) neutraltasuneko printzipio horretan oinarrituz, gomendio bat helarazi zion foru ogasunari 2016ko apirilaren 4ko ebazpenaren bidez. Hala, estandar irekien erabilera lehenesteko gomendatu zion, hau da, estandar publikoen erabilera; horiek doan eskuratu ahalko dira edo sartzeko zailtasunik eragiten ez duen kostu baten truke. Horrez gain, horiek erabiltzeko eta aplikatzeko ez da jabetza intelektual edo industrialeko eskubidea ordaindu beharko. Adierazi beharra dago foru aldundiak gomendio hori onartu duela.
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila. Lanbide
Arartekoak, bertako langile batzuek Lanbideko zenbait bulegoetara egin dituzten bisiten txandaren ostean, egiaztatu zuen arazoak zeudela diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko erabilitako tresna informatikoaren funtzionamenduarekin. Hori dela-eta, horren inguruko informazioa biltzeko espediente bat hasi zen. Erakunde honek egindako informazio-eskaerari erantzunez, batetik, Lanbidek jakinarazi zuen gaur egun sistema elikatzen duten datu-base desberdinak bateratzeko prozesu bat abian dagoela. Beraz, datu-base guztiak integratuta ez egotearen ondorioz sortutako arazoak laster konpontzea aurreikusi da. Bestalde, sistema informatikoari dagokionez, jakinarazten da lan egiten ari dela erabilitako programa osatzen duten hamabi azpisistemen arteko elkarreragingarritasun arazoak konpontzeko. Ondorio gisa, jakinarazi da gaur egun tresna informatikoa egonkorra dela; hala ere, etengabe egiten dira hobekuntzak. Hain zuzen ere, Lanbidek erabilitako aplikazio informatikoen eta horien ondorio desegoki batzuen inguruko hausnarketa bat jaso da erakunde hau amaitzen ari den txosten-diagnostikoan.
Euskal Estatistika Erakundea-Eustat
Arartekoak pertsona batek bere amaren izenean aurkeztutako kexa bat izapidetu zuen; hala, kexa hori jarri zuen bere amari sortutako eragozpenengatik, bere adin aurreratua dela-eta, 2015eko Ingurumenari-Familiari buruzko Inkestarekin lotutako datu estatistikoak eskuratzeko.
Kexa eta araudi estatistikoak jasotzen dituen betebeharrak aztertu ostean, Arartekoak Eustati zuzendu zion 2016ko abuztuaren 24ko Ebazpena; horren bidez, betebehar estatistiko hori salbuesteko egoerak arautzeko iradokitzen zen, arrazoi gisa inkestatutako pertsonen adina barne hartuz. Horrez gain, iradoki zen prozedura eta inprimakietan adineko pertsonak beren-beregi hartzeko kontuan, datu estatistikoak zuzenean biltzerakoan gehiegizko zama saihestuz.
Estatistikako Euskal Erakundeak iradokizun hori onartu du eta Arartekoari jakinarazi berri dio 2016ko azaroan eratutako protokoloa: “Jarduketa etxeetan inkestei erantzun ezin dietelako ez erantzutearen aurrean”.
3. Araudi- eta gizarte- testuingurua
Jakinarazi dugun urtean, datuak babestera eta Euskadin gardentasuna sustatzera bereziki bideratutako araudi-jarduera egon da, hau da:
Europa mailan
Europar Batasuneko datuak babesteko araudi orokorra
2016ko apirilaren 27an, pertsona fisikoen babesaren inguruko Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren (UE) 2016/679 Araudia onartu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez. Araudi horren bidez, 95/46/CE Zuzentaraua indargabetu zen(Datuen babesaren inguruko araudi orokorra). Luzaroan itxaron den tresna bat da; tresna horrekin, datuen babesaren inguruko legeria bateratua eta eguneratua izatea lortu da, pertsonek euren datu pertsonalak babesteko duten funtsezko eskubidea bermatze aldera. Horrela, herritarrek hobeto kontrola ditzakete bere datuak eta ekonomia digitala gara daiteke, aldi berean delinkuentziaren eta terrorismoaren aurkako borroka indartuz. Era berean, araudi horretan, datuen tratamenduaren arduradun eta erantzuleen betebeharrak ezartzen dira eta araudi horretan xedatutakoa betetzeko metodoak jasotzen dira, baita arau horiek hausten dituztenei ezarriko zaizkien zigorren irismena ere.
Araudi horrekin batera, Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (UE) 2016/680 Zuzentaraua argitaratu zen; funtsean, zuzentarau hori poliziaren eta justiziaren eremuetara dago zuzenduta. Hala, horren helburua da delituen egile izatearen pertsona susmagarrien, biktimen eta lekukoen datuak behar bezala babestea ikerketa kriminal baten eremuan.
Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egun beranduago indarrean sartu zen arren, 2018ko maiatzaren 25etik aurrera izango da aplikagarria.
Europar Batasuneko Administrazio Elektronikoaren inguruko 2016-2020 Ekintza-plana
Europar Batasuneko Administrazio Elektronikoaren inguruko 2016-2020 Ekintza-planaren– Administrazioaren eraldaketa digitala bizkortzen (COM(2016) 179 final) helburua hauxe da: “2020an, Europar Batasuneko herri administrazioak eta erakunde publikoak irekiak, eraginkorrak eta integratzaileak izan beharko dira, Europar Batasuneko herritar eta enpresa guztiei zerbitzu publiko digitalak eskainiz; zerbitzu horiek pertsonalizatuak izango dira, mugaz gaindikoak, erabiltzeko errazak eta mutur batetik besterakoak. Ikuspegi berritzaileak erabiliko dira herritarren eta enpresen beharretara eta demandetara egokitutako zerbitzu hobeak diseinatu eta eskaintzeko. Herri administrazioek inguru digital berriak eskaintzen dituen aukerak baliatzen dituzte, interesdunekiko eta horien arteko elkarrekintza errazte aldera.”
Planak, Europarentzako Merkatu Digital baterako Estrategiak ezarritako esparru estrategikoaren barruan, jarduteko 3 lehentasun nagusi ezartzen ditu eta Europako Batzordeak garatu beharreko 20 ekintza adierazten ditu, horren inguruko legeriaren eta horrekin lotutako zerbitzu publiko digitalen ezarpena bizkortzeko:
I. Herri administrazioak modernizatzea IKTen bidez eta gaitzeko gailu giltzarriak erabiliz.
II. Mugaz gaindiko mugikortasuna gaitzea zerbitzu publiko digital elkarreragingarrien bidez.
III. Administrazioen eta herritarren eta enpresen arteko elkarrekintza digitala erraztea, kalitate altuko zerbitzu publikoak sustatzeko.
Europar Batasuneko Herriaren Defendatzaileak antolatutako Herriaren Defendatzaileen Europako Sarearen hitzaldia -ENO 2016
2016ko ekainaren 13 eta 14an, Bruselan European Ombudsman deritzonaren bulegoak antolatutako Herriaren Defentsa Bulegoen Europako Sarearen (ENO 2016) hitzaldia ospatu zen; bertan, gardentasunaren gaia jorratu zen, Zuzenbideko Estatuaren eta gobernantza onaren funtsezko baldintza gisa. Izan ere, gai hori erabakigarria da Europan eskubideak defendatzen dituzten erakundeentzat.
Arartekoak hitzaldi honetan parte hartu zuen, Europako Herriaren Defendatzailea den Emily O’Reillyk gonbidatu zuelako; hala, garatutako eztabaidetan aktiboki hartu zuen parte Arartekoak.
Eztabaidatutako gaien artean, Europako Herriaren Defendatzaileak burutzen dituen kontrol-eginkizunak aztertu ziren; hala, eginkizun horien bidez, saiatzen da presio-taldeek (“lobby”ak) Europako Batzordearen erabakiak hartzeko prozesuan eragin desegokirik ez dutela bermatzen. Izan ere, erabaki horien motibazioa beti izan behar du interes publikoa defendatzea. Bertan zeuden defendatzaileen ustez, garrantzitsua da presio-taldeen inguruko araudia Europa osoan orokortzea.
Eztabaida horietan, adostasun orokorra egon zen gai baten inguruan, hau da, beharrezkoa dela sistema nazional eta eskualdeko sistema batzuei, presio-jardueren gardentasuna kontrolatzeko esparru juridiko bat hornitzea, baita tresna egoki eta espezifikoak ere, oraindik ez badituzte. Horrez gain, tresna nahikoa izan behar dituzte, herritarrek gobernu onaren anbizio handiko helburu horretara bideratutako herri administrazioen jardueren informazioa eskuratu dezaketela bermatzeko.
Era berean, denok zeuden ados, eremu honetan, pertsonen eskubideak defendatzeko erakundeek administrazio ona kontrolatzeko eta herritarren eskubideak defendatzeko eginkizunak ere izan behar dituztela. Hala, bermatu behar dute herri administrazioen jarduera interes publikoa lortzera bideratuta dagoela, interes orokorraren berme gisa.
Estatu mailan
2015 oso urte emankorra izan zen administrazio elektronikoarekin lotutako legezko erreformei dagokienez; izan ere, irismen handiko lege hauek eman ziren: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea. Hala ere, joan den urtean ez da berritasun nabarmenik egon.
Ezaguna da Ogasun Ministerioko Herri Administrazioko Estatuko Idazkaritzaren ekimena Errege Dekretuko oinarrizko Proiektu bat eratzeko, administrazio elektronikoaren funtzionamenduari buruzkoa. Hala, horren inguruko aurretiazko kontsulta publikoa egin zen 2016ko azkenengo hilabeteetan.
Gardentasunaren inguruko araudiari dagokionez, komenigarria litzateke Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea garatzen duen araudi bat edukitzea. Hori guztia, Lege honetatik eratorritako eskubideak eta betebeharrak eta horiek gauzatzeko modua xehetasun handiagoz ezagutzeko. Halaber, komenigarria litzateke bertan jasotako manuak betetzen ez dituztenei ezarriko zaizkien zigorren katalogo bat edukitzea.
Autonomia erkidego mailan
2016an, zenbait berritasun egon dira; jarduketa-arlo honentzat interesgarriak direnez, hemen jasotzen ditugu:
Estatuko legegileak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea indarrean sartzeko prozesua artikulatu zuen;hala, lege hori indarrean sartu zen modu mailakatuan 2013ko abenduaren 11tik aurrera. Lege horren ataletarako aldi baterako zenbait indarraldi ezarri ziren, baita erakunde eta lurralde esparru desberdinetarako ere, autonomia erkidegoen kasuan bezalaxe. Horrela, lege horrek autonomia erkidegoetako administrazioentzat eta erakundeentzat eta tokiko erakundeentzat ezarritako konpromisoak 2015eko abenduaren 11n sartu ziren indarrean oso-osorik.
Arau hori honako hauei aplikatzen zaie: Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Arartekoa, tokiko erakundeak, tokiko organismoak, berezko izaera juridikoa duten herri administrazioekin lotutako edo horien menpeko zuzenbide publikoko erakundeak, unibertsitate publikoak, alderdi politikoak, erakunde sindikalak eta enpresa-erakundeak barne, besteak beste.
Legeria hori oinarrizkoa da; beraz, publizitate aktiboari dagokionez, hedatu eta zehaztu daiteke, erakunde-esparru bakoitzaren berezko legeriaren bidez.
Joan den urtean, autonomia erkidegoko legegintzaldia amaitu zenez, Euskal sektore publikoko gardentasunari, herritarren parte-hartzeari eta gobernu onari buruzko lege-proiektua indargabetu zen; izan ere, legebiltzarreko egoitzan zenbait zuzenketa egin zitzaizkion proiektu horri. Hala, proiektuaren helburua zen Euskadiko Autonomia Erkidegoari eremu horretan arauketa berezia hornitzea; gaur egun, oraindik ere, ez dugu arauketa hori. Horrenbestez, arazo gehigarri bat zegoen: ezin izan zen autonomia erkidegoan organo independente bat sortu, euskal administrazioek eskaerei erantzuten ez dietenean euskal herritarrek bertara jotzeko.
Egoera hori arintzeko, Eusko Jaurlaritzak, irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren bidez, Informazio Publikoa Eskuratzeko Euskal Batzordea sortu zuen, behin-behinean garatzeko, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eremuan, Gardentasunari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen funtsezko eskema operatiboa, gardentasuna kontrolatzeko organo espezifiko baten eskuragarritasunari dagokionez. Hala, Eusko Jaurlaritzako hiru pertsonek osatzen dute batzorde hori.
Foru mailan
Bizkaiko Gardentasunaren buruzko 1/2016 Foru Araua onetsi zen. Horrek, zioen azalpenean jasotzen den bezala, lortu nahi du gardentasuna eta informazio publikoa eskuratzea ibilgailu egokiak izatea herritarrek erabakiak hartzeko moduaren inguruko azterketa handia egin ahal izateko. Informazio publikoa eskuratzeko eskubideari dagokionez, arauak ezartzen du informazioa eskuratzeko ukapenei ez-ohiko izaera esleitu behar zaiela, legez ezarritako mugen interpretazio murriztaile baten bidez. Horrez gain, gardentasuna datu publikoen berrerabilpenarekin eta Open Datarekin konektatzen du.
Udal eremuan
Euskadiko Tokiko Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 LegearenVI Kapitulua, gobernu onaren, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen kapitulua izenekoa (berez, hori asmoen adierazpen bat da), euskal tokiko erakundeek bete beharko dituzten publizitate aktiboko betebeharrei buruzkoa da eta banakapen xehea egiten da eremu materialen arabera. Hala, gardentasun-betebehar horiek tokiko errealitatera eta tokiko erakundeetan dauden araudi-tresnetara eta tresna ekonomiko eta finantzarioetara egokitu beharko dira. Era berean, zenbait arau orokor jasotzen ditu informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen inguruan eta informazio hori eskuratzea ukatzen denean aurkez daitezkeen erreklamazioen inguruan.
Arartekoak uste du oso garrantzitsua dela arau horiek ezartzea. Hala, uste du funtsezkoa dela informazioa bere alderdi desberdinetan ematen dela bermatzea, herritarren parte-hartzerako aurreko betekizun gisa eta administrazio onerako eskubidearen euskarrietako bat bezala.
Oraindik araututa ez dagoen eta Arartekoak interesgarria dela uste duen kontu bat da interes-taldeen arauketa, hau da, hizkera arruntean “lobbie” izenaz ezagutzen diren taldeen arauketa. Hala ere, joan den urtean aurrerapauso batzuk eman ziren gai horren inguruan eta, dirudienez, Kongresuak otsailean eztabaidatuko du interes-talde horien jarduketa normalizatzeko arauketa bat. Era berean, Parlament de Catalunyak edo Kataluniako Legebiltzarrak oso aurreratuta dagoen proiektu bat dauka, politika publikoetan eragina duten pertsona eta erakundeek osatutako interes-taldeen erregistro bat sortzeko.
Gizarte-testuinguruan, azpimarratu behar dugu herritarrak gero eta kezkatuago daudela Interneten dauden bere datuen segurtasuna dela-eta. Izan ere, Arartekoak kezka hori hartu du kontuan bere jarduketetan.
2016an, Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Datuak Babesteko Euskal Agentziarekin elkarlanean egindako landa-lan berri bat argitaratu zen; landa-lan horren ondorioetako batzuk nabarmendu nahi ditugu:
- Azkenengo urteotan, datu pertsonalen babesaren inguruko kezka apur bat areagotu da. 2008an, herritarren % 37 oso edo nahiko kezkatuta zeuden; gaur egun, kopuru hori % 43koa da.
- Herritarren % 57arentzat segurtasuna pribatutasuna baino garrantzitsua da eta % 30arentzat alderantziz. Hala ere, apur bat murriztu da segurtasuna garrantzitsuagoa dela pentsatzen dutenen ehunekoa.
- Hori gorabehera, erabiltzaileen kezka Interneten bere informazioa erabiltzearen inguruan oso altua da, hain zuzen ere, % 74k dute kezka hori.
- Gehienek (% 89) uste dute herritar anonimoek ahaztuak izateko eskubidea izan beharko luketela, hau da, Interneten horien inguruan dagoen informazioa ezabatzeko eskubidea izan beharko luketela. Aitzitik, soilik % 51k pentsatzen du hori kargu publikoak okupatzen dituzten pertsonei dagokienez.
Datu pertsonalak babesteko beharraren kontzientzia-maila horrekin batera, erabiltzaile guztiek aplikatu behar ditugun arreta-neurriak areagotu behar dira. Hori, analista adituen arabera, pixkanaka egiten ari da. Izan ere, ordenagailuetan birusek eragindako infekzioak murriztu dira. Nolanahi ere, Arartekotik, gai horren inguruan uste duguna esan ahal izan dugunean, azpimarratu izan dugu beharrezkoa dela ekipoak eta sistemak babesteko neurri teknikoak ezartzea baina, funtsean, sen ona aplikatu behar da, arraroak edo arriskutsuak izan daitezkeen posta edo jardunbideei atea ez irekitzeko.
Ekipamendu eta zerbitzu elektronikoei dagokienez, EUSTATek 2016ko lehenengo hiruhilekoko Euskadiko familiei zuzendutako Informazioaren Gizarteari buruzko Inkestan emandako datuen arabera, Euskadin Internet erabiltzen duten 15 urte eta gehiagoko pertsonen kopurua 1.370.800 da, hau da, herritarren % 74,1. Aurreko urtearekin alderatuz, % 2,4 areagotu da kopuru hori.
Internet erabiltzen duten herritarren ehunekoari dagokionez, Araba da lurralde historikoen sailkapenaren buruan dagoena % 76arekin. Horren atzetik, Bizkaia dago % 74,8arekin eta Gipuzkoa % 73,3arekin.
Etxeen IKT ekipamenduari dagokionez, euskal familien % 70,1ak ordenagailu pertsonal bat dauka eta % 74,1ak Interneteko konexioa dauka. Hortaz, esan daiteke Euskadin lau pertsonetatik hiruk Internet erabiltzen dutela.
Etxea da euskal herritar gehienek aukeratzen duten lekua Internetera konektatzeko (% 97,3).
Telefono mugikorrari dagokionez, inkestan parte hartu dutenen % 94,8k adierazi dute telefono mugikor bat dutela (% 96,8k 15 urte baino gehiagoko pertsonen kasuan). Beraz, telefono mugikorra da edozein teknologiaren eta zerbitzu digitalaren euskarritzat hartu beharreko oinarrizko tresna. Izan ere, hori da ekipamendu eta erabilerako edozein eten osorik gainditzen duen bakarra.
Adinari dagokionez, ia-ia 15 eta 24 urte bitarteko euskal gazte guztiek (% 99,2) erabiltzen dute Internet; erakutsi da adin-tarte horretako pertsonak direla Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiez gehien jabetu direnak. Nabarmendu behar da 55 eta 64 urte bitarteko erabiltzaileen kopurua handitu dela, hain zuzen ere, 7.2 portzentajezko puntu. Horrez gain, 65 urte edo gehiagoko erabiltzaileen kopurua 5,8 portzentajezko puntu handitu da.
Genero-etenari dagokionez, 2015ean, 8,3 portzentajezko puntukoa zen; aitzitik, 2016ko lehenengo hiruhilekoan 5,9 portzentajezko puntura murriztu zen. Horrela, 15 urte eta gehiagoko herritarrei dagokienez, Internet erabiltzen duten gizonak gizonezko herritarren % 77,1 dira; emakumezkoei dagokienez, Internet erabiltzen dutenak emakume guztien % 71,2 dira. Aurten Internet erabiltzen ari diren erabiltzaile guztietatik, % 50,2 gizonezkoak dira eta % 49,8 emakumezkoak. Horrela, emakumeen Interneten erabileraren etengabeko joera negatiboa apurtu da.
Jarduerari dagokionez, ikasleen % 99,2k Internet erabiltzen dute; lan egiten duten herritarren % 94,2k erabiltzen dute Internet eta aktibo ez dauden edo langabezian dauden pertsonen % 46,9k erabiltzen dute. 2015ekin alderatuz, gehikuntzarik handiena azkeneko taldean eman da eta portzentajezko 4,4 puntukoa da. Horrela, oso argi geratu da eten ekonomikoa dela desberdintasun berrien iturria. Hala ere, oro har, datuek islatzen dute euskal etxeetan IKT ekipamendua hobetu dela.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2016an, zenbait jarduketa osagarri planifikatu eta garatu dira:
4.1. Bilerak
2016an, bilera desberdinak egin dira:
- Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzarekin aldizkako bilerak egiten dira baterako intereseko proiektuetan ekarpenak eta hausnarketak partekatzeko, gardentasunarekin lotutako alderdiak bezalaxe. Proiektu horietako bat da hauxe: Ararteko mapak. Proiektu honen helburua da Euskadiko Autonomia Erkidegoko turismo-baliabideen, garraiobide publikoaren eta liburutegien irisgarritasunari buruzko informazioa ematea. Webgunean eskuragarri dago Ararteko mapak, baita gailu mugikorrentzat ere. Horrekin, edozein pertsonak eskura dezake irisgarritasun mapetan dagoen informazioa gure lurraldeko edozein gunetik.
Halaber, Arartekoaren E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzeari buruzko txostenean jasotako gomendio batzuen segimenduari buruzko informazioa eguneratu zen, bereziki Euskadi.eus webgunearen irisgarritasunari eta Irekiaren bidez datu publikoak zabaltzeari dagokienez.
- Arartekoak kudeaketaren bikaintasunean konprometituta dauden Euskadiko Autonomia Erkidegoko 29 erakunde publikoek (administrazioak eta enpresa publikoak) osatutako Q-epea sarearen 6 bileretan hartu du parte aktiboki; hala, Arartekoa sare horretan dago.
Bilera horiekin, 2015ean Gardentasunaren Legearen aplikazioa barne-mailan aztertzeko sortu zen lan-taldean (9 kideek osatutakoa) parte hartu ahal izan da; proposamenak egin ahal izan dira eta jarraibide komunak ezarri arauek zehazten ez dituzten gardentasun-informazioaren alderdietan. Horrez gain, gardentasunaren adierazleak identifikatu ahal izan dira, Q-epea sarearen talde-mailako gardentasunari dagokionez.
- Arartekoak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte-politiketako Sailak gonbidatuta, GOBERNANTZA +65 URTE Proiektuaren barruan antolatutako hausnarketa-saio batzuetan hartu du parte. Proiektu hori ezagutzaren ordezkagarritasunaren ereduari buruzkoa da, baita zahartzen diren pertsonek erabaki sozial eta politikoak hartzean dituzten beharrei eta interesei buruzkoa ere. Zehazki, proiektu horren barruan sortutako hirugarren batzordean hartu dugu parte aktiboki. Batzorde horren helburua izan da adineko pertsonek erabaki politikoak hartzeko prozesuetan parte hartzeko edo horiek ordezteko modua edo eredua bilatzea. Txosten hau egin denean, ondorioen aurretiazko testu bat dago eskuragarri.
- Gainera, Gaia, Tecnalia eta Grupo Servicios Sociales Integrados Klusterrak antolatutako ICT4Silver Proiektu europarraren esparruan antolatutako lantegi batean hartu dugu parte. Lantegi horretan, IKT konponbideen erronkak, beharrak edo hesiak identifikatzen saiatu dira, Euskadin “Silver Economy” deritzonaren merkatuari aurre egiterakoan, adineko pertsona guztiei zuzendutakoak.
4.2. Jardunaldiak
Azaroaren 18an, Euskalitek antolatutako Kudeaketa Aurreratuaren Aste Europarraren barruan, jardunaldi hau ospatu zen: “Kudeaketa Publiko Aurreratua. Q-epea sarearen jardunbide egokiak”. Jardunaldi horretan, Arartekoak informazioaren eta barne-komunikazioaren kudeaketan duen esperientzia praktikoa aurkeztu zuen.
4.3. Adierazpen instituzionala interneten nazioarteko eguna dela eta
Maiatzaren 17an, interneten nazioarteko eguna zela eta, Arartekoak “Gauzen internetetik pertsonen internetera” adierazpena argitaratu zuen.
Egun honen xedea da teknologia berriek herrien eta herritarren bizi-maila hobetzeko eskaintzen dituzten aukerak ezagutaraztea.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) gure bizitzetako osagarri bat gehiago izatetik, gure bizitzak aldenik alde eta modu iraunkorrean zeharkatzera igaro dira. Eskolan daude, lanean, Administrazioekiko eta bankuekiko harremanetan, ongi pasatzeko eta komunikatzeko ditugun moduetan.
Internet geratzeko etorri da eta lehen mailako tresna da demokratizaziorako, informazioa eskura izateko eta herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko; ondorioz, gure bizitzetan duen presentzia ikaragarria da eta ez ezagutzea edo ez erabiltzea gizartetik kanpo geratzeko faktorea izan daiteke egungo gizartean; hori dela eta, herri-administrazioak adi egon behar dira eta pertsona guztien erabateko inklusio digitala sustatu.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Kapitulu honetan aztertu den bezala, 2016an, zenbait herritarrek Arartekoarengana jo dute gure esku-hartzea eskatuz, funtsean, erantzunik eman ez den edo osatu gabeko erantzuna eman den kasuetan, publizitate aktiboko eskubidea gauzatzean. Kasu horietan, erakunde honek euskal herri administrazioak zaindu eta kontrolatzeko eginkizunak burutu ditu, oro har, otsailaren 27ko 3/1985 Legeak -Arartekoa sortu eta arautzekoak- esleitzen dizkion eginkizunen esparruan.
5.2. 2016an, euskal administrazioen araudi-jarduera areagotu zen, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea indarrean sartzearen ondorioz. Horrez gain, Bizkaiko Gardentasunaren otsailaren 17ko 1/2016 Foru Araua onetsi zen eta Euskadiko Tokiko Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legeak gardentasunari buruzko arauketa berezia jasotzen du.
Herritarrek gero eta gehiago gauzatzen dute herri administrazioek duten informazioa eskuratzeko eskubidea; horretarako, administrazioek jarrera bermatzaileak izan behar dituzte alde guztien eskubideekin. Izan ere, lehian dauden eskubide desberdinak haztatu behar dira eta informazio edo dokumentazio hori eskuratzea ukatzen den kasuak arrazoitu.
5.3. Arartekoak uste du eremu batean ez direla behar beste urrats eman eta gardentasunaren inguruko lege-aurreikuspenek irismen handia izateko osagarri bat izango zela; eremu hori da interes-taldeen arauketa eta lobbyen erregistroa.
5.4. Datuen babesari dagokionez, beharrezkoa da herritarren eskubideen bermean aurrerapausoak ematea. Testuinguru honetan, herritarrak gero eta kontzientziatuago daude beharrezkoa dela datu pertsonalak babestea eta, horregatik, eragile aktiboak izan behar dira eta arrisku-jokabideak saihestu Interneten eta sare sozialen erabileran.
Bereziki, aurrerapausoak eman behar dira Interneten datu pertsonalak ezabatzea ahalbidetzen duten neurrien ezarpenean, ukitutako herritarrek hori eskatzen duten kasuetan. Izan ere, Arartekoak, joan den urtean, behin baino gehiagotan esku hartu zuen alderdi horretan. Horrez gain, ARCO eskubideak (sarbidea, zuzenketa, deuseztapena eta aurkaritza) gauzatu ahal izatea erraztu behar da. Hala, eskubide horiek dituzte tratatzen diren datu pertsonalen titular diren pertsona guztiek.
5.5. Euskal herri administrazioek muturreraino eraman behar dituzte neurriak Interneterako sarbidearen eskuragarritasuna desberdintasuna sortzeko beste elementu bat bihur ez dadin bizitza oso bat garatu ahal izateko eta gizartearen baliabideak eskuratzeko aukeretan. Horretarako, adi egon beharko dira eta eten digitalaren arriskua minimizatzen duten neurriak ezarri. Bereziki, zaindu behar dute langabezian dauden pertsonek dituzten zailtasunek ez dutela eten ekonomikoko arriskua larriagotzen edo enplegagarritasuna kaltetzen.
Era berean, administrazio elektronikoaren eta bide telematikoen sustapenak herritarren eskubideak ukitzea saihestu behar dute; hori dela-eta, administrazio elektroniko inklusiboa lehenetsi beharko dute eta harremaneko bide gehigarrien erabilera bultzatu, daudenak baztertu gabe. Halaber, herritarren esku jarri behar dira teknologia ez-jabeak.
5.6. Arartekotik, uste dugu oraindik gauza asko daudela egiteko benetako erkidego digital bat eraikitzeko; erkidego horretan, Interneten eta webgune sozialaren potentzial zoragarria erabili ahalko dugu aukera-berdintasuneko terminoetan. Hala, testuinguru honetan, euskal herri administrazioetara zuzentzen gara, horretan eragin negatiboa izan dezaketen oztopoak edo faktore inhibitzaileak baztertzeko.
1. Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan guztira 15 kexa ireki dira, eta tramitatu direnen informazio estatistikoa, abenduaren 31n, honako hau izan da:
2. Kexarik aipagarrienak
Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Arlo honetan jasotako kexek planteatutako auziak hainbat alderdiri buruzkoak izan dira, besteak beste prestakuntza-ikastaroei buruzkoak eta profesionaltasun-egiaztagirien inguruko ebazpenetan igarotako denbora luzeegiari buruzkoak.
Horrez gain, Lanbiderekiko lankidetza-hitzarmen bati dagokion diru-laguntza baten ordainketa berandutu dela planteatu da; eta laguntzen esparruan bertan, enpresa-proiektu bat sendotzeko diru-laguntza ukatu izanarekiko desadostasuna planteatu da. Auzi horiek kexen tramitazioan bideratu ziren.
Lan Ikuskaritzaren esku-hartzeari buruz, kexa batzuetan desadostasuna azaldu da, interesdunen ustez salaketak tramitatzean atzerapenak gertatu zirelako. Lan Ikuskaritzaren administrazio-jarduera arautzen duen arauaren ikuspuntutik, planteatutako suposamenduak aztertutakoan ondorioztatu zen kasu horietan ikuskaritzaren funtzionamendua ez zela txarra izan.
Tramitazioa ahalik eta arinena izateko asmoa legitimoa dela onartuta, egindako azterketak zera utzi zuen agerian: egiaztapen jarduerak lan-arloko arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzaren kuotak kitatzeko espedienteetarako prozedurei buruzko araudi orokorra onartzen duen maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuan aurreikusitako epearen arabera egin zirela. Kexan jasotako datuak kontuan hartuta, salaketa aurkeztu zenetik lantokian bisita egin zen arte, bi hilabete eta zazpi egun igaro ziren.
Prozeduren tramitazioari dagokionez, kexa bat jaso da profesionaltasun-egiaztagiria ukatzeagatik. Horrek agerian jartzen du ezarritako epea errespetatzeak duen garrantzia. 2014ko azaroaren 17an aurkeztutako eskaera bat izan zen, eta Lanbideko zuzendari nagusiaren 2016ko maiatzaren 11ko ebazpenaren bidez ukatu zen. Berandutzeaz gain, profesionaltasun-egiaztagiriaren eskariari ezezko erantzuna eman zitzaion. Profesionaltasun-egiaztagiria inskribatzeko eta egiteko prozedura zen, eta Lanbiderekin erkatu ondoren, Arartekoak erabaki zuen administrazioaren funtzionamendu txarra egon zela.
Atzerapena onartuta, Lanbideren ustez, eskaera egin zenetik erantzuna eman zen arte 17 hilabete igaro ziren arre, ez zela babesgabetasunik egon. Horretarako argudioen oinarri gisa, zera azaldu zuen: ezarritako prozedurak xedatzen duenez, sei hilabeteko epea igaro eta gero ebazpenik ematen ez bada, eskaria ukatu dela ulertuko da (463/2013 Dekretua, abenduaren 17koa, Profesionaltasun-ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa sortzekoa, 7.7. artikulua).
Argi dago aurreikuspen hori egin arren ezin dela ondorio hori atera, ñabardura egokiak egin gabe; izan ere, nahitaez kontuan hartu behar da honako hau: ebazteko betebeharra ezarrita dagoen epean (6 hilabete) bete izan balitz, interesdunak orduan bertan jakingo zukeen –eta ez 17 hilabete geroago– prestakuntza-zentroari buruz aurkeztu zuen egiaztagiria Lanbidek desegokitzat jo zuela. Hori jakin izan balu, denbora hartan deitu diren ikastaroak egin ahalko zituzkeen, baina ezin izan du hala egin, hasierako eskaria egokia zela uste zuelako.
Arartekoak kexa berriak jaso ditu enplegu-zerbitzuen funtzionamenduari buruz, enplegu bilaketari dagokionez. Datuek egiaztatzen dute zerbitzu horien benetako eragina oso eskasa dela pertsona horiek lan-merkatu arruntean sar daitezela lortzeari dagokionez, eta horregatik, bitartekaritza-zerbitzuen praktikak hobetu egin behar dira, eta zerbitzuen helburuak hobeto betetzea lortu behar dutela. Arartekoaren esku-hartzea kexa horien aurrean jarduera-aukera zehatzetatik kanpo geratzen bada ere, bere betebeharra da hemen jasota uztea, gogorarazteko kasu hauek existitzen direla eta arreta behar dutela.
Zalantzarik gabe, enplegua aurkitzeko eragozpenak dakartzan inguruabarretako bat adina da. Hain zuzen ere, osasun-arrazoiengatiko mugei dagokienez, pertsona batek zera planteatu zuen: finantzaketa publikoa duten ikastaro jakin batzuetan gehienez 40 urte edukitzearen eskakizuna ezarri zen, eta horri aurka egiten dion errealitatea da lan-merkatura sartzeko zailtasun horrek neurri handienean laneratzeko eragozpen handienak dituzten pertsonei eragiten diela, adibidez adin jakin batetik gorako pertsonei.
Oztopo horri dagokionez, gaixotasun mentala duten pertsonen arretaren arloan lan egiten duten eta pertsona horiek laneratzea eta gizarteratzea lortu nahi duten elkarte batzuek Arartekoari adierazi diote haserre daudela ez delako aurrera egin enplegu-zentro berezien jarduera erregulatzeko. Zehazki, Euskadin enplegu-zentro berezien erregistroa sortzeari buruz ari ziren.
Gai hori Legebiltzarraren egoitzan aztertu zen (2016ko maiatzaren 20ko Osoko Bilkura), eta horri buruz, elkarteek Arartekoari eskatu zioten gabezia horren berri eman ziezaiola administrazio eskudunari, Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailari, alegia. Aurreko legegintzaldia amaitu arretik sail horrek eman zuen informazioaren arabera, Euskadin enplegu-zentro berezien erregistroa sortzeko arauaren proiektua prestatzeko lana nahiko aurreratua zegoen. Arartekoak espero du jada egindako jarduketak baliagarriak izango direla erregistro horren sorrera bultzatzeko.
3. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Arartekoak uste du arreta berezia jarri behar dela enplegua bilatzeko sistema publikoaren bitartekaritzak jasotzen dituen kexek duten aurreikuspen urriari buruz, bereziki laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen enpleguari dagokionez.
1. Arloa kopurutan
Hirigintza eta lurralde-antolamenduaren arloan, Arartekoak gai horren inguruan egindako esku-hartzeak biltzen dira; horren barruan sartzen dira hiri-antolamendua, lurzorua urbanizazioaren bidez eta ondoko eraikuntzaren bidez hirigintza aldetik eraldatzeko prozesua eta hirigintza arloko legezkotasuna babestea.
Hirigintza eta lurralde-antolamenduaren arloan jasotako kexak 76 izan dira guztira, hau da, aurkeztu diren erreklamazio guztien %3,52. Eragindako administrazioen arabera, kexak modu honetan banatzen dira:
• Tokiko administrazioa 64
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 1
Azpi-arloak, berriz, honakoak izan dira:
• Hirigintzako diziplina 46
• Administrazioaren funtzionamendua eta
prozedura administratiboa 11
• Hirigintza arloko informazioa jaso ahal izatea 8
• Hirigintzako kudeaketa 6
• Lurralde antolamendua 4
• Beste alderdi batzuk 1
Arlo honetan jarritako kexen izapidetze-egoerari eta emaitzari dagokienez:
2016. urtean hirigintza eremuan egindako erreklamazioak aurreko urteetako kopuruan mantendu dira. Erreklamazioek batez ere dagokion baimenik gabe egindako hirigintza erabileren eta obren hirigintza legezkotasuna babesteko eskumenak gauzatzearekin lotutakoak izan dira. Baita ere handitu dira jabeek euren lurzoruak eta eraikinak osasungarritasun, segurtasun eta apaindura publiko baldintza egokietan mantendu eta eraberritzeko dituzten betebeharren inguruko erreklamazioak. Batez ere udal katalogoan babestutako eraikuntzak direnean, zaindu beharreko balio kulturalak dituelako.
2016. urtean 6 gomendio burutu dira, gure web orriaren dagokion atalean kontsultatu daitezkeenak.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hirigintza legedia hausteagatik egindako eskariak eta salaketak erantzuteko betebeharra
Eremu honetan herritarrek planteatutako arazo nagusietako bat herritarrek hirigintza araudia urratzeagatik egindako eskari, erreklamazio eta salaketen erantzun falta da. Asko dira hirigintza legedia betetzen dela bermatzeko helburuz herritarrek egindako idatziei Arartekoak udal administrazioei denbora epe egoki batean erantzuteko aholkatu dizkien ebazpenak.
Arartekoaren 2016ko irailaren 21eko Ebazpenaren kasua da. Horren bidez, Lasarte-Oriako Udalari gomendatzen zaio jarrai dezala bere jardueran, lizentziarik gabeko obra bat salatzeko aurkeztutako kexari erantzuteko.
Beste kasu batzuetan, Arartekoak dagokion kexa izapidetu ondoren, udal administrazioak salaketari dagokion izapidea eman diola eta interesdunari erabakia jakinarazi diola egiaztatu du. Kasu hauetako batzuetan Arartekoaren ebazpenak Lur eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zehaztapenak betetzeari dagozkion balorazioak sartu ditu.
Babes bereziko urbanizagarria ez den lur batean baserri bat berreraikitzeko eta lekualdatzeko udal baimena
Arartekoari elkarte batek planteatutako kexaren oinarria da udal-administrazio baten aurrean baserri bat berreraikitzeko obra batzuk gauzatzeagatik aurkeztutako salaketa bati ez erantzutea. Gauzatze obra horiek egiteko baimena ematen duen lizentzia jada existitzen den baserri bat berriz eraikitzeko eta ohiko babes bereziko nekazaritzako eremu gisa kalifikatutako lurzoru urbanizaezinean kokapena aldatzea ahalbidetzen du. Elkarteak salaketan argudiatu zuen Lur eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen xehetasunak betetzeko justifikazio falta, lekualdatzeko eta eraikuntza bolumena handitzeko araudi horrek ez zuelako eraikin berri bat aukeratutako lekuan eraikitzeko baimenik emango. Kasu horri buruzko informazioa eskatu ondoren, udalak Arartekoari elkarteak aurkeztutako salaketaren udal erantzunaren berri eman zion. Kasu horretan udal administrazio horrek eskaria ukatu zuen eta legedia berrezartzeko espediente bat abiaraztea ukatu zuen, lizentzia hirigintza legediaren arabera eta arau subsidiarioak indarrean daudela uste zuelako.
Egindako salaketari emandako berariazko erantzuna egiaztatu ondoren, Arartekoak bere ebazpenean udalari gogorarazi zion babes bereziko urbanizagarria ez den lurra ez dela egokia urbanizazio edo eraikuntza bidez aldatzeko. Horregatik dago lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean araubide juridikoak lurzoru urbanizaezinaren inguruan jaso dituen xedapenen menpe. Lurzoru mota horretan bakarrik baimendu daiteke baserrien berreraikitzea modu fede-emailean frogatzen bada Lur eta Hirigintza ekainaren 30eko 2/2006 Legeak garatu duen eta premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 9. artikuluak berariaz aipatu dituen baldintzen betetzea, baita plangintzak barne hartzen dituen gehigarriak ere. Edozein kasutan, Lur eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 30.1. artikuluan jasotako baserriak berreraikitzeko araubideak ez du kokapenaren aldaketa baimentzen. Kokapen aldaketaren aukera soilik derrigorrezko desjabetzeen ondorioz (sistema orokorren ezarpenak eraginda) eraitsi diren baserrien kasuan aplikatuko da eta horiek babesik gabeko lurzorura lekualdatu beharko dira.
Eraikuntza berriko hirigintza kontrola, urbanizagarria ez den lur batean gaztandegi bat handitzeko
Beste espediente batean bizilagun talde batek planta berriko obra batzuk gauzatzearekin duen desadostasuna adierazi zuen, baserri bateko gaztandegiko instalazioak handitzeko. Handitze obra horiek Idiazabalgo Udalak onartu zituen gaztandegia handitzeko eraikuntza berri bat eraikitzeko obrak egiteko lehenengo hirigintza lizentzia baten bidez eta lehenengo proiektua aldatzeko bigarren lizentzia baten bidez. Lizentzia horiek gaztandegitik gertu zeuden lursailetan eraikin berri bat eraikitzeko baimena ematen zuten, ez urbanizagarri bezala klasifikatutako lursail batean, G.20 landa-eremu “nekazal eta landazabal” bezala izendatutakoa. Eraikin berri horretan gaztandegi jarduerari lotutako erabilera ematea aurreikusten zen (150 ardi inguruko ardi-ukuilua eta biltegi eremu bat), baita ludiko eta turistiko jardunetarako proiektu bat (erakusketa eremua duen instalazioan bisitak egiteko instalazioak, salmenta eta gazta dastatzeko sukalde eremua). Kexagileek salaketan argudiatu zuten hirigintza-planeamenduaren zehaztapenen betetzea ez zela justifikatu eta, bestalde, jarduera hori ingurumenaren exijentziei egokitzeko beharra planteatu zuten, jarduera horretatik sortu daitezkeen eragozpenak galarazten dutenak, Idiazabalgo egoitza hiri lurretik 50 metrora baitago.
Udalak Arartekoari urbanizagarria ez den lur batean gaztandegi jarduna handitzeko eraikin berri bat eraikitzeko baimena emateko jardunen berri eman zion. Gai honekin lotuta Arartekoak toki-administrazio horri gogorarazi zion aurkeztutako eraikuntza proiektuek indarrean dagoen udal planeamenduan adierazitako hirigintza irizpide eta parametroak bete behar zituztela eta Lur eta Hirigintzako ekainaren 30eko 2/2006 Legearen aurreikuspenen araberakoak izan. Kasu horretan behin betiko onartutako hirigintza araudia Idiazabalgo Udal Planeamenduaren Arau Subsidiarioen urbanizagarria ez den lurraren hirigintza erregimenaren aldaketan aurreikusitakoa zen, Foru Aldundiak onartutakoa. Hala ere, Idiazabalgo Udalak ez zuen indarrean dagoen hirigintza araudia aipatu, baizik eta Hirigintza Antolakuntzaren Plan Orokorra, izapidetzen ari zena. Kasu horretan ere, aurkeztutako txosten teknikoek adierazten zuten eraikuntza berriko proiektuak izapidetzen ari zen hirigintza araudian jasotako baldintza guztiak bete behar zituela, urbanizagarria ez den lurraren mugarekiko gutxieneko banaketak bezala.
2.2. Hirigintza espedienteen parte diren dokumentuak lortzea
Espedienteetako eta erregistro publikoetako dokumentazioa eskuratzeko eskariak gaur egun herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta gardentasun, informazioa eskuratzeko eta gobernu onaren abenduaren 9ko 19/2013 Legeak erregulatzen ditu Arau hauek administrazioaren esku dauden eduki edo agiriak eta beren funtzioen jardunean egin edo eskuratu direnak jotzen dituzte informazio publikotzat. Gainera informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen gauzatzea errazteko, lege hauek prozedura arin bat ezartzen dute eta eskaria hilabete bateko gehieneko epean ebatzi behar dela uste dute. Hirigintzari buruzko informazioari dagokionez, zehaztu beharra dago Lurzoruaren Legearen Testu Bategina onartu duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean dagoela jasota eskubide hori.
Atal honetan pertsona batek Arartekoari planteatutako kasua adierazi behar da, Urnietako Udalari bere higiezinean egindako obra batzuen gaineko informazioa eskuratzeko eskatu eta erantzuna jaso gabe hainbat hilabete egon ondoren. Beste gai batzuen artean, udalak obren sustatzaileari eskatu zion txosten teknikoa ikusteko eskatu zuen. Hainbat kudeaketa egin ondoren, udalak Arartekoari jakinarazi zion kexagileari eskatutako dokumentazioa bidali ziotela. Edozein kasutan, informazioa eskatu eta hamaika hilabete beranduago bidali zen. Beraz, Arartekoak bere esku-hartzea amaitu zuen Urnietako Udalari gogoraraziz hirigintzako informazioa eskuratzeko eskaerak azkar, lehentasunez eta araudiak aurreikusten dituen epeetan izapidetu eta ebazteko.
2.3. Lursailak mantentzeko betebeharra
Kasu honetan udalei dagozkien udal jarduerak hirigintzako legerian jasota daude. Hirigintza diziplinaren markoan, lursailetako eta eraikuntzetako jabeek horiek segurtasun baldintza zehatzetan edukitzeko betebeharra daukate, osasungarritasunerako, apaindura publikorako eta pertsonentzako zein gauzentzako arriskuak saihesteko xedez. Esku artean dugun kasuan, betebeharra beteko dela bermatzeko eskumena dauka udal administrazioak, dagokion espedientearen bidez; eta, dagozkion txosten teknikoak bildu ostean, dagozkion exekuzio-aginduak emateko eskumena dauka, edo, bestela, hondamen egoera adieraztekoa. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 199. artikuluak ezarritakoarekin bat eginez esleitzen da eskumen hori. Lursailen jabeek segurtasun, osasungarritasun, apaindura publiko eta begiramen baldintzetan eduki behar dituzte horiek. Gauzak horrela, kontserbatzeko eta mantentzeko xedez legez eska daitezkeen betebeharrak bete daitezen emandako exekuzio-aginduak beteko direla bermatzeko eskumen utziezina dauka udal administrazioak.
Azpimarratu beharra dago pertsona batek Arartekoari helarazitako kexa, Oiongo Udalaren jarduna hondakinak pilatzen ziren lursail baten garbiketa egoera kaxkarraren aurrean. Udalak Arartekoari jakinarazi dio, udalak errekerimendua egin ondoren, partzelako jabeak behar bezala garbitu duela partzela. Kasu honetan, lursaila modu klandestinoan ari zen erabiltzen, askotariko hondakinak botatzeko eta gordetzeko bertan (metalezko hagaxkak, etxetresna elektrikoak, kristalak edo obra-hondakinak). Horrek beste inguruabar batean eragiten zuen, kexagileak azaldutakoa; hau da, hondakinak kontrolik gabe isurtzen diren espazioetan sutea pizteko dagoen arriskuari.
Egoera hau, Arartekoaren ustez, bereziki kontuan hartu behar da berriz errepikatu ez dadin, eta horretarako, prebentzio neurriak hartzeko aukera azaldu zuen, udalak berak gomendatutakoak, hala nola, lursaila modu eraginkorrean ixtea, hondakinak uztea debekatzearen ohartarazpena edo lursailaren garbiketa aldizka programatzea. Prebentzio neurri horien garrantzia ingurumena babesteko ardura duten hainbat agintaritzak eta erakundek azaldu dute. Auzitegi Goreneko Aretoko Fiskalaren eta Ingurumen eta Hirigintza Ataleko koordinatzailearen proposamenaren kasua da, aurkeztutako urteko memorietan adierazten den bezala, Indar eta Segurtasun Kidegoei suteak sortzeko arriskua duten jardueren zerrenda egitea eskatzeko, horien artean zabortegi klandestinoak. Eskudun administrazio agintaritzei zabortegi klandestinoak izan daitezkeen horien legezkotasunik eza eta kasu bakoitzetik erator daitekeen baso-suteen arriskua adierazi ahal izatea da inbentario horren xedea, zabortegia kentzera edo suteak saihesteko neurri zehatzak hartzera bultzatzearekin bat. Fiskaltzaren jarduera horren helburua zigorraren garrantziaz ohartaraztea da, ezbeharra gertatuko balitz, baso-sutea eragin izanaren delitua erator daitekeelako, arduragabekeria mailan.
Horregatik eman behar zaie arreta berezia hondakinak modu irregularrean isurtzeko puntu horiei, sute arriskua areagotzen duten hondakinak sar daitezkeelako bertan; hala nola, bidegabe pilatutako etxeko hondakin jakin batzuk edo gailu elektronikoak. Kasu hauetan Arartekoak azpimarratu beharra du lursailak kontrolatzeko funtzio publikoa betetzea udalaren plangintzaren eta programazioaren zati izan behar dela, administrazio horrek eduki ditzakeen bitarteko tekniko eta pertsonalen arabera.
Fibrozementua duen edateko ura banatzen duen hodi bat aldatzeko eskaria
Sopuertako bizilagun batek Arartekoari helarazi zion Sopuertako Udalaren erantzun eza, Los Cotarros auzoa hornitzen duen edateko ura banatzen duen hodi bat ezabatzeko eskariari, estaldurak fibrozementua (amiantoa) zuelako. Aurretik, auzo horretako bizilagun talde batek udalari hodi horrek osasun publikoan zuen eragina ebaluatzeko eskaria egin zion, eragile kutsakor horren menpe egoteagatik, barneko estalduraren higaduratik sortutakoa. Material hori duen hodia aldatzeko neurriak har zitezela ere eskatu zuten. Hala ere, ez zuten erantzunik jaso. Erreklamazioa izapidetu ostean, Arartekoak Sopuertako Udalari gomendio bat helarazi zion, hodia aldatzeko eskariari berariaz erantzuteko. Udalak erantzun du esanez Los Cotarros auzoa hornitzen duen fibrozementozko hodia aldatzeko asmoa duela, eta interesdunei jakinaraziko diela.
2.4. Eraikinen babes kulturaleko erregimena
Hirigintza eremuaren barruan ere eraikitako hirian ondare kulturala babesteko erregimenari erreferentzia egiten dioten erreklamazioak barne hartzen dira. Kasu honetan higiezin horien mantentze erregimena aipatu beharra dago, eta euskal araudia erregulatzen duen administrazio zaintza.
Dituen balore kulturalengatik babestutako higiezin bat mantentzea
Donostiako ondare kulturala babestu eta defendatzeko elkarte batek ondare kulturala defendatzeko eskumena duten administrazioek Arte Ederretako jauregia babesteko erregimenaren kontrolaren gaineko kexa bat planteatu zion Arartekoari. Arte Ederretako jauregia bere kokapen eta Donostiako Ensanche Cortazarreko monumentu ikono gisa duen osaketagatik bereziki esanguratsua den eraikina da. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ondare arkitektonikoaren inbentarioaren barruan sartu zuen 2015eko martxoan. Elkarteak adierazi zuen handik gutxira, 2015eko urrian, Donostiako Udalak kupula botatzeko baimena eman zuela, aurri egoeran zegoelako, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak aurretik baimena eman zuela. Udal agindu horrek berreraikitzeko betebeharra barne hartzen bazuen ere, elkarteak adierazi zuen ordura arte ez zirela berreraikitze “filologikoa” bermatzeko errekeritutako neurriak hartu. Bidalitako informazioa aztertu ondoren, Arartekoak Arte Ederretako jauregiaren osotasuna bermatzeko ondare kulturalaren defentsan eskumena duten administrazioen esku-hartzeari buruzko 2016ko otsailaren 25eko Ebazpena egin zuen. Ebazpen horretan ondorioztatu zen esku hartu zuten administrazioek prozedura “ez-egokia” jarraitu zutela, aurri egoeraren udal espediente bat abiarazteko aukera eman zuena babestutako elementu bat botatzea adosteko ondorio bakarrarekin. Aurri-espedientean ez zen agertu udal eta foru administrazio horri neurri hori hartzeko baimena ematen zien ezinbesteko egoeraren justifikaziorik. Modu berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak premiazko neurri hori eman zuen beste aukerak kontuan hartu gabe. Arartekoak ebazpen horretan uste zuen Euskal Ondare Kulturalaren 7/1990 Legearen aurreikuspenei jarraiki, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak kupula konpontzeko obrak onartutako babes erregimenaren terminoetan agindu behar zuela. Aldi berean, Arartekoak gomendio bat bidali zion sail horri, Arte Ederretako jauregiko jabeei kupula ordezkatzeko obrak azkar gauzatzeko agindua ematen zien espediente bat abiarazteko. Bestalde, Arartekoak ebazpenean adierazi zuen Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin batera, zuzenean interesa zuten aldeen artean mahai-inguru egonkorra izateko proposamena (elkartea, higiezinaren jabetza eta interesa duten hirugarrenak), administrazioen arteko koordinazioa lortzeko, Arte Ederren jauregiak ordezkatzen duen euskal ondare kulturalaren osotasunari eusteko helburuz. Horretarako interesgarria zen babesa eta balorea bermatzen zuen ekintza plan bat ezartzea, eta galera, suntsitzea edo matxuratzea ekiditen zuen finantziazio eta lehentasunen programa bat barne hartzea.
Donostiako Udalak kupula berrezartzeko agintzeko abiarazitako espedientearekin jarraitu du. Horretarako, gauzatze subsidiarioko espediente bat abiarazi du, obrak gauzatzeko. Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak ez du gaur egunera arte euskal ondare kulturala babesteko dagozkion eskumenak modu autonomoan burutzera bideratutako gomendioa aintzat hartu.
Eraikin bat toki ondarea babesteko erregimenean sartzeko eskaria
Donostiako kultura-ondarea babesteko hainbat elkartek Mirakruz kaleko 19. zenbakian dagoen eraikinaren babesgabetasun-egoera agerian utzi dute. Kexaren xedea zen Donostiako Udalaren erantzun eza helaraztea, hiriko eraikin paregabe eta adierazgarria den hau babesteko berriz ere eskatzen zuen herritarren eskari bati. Horretarako, kexa aurkeztu duen elkarteak berriz ere eskatu zuen espediente bat irekitzeko, eta horren bidez, Donostiako eraikitako ondasun urbanistikoa babesteko Plan Berezia aldatzeko, aipatu eraikina babes-erregimenean sar zedin. Donostiako Udalak bidalitako erreklamazioa eta informazioa baloratu ostean, Arartekoak 2016ko uztailaren 29an gomendio bat bidali zion, Donostian eraikitako hirigintza ondarea babesteko Plan Berezia aldatzeko eskariari erantzuteko eskatuz. Erantzun horretan udalak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak egindako balorazioa aintzat hartu behar zuen,txosten batean eraikinak tokiko babesa behar dezaketen balore kulturalak dituela onartzen duena. Era berean, Arartekoak zuzenean interesatuta dauden aldeek (elkartea, eraikinaren jabea eta beste interesdun batzuk) parte hartzeko prozedura bat ezartzeko beharra planteatu zuen, eta bestetik, kultura-ondarea babestea bermatuko lukeen ekintza-plan bat. Halaber, dagoeneko eman diren hirigintzako lizentziak kontuan hartuta, ondarea suntsitzea saihesteko neurriak hartu beharko lituzke.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legeak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren toki erakundeen eskumen markoa ezarri du. Eremu honekin lotuta, azpimarratu beharra dago 17. artikuluak adierazten duela udalerriek eskumen propioak gauzatu ahalko dituztela “ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria modu osagarrian antolatzea, sustatzea, kudeatzea eta defendatzea, hiriguneetan kutsadura akustikoa, argiaren kutsadura eta airearen kutsaduraren aurkako babesa barne hartuta”. Era berean, hirigintza eremuko antolaketa, kudeaketa, gauzatze eta diziplinan eskumenak onartzen dituzte. Lege honen 43. artikuluak ezartzen du bizilagunen ingurumen eta hiriko espazio publiko egoki eta jasangarri batez gozatzeko eskubidea dutela. Toki erakundeen gardentasunaren gutxieneko betebeharren artean,54 d) artikuluak informazio osagarria, laburra eta argia ematen du hirigintza eta ingurumen zerbitzuen zorroari buruz.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Ekintza-plan honetan jasotako ekimenek lotura zuzena dute ingurumen arloko planean sartutakoekin, bereziki ingurumenaren eremuan jarduten diren elkarteekin izandakoak.
Aurretik aipatutako jardunez gain, hauek ere aipatu beharra dago:
4.1. Bilerak elkarteekin
2016an Arartekoak ondare kulturala babesteko interesa duten hainbat talde eta pertsonen elkarteekin egon da harremanetan. Ancora Elkartearen kasua da Donostiako ondare kulturala babesteko eta defendatzeko osatutako elkarte hiritarra– eta Donostiako Ondare Kulturala Defendatzeko Elkartea. Arartekoak Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearekin bilera bat izan du, industria ondarea egoki babesteko eta industria eraikin eta instalazioak desegitean hirigintza eta ingurumen araudia betetzen dela kontrolatzeko.
4.2. Bilerak administrazioarekin
Sestaoko Udalarekin harremanetan egon gara, hirigintza eremuarekin lotutako erantzuteke dauden gaien jarraipena egiteko.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
- Arartekoak adierazi du herri-administrazioen arreta eta errekurtso ekonomikoak zaharkituta dauden auzo edo inguruetako hirigintza eta gizarte eraberritzean zentratu behar dutela. Estrategia horren barruan degradatuen dauden eremuei eman behar zaie lehentasuna. Erakunde honek hiri eraberritzeari zuzendutako tokiko politiken beharrezko ikuspegi barneratzailea aipatu du, inteligenteagoa, jasangarriagoa eta sozialki barneratzaileagoa den hiri garapen baten oinarritutakoak.
- Adierazi beharra dago lur berrien urbanizazioa sustatzen ez duen hiri garapen eredu baten aldeko apustua egiteko beharra. Horretarako, gogorarazi beharra dugu lurzoru mota hori ez dela egokia urbanizatze edo eraikuntzaren bidez eraldatzeko eta, gainera, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean araubide juridikoak ezarri dituen mugaketen menpe dagoela.
- Arartekoak gogorarazi du lursailak kontrolatzeko funtzio publikoa betetzea udalaren plangintzaren eta programazioaren zati izan behar dela, administrazio horrek eduki ditzakeen bitarteko tekniko eta pertsonalen arabera. Udal planifikazio ikuskatzaileak arriskuaren araberako esku-hartze lehentasunak zehaztu behar ditu.
Zentzu horretan, arreta berezia eman behar zaie hondakinak modu irregularrean isurtzeko puntu horiei, sute arriskua areagotzen duten hondakinak sar daitezkeelako bertan; hala nola, bidegabe pilatutako etxeko hondakin jakin batzuk edo gailu elektronikoak. Udal administrazioek baso-suteen arriskua izan dezaketen zabortegien ilegaltasuna adierazi behar dute, zabortegia kentzea edo suteak saihesteko neurri zehatzak hartzea eskatuz jabeei.
- Balore kulturala duten eraikinak babesteko mantentze egokiari dagokionean, Arartekoaren ustez euskal kultura ondarea babesteko eskumena duten euskal administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, udalek eta foru organoek) koordinazio-mekanismo arinagoak eta azkarragoak ezarri beharko lituzketela, erakunde bakoitzaren eskumen-eremuaren barruan, tokiko kultura ondarea behar bezala babestuta dagoela bermatzeko eta hori hondatzea edo desagertzea saihesteko.
1. Arloa kopurutan
2016an, atzera botatako edo beste defentsa erakundeetara igorritako kexak alde batera utziz gero, Etxebizitza arloan 136 espediente kudeatu dira, hau da, Arartekoaren erakundeak izapidetutako guztien %6,30. Dagokien administrazioen arabera, honela banatu daitezke espediente horiek:
• Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra
(Eusko Jaurlaritza) 112
• Tokiko Administrazioa 9
• Foru Administrazioa 1
Bestalde, gaia kontuan izanez gero, honela banatu dira:
• Etxebizitza babestuaren alokairua 60
• Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta
esleitzeko prozedura 34
• Administrazioaren funtzionamendua eta
prozedura administratiboa 27
• Beste alderdi batzuk 7
• Kalteak etxebizitza babestuetan eraikitze akatsengatik 6
• Etxebizitza erosi eta birgaitzeko laguntzak 2
2016an kudeatutako erreklamazioen tramitazio xehetasunari dagokionez, dela 2016an jasotakoak dela 2016ko urtarrilaren 1ean, txosten hau idazten hasitakoan, indarrean jarraitzen zutenak kontuan izanez gero, hau da arloko egoera:
2. Kexarik aipagarrienak
Etxebizitza arloaren barruan dauden gaien sailkapenari jarraituz, herritarren erreklamazioa eragin duten kontu nagusiak aztertuko ditugu jarraian.
2.1. Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura
Aurten oso handitu da herritarren kontsulten eta kexen kopurua. Haietan kexagileek diotenez, premiaz behar dute gizarte alokairuko etxebizitza bat eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ez du haien eskaera onartzen.
Euren kexetan adierazten dutenez, urte asko eman dute Babespeko Etxebizitza eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan izen emanda, ez zaie babespeko etxebizitzarik esleitu eta euren sarrera ekonomiko urriak direla-eta ezin dituzte ordaindu errentamendu pribatuen prezio altuak ordaindu.
Erakundeak aztertutako kasuetan, gure ustez, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzek emandako erantzunak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurak arautzen dituen araudiaren araberakoak ziren eta, erreklamazio horiek, berriz ere, agerian uzten dute administrazio publikoak daukaten etxebizitza publikoen kopurua herritarren eskaria baino askoz txikiagoa dela.
Ildo horretatik, komenigarria da 2013-2016 Etxebizitzaren Plan Zuzendariaren 2014 Ebaluazio Txostenean jasotako ondorioak hona ekartzea. Haietan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak berak onartzen du babespeko alokairu politikei dagokienez Euskal Autonomia Erkidegoaren babes publikoko etxebizitza politiken plangintza tresna nagusian ezarritako aurreikuspenak ez direla betetzen ari. Hau dio ebaluazio txosten horrek:
“Lehen bi urteetan ezin izan dira erdietsi Plan Zuzentzaileak ezarritako alokairuko eraikuntza-helburuak. Horrenbestez, eraikuntza-programak bultzatzeko formulak bilatzeko premia planteatzen da, Plan Zuzentzailearen amaieran helburuak bete ahal izateko”.Arestikoa esanda, bidezkoa da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari 2016an egindako esfortzua aitortzea, Etxebizitzaren 3/2015 Legean, etxebizitza duin eta egokirako eskubide subjektiboa mailaka aplikatzeko, ezarritako xedapenak betetzeko: horri esker, hiru kide edo gehiagoko bizikidetza unitate askori funtsezko eskubide hori aitortu eta bermatu zaie. Halaber, gizarte alokairuko etxebizitzak esleitu zaizkie bi kidek osatutako bizikidetza unitateei, 2017an bizikidetza unitate horiek ere lege babesa izango dutela aurreikusita.
2.2. Etxebizitza babestuaren alokairua
Errentarien eta administrazio erakunde publiko errentatzaileen arteko eztabaidek pilatzen dute erreklamazioen eta Arartekoak etxebizitzaren arloan emandako ebazpenen kopururik handiena. Alderdien artean alokairu publikoen zenbatekoagatik, maizterrei jasanarazten zaien komunitate-gastuengatik eta fidantzen atxikipenengatik (kontratuak ez betetzeagatik) alderdien desadostasunak dira auzigai ohikoenak.
Aurten, berriz ere, erakunde honek aipatu egin nahi du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Alokabide sozietate publikoak emandako laguntza; izan ere, babes ofizialeko etxebizitzen eta “Bizigune” Etxebizitza Hutsaren Programan sartutako etxebizitzen errentariek aurkeztutako desadostasun asko ondo konpontzen lagundu du.
Maizterrek planteatu ohi duten arazoetako bat da Alokabide sozietate publikoak ez duela fidantzaren zenbatekoa itzultzen errentamendu kontratua amaitzean. Fidantzak itzultzea ukatzeko zioa errentak edo haien pareko kopuruak ordaintzeke egotea edota etxebizitzak gabeziak edo kalteak, errentari orok etxebizitza egoera onean kontserbatzeko hartzen duen betebeharra bete ez izana erakusten dutenak, egotea da.
Batzuetan, Arartekoak esku hartu ondoren eta maizterrek helarazitako alegazioak aztertuta, sozietate publikoak ikusi du hasieran hartutako erabakia ez zegoela behar bezain justifikatuta eta fidantzak itzuli dizkie errentariei. Aztertutako beste kasu batzuetan, egindako atxikipena egokia zela egiaztatu da, eta ezin izan da ondorioztatu administrazioaren jarduera ardura urrikoa edo irregularra izan denik.
Etxebizitzaren kontserbazio desegokiagatik -gehienetan gauzak kenarazi eta alokatutako etxebizitzan garbiketa eta pintura lanak eginarazten dituzte- gertatzen diren fidantzen atxikipenen kopurua txikiagotzeko, komenigarria litzateke Alokabide sozietate publikoak, errentamendu kontratuak amaitu aurretik, errentariei berariaz ohartaraztea, oro har, euren kontratuetan hartutako betebeharrak bermatzeko gordailuan utzitako fidantzak ez itzultzea dakarren konponketa motari buruz.
Babespeko errentamenduari buruzko atal hau amaitzeko, esan behar da, halaber, sumatu denez, errentariek kexa eta kontsulta gehiagotan adierazi dutela beste etxebizitza bat esleitzeko eskatu dutela -oro har handiagoa edo logela gehiagokoa, haien bizikidetza unitatearen eraketa aldatzeagatik-, baina, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, aldatzeko aukera ukatu diela, haren ustez indarreko araudiak familia unitateko kide bakoitzeko 15 m2ko legezko gutxieneko ratioa betetzen denean baino ez baitu derrigortzen etxebizitza ibilbideetan sartzera.
Arestian esandakoa egia izanik, babespeko etxebizitza parkearen barruan etxebizitza aldaketa bat eskatzen duten errentarien eskaerek pixkanaka gora egiten dutela ikusita, erakunde honen ustez “etxebizitza ibilbideen” arauketa berria ezarri beharraz ohartarazi behar da, Etxebizitzaren 3/2015 Legearen 39. artikuluan ezarritako aginduaren babesean. Halaber, sumatzen denez, komenigarria administrazio publikoek, logela-premiari lotutako beste egoera batzuei erantzuna ematea alde batera utzita, behar diren baliabideak jartzea, etxebizitza babestuaren ibilbideak gauzatu daitezen eta gizarte alokairuko etxebizitzak pertsona eta familia errentarien beharrei egokitu daitezen lortzeko, bizitzako etapa guztietan.
2.3. Kalteak etxebizitza babestuetan eraikitze akatsengatik
Babes publikoko etxebizitzetan agertzen diren eraikuntza gabeziak konpontzeari buruz ere kexatu ohi dira etxebizitza babestuen onuradunek.
Aurten aztertutako kexak aztertuta, Arartekoak berriz esan behar du administrazio publikoek prestasunez eta epean erantzun behar dietela babestutako etxebizitzen jabeek edo erabiltzaileek eraikuntza-hutsuneengatik aurkezten dituzten erreklamazioei, etxebizitza horiek lehenbailehen berreskura ditzaten beren ezaugarri izan beharko liratekeen kalitatea eta bizigarritasuna; horrela, erreklamazioak bide judizialean sartzea eta horrek eraikuntza-hutsuneak konpontzeko orduan ekar dezakeen atzerapena saihesteko.
Arazo horri dagokionez, aurten berariaz aipatu behar da kasu batzuetan etxebizitza babestuen erakunde sustatzailea kooperatiba bat dela eta, beraz, kasu horietan etxebizitzaren jabe den kexagilea kooperatiba-kidea dela.
Kasu horietan jabeei, kooperatiba-kide izateagatik, zalantzak izaten dituzte etxebizitzan agertzen diren gabeziak konpontzeko erreklamazioa egiteko eskubideari buruz. Erakunde honen ustez, inguruabar hori ezin daiteke oztopo izan ikuskaritza zerbitzu publikoek arreta eta emaitza berarekin egiaztatu eta ebaluatu ditzaten eraikuntza-hutsuneak, beste sustatzaile publiko zein pribatu mota bateko etxebizitzetan erakusten dutenari dagokionez. Ildo horretatik, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako “Kooperatibei eta BOE-en sustapenari buruzko txosten”ean egindako hausnarketak oso egokiak dira. Han adierazten denez, besteak beste, administrazio publikoek “etxebizitza-kooperatiben kudeaketa gainbegiratzeko, jarraipena egiteko eta prebentzioa egiteko lana hartu beharko lukete euren gain, hein batean behintzat”, hori dena, ikusita Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak hauteman duenez, etxebizitza kooperatibei lotutako kontsulten kopurua nabarmen handitu dela.
2.4. Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Halaber, 2016an Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hileko iragarki-taulan Babespeko Etxebizitza eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan ukatutako alta eta baja eskaerak argitaratzen jarraitu du. Hori dela-eta, kexa espediente berriak aztertu dira. Kexa horietan, etxebizitza eskatzaileek ediktuen argitalpen horiek eragiten dituzten ondorioak salatzen zituzten: erabakiak ez ezagutzea eta babesgabetasuna.
Erakunde honek behin eta berriz kritikatu duen jardunbide batek badirauela ikusita, 2016ko otsailaren 25ean Arartekoak 3/2016 Gomendio Orokorra, “babestutako etxebizitza eskatzaileen erregistroko bajak norbanakoari jakinarazteko beharrari buruzkoa, etxebizitza duina edukitzeko eta gizarte bazterketarako arriskua saihesteari begirako prestazio ekonomikoetarako eskubide subjektiboan duen eraginagatik”, egin zuen. Gomendio hori ondorengo 4.1. atalean aztertu da xeheago.
Esku-hartze horren ondorioz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromisoa hartu du Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren erabakiak norbanakoari jakinarazteko sistema bat ezartzeko, 2017ko urtarrilaz geroztik. Ez du onartu, ordea, iragarki tauletan argitaratuta egindako bajak berraztertzea eta, beraz, kexa espediente askotan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren administrazio jarduera behar bezala zuzendu ez dela ondorioztatu behar izan du erakundeak (540/2015/QC,1062/2015/QC,1113/2015/QC, 1918/2015/QC, 2087/2015/QC, 159/2016/QC, 173/2016/QC y 1048/2016/QC kexa espedienteak).
Azkenik, atal honetan egokia deritzogu Irungo Udalak izandako jarduera proaktibo eta eraginkorra aipatzeari. Izan ere, Arartekoaren erakundeak lankidetza eskaera bat egin zion, etxebizitza babestu baten erosle batek aurkeztutako kexa baten karietara, zeinak, banku finantzaketarik ezagatik, ezin izan baitzuen eskuratu esleitutako udal etxebizitza.
Kexagileak bere kexa idazkian salatu zuenez, enpresa eraikitzaileak ez du onartzen babes publikoko etxebizitza erosteko aurreratutako kopuruak itzultzea eta udalaren bitartekaritza eskatu du.
Irungo Udalak erakunde honetara bidalitako erantzun txostenean azaldu du kexagilearen asmoa onartua izan dela eta beharrezkoak ziren kudeaketak egin direla enpresa eraikitzaileak babespeko etxebizitza erosteko aurreratutako zenbatekoak bueltatu ditzan.
Era berean, udalak jakinarazi duenez, irizpide bera aplikatzea erabaki du kexagilearen antzeko egoeran dauden pertsonei dagokienez. Erakunde honentzat jarrera hori jardun administratibo egoki baten seinale da, zalantzarik gabe.
3. Araudi- eta gizarte- testuingurua
Atal honetan aztertu behar diren gai nagusiak Etxebizitzaren 3/2015 Legeari buruzkoak dira. Lege hori iazko irailaren 26an jarri zen indarrean eta Konstituzio Auzitegiak haren artikulu batzuk eten ditu, guztiz edo partzialki, Estatuak jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa ebazteko epaia eman arte. Etenda utzi diren artikulu zehatzak uztailaren 19ko 144/2016 autoan adierazi dira.
Etxebizitzaren arloan beste autonomia-erkidego batzuek (Nafarroa, Andaluzia, Kanariar Uharteak) argitaratu dituzten legeekin gertatu bezala, Estatuak 3/2015 Legean jasotako alderdi batzuk jarri ditu zalantzan; izan ere, haren ustez Euskal Autonomia Erkidegoak ez dauka eskumen nahikorik “etxebizitzaren erabilera egokia” eta “etxebizitza hutsa” legezko kontzeptuei buruzko legeak egiteko edo jabeei betebehar juridiko batzuk ezartzeko eta etxebizitzak berezko duen gizarte eginkizuna betetzen ez duela uste denean esku-hartze neurri publikoak hartzeko. Besteak beste, neurri hauen aplikazioa dago etenda: gizarte eginkizuna ez betetzeagatiko desjabetzea, derrigorrezko errentamendua etxebizitza hutsen kasuan eta isunak eta zehapenak jartzea.
Arestikoak, ordea, ez die eragiten legearen xedapen gehienei ezta haren funtsezko aurreikuspenei, hala nola etxebizitza duin eta egoki baten legezko okupazioa eskuratzeko eskubide subjektiboaren mailakako arauketa eta aplikazioari.
Etxebizitzaren Legeak askotan aipatzen du geroko erregelamenduzko garapena. 2016an Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak arautzeko ekimen handiagoa izango zutela aurreikusarazten zuen horrek, baina erregelamendu bat baino ez da argitaratu, martxoaren 15eko 42/2016 Dekretua, fidantzak jartzeari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroari buruzkoa.
42/2016 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Legearen 54. eta 55. artikuluetan eta azken xedapenetako lehenengoak ezarritako agindua bete du. Berrikuntza garrantzitsua izan da hiri finkak etxebizitzarako nahiz beste erabilera batzuetarako alokatzen dituzten pertsona edo erakundeentzat. Izan ere, euren alokairuak bermatzeko jasotako fidantzak Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzetan jarri behar izan dituzte eta orain haien errentamendu kontratuek Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistro berrian inskribatuta egon behar dute.
Azken batean, 2017an Etxebizitzaren 3/2015 Legean jasotako manuak garatzeko beste arau batzuk ematea eta legearen alderdi berriak arautzen dituztenei lehentasuna ematea espero da. Alderdi berri horien artean, besteak beste, etxebizitza duin eta egokia izateko eskubide subjektiboa dago, era horretan, administrazio publikoen eta auzitegien aurrean eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak ezartzeko. Haien artean dago, halaber, prestazio ekonomikoen sistema. Etxebizitza edo ostaturik ezean, etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea betetzea ahalbidetuko du sistema horrek.
Etxebizitza Prestazio Ekonomiko berriaren arauketari lotuta, hain zuzen ere, Arartekoaren ustez elkarte batzuek erakutsitako kezkaren berri eman behar da. Elkarte horiek gizarte eta bizileku bazterkeria arriskuan dauden pertsonen eskubideen alde dihardute, eta kezkatuta daude egun Etxebizitza Prestazio Osagarria jasotzen duten pertsonei egun eskatzen zaizkion legezko baldintzak gogortu daitezkeelako. Prestazio bien araudiak bat etortzean, gerta liteke oinarrizko etxebizitza gastuei aurre egiteko prestazio bat (Etxebizitza Prestazio Osagarria) jasotzen duten pertsona batzuek ordezko Etxebizitza Prestazio Ekonomikorako eskubiderik ez edukitzea eta sarrera ekonomikoak urritzea. Etxebizitzarik eta oinarrizko beste baliabide batzuk ez edukitzearen egoera larriagotu lezake horrek.
Horregatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kontu oso handiz idatzi beharko du arau proiektu hori eta sakonki aztertu beharko ditu egun Etxebizitza Prestazio Osagarria jasotzen duten pertsonak eta familiak, prestazio ekonomikoen sistema berriarekin ere ohiko etxebizitza edo ostatuko aldiz.
Izan ere, 2016an, abenduaren 23ko 9/2015 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituenak, zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenean, ezarri duen araubide iragankorrari esker, prestazio biek batera iraun ahal izan dute eta haien zenbatekoa 250 eurotan ezarri da.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1 Gomendio orokorrak
Iazko urteko txostenean, “Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura” atalean, hainbat urtez, Babespeko Etxebizitza eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan alta eskaerak ukatzeko eta bajak erabakitzeko dauden berme formalik ezak dakarren arazoa aztertu zen.
Txosten horretan, Arartekoaren erakundeak ohartarazi zuenez, Etxebizitzaren 3/2015 Legea indarrean jarrita -zeinak etxebizitza duin eta egokiaren legezko okupazioa eskuratzeko zuzenbide subjektiboa onartzen baitu-, erregistroko antzinatasuna funtsezko baldintza bihurtzen da bizilekurako eskubidea bermatzeko eta, horregatik, berriz adierazi, zen administrazioaren jardunak are gehiago bete behar dituela berme formal guztiak etxebizitza babestua eskatzen duten pertsonen eskaerari baja emanda amai daitezkeen prozedura guztietan.
Bestalde, 2015eko txostenean jaso zenez, Arartekoaren erakundeak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren ordezkariekin 2015eko abenduan izandako bilera batean, berriz eskatu zuen, 2016ko urtarrilaren 1az geroztik, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko izen emateen ukoak eta bajak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean jasotako xedapenak betez egin behar zirela.
Sailak eskaera bete ez zuenez gero, otsailaren 25ean erakunde honek 3/2016 Gomendio Orokorra eman zuen, “babestutako etxebizitza eskatzaileen erregistroko bajak norbanakoari jakinarazteko beharraren gainekoa, etxebizitza duina edukitzeko eta gizarte bazterketarako arriskua saihesteari begirako prestazio ekonomikoetarako eskubide subjektiboan duen eraginagatik”.
Etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistroaren erabakian norbanakoari ez jakinarazteak dakartzan ondorio kaltegarri larriak egiaztatuta, zeinek etxebizitza duin eta egokirako eskubide subjektiboari eragiten eta Etxebizitza Prestazio Osagarriari baitiete, ebazpen orokor horretan Arartekoak gomendio hau egin zion Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari:
- Babestutako etxebizitza eta zuzkidura-etxebizitza eskatzaileen erregistroko baja ebazpenen eta inskripzio ukapenen jakinarazpenak norbanakoari egin diezazkiotela eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 59.1. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
- Etxebizitzarako prestazio osagarria edo bestelako edozein prestazio ekonomiko etetea erabaki aurretik, eta bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko prozedurak hasi aurretik, babestutako etxebizitza eta zuzkidura-etxebizitza eskatzaileen erregistroko baja ebazpenen jakinarazpenak behar bezala egin direla egiazta dezala Lanbidek.
Sailak berehalako eta aldeko erantzuna eman zuen oinarrizko beharrizanei eta gizarteratze prozesuak dakartzan gastuei aurre egiteko prestazio ekonomikoei eragiten dien gomendio orokorrari eta, jakinarazi zuenez, Lanbidek eman duen jarraibideak Etxebizitza Prestazio Osagarriaren eteteak eta eman behar ez ziren prestazioak itzultzeko prozedurak eraginik gabe uztea ahalbidetzen du, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja emateko ebazpenaren aurretik norbanakoari jakinarazi izana egiaztatzen ez denean. Alderdi hori xehetasunez aztertu da kapitulu honetako “gizarteratze” arloari buruzko 4. atalean.
Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko bajak jakinarazteko moduari dagokionez, iragarki tauletan argitaratuz egin diren bajen baliozkotasunari eutsi dio sailak eta ez du onartu erreklamatu duten pertsonek erregistroan duten antzinatasuna berrikustea. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, ordea, etorkizunerako konpromisoa hartu du, honakoa adieraziz:
“Somos conscientes de que el sistema de notificación actualmente vigente, y regulado en la Orden de 15 de octubre de 2012, es mejorable, y por ello se ha adoptado la decisión por parte de este Departamento de Empleo y Políticas Sociales de impulsar un nuevo sistema de notificación individual. Sistema de notificación individual que recordaremos ha venido reclamando el Ararteko desde su primera recomendación en el año 2008.Confiamos en que el nuevo sistema de notificación ayude a que no se produzcan más quejas de este tipo, y que las personas inscritas en el Registro de Solicitantes de Viviendas Protegidas y Alojamientos Dotaciones tengan una información suficiente y adecuada sobre la situación de sus expedientes de demanda de vivienda a partir del mes de enero de 2017”.
Konpromiso hori gauzatzeak, zalantzarik gabe, etxebizitza duin eta egokia izateko eta prestazio ekonomiko publikoetarako eskubidearen bermeak hobetuko lituzke, eta datozen urteetan Arartekoaren erakundeak haren jarraipena eta balorazioa egingo ditu.
4.2. Ofiziozko jarduerak
Bestalde, etxebizitza arloaren plana garatuz, aurten 2015ean hasitako ofiziozko hiru jarduera izapidetzen jarraitu da. Haietan, Arartekoak euren Batzar Nagusietan Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren egungo arauketaren aldaketa bat sustatzeko aukera aztertzeko eskatu zien Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei, udal etxebizitzen errentariek zerga hori ordaindu behar ez izateko, 2014az geroztik Alokabide sozietate publikoak kudeatutako etxebizitza babestuen edo parekoen onuradunekin gertatzen den bezala.
Txosten hau ixteko egunean erakunde honek ez dauka Zergak Koordinatzeko Organoak hartutako erabakia. Izan ere, foru administrazioek egokitzat jo dute Arartekoaren eskaera hari bidaltzea erantzun bateratu eta koordinatua ematen saiatzeko.
Hortaz, ofiziozko hiru espediente horiei dagozkien ebazpenak hurrengo ekitaldian emango dira.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Arartekoaren erakundearen aburuz, Etxebizitzaren 3/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa betez etxebizitza duin eta egokirako eskubide subjektiboa mailaka aplikatzea neurri oso ona da eta, zalantzarik gabe, 2016an, bizileku bazterkeriako arrisku larrian edo etxebizitza egokia izateko premiazko beharrizana duten familia askoren ongizateari lagundu dio.
Aurreikusten denez, datozen bi urteetan etxebizitzaren legezko okupaziorako eskubide subjektiboa etxebizitza duinik ez duten edo alokairu librearen merkatuan etxebizitza gastuei aurre egiteko zailtasun larriak dauzkaten beste bizikidetza unitate batzuei ere aplikatuko zaie, legez eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Etxebizitzaren Legean ezarritako xedapenak bete ez direnez, noski, euskal administrazio publikoek arau eta aurrekontu neurri osagarriak hartu behar dituzte eta esfortzu guztiak egin behar dituzte eskubide hori asetzeko. Izan ere, beste gizarte eskubide batzuk bezala (hezkuntzarako eskubidea eta osasunerako eskubidea), hura ere funtsezkoa da baliabide ekonomiko urriak dauzkaten pertsonen eta familien bizi baldintzak hobetzeko eta berme bat da osatzen duten pertsonen duintasunaren eta berdintasunaren aldeko kolektibitate osoaren beharrezko gizarte kohesiorako.
Urtero gero eta nabarmenagoa da gizarte alokairuko etxebizitzaren eskariak gora egiten duela pixkanaka baina, arestiko ataletan adierazi denez, ordea, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila ez da betetzen ari 2013-2016 Etxebizitzaren Plan Zuzendarian bertan ezarritako errentamendu babestua sustatzeko helburuak. Hori dela-eta, premiazko neurriak hartu beharko dira, planaren indarraldia amaitu aurretik, errentamendu erregimeneko etxebizitza babestuen parkeari buruz hautemandako desoreka zuzentzen saiatzeko.
Azken batean, erakunde honek berriz eskatzen die euskal administrazio publikoei babes publikoko etxebizitza parkea handitzeko, Etxebizitzaren Legean ezarritako erronkei erantzun egokia emateko eta, denboraren poderioz, esleitutako alokairuko etxebizitza baino handiagoa edo bestelako eraketa daukana behar duten errentari publikoen eskaerei aurre egiteko.
Babespeko Etxebizitza eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroko inskripzioaren antzinatasunaren eta etxebizitza duin eta egokiaren legezko okupaziorako eta zenbait prestazio ekonomiko jasotzeko eskubide subjektiboaren onarpenaren arteko legezko lotura dela-eta, Arartekoaren erakundeak jarraipena egingo dio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hartutako konpromisoari. Haren arabera, 2017ko urtarrilaz geroztik, erregistro horretako izen emateen ukapenak eta baja emateko erabakiak norbanakoari jakinaraziko zaizkio eta behar diren berme formalak hartuta.
Azkenik, egiaztatu denez, etxebizitzaren arloan eta gizarte laguntzan eskumenak dauzkaten administrazio publikoen arteko koordinazioa berme bat da pertsona eta talderik ahulenak babesteko eta ezinbesteko tresna bat bizileku bazterkeria saihesteko.